BEHARREZKOAK AL DIRA ETXEKO LANAK?
BEHARREZKOAK AL DIRA ETXEKO LANAK?
Oro har, etxeko lanak programazioan txertatuta daude Lehen Hezkuntzako eskola gehienetan. Irakasle gehienok agintzen ditugu etxeko lanak; batetik, horiei esker hainbat diziplina lantzen direla uste dugulako, hala nola ikasteko ohitura onak hartzea, gelan ikasitakoa finkatzea, gaitasun akademikoa hobetzea, lanarekiko ardura izaten ikastea, denbora antolatzen eta banatzen ikastea, eta abar. Eta, bestetik, beti horrela egin izan delako. Hala ere, irakasleok etxeko lanak prestatzen denbora asko pasatu arren eta nahiz eta familiek beren aldetik etxeko lan horiek egin daitezen antzeko ahaleginak egin, ikasleen motibazioa askoz txikiagoa da Lehen Hezkuntzako azken ikasturtera iristen direnean ziklo horren hasieran zeudenean baino; eta batzuek zailtasunak dituzte jada, baita arlo akademikoan ere. Zer gertatzen da prozesu horretan, horrela bukatzeko? Zer ari gara galtzen bidean, Lehen Hezkuntzan hasi berri den ikasle batek gauzak ikasteko izugarrizko grina adierazten badu eta bukaeran, aldiz, etxeko lanak gorrotatzen baditu? Nire ustez, berebiziko garrantzia dauka geure buruari galdera horiek egiteak, bai eta erantzunak aurkitzeak ere; baina behar baino indar eta maiztasun gutxiagorekin egiten direlakoan nago. Ezbairik gabe, erantzuna ez dugu leku bakar batean aurkituko, eta, horregatik, gogotik aztertu behar genituzke atal guztiak. Dena den, arreta etxeko lanetara bideratuko dut artikulu honetan; izan ere, etxeko lanak direla medio, ikasleen motibazioari kalte egiten ari garela uste dut, eta askotan, gainera, ez dugu lortzen espero genuen maila akademikoa ere.
Argudioak eta mitoak
Segidan, etxeko lanak agintzeko hainbat arrazoi aipatzen dira, eta, arrazoi horiekin batera, hezkuntzako profesionalek horiek desmitifikatzeko emandako azalpenak dituzue.• Ohiturak hartzeko dira: Bigarren Hezkuntzako irakasleek baieztatu dute fase horretan hasten diren ikasleek ez dutela etxeko lanekiko ez interesik, ez eta aurretiko jarrerarik ere. Hau da, ez dute ohiturarik, Lehen Hezkuntzan etxeko lanak egiten aritu diren arren. Ikasteko ohitura hartzeko helburua ez da lortzen motibaziorik gabeko lanak errepikatzearen poderioz, baizik eta interesaren eta heldutasun pertsonalaren bidez. Fase bakoitzak berezko beharrak ditu, eta horiek ukatzeak gizabanakoaren garapena oztopatzea dakar. • Gaitasun akademikoa hobetzen dute: gaitasuna duten haurrek hobeto egingo dute aurrera, ziur asko lehenago bukatuko dutelako edo gelan denbora izango dutelako; beraz, lan gutxiago izango dute etxera eramateko. Zailtasunak dituztenek, ordea, etxera eramango dituzte zailtasun horiek, eta gurpil zoro batean sartuko ditu horrek (aintzat hartu behar da etxeko lanak, gehienetan, gelan egindakoaren errepikapen direla, edota bukatu gabekoa bukatzeko).• Bakarka ikasteari tarte bat eskaintzen diote: haur askori senideren batek edo irakasle partikular batek laguntzen die etxeko lanak egiten. Diskriminaziorako elementu bilaka daiteke hori, familia guztiek ez baitute izaten horretarako denbora edota ezagutza, ez eta irakasle partikular bat ordaintzeko baliabideak ere. Horrez gain, familia askok ez daki zein den gelan lantzen den metodologia, eta gatazka kognitiboak sor ditzake horrek.• Denbora antolatzen eta bana-tzen iasteko dira: nik uste dut Lehen Hezkuntzako azken ikasturterako eta, hortik aurrera, Bigarren Hezkuntzarako balio dakigukeela horrek. Adin txikiagoetan, ordea, haurrak ez dira daukaten denboraren jabe, eta helduok hartzen dugu zama horren ardura. Segidan aurkeztuko diren argudioek argi erakusten dute Lehen Hezkun-tzan ez dagoela etxeko lanen beharrik edo, behinik behin, ez dagoela behar handiegirik.• “Agintzen diren etxeko lanak, oro har, berdinak dira ikasle guztientzat, horien gaitasunak edo egoera per-tsonalak kontuan hartu gabe. Gainera, badirudi badagoela testuliburua bukatzeko halako obsesio bat; familia askok bi ikasgela alderatzen dituzte, eta bakoitzean zenbat koaderno bete diren eta zenbat ohar hartu dituzten zenbatzen dute; lehia sortzen dute horrela beraien artean”. (David Castrillo. Lehen Hezkuntzako irakaslea eta Adimen Emozionaleko Hezkuntzan eta Neuropsikologia eta Hezkuntzan magistratua).• “Ikasleek etxeko lanekiko adierazten duten interes faltak sor dezakeen ondoriorik asaldagarriena eskolarekiko eta, orokorrean, ikastearekiko jarrera negatiboa hartzea da. Esango nuke etxeko lanak direla haurren jakin-minaren suntsitzaile handienak. Haur osoak nahi ditugu, sozialki, fisikoki eta artistikoki garatuko direnak, eta, aldi berean, erlaxatzeko eta haurrak izateko denbora izango dutenak”. (Alfie Kohn. Idazle eta mintzalari amerikarra, haurren hezkuntzan, hazkuntzan eta giza portaerarekin lotutako gaietan aditua)• “Guztiok behar dugu denbora librea, eta haurrak ez dira salbuespen, haurrek ikasteko erabiltzen duten lehen modua jolasa baita”. (Rebeca Presa García. Pedagogia Terapeutikoko irakaslea).• “Liburuko ariketa gutxiago eta esperientzia gehiago behar dira. Ikaslea gidatzea eta hark informazioa lortzeko bideetara hurbiltzen jakitea da garrantzitsuena. Hainbat gairi buruz informazioa ematen badiegu eta beraien jakin-minetatik abiatzen bagara, beren kabuz eskatuko dute informazioa, eta edozein adinetan irentsiko dute”. (Rebeca Presa García. Pedagogia Terapeutikoko irakaslea).• “Lehenengo urteetan, jokoa da, hain zuzen ere, haurrek ikasteko garatzen duten jarrera, jakin-nahiaren estimuluaren laguntzaz [...]. Egin berri diren zenbait ikerketatan, aditzera eman dute ezagutza berrien lorpenak eta beste hainbat jarrera atsegingarrik (sexuak edo ura bilatzeak, esaterako) oinarri neuronal berak partekatzen dituztela. Hortaz, gauza berriak jakin nahi izate horrek plazera du oinarri garunean. Jakin-minaren bilaketa-prozesuan eta horren ostean hartzen diren erabakiak biologikoki atseginak direlako ideia indartzen du horrek”. (Francisco Mora. Medikuntza eta Neurozientzietako doktore, Fisiologiako katedradun eta irakasle gaur egun, Madril eta Iowako unibertsitateetan).• “Haur guztiek behar bat sentitzen dute (ikastekoa), jolasera bultzatzen dituena eta soilik jolasaren bidez asetzen dutena, atsegina egiten baitzaie hori. Jolasa, beraz, haurraren garuna ikasten duen bitartean alda-tzeko prozesua da”. (Francisco Mora. Medikuntza eta Neurozientzietako doktore, Fisiologiako katedradun eta irakasle gaur egun, Madril eta Iowako unibertsitateetan).• “Etxeko lan astunak eta ezertarako balio ez dutenak daude, zigor baten moduan uler daitezkeenak. Erakargarriagoak izan behar lukete etxeko lanek, errealitateari egokituak, eta landutakoa sakontzen eta zabaltzen lagundu behar lukete. Adibidez, gurasoei erosketak egiten laguntzea, eta elikagaien etiketetan arreta jartzea. Ez dago proteinekin eta gantzekin lotutako edukiak barneratzeko eta aldi berean kontsumitzaile arduratsu baten ohiturak hartzeko modu hoberik”. (Enric Roca. Pedagogian katedraduna Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan).• “Haur eta gazteek denbora librea behar dute; bai, librea, etxeko lanik gabe eta eskolaz kanpoko jarduerarik gabe, erabat librea, benetan grina pizten dieten gauzak ikasteko, elkar ezagutzeko, jolasteko eta hausnartzeko. Eskolatik kanpo jarduera askoren zama ipintzen badiegu, ezin izango dute euren denbora interesatzen zaien gauzetarako erabili. Ez al dute denbora nahikoa igarotzen eskolan, lan-ohiturak bereganatzeko? Edo, akaso, helduok gure lana jardunalditik kanpo eramaten dugu, oporretara, adibidez, lan-ohitura horiek gal ez ditzagun?”. (David Castrillo. Lehen Hezkuntzako irakaslea eta Adimen Emozionaleko Hezkuntzan eta Neuropsikologia eta Hezkuntzan magistratua).Ikerketak
Artikulu honen hasieran esan bezala, gehienok ez dugu zalantzan jartzen etxeko lanen baliagarritasuna, uste baitugu onuragarriak direla ardura, diziplina, lan-ohiturak, eta abar lortzeko. Hala ere, Alfie Kohn-ek bere “The homework myth” (“Etxeko lanen mitoa”) liburuan azaltzen duenez, inongo onurarik ez dutela sortzen diote ikerketa ugarik.• 2006an, Dukeko Unibertsitatean egindako 180 ikerketa baino gehiagoren berrikusketan, etxeko lanen eta arrakasta akademikoaren artean korrelaziorik ez dagoela aurkitu zen.• 2006an Scholastic eta Yankelovich-ek egindako inkesta baten arabera, etxeko lanak dira 8 urterekin irakurketarako grina maldan behera hasteko arrazoietako bat. Ipar Amerikako National Endowment for the Arts gobernu-erakundearen arabera, “bai banaka, bai gizartean izan beharreko jokaeraren eredu positibo baten adierazlea da irakurketa”. Erakundearen ikerketen arabera, borondatez irakur-tzen dutenak kirolarekin eta artearekin harremana duten ekitaldietara joan ohi dira, kalean askotariko jarduerak egiten dituzte, eta irakurtzen ez dutenek baino kirol gehiago egiten dute.• Hezkuntzaren arloan nazioarteko aditu gorentzat hartzen dute Harris Cooper, doktore da psikologian, eta psikologiako irakaslea da Dukeko Unibertsitatean. Etxeko lanen inguruan egin zuen ikerketa batean, honako hau ondorioztatu zuen: etxeko lanen eta arrakasta akademikoaren artean dagoen korrelazioa oso txikia da Lehen Hezkuntzan, eta soilik neurri-tsua, berriz, Bigarren Hezkuntzan.Neuropsikologiaren ikuspegitik
Ikaskuntza zuzena izan dadin, hiru elementu dira beharrezkoak: arreta, oroimena eta motibazioa. Hiru elementu horiek lortu ahal izateko, berriz, Nerbio Sistema Zentralaren (NSZ) garapena bermatu behar da. Izan ere, horrek inguruarekin duen interakzioari esker sortuko da antolaketa neuronala. Haurrari iristen zaizkion askotariko informazio-sarrerak prozesatu eta landuko dituen eta erantzun motor bat emango duen neurona-sare konplexu bat sortuko du elementu horien arteko konbinazioak, eta haren portaera osatuko da horrela. Horretarako, jaiotzen garenetik heltzen garen arte garuna nola garatzen den jakin behar dugu. Garatzen hasten den lehenengo sistema, zerebeloa, mugimenduen koordinazioaz arduratzen da, eta sistema bestibularrak dira orekaz eta gorputza eta bereziki burua espazioan kokatzeaz arduratzen direnak. Biak motrizitatearen eta jolasaren bidez garatzen dira, ekintza horien bitartez sortzen baitira lehenengo konexio neuronalak. Garunak, gainera, goranz-ko eta atzetik aurrerako garapena du, eta honako eremu hauek garatzen ditu, hurrenez hurren (1. irudia):• Lobulu okzipitala: berorren eginkizun nagusia ikusmen-estimuluak integratzea da.• Lobulu parietala: espazio-orientazioaren, kalkuluaren eta ukimenaren bidez, integrazioaz eta eremu propiozeptiboaz arduratzen da batik bat.• Lobulu tenporala: haren eginkizun nagusia hizkuntzaren, oroimenaren eta entzumenaren integrazioa da.• Lobulu frontala: funtzio exekutiboak dira nagusi hemen (planifikatu, helburuak jarri, laneko oroimena, erabakiak hartu, emozioak doitu, arreta, motibazioa, hizkuntza motorra...). Garatzen diren azken zatiak alde frontala eta aurrefrontala dira. Horiei esker, gai gara erabakiak hartzeko, gure ikasketa-planak antolatzeko, egiten ditugun lanetan arretari eusteko, pentsatzeko, hitz egiteko, eta abarretarako. Hala ere, ez du behar bezala funtzionatuko, aldez aurretik ez badira beste zatiak ongi garatzen. NSZn heldutasun falta badago, ondorioak izan ditzake aurrerago eskolarako gaitasunean, eta arazoak sor ditzake arreta faltan, hizkuntzaren ulermenean, idazketan, kalkuluan, oroimenean, eta abarretan.Halakorik gerta ez dadin, ezinbestekoa da haurrek oinarri neurobiologiko sendo bat izatea. Neurozientzian doktore den Maria J. Lópezek azaldu duenez, ikasketa-prozesuaren oinarri neurobiologikoak entzumena, ikusmena eta motrizitatea dira (2. irudia). Ikusmenaren, entzumenaren eta motrizitatearen arloetako tresna horiek izango dira lehenen garatuko direnak, baina ez hori bakarrik; beraien artean interakzio bat osatuko dute, eta, horri esker, tresna gehiago sortuko dira. Esaterako, entzumenaren eta motrizitatearen arteko interakzioarekin, aho-hizkuntza garatuko da. Motrizitatearen eta ikusmenaren arteko elkarrekintzarekin, orientazio espaziala garatuko da. Ikusmen- eta entzumen-tresnek soinuen fonemak eta letren grafiak deskodetzea ahalbidetuko dute. Interakzio hori beharrezkoa izango da eskolan lantzen diren lanak burutu ahal izateko, eta horiek garatzeko eskain dezakegun laguntzarik onena entzumen-, ikusmen-, ukimen-, propiozeptibitate- eta motrizitate-estimulu asko ematea da. Zentzumenen integrazio on baten eta NSZren garapen egoki baten menpe dago Lehen Hezkuntzako ikasle batek fase horrek dakartzan eskakizun guztiei aurre egin ahal izatea.Zientziari esker eta, bereziki, neurozientzian, neurobiologian eta neuropsikologian egindako azken ikerketei esker, badakigu, esan bezala, hau guztia ahalik eta estimulu gehien eskainiz lortzen dela. Horrek esan nahi du haurrek mugitu, probatu, bizi eta, nola ez, huts egin behar dutela. Horretarako, umeek, jaiotzatik, tresnarik indartsuenetako bat dakarte, jolasa, hain zuzen ere, nahiz eta askotan ez diogun ematen behar besteko baliorik. Jolasaren bitartez, haurrak ikertu egiten du; bere neuropsikomotrizitatea garatzen du; ukitu, ikusi, usaindu, sentitu eta entzun egiten du; harremanak egiten ditu, sozializatu egiten da, etab. Hots, IKASI EGITEN DU. Gainera, bizitzako lehenengo sei urteak garrantzi handikoak dira, adin horretako haurrek duten neuroplastikotasuna heldu batek duenaren bikoitza baita. Horrek esan nahi du adin-tarte horretan konexio neuronal asko eta asko sor ditzakegula.Ondorioa
Esandako guztia aztertu ondoren, honako hau ondorioztatu dugu: haurren garapen naturala errespetatu behar dugu, eta denbora librea utzi behar diegu, ikertzeko eta nahi duten moduan erabiltzeko, haurrak kuriosoak dira eta jaiotzetik. Denbora librea daukan haur batek benetan maite dituen gauzetarako erabiliko du aisialdia. Hau da, emozio gehien sortzen dizkion gauzetarako. Emozio, Franciso Moraren arabera eta ikerketa ugarik aditzera ematen dutenez, energia indartsu bat da, zirkuitu neuronalen jarduera kodifikatzen duena eta bizirik mantentzen gaituena. Emozioek gauza berriak aurkitzeko interesa pizten dute, eta interes horri eusten diote, hasi elikagai edo etsai batetik eta ikasgelan suerta daitekeen edozein ikaskuntzataraino. Emozioak dira, beraz, oroimenaren eta ikaskuntza-prozesuen oinarririk garrantzitsuenak. Gainera, emozioek, beste zereginen artean, edozer gauza oroimenean hobeto gordetzeko eta gordetako informazioa errazago gogoratzeko balio dute, eta gauza jakina da hori, egun, neurozientzian. Gaur egun, “itzalaldi emozionalaz” hitz egiten da, haur askok bizi baitu horrelakorik eskolaldiko fasearen uneren batean; eta fenomeno horrek harreman estua dauka gure gizartean bizi dugun estresarekin. Estresak estutasun mental inkontziente bat sortzen du haurraren buruan, eta, hainbat egunetan errepikatzean, aldaketak eragiten ditu garunaren neurokimikan; hipokanpoari (oroimen emozionala gordetzen den lekua) eta horrelako egiturei kalte egiten die horrek. Azken batean, kalte egiten zaie oroimenari eta ikasteko prozesuei. Horrekin esan nahi dut izugarrizko zuhurtzia izan behar dugula etxeko lanak ematerakoan, horrelakorik gerta ez dadin. Nik ez dut uste benetako eztabaida etxeko lanak BAI ala EZ erabakitzean datzanik. Hala ere, bietako bat aukeratu beharko banu, ezezkoa izango litzateke erantzuna, zalantzarik gabe. Izan ere, etxeko lanek libreki garatzeko denbora kentzen diete haurrei, eta nire ustez ongi egiaztatu dut hori. Benetan, honako gai hauetan jarri behar dugu arreta: ZER-NOLAKO etxeko lanak aginduko ditugu? ZENBAT? NOLA? Eta ZERTARAKO izango dira? Lehenik eta behin, ez genioke Haur Hezkuntzako inori etxeko lanik agindu behar, nire iritzi apalean. Ezta Lehen Hezkuntzan ere, azken ikasturtera edo azken aurrekora arte behintzat. Baina, etxeko lanen alde egitekotan (berriro diot ez nituzkeela aginduko Lehen Hezkuntzako azken urtera arte), oso ongi antolatu, egituratu eta aztertu behar lirateke, eta horietako askok ikertzeko helburua izan behar lukete, kalera atera eta inguratzen dituen mundua eta gizartea ikertzeko. Gainera, ez genieke guztiei berdina agindu beharko, baldin eta lantzen ari garen gai horretan guztiak oso motibatuta nabari ez baditugu; izan ere, bakoitzak bere gustu eta irrikak ditu. Etxeko lanek ez lukete inola ere ikasgelan egindakoaren errepikapen hutsa izan beharko, eta, are gutxiago, eskolan bukatzeko denborarik izan ez dugun hori etxean egiteko aitzakia.Hainbat eskolatan, programatuta dituzte egunero agindu behar dituzten etxeko lan motak, eta arduragabekeria galanta iruditzen zait hori. Irakasleok dugun eztabaida handienetariko bat ikasleak motibatzeari buruzkoa da, eta argi dago ez dugula horrelakorik lortuko lan errepikakorrekin. Horretan sinesten dutenek argudiotzat diote ikasitakoa sendotzeko balio dutela eta, errepikapenaren bidez, ikasi egiten dutela azkenean. Egia da errepikapena ikasteko bide bat dela, epe motzeko oroimenean dugun informazioa epe luzerako oroimenean sartzea lortzen baitugu, bide neuronal berak behin eta berriro estimulatzean. Hala ere, behar-beharrezko edukiak ikasi behar ditugunean soilik balio digu horrek; baina, ikasleren batek ez badu ongi ulertu egun horretan landutakoa eta horri buruzko etxeko lanak bidaltzen badizkiogu, arazoa ez da desagertuko. Bai, errepikatu behar dute; baina eskolan, tutore edo irakaslearen ahol-kuarekin, beraiek baitira curriculuma eta beharrezko teknikak ezagutzen dituztenak.Oso ohikoa da, adibidez, irakurritakoaren ulermenean arazoak dituzten ikasleekin irakurritakoa ulertzeko ariketa gehiago jartzea (testu bat irakurtzea eta galdera zehatz batzuei erantzutea). Hala ere, ez da oinarriz-ko arazoa desagertuko asko irakurri arren; irakurmenari garrantzirik kendu gabe, noski, irakurtzeko gaitasuna lortzea oso garrantzitsua baita (horregatik, familiaren esparrutik bultzatuta egunero irakurtzea proposatzen dut). Buruko mina dugunean Ibuprofeno hartzearekin pareka dezakegu hori. Mina estaliko digu horrek, baina ez du buruko mina sendatuko. Gauza bera gertatzen da ikasketa-prozesuarekin. Arazoaren sintoman lan egitean (horixe da izaera errepikakorra duten etxeko lanek egiten dutena), ez da desagertuko arazoa bera. Egia da arazoa ez handitzen lagundu dezaketela, baina badugu frustrazio bat sortzeko arriskua ere, eta, beraz, motibazioari kalte egin diezaioke horrek. Egin behar dena zera da: arazoaren oinarria zein den aurkitu, ebaluazio neuropsikologiko oso bat eginez horretarako, eta abiapuntu horretatik lan egin, esku hartzeko programa on batekin eta ariketa zehatzekin heldu ez den garun-atala estimulatzeko. Izan ere, irakurketa-prozesu batean, leku askotan egon daiteke arazoa, hala nola ikusmen-sisteman (begietako motrizitatea, konbergentzia, akomodazioa, mugimendu sakadikoak), entzumen-sisteman (hizkuntzaren ulermen-zonaldeak ezkerreko lobulu tenporalean daude, Wernicke-ren arean, eta, beraz, irakurtzen dutena ez badute ulertzen, oso garrantzitsua da entzumena ere indartzea, gehiago irakurtzera behartu ordez), lateralitatearen heldutasun faltan edo beste arloren batean. Kasu horretan, etxeko lanak emango genituzke beharbada, baina lan zehatzak eta pertsonalizatuak, haur bakoitzaren beharretara egokituak; hor bai, hor egin dezakegu aurrera. Bukatzeko, motibazioaren gaira itzultzea gustatuko litzaidake. Motibazioa gure jarrera pizten duena eta ekintza bat egitera bultzatzen gaituena da. Pintrich-ek (1989) eta Pintrich eta De Groot-ek (1990) proposatutako ikerketen esparru teorikoak aztertzen baditugu, ikus dezakegu hiru osagai daudela: itxaropena, balioa eta afektibitatea. Ikasleek jarduera bat egiteko dituzten sinesmen eta aukerei egiten die erreferentzia itxaropenak. Osagai hori galdera honen bidez itzul daiteke: gai naiz lan hau burutzeko? Balioaren osagaiak ikasleen helburu eta helmugak markatzen ditu, eta egiten ari diren lanaren garrantziarekiko sinesmena ematen die. Honako galdera honen bidez itzul daiteke: zergatik ari naiz hau egiten? Afektibitateak jardueraren aurrean ikasleek duten erantzun emozionalari egiten dio erreferentzia. Osagai hau honako galdera honen bidez itzul daiteke: nola sentitzen naiz jarduera hau egiterakoan? Argi dago gai bat lantzerakoan irakaslearen zeregina ahalik eta modu interesgarrienean egitea dela; eskola-ordua ipuin bihurtu, eta askotariko ariketak eskaintzea, ikasleen arreta erakartzeko. Oraingoan, ordea, artikulu honen ardatz nagusian jarriko dut arreta, etxeko lanetan, hain zuzen ere. Askotan, etxeko lanen bat agintzerakoan, ikasleen erreakzioa hasperen handi bat izan ohi da −neure esperientziagatik diot−, eta motibazio falta izugarria adierazten du horrek. Jakin-mina galtze horrek ikasleak jarrera ezkorrera eta interes faltara zokoratzen ditu. Etxera eramaten dute hori, gainera, eta gurasoek aginte bidezko ereduetara jotzen dute etxean; eredu horiek, ezertarako balio ez izateaz gain, egoera gatazkatsuagoak sortzen dituzte. Honekin guztiarekin, esan nahi dut ume bat Haur Hezkuntzan hasten denean edo Lehen Hezkuntzako lehendabiziko urteetan dabilenean, oso motibatuta, jakin-minez eta galderez beteta dagoela; fase hori bukatzerakoan, ordea, hori guztia galduta dago kasu askotan, eta horrek eragina dauka hurrengo faseetan. Aurten Eustatek argitaratutako txosten batean, honako datu hau zetorren: “Espainia Europako buru da eskola-porrotari dagokionez, 18 urtetik 24ra bitarteko gazteen % 21,9k eskola uzten baitu; eta, asko jota, Bigarren Hezkuntzako lehenengo zikloa gauzatzen dute”. Zertaz ez gara ohartu? Zer ari gara egiten Lehen Hezkuntzako sei urte horietan, hori gerta dadin? Zalantzarik gabe, erantzuna ez dugu aurkituko leku bakar batean, gauza asko hartu behar baitira kontuan. Baina, nire iritziz, horietako bat etxeko lanak dira; zehatzago esanda, agintzen ditugun etxeko lan motak, ez baitute ikasteko grina pizten, kontrakoa baizik. Akaso, ez al dira aski eskolan igarotako 5 ordu luze horiek? Azter dezagun une batez haurren jardunaldia. Gutxienez 25 ordu igarotzen dituzte astean zuzeneko eskolak jasotzen; gehitu horri eskolaz kanpoko jarduerak (oso garrantzitsuak iruditzen zaizkit, batez ere, motrizitatearekin eta manipulaziorako gauzekin zerikusia dutenak: kirola, artea, sormena edo instrumentu bat jotzea kasu, onura kognitibo eta “konexio” ugari sortzen baitituzte); eta gehitu horri bataz beste etxeko lanak egiteko behar duten denbora, ordubetetik bira bitartekoa (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak egiaztatu zuenaren arabera, Espainiako ikasleek astean 6,5 ordu ematen dituzte etxeko lanak egiten, eta Nafarroako Eskola Kontseiluaren txostenak adierazi du ikasleek egunero etxeko lanetan egiten duten denbora, batez beste, 1,7 ordukoa dela); kasu askotan, gainera, jantokiko denbora eta autobusekoa ere zenbatu behar dira. Begi-bistakoa da Lehen Hezkuntzako ikasle baten jardunaldia heldu batena baino astunagoa dela; eta, haur baten ikuspegitik, trukean “ezer” jaso gabe.Ikuspuntu horrek ondorio honetara narama: arratsalde asko etxeko lanez betetzen baditugu −jada beteta izan ohi dituzte beste ekintza batzuekin− , emozionalki eta intelektualki indar-tsu, osasuntsu eta gizaki oso bezala garatzeko aukerarik garrantzitsuena ukatuko diegu: JOLASA.