ZER IZAN BEHAR DUGU KONTUAN, IKASGELETAN NERABEEKIKO ELKARBIZITZA ETA HARREMANA OSASUNTSUAK IZAN DAITEZEN?

2016-02-01
 
 

Biziki kontent heldu diot HIK HASIko nire lagunek nerabezaroari buruz artikuluxka hau idatz dezadan luzatu didaten gonbit honi. Errealitate bati buruz zintzoki mintzatzeak errealitate horretan murgildu beharra eskatzen duela-eta, izan ginen gaztearen errealitate askotarikoan sartu-irten ttipi bat egiteko aukera paregabea zaidalako, beraz, honako hau. Geu ere gazte izan gineneko bizipenaren gogorapena da nerabeen mundua ulertu nahi dugun helduok eskura dugun tresnarik hoberenetako bat, eta memoria-ariketa xume horretan ikasiko duguna, gure jardunaren oinarrian ezarri beharreko jakintza egiatia. Gure pasioak, maiteminak, galerak, abandonuak, une batzuetan hartu gintuen hiltzeko gogo bizia, bakardadea, ilusioak, gorabehera emozionalak...

Geure buruan arakatu eta barnean lozorroan bizi zaigun nerabea esnatu behar horretan datza, gainera, gazteagoekiko harremanak gu hazteko ematen digun aukera paregabea. Izan ginen eta jada ez garen ameslari eta errebeldearen ahotsaren xuxurla ekartzeak gure bizitza askotan mugiezinaren zutabe irmoegiak astindu eta kolokan jartzera eramango gaitu. Nerabeekin aritzeak aukera ezin hobea eskaintzen du egunero bizitzaren lokatzean murgiltzeko. Eta hori ez daramagu ongi, ez beti bederen, eta ez denok. Gaztea zerbaitek defini-tzen baldin badu, poroetatik darion bizi-izerdiak definitzen du; bizitzaren zipriztin horietan noraino busti nahi dugun edo noraino nahi dugun hori saihestu, horren aurreko gure jarrerak baldintzatzen du, neurri handi batean, sartu-irten horretatik biziberriturik –gazteturik– edo zaharturik aterako garen.

Nerabezaroa, helduarorako zubia

Gure jarreraren araberakoa da, hortaz, nerabeekiko lana arazo ala opari moduan bizitzea. Niretzat zinez opari ederra da egunero ukan ahal izatea deabrutxo maitagarri hauekiko harremana. Baina, horrela bizi ahal izateko, ezinbestekoa da helduok gure historia psikoafektiboarekin gutxieneko maila batean adiskidetuta egotea, ezinbesteko baldintza eta ezaugarria baita hori haurren eta nerabeen heziketa-prozesuan lagun egin nahi duen edozeinentzat.
Haurtzaroaren eta helduaroaren artean zubi-lana egiteko ardura daukan denbora-tartea da nerabezaroa. Haur-tzaroa bukaerara iristen ari denean, helduaroa dator jada horren haurra ez den haurraren etxera ate-joka, tok-tok: Nor zaitugu? Zer asmo duzu hurrengo urteetarako?… Horrelako galderak egiten dizkio. Nerabeak Nor naiz ni galdera existentzial handi eta ezinbestekoari erantzun behar dion denbora-tarteari esaten diogu, beraz, nerabezaroa. Helduaroan identitate biopsikosozial aski sendoarekin barneratu ahal izatea dago nerabeak jokoan duen erronkaren muinean; benetan lortuko duen edo ez… Etapa horren bizipenaren nolakotasunaren arabera edukiko du erronkak arrakasta ala porrota. Helduaroan sartzeak ez baitu inola ere adierazten heldutasuna erdietsiko duenik, bistan denez. Gauza jakina da bizitzaren kudeaketa osasuntsu baterako nor garen ongi jakiteak duen garrantzia, eta, horregatik, eskuzabalago behar luke gizarteak nerabeari eskaintzen dion denboraren luzeran eta kalitatean, bere bidea osoki burutu dezan. Benetako heldutasunak barnean hartzen dituen gaitasunek beren denbora eta baldintzak eskatzen baitituzte.
Eginkizun zail eta erabakigarri horretan murgiltzeko eta, beraz, tamaina horretako erronkari ekin ahal izateko, zer bagaje daukan berrikustera ere jo behar izaten du nerabeak. Horrela, etorkizunari gogotsu eta ilusioz begiratzen dion bezala, atzera begira ere jarri beharko du, bidean abiatu ahal izateko dauzkan hornigaien eta beharrezko baliabideen bila. Haurtzaroaren azken egituraketa den denbora-tarte hori prozesuan zehar zer lortu duen eta zertan huts egin duen berrikusteko moduan planteatuko du, beraz, gazteak.
Horregatik, garapen-prozesuan zehar izan diren zailtasunak, ezintasunak eta gabeziak, heldutasunera bidean lortu ez diren konkisten hutsuneak edota bizkarrean luzaroan eramandako frustrazio eta porrot zaharrak indar handiz azaleratuko dira nerabezaroan. Eta horretan datza, hein handi batean, nerabe askoren eztanda eta gatazka kritikoaren arrazoia eta jatorria. Nerabeak dena eztabaida-mahaira ekar-tzeko duen joera ere dena galbahetik pasatu behar horretatik sortzen da: ongi dakigunez, bizitzaren, familiaren, eskolaren eta gizartearen gaineko begirada kritiko zorrotza du nerabeak, gure ondoezerako, askotan.
Haurtzaroa gizaki heldu bilakatzeko beharrezkoa den garapenerako denbora da. Giza garapena hainbat etapatan gertatzen da, eta naturak, fase horietako bakoitzean, gaitasun edo ezaugarri zehatz batzuetarako aukera jartzen du garatzen ari den haurraren esku. Naturak nahikoa egiten du, beraz, aukera emanez, eta hazten ari den haurraren inguruari dagokio gaitasun horiek lora daitezen baldintzak ezar-tzea. Horrela, garapenaren faseetatik haur guztiak pasatzen badira ere, bakar batzuek baizik ez dute lortuko giza espeziearentzat programatua den potentzialtasun guztiaren konkista. Haurrak gara daitezen Mendebaldeko gure gizarte honek ezartzen dituen baldintzak ez baitira inondik ere egokienak gizakiak osasuntsu haz daitezen laguntzeko. Osasunaren ordez, psikopatologiarako aukera gero eta agerikoagoa duen normaltasuna barreiatzen du.

Arazoen prebentzioan azpimarra

Nerabezaroak berez ekarriko du haurrak lortutako orekaren nolabaiteko desegonkortzea. Heldu bilaka-tzeko igaro beharreko prozesu osoan zehar gertatu bezala, etapa bat atzean utzi eta hurrengoari heltzeko muga zeharkatu beharrak berez baitakar nolabaiteko krisia. Baina krisiaren maila, ondorioa eta eragina ezberdina izanen da haurtzaroan zehar oreka sendoa eraikitzea lortu duen nerabearengan edo oreka hauskor baten babes ahularen pean dagoen horrengan. Nerabezarora iritsita haur bakoitzak izan dezakeen krisiaren nolakotasuna eta neurria erabat aurreikus daiteke, beraz, eta, horregatik, arazoen prebentzioan azpimarra eginen duen haziera-eredu bat aldarrikatu behar da lehenengo ezinbestean, arduraz jokatu nahi badugu.
Nerabezaroak egiten duena ez baita arazo berriak sortzea, lehendik azpian baina sarri ezkutuan zeuden horiei ikusgarritasuna ematea baizik. Haur-tzaroan zehar eraikitako defentsa-sistemaren desegonkortzea gertatzen da, hortaz, bai eta horrekin batera azpian latente zeuden sintoma fisiko askoren edota jokabidearekin lotutakoen azaleratzea ere; lehenago agian ikusi ez arren, jada eragiten ari baitziren. Identitatearen azken zehaztapena edo definizioa burutu behar denez, ezin izango zaio inoiz gehiago ni horren nolakotasunari ez ikusiarena egin. Ageriago geratuko da osatzen eta hazten ari den ni horren ahulezia edo sendotasuna. Niaren hauskortasunaren kontrako txerto eraginkorrena haurrak inguruan dituen pertsona garrantzitsuekin afektiboki lotura estuak ezarri ahal izatea da. Haurtzaroan atxikimendu segurua eraiki izana, alegia.
Nerabezaroak azalera ekar li-tzakeen arazo horiek indar handiz agertuko dira, gainera, nerabezaroaren ezaugarri ere badiren aldaketa hormonal indartsuak izango direlako eta karga libidinal handiak oso bizkortuta eta indartuta datozelako. Nerabezaroan gertatzen diren eztanda askoren ikusgarritasuna gaztaroaren ezaugarri horri leporatu ahal zaio. Haurtzaroaren lehen etapetan gertatu bezala, gorputzak aginduko du, berriz ere, nerabearen bizitzan. Oraingoan, baina, bat-bateko aldaketa erraldoiak gorputzaren bulkada are uholde ere bilakatuko du, eta erraz egingo dio gainez arrazoiaren bitartez alderdi fisikoa baretzeko nerabeak egin lezakeen edozein saiori. Gorputzak hartzen du agintea, eta garunaren alde kortikalak garrantzia galduko du, zirrarez edo bulkadez arduratzen den alderdi horren mesedetan. Gorputzean aldaketa erraldoiak gertatuko dira; eta horiek ulertzen asko lagun lezakeen buruko arrazoimena, ordea, eskas geratuko da. Sistema fisikoaren eta psikikoaren artean, banaketa dramatikoa gertatuko da.
Norberaren baitan ongi edo gaizki sentitzeko hormonen gorabeherek daukaten zerikusia ongi ulertu ahal izateko, aski genuke menopausia edo antzeko prozesu hormonal indartsuei begira jartzea. Nerabeengan gertatzen denak ez dauka horretan parekorik, baina, hori horrela izanagatik ere, txikiak dira inguruak gertakari horren aurrean erakusten dituen ulermena eta etorkortasuna. Nerabearen pertzepzio-sisteman ere eragiten du, gainera. Prozesu hormonalaren uholdearen eta garunean prozesu linbikoa nagusitu izanaren arteko batuketak oso komunikazio modu berezia dakar emaitzatzat. Ia horrek soilik ulertaraz diezaguke nerabe asko eta askoren jokabideetako ugariren zergatia.

Doluaren gaia, gakoa

Nerabezaroaren beste ezaugarri garrantzitsu bat dolu-garaia da. Aberastury eta Knobel psikoanalistek jada klasiko bilakatutako ikerlanean ongi azaltzen dutenez, hiru dira nerabeek jasan beharreko galerak: haur zirenean zuten gorputza, haur zirenean zuten identitate-rola eta haurtzaroan gurasoez zeukaten irudia. Horren garrantzitsuak ziren helduleku eta ziurtasun-iturrien galerak noraez-egoera batera darama askotan nerabea. Horregatik eta jadanik aipatuak diren arrazoiengatik, euren buruarekiko arrotz-sentimendu handia sortzen zaie barrenean, oro har bakardade-sentimendu handia dakarkiena. Arrotz sentitzen dira, eta garrantzi handikoa da une horietan guk euren arroztasun horretan onartzea eta lagun egitea.
Nerabeen errealitatea ulertzeak berebiziko garrantzia du, haien ondoan egoki kokatuko bagara. Bizitzen ari diren une existentzialak oso baldin-tzatuta dagoen errealitate hori baitago maiz daukaten jokabidearen oinarri-oinarrian. Baina, benetan helduen eta nerabeen artean askotan ezartzen den hesiaren eta ulertu ezinaren zergatiaren bila abiatu nahi badugu, helduon edo eskola-sistemaren ezaugarriei ere erreparatu behar genieke. Lehenik eta behin, garrantzitsua delako gogoratzea ez dagoela beste batekiko erlazioan gertatzen ez den gatazkarik, eta zentzu horretan beti hartu behar delako kontuan onerako eta txarrerako harremanean eragin dezakeen beste pertsona horren aldagaia. Irakasle garen aldetik, gure jokabideek eta jarrerek asko lagundu dezakete gatazka bat ekiditen, bideratzen edo areagotzen.
Gainera, geurea beste pertsona batekiko harremanean hazten eta garatzen den espeziea izanik, beste horren nolakotasunari begiratzea saihetsezina da, garapen-prozesuaren ondorioz sortu den produktuaren kalitatea ebaluatzeko orduan. Nerabeei dagokienez, beraz, geu gara fabrikatzaileak eta, beraz, erantzuleak, gizartearen ordezkari edo eragile garen heinean. Gure ikasgela orotan topatzen dugun nerabe arazotsuaren haragian gauzatzen da askotan geure gizartearena baino ez den munstroa. Ez dugu maite horrelakoek aurrean jartzen diguten ispiluan geure buruaren isla ikustea. Baina, gustatzen ez bazaigu ere, guri dagozkigun ardura eta erantzukizuna onartu behar ditugu, itzultzen diguten irudia geure haziera- eta heziketa-eredu eskasaren ondorio baino ez denez. Uzten dizkiguten seinaleetan irakurtzen jakinez gero, oso txikitatik adierazten digute haurrek gauzak ez doazela ongi; baina, gure itsutasunean, nerabeen indarrez jantzi behar dute krisiek, mezua irakurtzen hasiko bagara eta, gure gorrerian, garrasika ari zaiguna gizartea dela ohartuko bagara; ez dela zoriontsu eta beste bide batetik ibiltzen lagun diezaiogun ari zaigu otoika.
Heziketa-prozesuan zehar, haurrek gero eta gehiago topatzen dituzte euren beharretara egokitzen ez diren ekosistemak. Eta mina eragiten du horrek. Arinagoa edo bortitzagoa, ikusgarriagoa edo estaliagoa, baina mina, azken batean. Institutuetako ikasle arazotsuetako asko euren historia psikoafektiboan igarotako bidetik jadanik oso kaltetuta irtendako gaztetxoak dira. Ez denak, jakina. Eta zorionez. Baina asko bai, gehiegi. Ez nuke nahi arazotsuaren irudia denok buruan dugun ikasle disruptibo, erreaktibo eta probokatzailearena izatea soilik, nahiz eta bistakoa den profil horretakoak direla beti ikusgarrien egiten zaizkigunak; gure eguneroko eginkizuna gehien zailtzen digutenak, alegia. Erabat otzan eta arauaren segitzaile leial den horrengan, nekez jarri ohi dugu arreta, ikasle onaren potretarekin oso bat egiten duelako, eta sistemari gehien komeni zaion profil psikologikoa bikain garatu duelako, agian. Baina, gazte batek izan beharko lukeen horretatik hainbeste urrunduta, bizitasunaren prezio garestia eta bizipozerako eskubide oinarrizkoa ordaindu ditu arrakastaren trukean. Eta mingarria da hori ere.
Gure gazte gehienek euren nerabezaroaren denbora-tarte handiena institutuetako pareten artean igarotzen dute, edo institutuetan egiten zaien eskakizun erraldoiari aurre egin ahal izateko ikasi behar horretan. Lehen aipatutako guztiagatik, jakin beharko genuke honezkero gehiegizkoak direla in
posatzen zaizkien baldintzak eta erritmoak. Askok krak egiten dute. Ezgai diren sentimendu erabat injustua erraietaraino txertaturik bukatzen dute eskola-ibilbidea, berez asebetegarria baino izan behar ez lukeen ikasketa-prozesua, alegia. Zinez uste dugu hori sentiarazteko eskubidea dugula?
Nerabeez osatutako gela batean sartzeko heldu batek izan behar dituen ezaugarri edo gaitasunen multzoa handia bezain askotarikoa da. Bere buruari begiratzen jakin behar du, ikasleekin suertatuko zaizkion gatazketan dagokion partea identifikatzeko eta onartzeko, bai eta dagokion hori aldatzen jakiteko ere, jakina. Adore puska bat ere behar du, noski. Ez luke inoiz ere ahaztu behar nahitaez eredu izango dela. Onerako eta txarrerako, den horren kutsadura moduko bat eragingo duela, alegia. Saiatu une batez, irakurle, institutu-garaian ezagutu zenuen eta bihotzean txertatuta gelditu zitzaizun irakasle horrek zeuzkan ezaugarriak gogoratzen. Ia ziur naiz gogora etorriko zaizun ezaugarrietako bat gutxienez gaitasun emozional edo gizatiarra izanen dela. Konfiantza ematen jakin behar luke, eta konfiantza-giroa ereiten. Ikasketa, dela akademikoa, dela beste arlo batekoa, konfiantzazko harreman batean baizik gertatzen ez den prozesua da. Mugak ere jarri behar dira, jakina. Baina beharrezkoak izango dira benetan garrantzitsuak ez diren edo are zentzugabeak ere badiren muga horiek identifikatzeko gaitasuna eta horien gainetik pasatzeko kemena eta ausardia ere, askotan nerabeen eta azken batean pertsonen eskubideen kontrakoa den sistema honen erabateko adiskide izatea ez baita gaixotasunaren zantzua baino. Oso kontuz ibili beharko dugu ikasleen estimuan eragin ditzakegun zauriekin, ez baitzaigu horrelakorik zilegi, inola ere. Eta kontuz ibili behar dugu kasu askotan hurbilegi eta eskura izango dugun boterekeriaren tentazioarekin ere. Errespetuz tratatuko ditugu ikasleak, bistan denez, eta ongi ulertu behar dugu, beraz, ez dela batere jarrera errespetuzkoa ikasleekiko ironia edo txantxa sarkastikoak erabiltzea, edo erasokorrak izatea, nahiz eta maila apal batean izan. Ikasleekiko errespetuaren barnean sartu beharko genuke gure eskaintza akademikoaren kalitatea ere. Ororentzat gertatu beharko luke posible ikasketak, denen eskura egon beharko luke hori lor-tzeak, eta denentzat erakargarria izan behar luke. Intelektualegiak, abstraktuegiak izan gabe, euren bizitzatan baliagarri izango zaizkien edukiak behar dituzte, sormenez moldatuak. Lotura estuak ezartzeko gaitasuna ere izan behar luke, batez ere helduekin loturak ezartzeko ezintasun nabarmena erakusten duten horiekin. Ikasleek erakusten duten horretatik harago eta urrunago begiratzen jakin behar du. Batez ere ikasleen heziketa pertsonalean jarriko du arreta beti, beste ororen gainetik. Arrasto polita uztea izango du azken helburu.