Honaino!

2017-02-01

GELA OSOA LOGARITMOAK IKASI GABE GELDITUKO BADA ERE, PROGRAMARI UKO EGIN BEHAR BAZAIO ERE, EZIN DA

BOTERE-ABUSURIK, JAZARPENIK,
TRATU TXARRIK, IRAINIK... ONARTU GELAN ETA EZTA GELATIK KANPO ERE.

 
 

Datua beldurgarria da: Ikasleen % 83,7k aitortu du jazarpenarekin lotura izan duela inoiz. Eta ikasleen % 45ek onartu du noizbait jarrera jazartzaileak izan dituenik.

Eta eskuak burura, denok larritzen gaitu bullyingak. Baina bai, benetan? Benetan arduratzen gaitu eskola-testuinguruan indarkeria zabaldua egoteak? Botere-abusua egoteak? Biktimek sufritzeak? Benetan kezkatzen gaitu gizarte bezala haurrak bortizkerian hezteak? Bortizkeria baliatzeak nor izaten ikasteko? Benetan arduratzen gaitu sistematikoki biztanleriaren kopuru batek jazarpena –gure ikastetxeko ikasle batzuek–, botere-abusua eta mendekotasuna sufrituko dituela jakiteak? Benetan kezkatzen gaitu ikasle bat ondoezik sumatzeak, beldurturik, ikastetxera joan nahi ezta ikusteak, triste, iraintzen entzuteak, bakartua ikusteak... Benetan arduratzen gaitu bullyingak? Bada, orduan, zeri begira gaude?

Ikastetxe-testuinguruan bortizkeria erabiltzen da, bai lehen eta bai gaur. Gizartea bortizkeriaren gainean eraikia dago eta eskola ez da isolaturiko eremua. Beraz, gizartea lehiakortasunean, konpetentzian, nagusikerian, oro bat indarkerian oinarritzen den bitartean, eskolak eredu hegemonikoa erreproduzituko du. Neurriak, beren beregi hartu ezean. “Honaino!” esan ezean. Indarkeria prebenitzeko erein egin behar da. Ekin, antolatu, erantzun. Lehentasuna eman, baliabideak jarri, formatu, eta zero tolerantzia izan. Zero. Honaino! Hartara, agian indarkeria gabeko ikastetxe batean hezi diren haurrek garatuko duten gizarte-eredua kooperazioan oinarrituko da, aliantzan, berdintasunean, elkartasunean, eta indarkeriak ez du izango kabidarik. Hartara, hurrengo belaunaldiko ikastetxeak indarkeria gabeko eremuak izango dira. Eta ez da utopia. Obligazio bat behar luke izan hezitzaile guztiontzako.

Bitartean neurriak hartu behar dira. Gaia mahai gainera atera. Irakasleak formatu eta familiak sentsibilizatu. Etxean ezin dira seme-alabak mendekotasunean eta tratu txarretan hazi, lider eta nagusi izateko hezi, gero ikastetxean abegikortasunez jokatzea nahi bada. Eta irakasleek ezin dute beste aldera begiratu haur bat gaizki ikusten dutenean, inoiz; haur bat indarkeria

–irainak, biolentzia...– erabiltzen ari denean, sekula. Gela osoa logaritmoak ikasi gabe geldituko bada ere, programari uko egin behar bazaio ere, ezin da botere-abusurik, jazarpenik, mendekotasunik, tratu txarrik, irainik onartu gelan eta ezta gelatik kanpo ere, jolastorduan, jangelan, inon. Gizarte honek ezin du bullyinga onartu. Honaino!

KiVa-k erdiz erdi jotzen du: Agueda Laraudogoitia ikastolen elkarteko KiVa-arduradunak dioen eran, erasotzailea eta biktima, barre egiten dutenak eta ezikusia egiten dutenak, irakasleak eta familia, eta gizarte osoa ateratzen da galtzaile. Ikastetxean irakatsi-ikasteaz harago, bizi egiten gara. Emaitzez harago, emozioak, enpatia, komunikazioa, kooperazioa… sartu behar dira ikastetxean. Buruez gain, gorputzak. Ikastetxeak espazio seguru izan behar du ikasle guztientzako.

Bene-benetan arduratzen gaitu indarkeriak?