XAKEAK ZER-NOLAKO EKARPENA EGIN DEZAKE IKASLEAREN PROZESUAN?

2016-05-01
 
 

Gai hau apur bat kokatzeko, gogoratu behar dugu 2012an Europako Parlamentuak gomendioa eman zuela xakea eskola-orduko irakasgaia izan zedin, Europatik zetorren “Xakea eskolan” programaren bidez; eta, 2015eko otsailean, xakea irakasgaien artean onartu zuen Espainiako Parlamentuak, Europako Parlamentuari men eginez. Baina baditu gainditu beharreko oztopo batzuk, eta handienetarikoa, hezitzaile espezializatuen falta. Baliatu nahi nuke artikulu hau horretarako ere; hain zuzen, irakasleak xakean espezializa daitezen argudioak emateko.

Erreminta pedagogiko gisa xakeak duen balioaz egin diren ikerketek oso emaitza positibok erakutsi dituzte. Horren adibide da Generalitateak bultzatutako ikerketa zientifikoa, Lleidako eta Gironako unibertsitateen eskutik egin dena. Ikerlan horretan, honako hau izan da emaitza garrantzitsuena: “Xakea ikasi duten ikasle katalanek emaitzak hobetu egin dituzte oro har, eta errendimendu akademikoa hobetu egin dute matematikan eta irakurketan”. Azken bi arlo horietan dituzte, oro har, gabezia handienak estatuko ikasleek, nazioarteko hezkuntzako PISA txostenaren arabera, eta gabezia hori sumatu dute berriki, Eusko Legebiltzarrean, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak aurkeztutako txostenean ere, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan, nahiz eta atzerakada txikia izan den. Badaude beste ikerketa aipagarri batzuk ere: Treverisen, Alemanian, ikasleek % 16ko hobekuntza izan zuten; Danimarkako Arhusen, berriz, matematikako ordu baten ordez xakeko ordu bat izan zuten 10 hilabetez, eta, hala, ikasleek % 30eko hobekuntza lortu zuten matematikan.
Juan Luis Jauregiberri argentinarra Santa Fe probintziako Hezkun-tza Ministerioko eskolako xake-planaren koordinatzailea da, eta, xakeak elementu matematiko asko dituenez, horiek erabiltzen ditu bere eskola-orduetan. Xakeko taula, berez, kartesiar espazio bat dela dio, zeinetan zenbakien eta letren bidez egingo ditugun mugimendu eta jokaldiak azaldu daitezkeen. Gainera, lege geometriko zehatzetan oinarritzen dira piezen mugimenduak eta erasoko eta defentsako lerroak (batzuetan irudipenezkoak dira). Oso egokia da aritmetika praktikatzeko, piezen truke bat egin behar denean, edota puntu batek dituen eraso eta defentsak kalkulatzeko orduan. Era berean, ikasleek matematikaren kontzeptualizazioa hobetzen duten heinean, xakeko abileziak ere hobetu egiten dira.
“Hezkuntzako xakea eta matematikarekiko duen erlazioa” izeneko gaia landu zen Londresko nazioarteko kongresuan. Kongresu hartan, gai honi buruzko doktorego-tesia aurkeztu zuen Joakin Fernandez Amigok; bikain “cum laude” eman zion Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko epaimahaiak. Xakearen baliabideak Matematikako eskoletan nola erabili jorratu du tesian, hainbat adinetako haurrei egokituta, betiere. Adibidez, Haur Hezkuntzan, taula erraldoi batean, lerro, zutabe eta diagonalen artean mugituko dira haurrak, eta, hala, egitura hori barneratu egingo dute. Lehen Hezkun-tzan, gazteluaren mugimendua edo poligonoen aldeak piezen balioekin erlazionatuko dituzte. Eta, Bigarren Hezkuntzan, probabilitatea landuko dute, piezak poltsa batetik ateraz edo xake-sudokuak eginez.
Bestalde, xakea praktikatzeak irakurketa hobetzen nola lagundu dezakeen ikusarazteko, bi azalpen ematen ditu Leontxo Garcia irundarrak, xakean espezializatua den eta xakea eskolan sartzeko aldarrikapen gehien egin dituen kazetariak: “Irakurtzen ari garenean edota xakean jolasten garenean, antzeko gauzak egiten ditugu burmuinaren prozeduraren ikuspegitik: zeinuak ikuskatzen ditugu, batetik letrak eta bestetik kolore, balio eta tamaina ezberdineko piezak; zeinuak elkar-tzen ditugu, esaldien edo jokaldien konbinazioak eginez; eta ondorioak ateratzen ditugu. Beraz, xakean jolasten diren umeek barneratuta eta automatizatuta izaten dute prozedura hori, eta, hortaz, hobeto irakurtzen dute”. Eta bigarren azalpena errazagoa da: “Ikasle xakelariek irakurketa kontzentratuagoa egiten dutenez, hobea da haien ulermena”. Baina gehiago ere esaten du Jose Antonio Marina pedagogoak, inteligentziaren arloko ikertzaile ospetsu eta Valentziako Unibertsitateko Honoris Causa doktore denak: “Xakeak funtzio betearazleak hobetzen laguntzen du, hau da, arreta, arrazoinamendua edo ulermena hobetzen laguntzen du; eta, hala, zeharkako baliabideak sustatzen ditu, inteligentzia orokorra handituz”. Badirudi, besteak beste, funtzio betearazlean maila gorenekoak diren pertsonek erraztasunak dituztela ezagutzak antolatzeko, zirrarak kudeatzeko, arreta finkatzeko, burmuina aktibatzeko, helburuak finkatzeko eta erabakiak hartzeko. Carlos Martinez Piqueras psikologo eta irakasleak Hizkuntzako eskoletan xakea baliabide gisa erabiltzeko sistema bat garatu du: xakeko taula batean, hainbat aditz jarriko ditugu; adibidez, iraganekoak eta geroaldikoak; ondoren, bi jokalarietako batek, zaldia erabiliz, zuriak harrapatuko ditu, hots, iraganeko aditzak; eta beltzak, geroaldikoak; hala, piezaren mugimendua aditzekin erlazionatzen da.
Baina zergatik esaten dute adituek xakea bat datorrela egungo irakasteko erarekin? Ziurtatuta dago xakeak era askotako adimenak garatzen dituela —adimen emozionala barne—. Eta, gainera, egungo gizarterako erabilgarrien diren bertuteak lantzeko balio du: arreta, autokritika, irabazi eta galtzearen kudeaketa, zirrara primarioen kontrola, pentsamolde logiko eta ordenatuan erabakiak hartzea, irudimena, eta beste asko. Howard Gardnerrek, hainbat adimenen teorian, zortzi adimen bereizi zituen, eta frogatuta dago xakeak horietako bost behintzat lantzen dituela. Lehen biez hitz egin dugu jada, hots, logiko-matematikoaz eta hizkun-tzakoaz. Adimen espaziala taulan oraindik egin ez diren jokaldiak aurreikusiz lantzen da. Intrapertsonala, norberaren burua aztertuz, jakiteko zein eratako posiziotan moldatzen den ondo, zeinetan okerrago eta zeintzuk baztertu behar diren akatsik ez egiteko. Adimen interpertsonala aurkaria ezagutuz lantzen da: haren sendotasunak eta ahuleziak zein diren aztertuz, zein posiziotan dabilen egoki ikusiz… Adimen musikala, gorputzarena eta naturalista geratuko lirateke airean, baina azken horiek ere irakaskuntza-metodologiaren arabera gara litezke. Adibidez, taula eta peoien mugimenduak irudikatuz musika entzuten den bitartean. Xakeak Lehen Hezkuntzako ikasleentzat ingurumen-hezkuntzarako duen balioari buruz, ikerketak egiten ari dira Kati Pantoja Montero eta Oleg Reyner, Santiagoko (Kuba) kultura fisikoaren fakultatean.
Estatuan hainbat adimenen alorrean aditu handienetako bat dugu Montserrat del Pozo, 30 urteko ibilbidea duen pedagogoa, lekaimea eta Montserrat eskolaren zuzendaria. Haren hitzetan, xakeak burmuinaren bi aldeak lantzen ditu, eta zirraren kudeatzaile egokia da. Guztiok adimen mota horiek ditugula dio, baina, inguruaren eta sentimenduen arabera, batzuk besteak baino hobeto menderatzen ditugula. Hala ere, del Pozok dioenez, umeak 12 urte dituenean haren sendotasunak zein diren jakitea litzateke egokiena. Haren ikastetxean, bi urteekin hasten dira adimen zientifikoa garatzen: metodo zientifikoan, galdera bat egiten da, hipotesia planteatzen da, behaketa egiten da, eta ondorio batzuetara iristen dira. Bizitzan egiten dugun edozertarako balioko liguke metodo horrek. Baina, harentzat, hezkuntza berritzailearen ardatz nagusia adimen intrapertsonala da: banakoa hezkun-tzaren muinean jarri behar da, eta ikasleak bere hezkuntzaren protagonista sentitu behar du, arazoak gainditzeko baliabidez hornituz eta akatsak pertsona hobetzeko erabiliz.
Hezkuntza-itunaren alde agertzen da, “oinarrizkoa delako gobernu-aldaketek hezkuntza-ereduak ez aldatzea”; “hezkuntza-ereduak adituen eskuetan behar du, hezkuntzako proiektuaren helburuak gizakia eta gizakiaren hazkundea direlako”; eta helburu nagusia “banakakoa librea izatea da”. Askatasun handiena adimenerako eskubidea da, pertsonaren pentsamolde kritikoa eta sortzailea bultzatuz, hark erabaki dezan nola borrokatu nahi duen, nola aldatu nahi duen mundua, edo nola bizi nahi duen… Azken finean, nola izan nahi duen zoriontsu.
“Ikasteko erarik onena gozamen handiz egitea da, denbora pasatzen ari dela ohar ez zaitezen”. Albert Einsteinek 11 urteko semeari eginiko esaldiak balio digu egungo hezkun-tza-metodo berrienetarako ere. Erabat ondo dator “jolastu, pentsatu, hezi” hirukotea xakearekin. Miamin egindako “Lehen Hezkuntzarako ageriko pentsamendua” kongresuan, hirukote horren inguruan gaur egun gehien dakiten aditu garrantzitsuenetariko batzuk bildu ziren: David Perkins, Arthur Costa, edo Robert Swartz, adibidez. Hezteko eta irakasteko era horren ardatz nagusiak pentsamolde kritikoa, pentsamenduaren ohiturak eta trebeziak dira, eta “pentsatzen ikastean” oinarri-tzen dira. Umeek erremintak hartu behar dituzte, aldez aurretik eginiko galderetan oinarrituta, erabakiak trebetasunez gauzatzeko, baita erabaki txikiak ere. Xakearen bitartez ikasitakoa eguneroko bizitzara eramatea da helburua. Txikitatik solasaren bitartez nahiz abestien, ipuinen edo jokoen bidez prozesu hori barneratu duten haurrek automatizatu egiten dute prozedura, dibertituz, nagusiok adibidez autoa gidatzen dugunean bezala; eta, horrela, sendo pentsatzen ikasten dute.
Aurreko adituekin batera, Adriana Salazar kolonbiarra aipatu nahi nuke. Hizkuntzan eta literaturan lizentziaduna da, xakeko nazioarteko maisua, eta hezkuntzako xakean mundu-mailan aditu nagusietakoa. Aurreko udan, 2015ean, Bilbon egin zen ICOT kongresuan izan zen (agian, munduan pentsamenduaren inguruan egin den kongresu garrantzitsuena). Salazarrek xakean oinarritutako hezkuntza-sistema propioa eratu du. Dagoeneko Mexikoko eta Espainiako 70 ikastetxek baino gehiagok erabiltzen dute, aurretik aipatu dugun Montserrat ikastetxe ospetsuak, adibidez. Kongresu horietan guztietan, xakea barneratzeko arrazoi nagusia hauxe da: bat dator irakasteko era berrienekin. Salazarren sisteman, 3-5 urteko ikasle guztiek ezagutzen dute xakea, biolina jotzen dute, eta taekwondoa praktikatzen dute; eta ez dira aparteko talentudun ikasleak. “Egiten dugun guztia pentsatzen irakastean oinarritzen da. Musika eta taekwondoa ere horretarako erabil daitezke. Umeen pentsamoldea garatzeko lan egiten dugu beti, musika-sentsibilitatea lantzean edo kirola egiten denean burmuina garatzen baita”, dio. Baina nola irakatsi xakea hiru urteko umeei? “Ezberdinak dira eskola guztiak, eta era ezberdinean azaltzen dira; baina ondo zehaztutako hiru helburu ditugu: lehenengoa, xakearen alde teknikoari dagokiona, piezak nola mugitu, adibidez; bigarrena, pentsaeraren garapena, aldez aurretik jakitea buruko zer trebezia landuko den, kalkulua, bisualizazioa...; eta azkenekoa, giza abileziak eta balioak lantzea, besteen ikuspegiaren errespetua zabalduz edo ikasketa kooperatiboa bultzatuz”. Funtsezkoa da umeei txikitatik irakastea irabaztearen eta galtzearen garrantzia, eta azken horrek sortzen dituen frustrazioak bideratzeko tresnak ematea, arnasketa edo bisualizazioak erabiliz.

Adinez adin, nola irakatsi?

Txikitan, bi edo hiru urterekin, xakea irakasteko taula erraldoi bat erabiltzen dugu, eta gorputzarekin egiten dituzte lehen mugimenduak lerroan, zutabean edo diagonalean mugituz, lauoinka ibiliz edo “robotarena” eginez. Hori barneratuta dutenean, bestea erraz ulertuko dute, piezen mugimenduak orokorrean aipatu ditugun lerro, diagonal edo zutabeetan zehar egiten direlako. Gero, peoiaren mugimendua irakasten da, eta, pieza horren alde teknikoa ikasten dutenean eta harrapaketa ezagutzean, baliabide eta aukera ikaragarriak sortzen dira, kalkulurako eta bisualizaziorako trebeziak lantzeko. Txikitatik buruan gauzak imajinatzea eta ikuskatzea oso erreminta indartsua da, matematikara edo hizkuntzetara estrapolatzen badugu.
Egungo irakaskuntza-metodologiaren eta zuk izan zenuenaren artean, zer ezberdintasun dago? Garai haietakoa ortodoxoagoa zen, estatikoagoa; ez zuen pentsamendu sortzailea horrenbeste gauzatzen; gehiago oinarritzen zen pentsamolde logikoan, eta, pentsaera horretan sartzen ez bazinen, eskolatik kanpo zeunden. Egun, askoz aukera gehiago ematen dira; ume guztiek ezberdin ikasten dute; ezberdinak dira, eta ezberdin pentsatzen dute; horregatik, askotariko adimenetan oinarritzen gara; errespetua diogu gelan dagoen dibertsitateari, eta ez dugu ez gelan, ez xakean, denak berdinak direnik pentsatzen. Adimen linguistikoa, zinetiko-korporala eta logiko-matematikoa irakatsi behar dizkiegu, eta gure eskolak guztien zerbitzura jarri behar ditugu.
Euskal Herrian, jada badago xakea irakasgai gisa erabiltzen duen ikastetxerik. Joan den irailean, Begoñazpi ikastola izan da aitzindari, 2015-2016 ikasturtean xakea sartu baitu eskola-orduetan. Lehen aipatu dugunez, gure erronka nagusia xakea irakatsiko duten irakasleak prestatzea da orain, eta ikastetxeei laguntza ematea. Horretarako sortu genuen xakea euskaraz 2.0 plataforma (www.xakea.org) Hurko Mendigurenek eta biok. Xakeak euskaraz eta era askean zabalkundea izan dezan nahi dugu. Egun, Lauaxeta ikastolarekin ari gara elkarlanean, proiektuaren beharrak eta norabideak ikuska-
tzen. Batxilergoan xakea txertatu dute eta ikasleak eurak dira elkarlanean xakea ikasten dutenak.
Xakeak norbere burmuinaren jabe egiten eta berau erabiltzen lagun dezake. Niri bizitza aldatu dit eta aurrez neronek probatu gabeko ezer ez nioke inori gomendatuko. Dena den, ni derrigortasunaren aurka nago, ez dudalako uste gauzak derrigortuta ikasi edo irakatsi behar direnik.
Artikulu honetan azaldutakoak konplexua dirudien arren, ez da beldurrik izan behar xakea irakasteko orduan, xakeko Lehen Hezkuntzako liburuak sinpleak eta oso ulerterrazak baitira. Gainera, gai konplexuetarako monitore espezializatuak daude. Bizitzen ari garen gizartearen testuingurua erronka pertsonal berriekin hasteko garai ezin hobea da, eta zuek, hezitzaileok, zarete gizartearen aldaketarako gure baliorik handiena!