NORANTZA

2016-02-01

Wikipediaren arabera, eskola edo ikastetxea ezaguerak irakatsi eta ikasten diren erakundea da, non irakasleek ikasleei irakatsi eta ikasleek ikasi egiten duten.    

Definizio honi erreparatuz gero “ezaguera” hitza da garrantzia hartzen duena. Baina zertaz ari gara ezaguera esaten dugunean? Zein garrantzi du egungo hezkuntza-sisteman? Zalantza eta galdera ugari sortzen zaizkit honen inguruan.
Eskola sortu zenetik mendeak pasa dira. Gizartea aldatuz doa, izugarri, baina ikasleek ordu gehiegi pasa behar izaten dituzte oraindik eserita, geldi, isilik, entzuten, erritmo jakin batean eta helmuga batera ahal den moduan iristeko lanean.
Oraindik ikasgaien hierarkizazioarekin jarraitzen dugu. Matematika, hizkuntzak, zientzia gaiak orokorrean askoz ere garrantzi-tsuagoak dira gai artistikoak baino, hala nola, musika, arte plastikoak, gorputz adierazpena… eta beraz txikitatik argi uzten dugu zerk duen garrantzia gizartean eta zerk ez. Zerk balio duen lan mundura salto egiterako orduan eta zer den denbora-pasa eta afizioz soilik egin beharrekoa (nahiz eta helduak garenean konturatu lan munduan ez dagoela formula finkorik, eta batez ere egun).
Eta beraz, euren gustuen arabera zein izan daitekeen gizartean izango duten tokia ere bai, nolabait. Zergatik ez da matematika edo hizkuntza irakasten den seriotasun berarekin lantzen plastika edo dantza, adibidez?
Datuak eta informazioa dira ezagueren ardatza. Eta ezaguerak eskolarena. Hauek irentsi eta bota-tzeko dugun gaitasunean oinarritzen da sarri eskolan dugun arrakasta, eta horren arabera sailkatzen dira askotan haurrak. Emaitzetan zentratzen gara. Presio izugarriak jarriz. Autoexigentzia eta frustrazioak areagotuz.
Asko pozte nau ikusteak gero eta gehiago direla hezkuntza eta eskola ereduen inguruko hausnarketa-proposamenetan ahalegin ikaragarria egiten ari diren eskolak, eta norbanakoak. Hezkuntzak dituen zirrikituak baliatuz eragiten ari direnak, edo eta bide berriak zabaltzen ari direnak beste oinarri batzuetatik abiatuz. Ekarpenak eginez, bakoi-tzak beretik, ahal duenetik.
Ederra litzakeelako haurren ahulguneei begira ibili ordez indarguneak indartzen asmatuko bagenu. Bakoitzak dituen baliabide eta gaitasun propioetan izango bagenu konfiantza. Haur bakoitzari bere pasioa eta motibazioa zerk pizten dion deskubritzen lagunduko bagenio, eta horretara bultzatu dena delakoa izanda ere. Sormenean hezten, berezkoa duten ikasteko eta esperimentatzeko gogo eta irrikan jolasten, euren buruan sinisten, adierazten, osasuntsu harremantzen… Asmatzen eta amesten.
Ederra litzake gure begiradaren norantza aldatu eta edukietatik haratago aurrean egunero ditugun haurrengana zuzenduko bagenu.
Bada bide ederra egiteke…