ZUBILETAKO ESKOLA

2016-01-01

Gorreria duten ikasleei EAEn emandako erantzun inklusiboa

 Haur baten eskolatzea ez da edonolako erabakia, are gutxiago, haur horrek desgaitasunen bat duenean. Euskal eskolaren erronketako bat hezkuntza-bereizkeria eta -bazterketa oro gaindituz ikasleen ezaugarri eta gaitasunetara egokitzea da, pertsona guztientzat kalitatezko hezkuntza bermatzeko. Helburu hori kontuan hartuta, gorreria duten ikasleek jaso izan duten hezkuntzari erreparatuko diogu, bai historian zehar eta bai gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoan jaso dutenari. Horretarako, Getxoko eskola bat hartuko dugu adibidetzat.

 
 

Gorreria edo entzumen-zailtasunak dituzten ikasleak gaur egun eskola inklusiboaren esparruan beste ikasleekin batera eskolatzen badira ere, nahiko berria da egoera. Izan ere, historian zehar haur horiekin hartu izan diren jarrera askotarikoen ondorioz, eskolatzeko hainbat aukera izan dituzte.

Erdi Aroan, desgaitasunen bat zuten ikasle gisa ikusten zirenak ezin zirela hezi argudiatzen zen, eta ez zuten eskolatzeko eskubiderik. Aro Modernoan ere eutsi egin zitzaion ideia horri. Baina, XVI. mendean, ukatu egin zen argudio hura, Fray Pedro Ponce de Leonek gorreria zuten gazteen talde bat hezi baitzuen. Horren ondoren, XVII. mendean, gorreria zuten pertsonen irakaskuntzarako ekintza eraginkorrenetariko bat plazaratu zen, Boneten eskutik: hizketan irakasteko metodoa, hain zuzen.
Irakaskuntzan horren beharrezkoa zen komunikazio-baliabide hura garatu ondoren, XVIII. mendean sortu zen gorreria zuten ikasleentzako lehen eskola publikoa, Frantzian; eta, mendea bukatu orduko, Ingalaterran, Alemanian, Holandan eta Eskozian ere sortu ziren eskolak gorreria zuten ikasleentzat, aho eta eskuen metodoan oinarrituta. XIX. mendean, ume ororen hezkuntza posible eta baliagarria zela frogatu zuen Jean Itardek. Hala ere, oraindik 70eko hamarkadan, gorreria zuten ikasleak desgaitasun horixe zuten ikasleekin batera eskola berezietan eskolatzen ziren, eta, desgaitasunik ez zuten ikasleak, berriz, eskola arruntetan.
Beraz, gure errealitate hurbilean kokatu behar dugu gorreria duten ikasleek beste ikasleekin batera gela berean ikastea, lehen esandakoaren ildotik.
Euskal Autonomia Erkidegoan, 1993ko Euskal Eskola Publikoari buruzko araudiak gizartean zegoen aniztasunari eskoletan aurre egingo zion irakaskuntza bultzatu zuen, normalizazio- eta integrazio-printzipioetan oinarrituta. Gerora, ikasle guztien premiei erantzungo zien hezkuntza-eredu baten ikerketa oinarri hartuta, hezkuntza inklusiboari bide eman zitzaion, 2007an. Hezkuntza berri horrek eskola berean ikasle guztiek elkarrekin ikasi ahal izateko erronka izango du aurrez aurre, eta ikasle bakoitzaren gaitasun eta erritmoetara egokitu beharko du.
Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak aipatzerakoan, kontuan hartuko ditu ikuspegi inklusiboak, bai ikaslearen ezaugarriak, gaitasunak eta beharrak, eta bai ingurunearen eskaintza, baliabideak eta aukerak. Hori kontuan izanda, entzumen-desgaitasuna edo gorreria zuten ikasleei ikasteko aukera errealak emateko eta kalitatezko hezkuntza eskaintzeko eman beharreko erantzuna arautu zuen Hezkuntza Sailak 2000. urtean, eta, harrezkero, eskolatzeko bi modalitate ditugu. Alde batetik, banakako inklusio-eredua duen edozein eskola arrunt. Eredu horretan, gorreria duen ikasle bakarra egongo da, eta gorreria duten beste ikasle batzuekin egin dezake topo, ala ez. Eredu horretan, ikasgela arrunteko partaide da ikaslea, eta ikaskuntzako eta irakaskuntzako prozesu osoa ahozko hizkun-tzan egingo du. Eskolako edota eskualdeko laguntza materialak eta pertsonalak izango ditu ikasleak.
Bestetik, taldekatze-proiektua duen eskola arrunta dugu. Eredu horretan, gorreria edo entzumen-zailtasunak dituen ikasle kopuru bat arituko da. Eskola horiek, funtsean, bi hizkun-tza ikasteko aukera eskainiko diete gorreria edo entzumen-zailtasunak dituzten ikasleei, ahozko estrategietan oinarrituta dauden bi eredu desberdinen arabera; eredu elebidunean, ahozko hizkuntzan eta, aldi berean, zeinu-hizkuntzan garatuko da curriculuma; eta eredu elebakarrean, curriculuma ahozko hizkuntzan soilik garatuko da.
Aukera edozein dela ere, ikaslea gela arruntean dago, eta gainerako ikasleen ikasmateriala erabiliko du. Eskolako edota eskualdeko lagun-tza pertsonala eta materiala izateaz gain, eskolak laguntza bereziagoak ere edukiko ditu, hala nola logopeda finkoa eta, Haur eta Lehen Hezkun-tzan eta gelako tutorearekin batera, zeinu-hizkuntza dakien pedagogia terapeutikoko (PT) irakaslea.
Zer dela eta taldekatze-proiektuak ikastetxe arruntetan?
Literaturan, hainbat ikuspegi ditugu, taldekatze-proiektuen alde egiten dutenak. Hasteko, ikuspegi elebidun batetik, entzumen-desgaitasun edo gorreria duen ikaslea gorren komunitatean zein entzuten dutenen komunitatean arituko da, eta, zentzu horretan, bietan ongi aritzeko gaitasuna bermatu beharko dio hezkuntza-sistemak. Taldekatze-proiektuak hizkuntza-gaitasuna, komunikatzeko gaitasuna eta gaitasun kognitiboa garatzen lagunduko die gorreria duten ikasleei, zeinu-hizkuntzaren bitartez, eta, aldi berean, ikasleak eskola-curriculuma eskuratzeko tresna izango du, entzuten duten gainerako gelakideen antzera. Hau da, zeinu-hizkuntzaren bidez, entzumen-desgaitasuna duten haurrek gorren munduaren identitatea bereganatuko dute, eta, ahozko hizkuntzaren bidez, entzuteko arazorik ez duten ikasleekin komunikatuko dira.
Ikuspegi psikolinguistikotik, argudiatu ohi da zeinu-hizkuntzak entzumen-desgaitasunak dituzten pertsonei ingurukoen hizkuntza ikasten lagundu diezaiekeela. Hau da, zeinu bidezko eta ahozko hizkuntzen ezagutzak entzuleen arteko komunikazioa eta elkarrekintza erraztuko die. Gainera, ikuspegi psikologikotik, gorreria duen ikasle bat baino gehiago egoteak onurak ekarriko ditu ikasle horien nortasunaren garapenean eta komunitatearen identitatea eraikitzeko bidean, horiek ahalbide-tzen baititu. Dena den, bi hizkuntza horien zeregina edo erabilera ikaslearen araberakoa izango da: haur batzuengan, zeinu-hizkuntza nagusituko da, eta, beste ikasle batzuengan, berriz, ahozko hizkuntza. Baliteke, gainera, beste batzuengan bi hizkun-tzen arteko oreka gertatzea. Gainera, eta inklusioa bultzatzeko, ikasgela berean dauden gainerako ikasleek zeinu-hizkuntza ikas dezaten lagunduko du egoera horrek, txikitatik ikusten duten hizkuntza baita.
Uneotan, taldekatze-proiektua duten sei eskola daude EAEn, Haur eta Lehen Hezkuntzan: Bizkaian lau: Durangoko Landako eskola, Basurtoko eskola, Getxoko Zubileta eskola eta Bermeoko San Frantzisko eskola; Gipuzkoan bat: Donostiako Amara Berri eskola, eta Araban bat: Samaniego eskola.
Taldekatze-proiektuak eskola batentzat zer adierazten du?
Hori ikusteko asmoz, Bizkaiko Haur eta Lehen Hezkuntzako D ereduko Zubileta eskolara jo genuen. Ikastetxe hori Getxon dago, eta taldekatze-proiektu bat garatzen dute gorreria edo entzumen-zailtasunak dituzten ikasleentzat. Gorreria duten ikasle guztien garapen osoa lortzea dute helburu nagusi, betiere, haien ezaugarri bereziei eutsiz
Eskolan sartu bezain laster, deigarria egin zitzaigun ateetan eta paretetan gainezka zegoen hizkuntza-paisaia; kartelak, irudiak, edota argazkiak zeinu-hizkuntzan agertzea ere harrigarri egin zitzaigun, bai eta gorren komunitatearen inguruko informazioa nahiz erabilera arrunteko zeinuak edonon aurkitzea ere.
Duela 15 ikasturte sartu zen eskola taldekatze-proiektuan, eta, egun, gorreria edo entzumen-zailtasunak dituzten sei ikaslek hartzen dute parte. Desgaitasun motaren arabera, desberdintasun ugari daude beren artean, ikasle horiek talde berean sartzen badira ere; entzumen mailatik ahozko hizkuntzaren edota zeinu-hizkuntzaren mailara artean, oso handia izan daiteke aldea, kontuan hartuta beti entzumen-protesien erabilera eraginkorra izan daitekeela batzuentzat eta besteentzat, berriz, ez. Bost ikaslek eredu elebiduna (zeinu-hizkuntza eta ahozkoa) hautatu dute, eta ikasle batek, eredu elebakarra (ahozko hizkuntza soilik). Ikasle guztiak gela arruntean daude euren ikaskideekin batera, eta erabiltzen duten materiala besteek erabiltzen duten bera da. Aukeratutako ereduaren arabera, ikasleek zenbait giza baliabide berezi edukiko dituzte egunero: logopedak eta zeinu-hizkuntza dakiten PT irakasleak, besteak beste.
Eskolan, zeinu-hizkuntzan oinarrizko ezagutza duten bi logopeda daude, lanaldi osoan. Taldekatze-proiektua duten eskoletan, ezinbestekotzat jotzen da logopedaren figura, logopedak erraztuko baitie gorreria duten ikasleei hizkuntza batetik besterako ezagutza-transferentzia; hau da, logopeda izango da ahozko hizkuntzatik zeinu-hizkuntzara eta alderantzizko bidean garatu beharreko estrategien eragile nagusia. Astean zehar, 45 minutuko bost saio dituzte (apartekoak eta banakakoak) gorreria edo entzumen-desgaitasuna duten ikasleekin, hizkuntza, hizkera, ahoskera eta entzumena lantzeko. Ongi egokitutako gela batean izaten dira saioak, eta erabiltzen diren materialak askotarikoak dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak jarritako SUBAG tresna edota software propio eta bereziak. Logopedaren lanean, ezinbestekoak dira ikaslearen tutorearekin nahiz zeinu-hizkuntza dakien PT irakasleekin astero egiten dituen koordinazio-batzarrak. Esan bezala, eredu elebakarreko ikaslearen heziketa ahozko hizkuntzan oinarrituko da bereziki; hori dela eta, logopeda izango da ahozko komunikazioa landuko duen profesional bakarra.
Eredu elebiduneko ikasleen kasuan, ordea, ahozko komunikazioa landu arren (logopedaren laguntzaz), beraien heziketa zeinu-hizkuntzaren bidez garatuko da, eta, horretarako, zeinu-hizkuntza dakiten PT irakasleak izango dituzte. Esan bezala, eskolan zeinu-hizkuntza dakiten bi PT daude, eta bakoitzak ikasle jakin batzuk ditu. Zeinu-hizkuntza dakien PT irakasleak, tutorearekin batera, ikasgela arruntean lan egingo du, eta ikasgelako tutoreak azaldutakoa zeinu-hizkuntzara egokituko dio gorreria duen ikasleari. Gainera, beharrezko ikusiz gero eta azalpenak argitzeko, testuak edota tutorearen azalpenak bisualagoak diren beste formatu batera (Power Point edo eskemak) egokituko dizkio. Izan ere, entzumen-desgaitasuna duten ikasleek zailtasunak dituzte normalean beraien kabuz testu idatzira iristeko. Horrexegatik, zeinu-hizkuntza dakiten PT irakasleak behar-beharrezko profesionalak dira ikasle horien ikaskuntza-prozesuan. Entzuteko zailtasunak dituzten ikasle gehienek hizkuntzak ulertzeko zailtasunak dituzte, eta, beraz, gela barruan izango dute laguntza hizkuntza-orduetan. Dena den, ulermen-zailtasun horiek saihesteko, ikasleen beharretara egokituko da curriculum guztia. FM aparatuak ere erabiliko dira, beraien geletan ahozko ulermena errazteko.

15 urte bidea egiten

Proiektuan sartu zirenetik hamabost ikasturte igaro badira ere eta urte horietan guztietan eginiko lanaren ondorioz hainbat alorretan urrats sendo eta garrantzitsuak egin badituzte ere, badakite oraindik asko dutela egiteko. Adibidez, badakite ezinbestekoa dela entzumen-desgaitasuna duten ikasleei oztopoei aurre egiteko zenbait komunikazio-sistema eskaintzea, aldaketak eta hobekun-tzak urtero gauzatu badituzte ere. Aurrekontu falta dela eta, oraindik komunikazio-arazoak maiz agertzen dira: txirrinaren soinua, adibidez, edota bozgorailuetatik ematen diren abisuak. Taldekatze-proiektuan parte hartzen duten profesionalen hitzetan, falta handia sumatzen da gorreria duten ikasleekin lan egiteko material espezifikoetan. Gaur egun hiru hilabetean behin gorreria duten ikasleak dituzten beste eskola batzuekin biltzen badira ere eta nahiz eta elkarrekin proposamen, zailtasun eta materialak trukatu, baliabide gehienak beraiek sortu behar dituzte, eta horrek lan handia eta denbora asko eskatzen du. Gorreria duten ikasleek behar handia dute, zeinu-hizkun-tzako tutorearekin ez ezik, eskolako gainerako profesional eta ikasleekin komunikatzeko, bai gela barruan, bai kanpoan, eta, hori sustatu nahian eta komunikazio-arazoei aurre egiteko, eskolak berak pausoak eman ditu, zeinu-hizkuntzaren erabilera bultza-tzen duten dinamiken bidez.
Hala ere, eskolaren inplikazioa eta konpromisoa garrantzitsuak badira ere, ezinbestekoa da administrazioaren laguntza izatea. Administrazioak baitu eskola inklusiboaren esparrutik ikasle ororen kalitatezko heziketa ongi gauzatzeko giltza.