ZIENTZIA-HEZKUNTZA

2016-02-01

Ikerketa, zientzia irakasteko ardatza

 Zientziaren hezkuntzan nabarmendu egiten da Lauro Ikastolaren lana. DBHko eta Batxilergoko ikasgai banatan, zientzia-proiektuak diseinatu eta garatzen dituzte ikasleek, taldetan banatuta elkarlanean. Proiektu horien dibulgazioa da lanaren azken partea, eta entzutetsu egin da Lauroko ikasleen lana zientzia-azoka eta lehiaketetan.

 
 

Bizkaiko Lauro Ikastolako ikasleek eskarmentua dute zientzia-proiektuak taldelanean diseinatu, garatu eta aurkezten. Eta, gainera, badirudi habilak direla horretan, sarritan nabarmendu baita beraien lana bai Euskal Herriko bai atzerriko zientzia-azoka eta lehiaketetan. Hainbat aldiz irabazi dute Elhuyar Zientziak antolatzen duen Zientzia Azoka, eta, horko garaile izanik, Kataluniako Exporeserca lehiaketetan parte hartu eta irabazi izan dute, baita Galizako Galiciencia txapelketan ere. Gainera, First Lego League zientzia-lehiaketa entzutetsuan ere hainbatetan izan dira irabazle, mundu mailako txapelketara iristeraino. Hain zuzen gizartean zientzia gaiekiko ezagutza eta interesa mugatua den garaiotan, nola lortzen dute ikasleek zientziarekiko halako grina erakustea? Zerk egiten du desberdin zientziaren hezkuntzan Lauro Ikastolak erabilitako metodologia?

Lauro Ikastolako zientzia-irakasle Amaia Perezen ustez, zientziaren aplikazioan, ikerketan dago gakoa. Ikerketa izeneko ikasgaia ematen du berak DBHn, eta Proiektu ikasgaia Batxilergoan, biak zientzia aplika-tzeko eta ikasleak ikerketara gerturatzeko bokazioa dutenak: “Ikasgaien xedea da zientzia ikastea proiektu zientifiko-teknologiko batean aplikatuz dakizkizun kontzeptuak, edo proiektuan aplikatzeko ikasi dituzunak”. Izan ere, ez dira beste ikasgai teoriko batzuen jarraipena; bada, horrela, curriculumean ez dauden edukiak ere ikasten dituzte “proiektua aurrera ateratzeko beharrezkoak badira. Niretzat hori da garrantzi-tsuena: kontzeptu bat ikasten duzu beharra duzulako; kasu honetan, proiektua aurrera ateratzeko beharra. Modu horretan, ikasketa-prozesua askoz ere eraginkorragoa da”, Perezen esanetan.
Bere aldetik, Betabot taldeko kide Sue Gonzalezek argi du zein den Laurok zientzia-hezkuntzan duen arrakastaren gakoa: “Nire ustez, irakasleengatik da”. Hain zuzen, lehiaketetan nabarmendu den taldeetako bat da Betabot. Gonzalezek esanaren harira, Perezek argitzen duenez, bi irakasleak zientzia-gaietan “ikerketarako bokazioa” dute: “Doktoreak gara eta ikerketarako formazioa daukagu, nolabait barneratuta daukagu ikerketan oinarrituriko metodologia dela zientzia irakasteko ardatza. Beharbada zaila izan daiteke curriculumaren baitako ikasgaietan, eduki batzuk ematera behartuta zaudelako. Hala ere, uste dut ikasleek deskubritu behar dutela zientzia, eta deskubritzeko ikertu egin behar dute. Eduki guztiak garatu ez arren, interesa sustatzea lortzen duzu”.

Dibulgaziotik txapelketetara

Eta, ikerketaren azken urratsa, deskubritu edo azterturiko horren dibulgazioa izan ohi da. Hala, Ikerketa eta Proiektua ikasgaietako ikasleak behartuta daude moduren batera edo bestera ikertu duten hori zabaltzera, azken notan pisua izango baitu dibulgazio-lan horrek. Horretarako hainbat bide erabili dezakete, txosten zientifikoak osatu edo sarean blog dibulgatiboak elikatu, besteak beste.
Edo, bestela, zientzia-proiektuak lehiaketetan aurkeztu. Azken honetan esperientzia handia dute Lauro Ikastolan.
DBHko dibertsifikazio gelako ikasleekin aurkeztu zen lehen aldiz Perez First Lego League lehiaketara. Smart transport edo garraio adimentsua zen urte hartako gaia, eta Getxorako proposamen bat sortu zuten: herritarren artean bizikleta eguneroko garraiobide bilakatzeko zerbitzu bat antolatzea proposatu, eta maldan behera joatean bateria autokargatzen zuen bizikleta baten prototipoa diseinatu zuten. Proiektu horrekin First Lego League-eko mundu mailako finalerako sailkatu ziren, eta AEBetako Atlantan aurkeztu zuen proiektua ikasle taldeak. “Ikasketetan zailtasunak zituzten ikasleak ziren, eta bizipen honekin beraien autoestimua ikaragarri igo zen; nik uste horrek lagundu egin ziela ikasturtea aurrera ateratzen”, dio Perezek.
Dibulgazio lan horren beste esperientzia arrakastatsua Betabot taldearena izan da; aurrez aipaturiko Sue Gonzalezek, Asier Rementeriak, Jon Andoni Bretonek eta Ander Agirianok osatzen dute talde hori. DBHko 2. mailan hasi ziren horiek txapelketetan parte hartzen eta lehen esperientzia Elhuyar Zientziak antolaturiko Zientzia Azoka (aurrez Teknoskopioa) izan zen. Amaia Perez irakaslearekin ikastolako bertako Zientzia Asterako proiektu bat osatu zuten, eta hori gehiago garatu eta Zientzia Azokara aurkeztea erabaki zuten.
Hurrengo urtean, DBHko 3. mailan, lehen aldiz First Lego League-ra aurkeztu ziren, ordukoan ere Perez irakasle zutela garaturiko proiektuarekin: Naturak sortutako hondamendiak zen urte hartako gaia, eta tximisten ondorioz sorturiko suteak detektatzeko proiektua diseinatu zuten ikasleek: kamera eta sensoreak erabilita, soinuaren eta argiaren arteko desfasea detektatu eta dron bat hurbilduko zen ustez tximista eroritako lekura, suterik hasi zen egiaztatzeko, eta, horrela, balitz, abisua bidaltzeko. Bada, i-pad-aren kamera eta Legoren sensoreak erabilita, eta Legoren robot batekin dron bat irudikatuta, detekzio-sistema horren protototipo bat garatu zuten gazteek. Europako txapelketaraino iritsi zen Betabot taldea proiektu horrekin.
Aurten, aldiz, hezkuntza-sistemako komunikazio arazoentzako konponbide-teknologikoa garatu dute. Besteak beste, autismoa duten ikasleentzako proposamen bat landu dute; materiala lortzeko aurreko txapelketetan irabazitako sarien dirua erabiltzen dute. Galiciencia lehiaketa irabazi dute horrekin, eta Exporeserca-n aurkeztuko dute proiektua laster. Horrekin batera, Google-k antolatzen duen mundu mailako txapelketako proiektua egin dute: ilargian hainbat jarduera egingo lituzkeen robota. 200 talde baino gehiago aurkeztu ziren, eta horietatik 10 saikatu dira 2. faserako. Horien artean dago Betabot.
Lan horiek eskola orduetatik kanpo garatu dituzte, sarri asteburuetan, eta beti ere Perezen laguntzarekin. Izan ere, ikasleek aitortu dutenez, “katigatu egiten zaituzte horrelako proiektuek”.

Bokazioak esnatzen

Katigatu dira, bai, ikerketa zientifiko-teknologikora, etorkizuneko ikasketak baldintzatzeraino. Izan ere, guztiek argi dute zientziarekin loturiko ikasketak aukeratuko dituztela; aho batez erantzuten dute baiezko borobila jarduera hauek zientziarekiko bokazioa piztu al dieten galdetzean. Anderrek Fisika ikasi nahi du, eta ikerketara bideratu bere lana. Jon Andonik elektronikarekin loturiko ikasketak egin nahi ditu, eta Suek eta Anderrek ere argi dute bederen alor zientifiko-teknologikoko ikasketak aukeratuko dituztela.