ATEA IREKITZEN

2016-07-01

Urtean zehar yoga klaseak ematen ditut eta klaseetara datozen pertsona dezente ogibidez irakasleak dira. Honek zera pentsarazten dit: zergaitik horrenbeste irakasle yoga egiten?

Hazkunde pertsonalerako edo autoezagutzara zuzendutako hainbat ikastaro egin izan ditudanean ere, irakasleak izan dira nagusi ikastaro horietan.
Irakaskuntza ogibide delikatua da; gure izate osoaz egiten dugulako. Jokoan dago nola begiratzen ditugun ikasleak, nola entzuten ditugun, ze harreman eratzen dugun gu eta bestearen artean. Hortik sortzen da gainerako guztia. Irakaslearen presentzia-egoerak, alegia, irakasleak duen egoteko eta izateko moduak bere jardunean erabateko eragina du. Eta hau ezin digu inork irakatsi, soilik norberak ikasi dezake.
Badut susmoa une honetan ezinbestekoa dela atzeko atea irekitzea bide berri baten aurrean jartzeko.
Atzeko ateak gure barne mundura ireki behar gaitu. Erabat ahaztu dugu gure barnean mugitzen den errealitatea, geu garen horren analfabeto huts bihurtu gara sarritan. Gure arreta erabat kanpo alderantz zuzendu dugu eta ematen du gure barne gidaritza erabat galdua dabilela. Barne indarra galtzen dugunean bizitzaren kontrola erabat kanpoan jarria daukagu, eta hor sortzen dira gaur egungo gizartearen gaitz handiak, buruko gaitzak: depresioa, antsietatea, bizitzaren zentzu eza. Eraiki ditugun sinesmenak zalantzan jartzeko puntuan gaude: garrantzitsuagoa da edukitzea sentitzea baino, itxura ematea garena izatea baino, lorpena gauza materialak edukitzean dagoela sinetsi dugu eta izatea erabat ahaztua izan da. Honek zoriontasun eskasa dakarrela agerikoa da.
Irakasleak badu, ogibide moduan, atzeko ate hori irekitzeko premia. Agian horrexegatik elkartzen dira horrenbeste irakasle yoga egiten edo hazkunde pertsonalerako ikastaroetan, euren ongizaterako badutelako beharra euren barne mundua ezagu-tzeko. Irakaskuntza uneoro gizatasunarekin lanean dabilelako, norberaren eta besteen izate osoa dagoelako jokoan ikasgela batean gaudenean.
Norbera garena ulertzen dugunean bestearen izaera uler dezakegu. Autoezagutza da ezagutza guztien oinarria, jakintza guztien iturri. Ni naizen honi itsu banago, bestea ezingo dut ikusi; begien aurrean egongo da, baina ez dut ikusiko. Ezin diogu inori eman geugan ez daukaguna. Horrexegatik, norberak bere izatea ezagutzen duenean, bere konplexutasun osoan, bestea ulertzea eta ezagutzea errazagoa bihurtzen da. Ezagutza honek eraldaketak ekarriko ditu jarduera pedagogikora, irakaslea kokatzen den barne lekua ezberdina delako, bere begirada, eta bihotza, zabaldu egingo dira. Autoezagutza hau ez dugu ulertu behar norbera bere barnean isolatua gelditzea bezala. Autoezagutza honek bestearengana hurbiltzeko balio behar digu. Ni neu naizena ezagutu, onartu eta maitatu; bestea den hori hobeto ulertu, onartu eta maitatzeko.
Ireki daitezela beraz, atzeko ate horiek, geu garen horretara hurbilduko gaituztenak. Biderik luzeenak pauso txiki batekin hasten dira, eta lehenengo pausoa arreta berreskuratzea izango da. Arreta gabe gure bizitza itsaso zabalean noraezean dabilen itsasontzia bezalakoxea da. Arreta pizten dugunean itsasontziaren lema hartzen dugu eta gure gorputza, sen-tsazioak, pentsamenduak, emozioak, gure barne mundua bizitzeko bidean jartzen gara.