ABERASTE TXOKOA
Adimen-gaitasun handiko ikasleen esku-hartzea hobetzeko saiakera
Irakaskuntza-alorrean izan dudan lan-esperientzia praktikaldira mugatuta egon bada ere, ikasle askoren gaitasunak eta ahalmenak baztertuta ikusi ditut. Zenbat indar, gogo, zirrara, gogoeta, hausnarketa, berezitasun… ukatzen zaizkien ikasleei malgutasunik gabeko hezkuntza-sisteman! Bide egokia bakarra da, eta zehaztuta dago. Horretara moldatzen ez denak (izan bide malkartsuagoak edo lasaiagoak direlako edota asfaltoz edo galtzada erromanikoz egindakoak direlako) beste ibilbide bat aukeratu beharko du, erremediorik gabe.
Gradu-amaierako lanak errealitatean isla izatea nahi nuenez, nire ekarpena bide horretatik egitea erabaki nuen, Garaizar tutorea alboan hartuta. Aberaste Txokoa: adimen-gaitasun handiko ikasleen esku-hartzea hobetzeko saiakera lana osatu nuen horrenbestez, eta, ikaskuntza per-tsonalizatzetik urrun samar dauden hezkuntza-komunitateetan adimen-gaitasun handiko (AGH aurreran-tzean) ikasleengandik hasita, ikaskuntza pertsonalizatzeko egitura bat aurkeztu nuen.
Benetako ikaskuntza
Gaur egungo hezkuntza-sistemen erronka garrantzitsuenetariko bat aniztasunari erantzutea bada ere, hutsunea ageri da, dibertsitate horren parte den ikasleriaren zati handi baten esku-hartzeari dagokionez. Adimen-gaitasun handiko ikasleei dagokienez batik bat. AGHko ikasleentzako hezkuntza-erantzuna landu gabe dago ikastetxe askotan; eta ikasle horiek dituzten premiak ezezagunak dira hezkuntzako profesional askorentzat. Askotariko ikaskuntza-moduei (ezaugarriak eta erritmoak kontuan hartuta) erantzuteko apusturik egin ez izanak utzi ditu adimen-gaitasun handiko ikasleak, besteak beste, hezkuntzako esku-hartze egokirik gabe. Ikastetxe asko adinen arabera eta ordutegi zurrun bati jarraituz daude antolatuta gaur egun, eta eremu horretan itota sentitzen dira ikasle asko. Hausnarketa-garaiotan, gero eta gehiago dira ikaslea den bezala onartzearen eta hari dagokion ikaskuntzaren alde egiten dutenak. Baina, aldi berean, zaila egiten zaie ikastetxe askori metodologia eta antolaketa erabat aldatzea. Aldaketak atzera botatzen dituzten ikastetxeentzat, AGHko ikasleen beharretara hurbiltzeko lehen pausoa litzateke, beraz, Aberaste Txokoa. Malgutasunean zurrun dabilen ikastetxe batera hurbiltzeko lehen saioa da; hurbilketa bat, errealitatean oinarri-tzen den benetako ikaskuntza geletan txertatzen joateko. Adimen-gaitasun handiko ikasleen esku-hartzeaz aritzean, hiru neurri hartu izan ohi dira hezkuntzan: taldekatzea, azelerazioa edo curriculuma azkartzea, eta curriculuma aberastea. Bi lehenengoei garrantzia kendu gabe (ikasleen kasuak bakarka aztertu behar dira, neurririk edo neurri-multzorik egokiena zein den erabakitzeko), curriculumaren aberaste horizontala du ardatz ondoren datorren proposamenak (edukiak eta gaitasunak sakontzea eta beren arteko lotura konplexuagoak ezartzea da helburua, maila altuagokoak irakatsi gabe). Izan ere, estrategiarik garestiena izanda ere, ikaslea bere osotasunean hartzen du (alderdi intelektualean, sozialean eta emozionalean aberastean), eskema sortzailearen eta ekoizlearen barruan; ikaskuntzarako baldintzak sortzen ditu; estrategiarik inklusiboena da, eta ikasle guztien ikaskuntzan aplika daiteke. Bide horretan, ikasleen interesetatik abiatuta eta planifikazioa eta gidari-tza haien esku lagata, publiko erreal batentzat produktuak edo zerbitzuak sortzea du ardatz Joseph Renzulliren SEM ereduak, ikaskuntza induktiboan eta benetako ikaskuntzan oinarrituta ikasle horiei erantzun egokia emateko. Ildo horri jarraituz, Joseph Renzulli eta Sally Reisenen (1997) Schoolwide Enrichment Model (SEM) ereduan oinarritutako proposamena da Aberaste Txokoak dakarrena. Esparru baten baitako hiru dimentsioko kubo batez irudikatzen da SEM eredua, eta zerbitzuen eskaintza, ikastetxearen egitura eta baliabideak hartzen ditu bere baitan. Funtsean, berriz, benetako ikaskun-tza dago. Oinarrizko lau ezaugarri ditu benetako ikaskuntzak: lehenik eta behin, ikasleak aurrez aurre duen gatazka horrek ikaslearekin lotura izan behar du (esparru pertsonala); bigarrenik, irtenbide askoko gatazkak izan behar dute (sekula ez irtenbide bakarrekoak, errealitatean ez baitaude horrelakoak); horrez gain, benetako metodoetan oinarrituta askatuko da korapiloa, profesionalen lan-prozesuan oinarrituta; eta, azkenik, norbaitentzat eta zerbaitetarako (publiko erreala) izango diren zerbitzu edo produktuak sortzera bideratuko da. Etorkizuneko profesionalen ereduetara hurbilduko da, hortaz, lan egiteko modua.
Lehen dimentsioa: metodologia
Lehen dimentsioa: metodologia. Gela barruan Aberaste Txokoa sortzea litzateke lehen pausoa. Aldaketak pixkanaka etorriko dira, eta, zailtasun eta mugen aurrean, hezkuntza-komunitatearentzako lehen pausoa litzateke. SEM ereduari jarraituz, zerbitzuen eskaintza (lehen dimentsioa) bermatzeko, hiru atal hartu behar dira kontuan. Aurrena, gelako ikasle bakoitzari gaitasunen portfolioa egin beharko litzaioke. Ikaskuntza eta irakaskuntza pertsonalizatuko baditugu, ikaslea ezagutu behar dugu ezinbestean, eta horretara dator gaitasunen portfolioa. Horrela, ikasle bakoitzaren indarguneak, interesak eta ikaskuntza-estiloak ezagutuko ditu irakasleak (bide batez, irakasle hitzaren egokitasuna ere zalantzan jarri nahi nuke, irakasten duen figura horretatik ikaskuntzan laguntzen duen bidelagun izatera pasatzen baita, baina hitz hori erabiliko dut ulermena errazte aldera). SEM ereduak berak osatuak ditu hiru esparru horiek arakatzeko txantiloiak. Halere, informazio asko bil daiteke behaketekin eta elkarrizketekin.“Ikasle bakoitza” esatean, ikasle guztiez ari gara kasu honetan. Izan ere, gero azaltzen saiatuko naizen moduan, ikasleen mugimendua izan dezake ondo garatu eta hedatuz gero (ez soilik ikasle finkoak), Aberaste Txokoa bizia baita. Bigarrenik, ikasleak Aberaste Txokora joan ahal izateko, beharrezkoa da curriculuma trinkotzea; ikasleak dakiena curriculumetik kentzea. Denbora eta energia eskaintzea dakar, bai irakasleen aldetik eta bai ikasleen aldetik ere; baina, alderdi guztiak prozesuarekin ohitzen direnean, estrategia egoki bilakatuko da beste ekintza batzuetara bideratu daitekeen denbora aurrezteko. Ikasleari dakarzkion onura guztiak ahaztu gabe. Eta irakasle den irakurleari galdera bat egin nahi nioke: curriculumean jasotako guztia oinarrizkoa da, gaitasunei edota edukiei erreparatuta? Gero, curriculuma trinkotzean, ikastetxeko hezkuntza-proiektuan txertatu behar dira egindako egoki-tzapenak. Hirugarrenik, zerbitzuen eskain-tzaren atala bukatzeko, aberastutako ikaskuntza eta irakaskuntza leudeke. Benetako ikaskuntzan oinarritutako metodologiari jarraitu beharko zaio Aberaste Txokoaren baitan. Horrenbestez, Joseph Renzulliren Aberaste Eredu Triadikoan (Renzulli, 1978) oinarrituta, hiru motatako jarduerak egingo ditu ikasleak:
Ikerketa edo esplorazio orokorreko jarduerak: ezagutza handitzea dute xede. Ikastetxe askotan horrelako jarduerak dira nagusi gaur egun.
Talde-prestakuntzarako jarduerak: benetako profesionalen jarduteko moduetara hurbiltzeko ekintzak lirateke. Prozesua azpimarratzen dute, eta “nola egiten da hori?” eta horrelako galderei erantzuteko balio dute.Benetako gatazkak ikertzeko banakako nahiz taldekako jarduerak: problema bilatu, enfokatu eta ikertu egingo du ikasleak edo ikasle taldeak.
Gainera, egitura horrek aukera ematen du errealitateko beste esparru bat naturaltasunez erreproduzitzeko, Aberaste Txokoaren malgutasuna baliatuz; laguntza eskatzen duten per-tsonez eta ematen duten profesionalez ari naiz. Ikasleren batek laguntza nahi badu (akademikoa, emozionala, soziala…) eta beste ikasleren bat behar duen horretan laguntza emateko prest badago, Aberaste Txokoak emango die elkarlanean aritzeko espazioa, eta irakasleak, laguntza bideratzeko gidaritza.
Ikustetik planifikatuz egitera
Aberaste Txokoan irakaslearen funtzioa zein den galde dezake norbaitek. Bada, alde batetik, aholkularia izango da, ikasleentzat gidari-lanak egin beharko dituena. Horrek ideia berrietara irekita egotea ekarri behar dio irakasleari, ikasleak erabakiko baitu zein bideri jarraitu nahi dion. Alegia, ikasleak berak planifikatuko du gehienbat bere egitekoa. Izan ere, AGHko ikasleek planifikatzeko gaitasun handia dute, eta, gainera, sormenez planifikatzekoa. Halere, antolaketa- eta koordinazio-plangintzak eta bilera eraginkorrak egin ahal izateko heldulekua izango da irakaslea; bai eta baliabideak lortzeko eta ekintza-planak gauzatzeko heldulekua ere.Era berean, ikasleentzako proiektuak desafiatzaileak izango direla bermatzen ahalegindu behar du irakasleak, ekintzen konplexutasuna zainduz.Horretaz gain, ikerketa-estrategietan laguntzaile izan behar du irakasleak; ikerketaren mundura sartu ahal izateko, lehen bultzada eman beharko dio ikasleari, eta lan-funtzionamendua, teknikak… nolakoak diren argituko dio.Sozializazio-estrategietan ere, arnasa eman behar die irakasleak ikasleei. Besteak beste, AGHko ikasleek lanean bakarka aritzeko joera izan ohi dute, eta jarduerak egiteko moduen arteko oreka hori zaindu behar du. Ikasle bakoitzarentzat aberaste- edo orekatze-txantiloi bat erabil dezake horretarako, proiektu bakoitzaren arloa edo gaia, landutako adimen-alorrak, jarduera mota, lan-metodologia, publikoa, eta abar aintzat hartuz eta orekatzen saiatuz. AGHko pertsonek, duten jakin-minari esker, duten dena ematen dute, gaietan gustura eta motibatuta daudenean, eta trebatzen lagundu behar zaie hor, alde batetik, baina, bestetik, beren interesak heda-tzen lagundu behar zaie. Bestalde, sormenari ateak irekiko dizkion irakaslea behar dute alboan adimen-gaitasun handiko ikasleek. Benetako ikaskuntzaren ezaugarrietako bat gogoan hartuta, irtenbide posible askotako gatazkak landuko dira, eta, hortaz, ideia berriak ontzat emateko prest egon beharko du irakasleak, askotan berak hautatutako irtenbideak ez baitira ikasleak hartutako ber-berak izango (agian, ezta antzekoak ere).Gogoratu nahi nuke atal honetan agertu diren kontzeptuak lotesleak direla, multzokatuta daudela, eta denek elkarrekin lan egiteko era bat osatzen dutela. Ikerketako teknikak azaltzeko premia dagoenean, aintzat hartu behar dira, esate baterako, ikaslearen interesak, ikaskuntza-estiloak, indarguneak, egokitutako curriculuma, benetako metodoen erabilera…
Bigarren dimentsioa: baliabideak
Hori guztia aurrera eramateko, nahitaezkoak dira baliabideak (bigarren dimentsioa), bai giza baliabideak eta baita baliabide materialak ere. Lehenik eta behin, AGHko ikasleen errealitatearekin kontzientziatuta egon behar du hezkuntza-komunitateak. Eta, alor horretan, topiko asko ditugu gaur egun oraindik. Handienetariko bat, inola ere justifikatuta ez dagoena, hauxe da: adimen-gaitasun handikoak beren kabuz moldatuko direla pentsatzea. Indarrean dagoen hezkuntza-legeak ez ditu hezkuntza-premia bereziko ikasletzat hartzen.Gainera, ezinbestekoak dira adimen-gaitasun handiko ikasleen ezaugarri eta premietan prestatutako irakasleak ere, nola ez. Aberaste Txokoa bera aberasten joateko, ahalegin handia egin behar da irakasleen prestakun-tzan. Gaitasun handiko ikasleekin lan egiten duten irakasleen esku-hartzeari buruzko hausnarketa eta kritika sustatu behar dira, arlo honekiko interesa eta kontzientziazioa oso azalekoak direlako oraindik ere. Oinarri horietatik abiatuta, aberaste-taldea osatu behar luke Aberaste Txokoa abian jarri nahi duen ikastetxeak. Hezkuntza-eragileek giza baliabideen eskasia azpimarratzen duten egunotan, hasiera batean nahikoak izan daitezke gelako tutorea edo tutoreen ordezkari bat (gela batean baino gehiagotan proba-tzea erabakitzen bada), hezkuntza bereziko orientatzailea eta adimen-gaitasun handietan jantzita dagoen profesional bat. Interesgarria izan daiteke AGHko seme-alabak dituzten gurasoen parte-hartzea ere.Baliabide materialen alorrean, ezinbestekoa da Aberaste Txokoan IKTak eskuragarri izatea. Eta ikasleek berek kudeatuko luketen sailkatzaile bat ere lagungarri izango da, eskuartean darabilten materiala ordenatzeko.
Hirugarren dimentsioa: ikastetxearen egitura
Aurreko bi dimentsioei erantzuteko, ikastetxeak antolaketa egokitu beharko du, Aberaste Txokoaren funtzionamenduan laguntzeko, haren jarraipena egiteko eta txoko hori hazten eta hobetzen joan dadin errazteko. Gela berrantolatzea dakar, alde batetik, hots, espazio fisikoa helburu berrietarako fintzea. Jarriko diren baliabideek antolaketa muga dezakete, eta kontuan hartu beharko da hori.Aberaste Txokoa martxan jartzeak berrikuntza nabarmena ekar dezake zenbait gelatan, eta ikastetxe bakoitzak erabaki beharko luke nola egin nahi duen. Nolanahi ere, proposamen bat egitera ausartu nintzen nire lanean: hasiera batean, ikasgai batera mugatzea Aberaste Txokoa, eta, ikasgaien ordutegiak zurrunak diren kasuetan (gehiegi izango dira oraindik ere), dagokion denboraren % 80an abiatzea txoko berria. Kontuan hartu behar da AGHko ikasleak, gainerako ikasleekin konparatuz gero, ikaragarri azkar hartzen eta barnera-tzen dituela kontzeptu berriak. Ohiko curriculumaren alderdi nuklearretan aldaketak eginda izan behar dituzte ordurako ikasleek.Azkenik, gomendagarria da ikastetxeak harilkatutako beste zenbait zerbitzu berezi eskaintzea, adimen-gaitasun handiko ikasleen esku-hartzea osatzeko. Dena den, pausoka egin daiteke. Zerbitzu berezien baitan kokatuko genuke AGHko ikasleentzako, haien gurasoentzako eta irakasleentzako aholkularitza-zerbi-tzua. Horrela, mahai gainean jarriko lirateke ikaslearentzako banakako aholkularitza (batez ere, alderdi sozial eta emozionalak eta ikaskuntza motak ardatz hartuta), irakasleen-tzako orientazio profesionala, guraso edo tutoreentzako aholkularitza eta ikastetxearen, familiaren eta beste elkarteen arteko elkarlana.Talentuaren garapena baldintzatu dezaketen eskolaz kanpoko indarguneak (familia, komunitatea eta gizartea) kontuan hartu beharraz ohartuta, AGHko ikasleen inguruan sortzen den informazioa elkarrekin trukatzeko gunea ere izango da. Hobetzeko proposamenakAberaste Txokoa abiatuta, aberaste-taldea espezializatzea litzateke etorkizun hurbilera begirako eginbeharretako bat. Aberaste Txokoaren sostengu nagusia indartu behar da: prestatuta dagoen aberaste-taldearen dinamika zehaztu behar litzateke, martxa har dezan eta, horrela, prestakuntzari eta esperientziari esker, ardurak era naturalean har ditzan. Scholwide Enrichment Model eta helburu horrekin berarekin sortutako beste hainbat proiektu ezagutzeak denbora eskatzen du. Jatorrizko ereduak ezagutu eta ikertu ondoren, ikastetxe bakoitzera egokitu behar dira, Aberaste Txokoa garatzen joatea nahi badugu. Gero eta gehiago dira ikaskuntza pertsonalizatzeko proiek-tuak (baita Euskal Herrian ere), eta horiek ere bidelagun izan beharko genituzke. Horrez gain, aberaste-taldearen ardurapean, garatzen joan behar du zerbitzu berezien alorrak , lehen adierazitako moduan. Eta bere baitan hartuko ditu hauek:
Gurasoentzako aholkularitza: eskura jarriko den laguntza-taldeen sarea osatu behar da. Alegia, adimen-gaitasun handiekin lanean diharduten elkarteak, fundazioak… zein diren jasoko du aberaste-taldeak zerrenda batean, eta, ahal den neurrian, ezagutu egingo ditu. Izan ere, aholkuak, informazioa eta prestakuntza eskaintzen dizkiete gurasoei horiek.
Ikasleentzako aholkularitza: AGHko ikasleentzako bilguneen sarea osatu behar da. Ikasleak antzeko ezaugarriak dituzten ikasleekin biltzea ahalbidetzen dute.Giza baliabideen sarea irakasleentzat: era berean, irakasleei aholkuak, informazioa eta prestakuntza emango dizkieten elkarteak, enpresak…. ezagutu behar ditu, gero praktikak hobetzeko. Adimen-gaitasun handiak dituzten ikasleentzako eskolaz kanpoko jarduerak: prozesura eta produktura bideratutako aberastea (Fernández eta Sánchez, 2010) eskainiko da. Ikasleak produktu errealak eta sortzaileak egin ditzan,askotariko pentsamendu-trebetasunak garatzea da helburua, hala nola teknika hauek: gatazkak ebazteko teknikak, pentsamendu dibergentea bideratzeko estrategiak edo estrategia metakognitiboak.
Bestalde, Aberaste Txokoa etengabe ebaluatu eta hobetu behar da. Balio duenari helduko zaio, eta aldatzekoa egokitu beharko da.
Ikasle guztiei begiratuta, zailtasunei erreparatzeari utzi eta indarguneei begira jartzeko lehen urratsa izan daiteke Aberaste Txokoa. Beste ikuspegi batetik begiratuta, adimen-gaitasun handiko ikasle batzuk inor ohartu gabe pasatu ohi diren bezala, zailtasunak dituztenak ezberdintasunak zuzentzera bideratutako indargarrien eraginpean egon ohi dira, ikasle horiek dituzten beste era bateko gaitasunei erreparatu gabe. Ikasle horiek ere gaitasun handiak izan ditzakete ikastetxeko ohiko curriculumetik kanpo geratzen diren zenbait arlotan, eta ez dira garatzen. Horrelakoak eta beste hainbat kasu tarteko, inklusioaren ikuspegian barneratutako Aberaste Txokoen eremu naturala ikastetxeko mugak gainditzera eta komunitate osoa barnean hartzen duten ereduetara bideratu behar litzateke. Aberaste Txokoa gelako dinamika orokorrera zabaldu behar litzateke, eta, beraz, gela horrek berak izan behar luke Aberaste Txoko, ikaskun-tza pertsonalizatu eta induktiboan oinarritutako ikaskuntza litzatekeelako gela horretakoa. Ikastetxe bakoitzaren esku dago hortik aurrerakoa.