BIZIBUSA

2016-01-01

Eskolarako bidea bizikletaz

 Bide-heziketaren arloan aurrerapauso bat emateko asmoz, garraiobideak arduraz erabiltzeko ikasgaiari heldu zioten joan den udaberrian Hernaniko zenbait herritarrek; hala, BiziBusa egitasmoa jarri dute abian, eta bizikletaz joaten dira eskolara herriko hainbat haur goizero.

 
 

2015eko udaberrian jarri zuten abian Hernanin (Gipuzkoa) BiziBusa proiektua, esperientzia pilotu gisa. Herritarren talde batek sortutako BiziOn egitasmoaren barruan hasitako lehen ekimena da BiziBusa. Hitzak dioenez, ondo bizitzera hurbiltzeko proposamena da BiziOn. Osasunerako eta naturarako kaltegarriak diren praktikez hausnartzea eta, kalte horiek leundu nahian, osasuntsuak zein jasangarriak diren ohiturak sustatzea eta lantzea dute xede.

Garraioa izan da BiziOn egitasmoaren abiapuntua. “Segur aski, Hernaniko haur eta gazteek ikastetxeetara egiten duten eguneroko bidaia da gure herriko joan-etorririk jendetsuenetako bat”, argitu du proiektuaren sustatzaileetako batek, Axun Larburuk. Izan ere, lau ikastetxe dituzte herriaren erdigunean, eta familia asko autoz joaten dira herriko auzoetatik ikastetxe horietara. Eguneroko ogi dira Hernanin, ordu jakin batzuetan, ikastetxeetako sarrera-irteeretan izaten diren auto-pilaketak. Eskoletan, arazo hori saihesteko neurriak hartzeko eskatu izan zaie gurasoei, baina bere horretan dirau kontuak. “Egunero jasaten ditugu autoen gehiegizko erabilerak dakartzan ondorioak: arau-hausteak, eskoletako sarreren blokeoa, estresa, auto-ilarak, kutsadura, odol txarra…”.
Arazoari adarretatik heltzea eta urratsak egiten hastea erabaki zuten BiziOn egitasmoa osatzen duten herritarrek, eta BiziBusa proiektu pilotua jarri zuten abian, 2015eko maiatzaren 4tik ekainaren 20ra bitartean, goizero eskolara bizikletan joateko. “Bide-heziketa urteroko ikasgaia da gure herriko haurrentzat. Udaltzainen azalpenei esker, oinezko eta txirrindulari arduratsuak izateko jarraibideak ikasten dituzte; baina zertarako, eskolara autoz joaten badira gero? BiziBusaren bidez, aurrerapauso bat eman nahi izan dugu bide-heziketan, eta teoriatik praktikara jauzi egin”, azaldu du proiektuaren beste eragileetako batek, Mari Jose Arrietak.
Hala, herria aztertu ondoren, ibilbide bat zehaztu zuten, hainbat ezaugarri oinarri hartuta: ahalik eta auzo gehienetara heltzea, oso aldapatsua ez izatea, bidegorria edukitzea, eta iraupenaren aldetik egokia izatea. BiziOn taldeak sustatuta, udalaren eta ikastetxeen lankidetzaz ekin zioten egitasmoari. 20 minutuko ibilbidea diseinatu zuten, sei geltokirekin. Florida auzotik abiatzen ziren, eta hainbat ume BiziBusean sartzen ziren sei geltoki horietan. Zortzi urtetik hamabi urtera bitarteko haurrak batzen ziren BiziBusera; adin horretatik beherako haurrak, berriz, gurasoekin joaten ziren. Arrieta bera joaten zen BiziBusaren aurrealdean, eta atzean, aldiz, udaltzain bat: “Motxilak eramateko, kaxa moduko bat dugu, eta haurrek ez daukate bizkarrean eraman beharrik. Eguraldi txarra egiten duenerako, berriz, umeek aldagarriak dituzte eskolan. Beraz, ez dago inolako arazorik”. 30 haur elkartu ziren gehienera, eta, sustatzaileek diotenez, oso erantzun ona jaso zuten, bai eskolen, bai familien eta bai herritarren aldetik.
Aurreko ikasturteko proiektu pilotuak izan zuen arrakasta ikusita, 2015-2016 ikasturtean ere jarraipena eman diote BiziBusari. Gainera, beste ibilbide bat ere abian jarri dute ikasturte honetan, eta ia-ia herri guztia hartzeko aukera izan dute, proiektuaren xedea haur guztiek BiziBusean joateko aukera izatea baita.
Sustatzaileen esanetan, hamaika onura dakartza BiziBusa proiektuak. Hasteko, haurrek kirola egiten dute, eta ohitura osasungarriak barneratzen dituzte. Gainera, aukera dute herriko bidegorrien sarea ezagutzeko ere. Bigarrenik, ikastetxe guztietako haurrek elkarrekin egiten duten egitasmoa izanik, talde-dinamika lantzen da, baina, aldi berean, baita haur bakoi-tzaren autonomia ere, bakoitzak bere gain hartu behar baititu zenbait ardura (geltokira garaiz heltzea, giltzarrapoa eramatea, bizikleta zaintzea…). Hirugarrenik, auzoetan bizi diren herritarrei laguntza ematen zaie, eta egunero autoa hartzeak eta eskolara joateak dakarkien zama arintzen zaie gurasoei. Azkenik, kutsadura gutxitzen du, eta ona da ingurumenarentzat. Horrez gain, bestelako balio batzuk ere lantzen dituzte haurrek: lagun berriak egin, aire osasuntsua arnastu, egunari alaitasunez ekin, bizikletan taldean ibiltzen ikasi, euskaraz hitz egin…
Eta proiektu gehiago...
BiziBusa, ordea, ez da BiziOn egitasmoaren proiektu bakarra. Haurren ikasteko gaitasunarekin dago lotuta bigarren proiektua: HaziOn. Larburuk eta Arrietak diotenez, garapenak aldatu egin ditu denboraren eta espazioaren kontzeptuak: “Gizarte interkonektatu batean bizi gara, gizarte konplexu batean. Horren ondorioz, gauza asko ikasi behar izaten ditugu denbora gutxian. Haurrek estimulu gehiago dituzte prozesatzeko gaur egun. Horregatik, gero eta zailago egiten zaie zentratzea, arreta jartzea eta erabakiak hartzea”.
Desoreka horiek leuntzera bideratu dute HaziOn egitasmoa. Hala, kontenplazio-teknikak landuko dituzte: meditazioa eta yoga. Haurrei bizitza osorako baliagarri izango zaizkien tresnak eman nahi dizkiete, tresna horiek egunero erabiliz praktika barnera dezaten.
Abiapuntu gisa, ikastetxeetako hezi-tzaileei aukera emango diete 2016ko udaberrian, yogako eta meditazioko tekniketan trebatzeko. Trebakuntza jaso ondoren, praktikan jarriko dute ikasleekin eguneroko jardunetan, 2016-2017 ikasturtean, ariketa erraz, dinamiko eta sinpleen bidez.
Azkenik, hondakinen gaiari ere heldu nahi izan diote Bizi On egitasmoko kideek, Bizi GabONak proiektuaren bidez. Bi arlo jorratu nahi dituzte bereziki: hondakinak berriz erabiltzea, eta hondakinak murriztea. Gabonetan sortzen diren hondakinak dira egitasmoaren jomuga. “Eguberrietan, zaila izaten da kontsumoaren atzaparretan ez jaustea, eta horren ondorio zuzena da hondakinak ugaritzea”. Horrexegatik, Bizi GabONak proiektuaren bidez, hondakinak berriz erabiliz, apaingarriak egitea eta Hernaniko gune bat edertzea dute helburu. 2016. urtea erabiliko dute herriko merkatariei zein ikastetxeei proiektuaren berri emateko, eta 2016ko Gabonetan gauzatuko dute ekimena lehen aldiz.
Azken batean, BiziBusa, HaziOn nahiz Bizi GabONak ekimenen bitartez, haurren parte-hartzea bilatu nahi dute. “Haur garenean geure egiten ditugun ohitura horiek baitira luzera egonkortuko ditugunak eta, segur aski, helduaroan iraungo dutenak”.