IKASKETA-ZERBITZUA

2016-05-01

Jakintza eskuratu, komunitatearentzat lan eginez

 Premisa nagusi bat du oinarri Ikasketa Zerbitzuak: ikaskuntza-prozesuek hobera egiten dute, komunitateari emandako zerbitzuen bidez, eta, horren ondorioz, komunitateak irabazi egiten du bizi-kalitatean eta ekitatean; era berean, komunitateari zerbitzua eskaintzeak zentzua ematen dio ikaskuntza-prozesuari, aukera ematen diolako ikasleari jakintzak errealitatera transferitzeko. Horren guztiaren berri emateko, “Ikasketa Zerbitzua. Parte-hartzea hezkuntza-erreminta gisa” izeneko jardunaldia egin zen Gasteizen, martxoaren 17an. Jolas eta Ekin elkarteak antolatu zuen, Zerbikas Fundazioarekin elkarlanean. Ikasketa Zerbitzua zer den azaltzeaz gain, hainbat jardunbide egoki erakutsi zituzten.

 
 

Ez da asmakuntza berria Ikasketa Zerbitzua, baina bada proposamen pedagogiko berritzailea”; horixe dio Monike Gezuraga Amundarainek, EHUko irakasleak, Ikasketa Zerbitzuko adituak eta Zerbikaseko kideak. Haren esanetan, bat datoz puntu batean hezkuntza-arloko profesionalak: gaur egun, ezin da ulertu heziketa, mundu profesionalari begira soilik. “Edozein ikastetxetako hezkuntza-programetan irakur daitezkeen helburuak dira honako hauek: euskalduna izatea, eta parte-hartzailea, demokratikoa, plurala, baterako hezkuntzan diharduena, hezkidetza sustatzen duena… Erraz esaten da, baina  lortzen ote ditugu xede horiek benetan? Irudipena dut hezkuntzako profesional gehienok nahi baino gehiagotan sentitzen dugula erremintak falta zaizkigula”. Hain zuzen ere, norabide horretan lan egiten lagun dezakeelako da berri-tzailea Ikasketa Zerbitzua, adituaren aburuz.

Baina zer esan nahi du Ikasketa Zerbitzua kontzeptuak? Besteei zerbitzu bat ematen zaien bitartean ikasteko aukera ematen duen proposamen pedagogikoa da. Alegia, pertsona baten ikaskuntza-prozesua eta pertsona horrek komunitatearentzat egiten duen lana uztartzen dituen metodologia da. Ez da ezer konplexua eta sofistikatua, eskola askok eta askok noiz edo noiz erabili duen metodologia baizik.
Ikasketa Zerbitzua abian jartzeko, errealitatearen analisia egiten da lehenik, eta inguruan suma daitezkeen gizarte-beharrak identifikatzen dituzte hezitzaileek zein ikasleek. Bigarrenik, galdera honi erantzuten saiatzen dira: “Zer egin dezakegu errealitate hori eraldatzeko eta hobetzeko?”. Hala, ideia-jasa egiten dute, horren ondoren proiektu bat egituratzeko eta garatzeko. Azkenik, ebaluazioa egiten da, eta proiektuak eman dituen emaitzak ospatu egiten dira.
Adibidez, ikasle batzuek erreka batetik lagin bat hartzen badute eta gero zientziako eskolan lagin hori aztertzen badute, landa-lana ari dira egiten; aldiz, ikasleek erreka zati bat garbitzen badute, komunitate-zerbi-tzu bat ari dira egiten. Baina, ikasle horiek zientziako eskolan kutsatutako ur horrekin zer gertatzen den iker-tzen badute, ur horrek ingurumenari nola eragiten dion aztertzen badute eta, horren guztiaren jakitun izanda, egoera hobetzeko zenbait lan egitea eta proiektu bat garatzea erabakitzen badute, Ikasketa Zerbitzua litzateke hori.
Azken batean, bi ardatz nagusi ditu Ikasketa Zerbitzuak: zerbitzuak (komunitatearentzat egiten diren lanak) eta ikasketak (ikasleak barneratzen duen jakintza). Bi ardatz horiek elkarrizketan jarriz, hainbat heziketa-esperientzia gerta daitezke:

Alde batetik, landa-lana dago. Adibidez, irakasle batek Gizarte Zientzietako eskolak ematen ditu, eta egun batean erabakitzen du ikasleekin museo batera joatea eta han zerbait zehatza lantzea. Asistematikoa da, oso puntualki egiten den zerbait. Asko ikas dezakete ikasleek horrekin, baina txikia litzateke komunitateari emandako zerbitzua.

Bigarrenik, noizbehinkako jarduera boluntarioak daude. Adibidez, egun batean ikasleekin erreka bat garbitzera joatea, hango kutsadura gutxitzeko asmoz. Gezuragak azaldu duenez, ikasleek ikasitakoa gutxi litzateke kasu horretan, eta emandako zerbitzua, berriz, txikia. “Erreka bat garbitzera joan gaitezke egun batean, hori egitea bururatu zaigulako, baina ez dauka heziketarekin loturiko helburu zehatzik, zerbait puntuala delako. Era berean, emandako zerbitzuak ere ez luke balio handirik”.
Hirugarrenik, borondatezko lana dago. Aurreko puntuarekin alderatuta, lan hori sistematikoa izatean legoke ezberdintasuna. Hau da, modu sistematikoan komunitateari zerbitzu bat ematea litzateke gakoa. Adituaren hitzetan, kasu horretan emandako zerbitzua handia litzateke, baina ikasleek ikasitakoa, aldiz, txikia, heziketarekin loturiko helbururik ez dagoelako finkatuta.
Amaitzeko, baina, bada aukera bat, zeinetan emandako zerbitzua nahiz lortutako jakintza altua den: ikasketa-zerbitzu solidarioa, hain justu. “Horixe da kontzeptu berritzailea. Izan ere, ikasketa-proposamenak betidanik egin dira. Sarri egin dira solidaritatearekin nahiz boluntario-tzarekin loturiko proiektuak ere. Baina inoiz uztartu ote dira biak? Ikaskuntza-prozesua eta komunitate-lana uztartzea, horixe da Ikasketa Zerbitzuak egiten digun ekarpena”.

Nola gauzatzen da Ikasketa Zerbi-tzuaren proposamen bat?

Proiektu baten bidez gauzatzen da Ikasketa Zerbitzua. Beraz, beste edozein proiektutan bezala, hainbat fase izaten dira kontuan. Lehenik, zirriborro bat egiten da proiektua nondik nora joan daitekeen irudika-tzeko. Bigarrenik, harremanak egin behar dira garatu nahi den proiekturako interesgarriak izan daitezkeen gizarte-eragileekin. Horren ondoren, plangintza egiten da: “Proiektu batek plangintza bat izan behar du atzean, nola ez. Are gehiago, heziketa-prozesu batez ari garenean. Ezin dugu horrelakorik pentsatu: “ea zer ateratzen den hemendik”. Hala, planteatutako proiektua prestatu eta garatu egin behar da, eta amaiera eman behar zaio. Gainera, ez dugu edozein modutan amaituko, ospakizun batekin baizik. Ospatu egiten dugu guztiok izaniko inplikazioa, denok eginiko ekarpena”. Eta, azkenik, ebaluazioa egiten da: “Besteei zer eman diegun eta besteengandik zer jaso dugun aztertzen dugu, eta prozesu guztiaren gaineko hausnarketa egiten dugu, gauzek zentzua har dezaten, eta gauzak ez egiteko egiteagatik”.
Ikasketa Zerbitzuak onura asko eta askotarikoak izan ditzake ikasle zein irakasleentzat, Gezuragak dioenez. Hasteko, balioak garatzen laguntzeko balio duen erreminta da. Horrez gain, eragin positiboa du, ikasleen garapen kognitiboan ez ezik, garapen pertsonalean zein sozialean ere, ikerketek erakutsi dutenez. Era berean, egiaztatu dute Ikasketa Zerbitzuetan parte hartzeak irakasleen motibazioa sustatzen duela. Eta, adituaren arabera, onurak dakarzkie administrazioari nahiz, oro har, jendarteari, batetik, kanpora irekitzeko eta sareak egiteko aukera ematen duelako, eta, bestetik, jakintzaren eraikitze kolektiboaren eta demokratikoaren alde egiteko balio duelako. “Ikasketa Zerbitzuarekin, eginez ikasten da, eta argi erakusten du posible dela inguruan aldaketa txikiak eragitea. Gertuko proiektu txikiekin hastea komeni da, hala, haurrek egingarria dela ikusiko baitute, eta aldaketak egitea norberaren esku dagoela”. Gezuragak gaineratu duenez, Ikasketa Zerbitzuak badu beste onura bat ere: oso asebetegarria da irakasleentzat zein ikasleentzat.
Gertuko esperientziak
Ikasketa Zerbitzua praktikan ezagutzeko, beren esperientzia aurkeztu zuten Bizkaiko eta Arabako lau ikastetxek Gasteizko jardunaldian:

Portugaleteko Santa Maria ikastetxea:

4DBHko 4. mailako ikasle guztiak, 100 inguru guztira, “Hiri Lagunkoia” izeneko proiektuan ari dira parte hartzen ikasturte honetan. Haien egitekoa Portugaleteko eremu publikoen nahiz Santa Maria ikastetxearen beraren azterketa egitea da, berorietan irisgarritasuna nolakoa den ikusteko eta horren aurrean neurriak hartzeko. Hasteko, harremanetan jarri ziren FECOR elkartearekin, eta mugitzeko zailtasunak dituzten lagunekin elkartu ziren, irisgarritasunaren inguruan hitz egiteko. Gero, taldetan banatu ziren. Gurpildun aulkian ibiltzen zen pertsona bat sartu zuten talde bakoitzean, eta Portugaleteko mapa bat eman zioten talde bakoitzari, irisgarritasunaren inguruko azterketa egin zezaten. Emaitza argigarria izan zen: ikertutako tokien % 25 ziren soilik irisgarriak; % 75, berriz, ez ziren irisgarriak. Beste horrenbeste egin zuten ikastetxean ere. Egoera “nahiko larria” dela ikusirik, Portugaleteko alkatetzarekin nahiz ikastetxeko zuzendaritzarekin harremanetan jartzea erabaki dute ikasleek, eta irisgarritasun-legea betetzeko eskatzea.

Murgia institutua:

Ikastetxe horretan ere, DBHko 4. mailako ikasleak ari dira Ikasketa Zerbitzuko proiektua burutzen, Jolas eta Ekin elkartearen lagun-tzarekin. Oraindik amaitu ez badute ere, oso pozik eta harro daude orain arte lortutakoarekin. Hiru proiektu ezagutu zituzten ikasleek, eta horien artean aukeratu behar izan zuten: 1. Kontsumo etikoa; 2. Urkabustaizko Gazte Biltzarra; 3. Zaharren Egoitza. Ikasleak gehien hirugarrenak hunkitu zituenez, proiektu hari heltzea erabaki zuten aho batez. Hala, Murgiko Zaharren Egoitzara joaten dira astero, eta hainbat ekintza egiten dituzte hango pertsonekin; hala nola Wii jolasak, argazkigintza, egoitza apaintzeko eskulanak, sukaldaritza, mus-txapelketa, dantza… “Gure helburua da elkarrekin ikastea eta elkar aberastea”, diote ikasleek.

Gasteizko San Viator ikastetxea:

Joan den ikasturtean, diru-laguntza bat lortu zuten, Ikasketa Zerbitzuko proiektua aurrera eramaten lagunduko zien hezitzaile bat ikastetxean bertan egon zedin, eta halaxe ekin zioten bideari. Ikastetxearen hasierako helburua ikasleek euren ezagu-tza gizartearen zerbitzura jartzea zen. Hastapenetik, argi zuten proiektua ez zela izango irakasle bakarrarena edota gutxi batzuena soilik; aitzitik, ikastetxe guztiaren egitekoa izango zen, eta, beraz, guztiak inplikatuko ziren.
10 urratsetan garatu zuten proiektua San Viatorren. Lehenik, erabaki zuten ikasleek zein irakasleek Ikasketa Zerbitzua eta hezkuntzan parte-har-
tzea zer den ikasi behar zutela. Horren ondoren, Gasteizko zenbait elkarte ezagutzeko abagunea izan zuten, eta, prostitutekin lan egiten duen talde batekin elkarlanean, proiektu bat garatzea erabaki zuten. “Nik zer egin dezaket prostitutei eta haien sendikoei laguntzeko?”; horixe izan zen ikasle gehienen galdera hastapenean. Horri erantzuteko, ideia-jasa bat egin zuten, eta hainbat ariketa eta ekintza planifikatu zituzten emakumeekin nahiz haien seme-alabekin egiteko, hala nola webguneak egiteko lantegiak, informatika, inauteri-festa…
Proiektua aurrera eramateko hainbat zailtasun izan badituzte ere –besteak beste, logistika, motibaziorik eza, ordutegien muga edota eskarmenturik eza–, oso balorazio baikorra egin dute, oro har, ikasle nahiz irakasle taldeentzat onura nabarmenak izan dituela uste baitute: talde-lana indartu da; borondatezko lana egiten ikasi dute; egindako lan osoa ikusteko aukera izan dute, eta konturatu dira jaso dutena espero zutena baino handiagoa izan dela; autonomia lantzeko aukera izan dute, ardura eta gizartearekiko konpromisoa garatu ahal izan dituzte, eta abar.
Gasteizko Sansomendi ikastetxea:
Ikasketa Zerbitzuko “Ikasleen arteko laguntzak” izeneko proiektua garatu dute ikastetxe horretan. Zentroko ikasle guztiek hartzen dute parte, Haur Hezkuntzatik hasi eta DBHraino. Eskola-orduetan egiten dute dena, eta xedea da ikasle nagusiek txikiei laguntzea. Hala, eduki akademikoak lantzeaz gain, errespetua, elkartasuna, esfortzua, pazientzia eta horrelako balioak barneratzen dituzte.
“Ikasleen arteko laguntzak” proiektuaren barnean, bost ekimen garatu dituzte:
DBHko boluntarioak: DBHko lehen mailako boluntarioak LHko 1. eta 2. mailetara eta Haur Hezkuntzara joaten dira astean arratsalde batean, elkarrekin hainbat gai jorratzeko. Saioak DBHko ikasleek dinamizatzen dituzte, baina irakasleak ere gelan egoten dira, nagusiki, behaketa-lanak egiten.
Irakurle laguna: astean arratsalde batean, 6. mailako ikasleak 2. mailakoengana joaten dira, eta 5. mailakoak, berriz, 1. mailakoengana. Gelako txoko guztiak aprobetxatuz, binaka jartzen dira, eta elkarri irakurtzen diote. Oso saio erakargarria izan ohi da ikasleentzat, eta oso gustura egoten dira.
Ipuinen irakurketa Haur Hezkuntzan: 3. eta 4. mailako ikasleak Haur Hezkuntzakoengana joaten dira, eta ipuin klasikoak irakurtzen dizkiete 3, 4 eta 5 urteko haurrei. Astero egiten dute hori ere.
Laborategiko laguna: DBHko 2. mailako ikasleek LHko 6. mailakoekin egiten dute ekintza hori, eta DBHko 1. mailakoek, LHko 5. mailakoekin. Nagusiek, aurrez, natura-arloarekin loturiko esperimentu bat prestatzen dute, eta gazteagoekin egiten dute gero, hilean behin. Ikasle gazteenentzat oso ekintza aberasgarria izan ohi da, besteak beste, laborategira joateko aukera dutelako, bai eta euren erreferente diren nagusiekin elkarlanean aritzeko aukera dutelako ere.
Matematikako laguna: DBHko ikasleek LHko 3. eta 4. mailetako ikasleekin astero matematika lantzeko egiten duten ekimena da. Binaka edo hirunaka, matematika lantzen dute, manipulazioaren bidez edota jolasen bidez.

* Informazio gehiagorako, jolasetaekin.org edota zerbikas.eus webguneetara jo daiteke.