208: Autonomia eta gertuko gestioa, ongizaterako gako

2016-05-01

OSO MODU IREKIAN INTERPRETATZEN DUTE CURRICULUMA ESTONIAN NAHIZ REGGIO EMILIAN; ESTATUAK GIDALERRO OROKOR BATZUK EMATEN DITU, HORI

AINTZAT HARTURIK ESKOLA BAKOITZAK PLAN PERTSONALIZATUA EGIN DEZAN.

 
 

H aurrak autonomian heztea. Horixe da eskola gehienen xede nagusietako bat. Asko hitz egiten da umearen autonomiaz, bere kasa jarduteko gaitasunaz, norbera izatera iristeko egin beharreko bideaz…

Ikasleentzat bai, autonomia aldarrikatu ohi dugu. Baina eta ikastetxeen kasuan? Zer nolako garrantzia ematen diogu zentroaren askatasunari? Zenbateraino dute eskolek modua bere kabuz aritzeko eta bakoitzak bere erabakiak hartzeko? Zertan baldintzatzen du administrazioak? Eta nola eragiten curriculumak?

Estonia eta Reggio Emilia. Bi hezkuntza-esperientzia arrakastatsuren berri ematen dugu aldizkari honetan. Hain zuzen ere, eskolen autonomia eta gertuko gestioa dira bietan hezkuntza-komunitatearen ongizaterako gil-tza: “Gurea ez da eredu bat, ezta esperientzia soil bat ere. Irakasleen, haurren, gurasoen eta herriko eragileen inplikazioarekin etengabe aldatzen, berritzen, moldatzen, asmatzen, sortzen… ari den dinamika bat da. Eta hori ezin da autonomiarik gabe egin”, dio Maddalena Tedeschi Reggio Emiliako pedagogoak.

Irene Käosaar Estoniako Hezkuntza eta Ikerketa Ministerioko Hezkuntza Departamenduko burua, berriz, hala mintzo da Estoniak lortzen dituen emaitza onez galdetuta: “Gure hezkuntza-sistemaren arrakastarako gako nagusia da estoniar hezkuntza-sistema deszentralizatua dela, inklusiboa eta parte-hartzailea”.

Eskola publikoak dira nagusi Reggio Emilian nahiz Estonian, baina autonomia handia dute kudeaketarako, bai metodologiari bai talde osaerari dagokionez. Administrazioak finan-tzatzen ditu zentroak, matrikulatutako ikasle bakoitzeko diru kopuru bat emanaz, baina handik aurrerako guztia eskola-komunitatearen esku dago: pedagogia-mota, metodologia, familien parte-hartzea, espazioaren antolaketa, harremanen diseinua, profesionalen kontratazioa, hezitzaileen prestakuntza…

Eta denetan garrantzitsuena: horren guztiaren sostengu den curriculuma ulertzeko duten modua. Izan ere, oso era irekian eta pertsonalean interpretatzen dute curriculuma. Reggio Emiliako nahiz Estoniako eskoletako kideek adierazi bezala, estatuak gidalerro orokor batzuk ematen ditu, hori aintzat harturik eskola bakoitzak bere plan pertsonalizatua egin dezan: “Esan daiteke curriculuma eskolaren estilo orokor bat dela, zerbait dinamikoa eta eskola komunitate osoak parte hartzen duen prozesu baten bitartez garatzen dena”.