210: Bakoitzak bere bidea

2016-07-01

UMEA BANAKO GISA HARTZEAZ ETA BAKOITZAREN GAITASUNAK POTENTZIATZEAZ MINTZO DIRA ADITUAK. HORRETARAKO ADIMEN MOTA GUZTIEI LEKUA EGIN BEHAR ZAIE IKASGELETAN.

 
 

A rlo batean ez bada bestean, denok gara inteligenteak. Hala dio askotariko adimenen teoriak. Tradizionalki bi adimen mota izan dira nagusi: logiko-matematikoa eta linguistikoa, eta hein batean, oraindik ere hala izaten jarraitzen dute. Baina, apurka, beste adimen mota batzuk ere garrantzia hartzen ari dira. Adimen emozionalaz, artistikoaz edota naturalistaz gero eta gehiago hitz egiten da gure eskoletan.

Haur bakoitza bat eta bakarra da. Umea banako gisa hartzeaz eta bakoitzaren ahalmen eta dohainak potentziateaz mintzo dira gaur egungo adituak. Horretarako, ordea, adimen mota guztiei lekua egin behar zaie ikasgeletan eta haurrei era guztietako gaitasunak lantzeko baliabideak eskaini; alegia, eskolak ikasleari abagunea eman behar dio bizitzan bere bidea egin dezan. “Kirolari ona izan zaitezke, musikari ona, antzezle ona, arkitekto ona… Garrantzitsuena da egindako horrekin norbera gustura sentitzea, eta gure egitekoa da haurrari bere prozesua bizi dezan aukerak ematea”, dio Edurne Etxeberria irakasleak askotariko adimenei buruzko artikuluan.

Baina haur bakoitza bat eta bakarra den moduan, irakasle bakoitza ere bat eta bakarra da. Eta bakoitzak izango ditu bere premiak eta bakoitzari eman beharko zaio profesionalki bere bidea egiteko aukera. Izan ere, Beronika Azpillaga EHUko Hezkuntza Zientzietako irakasleak zenbaki honetan dioen moduan, irakasleen esku dago, neurri handi batean, gela barruko giroa atsegina izatea eta jarduna oparoa. Eta irakaslearen esku egongo da ikasle bakoitzak bere bidea egin dezan baliabideak eskaintzea ere. “Ondo lan egiteko garrantzi-tsua da irakasleak autoestimu profesional altua izatea, gainontzean ez baitu ziurtasunik izango eta beldurrez joango baita gelara. Horretarako sozialki estimatzen den lanpostua izan behar luke irakaslearenak, prestigioduna. Bestetik, berriz, kontuan izanik ikasleak ikasiko badu sentimendu positiboak behar dituela, irakasleak sentimendu positibo horiek sortzeko lan egin behar du”.

Hain zuzen ere, horretantxe saiatzen da Hik Hasi Udako Topaketetan eskaintzen dituen ikastaroekin: ahalik eta aukera zabalena ematen irakasleei euren buruak presta ditzaten, ziur senti daitezen, autoestimua izan dezaten, motibatuta egon daitezen... Adin, arlo, zaletasun, izaera, premia… ezberdinetako irakasleak buruan izanik antolatu ditu topaketok. Ikastaro batzuk teorikoagoak dira, praktikoagoak besteak; norbere buruaren lanketa pertsonala egitea proposatzen dute zenbaitek, eta zuzenean ikasleekin lan egiteko jarraibide zehatzak ematen dituzte beste hainbatek.

Baina, azken batean, irakasleak elkartzeko eta euren esperientziak parkatzeko topaleku izatea dute xede Hik Hasiren ikastaroek; hausnarketarako espazio; eta asmo, ideia nahiz proiektu berriak aurkezteko plaza. Ea, bada, beste urte batez ere, irakasleontzako plazer eta asebetegarri izaten diren.