GURE BAZTERRAK

2016-01-01

Maite ditut maite gure bazterrak lanbroak ezkutatzen dizkidanean...”. Euskal Herriko bazterrak anitzak dira, baita ezkutatzen dizkiguten lanbroak be.

Nire Basauriko bazterra, Kalero auzoa, ezkutatzen zuen lanbroa fabriketatik zetorren kea eta kutsadurarena zen. Berton hazi nintzen, berton ikasi eta bizi. Berton jarraitzen dot, hau delako nik maite dudan bazterra.
1969. urtean Basauriko Arizko Ikastola sortu zen. Herrian egon den eta dagoen ikastola bakarra. Ni 1974an jaio nintzen herriko beste puntan. Guraso euskal-tzaleak ditut eta bertan matrikulatzeko asmoa zuten, baina garai hartan ume mordoa ginen eta ez zegoen denontzako lekurik. Guraso euskaldunak zituzten umeek zeukaten lehentasuna eta hori ez zen nire kasua. Ama, Piedad, naparra da, Oteiza herrikoa eta familiaren adar horretan euskera aspaldi galdu zen. Aita, Juan Manuel, bizkaitarra da, Basaurin jaioa. Bere aititek eta amamak Gamizetik fabrikara etorri zirenean beharrera apenas zekiten erderaz, eta ezjakinak baziren legez tratatu zituzten hiritarrek, mespretxuz edo aurpegira barre eginez. Euskararen katea apurtu zen, eten egin zen trasmisinoa seme-alabei ez zietelako irakatsi. Nire aita erdaldun peto-petoa atara zen, beraz.
Horren ondorioz ni ezin ikastolara joan eta auzoko eskola publikoan, Kareaga Goikoa eskolan, egin nituen ikasketak, A ereduan, besterik ez zegoelako. Ondo ikasi genituen han Espainiako ibaiak zeintzuk ziren, zeintzuk ziren errege katolikoak, nor zen “Colon” edo “ El Cid”, nortzuk ziren Espainiako idazle ospe-tsuenak. Nafarroako Erresumaz, baina, inork ez zigun ezer kontatu. Gogoan dut “euskera” bera beranduago sartu zela ikasgai moduan, OHOko 6. mailan. Ingelesarekin batera etorri zen, biak hiz-kuntza arrotzak izango balira moduan. Horren txikia zen euskarari hezkun-tzan eskainitako lekua, bai eskolan bai institutuan gerora be, ezen ikasketak amaitu nituenean esaldi pare bat jarraian botatzeko gauza be ez nintzela.
Hori bai, zerbait ikasi bagenuen euskara, irakasleei esker izan zen. Ordu eskas horietan euskara baino gehiago irakasten zigutelako. Euskal kantak, mitologia, dantzak, euskal historia... Javi irakasleari esker jakin nuen gure tribuak zeintzuk izan ziren. Karistioak, Autrigoiak, Akitanoak, Barduloak eta Baskoiak. Edortari esker jakin nuen Basauri berbak basoko uri esan gura duela eta Marisak jota eta arin-arina dantzatzen erakutsi zigun. Isabelek Mari, Tartalo eta lamien istorioak kontatu zizkigun eta Hator Hator kanta irakatsi... “euskera” irakasle nekaezin horiei esker jakin-mina, gehiago jakiteko grina, piztu zen ume erdaldun peto haien bihotzetan eta, urteen buruan, orduko heziketa-sistemak emon ez ziguna gure kabuz lortzeko asmoz euskaltegian elkartu ginen berriro asko eta asko.
19 urtekin hasi nintzen ni euskera ikasten AEKren bigarren urratsean, gogotsu eta burubelarri. Euskaldunberriak gara ama eta biok orain. Aitak ez zuen lortu, burua lar gogorra duela dino, baina aspaldian hautsitako euskararen katea konpondu dogu familian euskaltegiari esker.
Badakit gauzak asko aldatu direla. Gaur egun Kareagan, nire eskolan, D eredua da nagusi! Aurrerapauso handia da hori, dudarik ez, baina kalean giro erdaldunak gogor eta tinko eutsi du hemen. Nekez entzungo dozu auzoan inor euskaraz berbetan eta umeek eskolan bakarrik eta muturra okertuta egiten dute, behartuta moduan.
Kontrakoa bazirudien be euskeraren biziraupena ez dago bermatuta Euskal Herriko bazter honetan. Ez dakit zer gertatu den, zer galdu dugun bidean, zerk hutsegin digun... maitatu beharrean zergatik bizi dute belaunaldi berriek euskara inposaketa baten legez? Zelan emon horreri buelta?
Kezka hori izanik buruan, orain dela lau urte, hemengo euskaltzaleok ekimen eder bat bultzatu genuen Lasarteko ereduari jarraituz. “Euskarabila” euskara elkartea gidari, Basaurin be bagara herri ekimena sortu zen. Hamabi orduz euskeraz baietz! horixe baietz! Egun majiko hartan herriko mota guztietako pertsonek eta elkarteek kirola, dantza, musika eta artea egin genuen euskeraz... ume, gazte eta zahar, danok batera ibili ginen plazan euskeraz egiten ametsa egi bihurtuz. Arbasoen lehengo Basauri euskaldun hura berpiztu egin zen eta, une batez, argi ikusi genuen etorkizuna. Basauri euskaldun bat. Horren indartsua izan zen egun hartako energia, euskeraz ez zekitenak be euskeraz egiten saiatu zirela.
Eta horretan gabiltza lanean gogor, apurka apurka baina bidea eginez lanbroak ezkutatutako bazter miresgarri honatako jendeok!