Gure ondarea QR kodean

2017-02-01

Proposamen honen xedea pertsonak txikitatik hiritar arduratsu izan daitezen heztea da. Arduratsu ingurumenarekin, begirunetsu naturako elementuekin, beren herriko eraikuntza historikoekin, arkitekturarekin, eta artatsu, azken finean, beren ondarearekin. Lor dezagun pertsonak beren ondarearen jakitun izatea eta arduratsu bilakatzea!

 
 

Proiektu honetan, Nafarroako 14 ikastolak hartu dute parte, 492 ikaslek eta 60 irakaslek (euskarakoak, ingelesekoak eta teknologia berrietakoak) guztira. 16 udalek parte hartu dute, eta, guztira, 750 artxibo sortu ditugu.

Ikasleek euren herrietan edo bailaretan bospasei elementu adierazgarri identifikatu dituzte, elementu arkitek-tonikoak zein ingurumenari dagozkionak. Elementu horien inguruko informazioa bilatu eta bildu dute, eta zehatz eta garbi deskribatu dute aukeratutako elementu hori, hiru hizkuntzetan gutxienez (euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, eta, zenbait kasutan, frantsesez eta alemanez ere bai). Euskarri idatzia eta ahozkoa erabili dituzte informazioa jasotzeko eta zabaltzeko, eta, QR kodeen bidez, publikoaren esku jarri dute informazio hori guztia. Lanketa horren bitartez, aukeratu duten elementu horren inguruko garrantziaz jabetzen hasi dira ikasleak. Prozesu honetan garrantzi berezia hartu du NIEko IKT taldeak, izan ere dokumentuak digitalizatzeko eta QR kodeetara bihurtzeko ezinbestekoa izan da bere laguntza. Halaber, hizkuntzetako irakasleen lana zein gizarte arlokoen aholkularitza ere aipatu behar da.
Urrats hauek egin dituzte, elementu adierazgarriak aukeratu dituztenetik QR kode bidez publikoaren esku jarri arte:
Proiektua pentsatu eta bideragarritasuna aztertu dute.
Proiektua diseinatu dute.
Informatika-arduradunen mintegian aurkeztu dute euren egitasmoa.
Zuzendarien mintegian mahairatu dute.
Ikastoletako seigarren mailako ikasleekin landu dute proiektua.
Hainbat erakunderekin (Vianako Printzea Erakundearekin eta Iruñeko Artzapezpikutzarekin) elkarrizketak izan dituzte, proiektuaren egokitasunaz ados jartzeko.
Vianako Printzea Erakundeak proiektuen zabalpenerako duen deialdian parte hartu dute, eta diru-laguntza lortu behar izan dute.
Hainbat udali eta norbanakori baimenak eskatu dizkiete.
Proiektua aurrera eraman dute.
Zabalpen-lana egin dute.

Proiektua aurrera eramateko arrazoiak

Proiektu hau aurrera eramateko, garrantzi handia izan du erabili dugun formatuak; izan ere, zabalkunde handia lortu dugu, batetik, hainbat hizkuntza erabili ditugulako, eta, bestetik, bilatu eta bildu den informazio guztia hainbat euskarritan zabaldu dugulako; ikusizko baliabideen bidez, batetik (idatziz eta argazkien bidez), eta entzunezko baliabideen bidez, bestetik. Irisgarritasunaz gain, berritasuna nabarmendu behar dugu, QR formatua hizkuntza berria baita ikasleentzat. Beraz, teknologia berrien alorrean ikasteko aukera eman digu egitasmo honek.
Eleaniztasunari esker, atzerritar askorengana iristeko modua izan dugu, eta, beraz, Nafarroako ondarea zabaltzeko aukera eman du proiektuak. Baina, atzerritarrentzat ez ezik, interesgarria izan da nafarrentzat ere. Izan ere, 16 herri eta, hortaz, 16 udal egon dira tartean, eta interesgarria izan daiteke herritar horientzat, bereziki, euren herrietako ondarearen berri QR kodeen bidez jasotzea.
Nafarroaren ondarea izugarri handia eta baliotsua da, naturari zein arkitekturari begira, eta, lehentxeago aipatutako atzerritarrak eta herritarrak ez ezik, haurrak txikitatik ondare honen garrantziaz eta zaintzaz lehenbailehen jabetzea eta horretan heztea zeinen garrantzitsua den erakutsi digu lanean aritu garen guztioi. Neska-mutilak hiritartasun arduratsuan hezi nahi baditugu, badugu zer eginik arlo horretan ere. Gertuko elementuak aukeratzeko, baliotsuenak identifikatzeko, informazioa biltzeko eta ahoz komunikatzeko ardura ematean, ondarearen zaintzaren protagonista bihurtu ditugu. Era horretan, Nafarroako ondarearen jakitun eta zaintzaile bihurtu nahi izan ditugu haurrak txikitatik, lan honen bidez.
Lana ez da amaitu; proiektu honetan jarraitzeko aukera ikusten dugu, eta prozesu hau guztia errepika dezakegu gure herrietako ondare guztia QR kodean ematen dugun arte!

Hainbat erakunderen partaidetza

Ikasleak hainbat erakunde ofizialetako arduradunekin harremanetan jarri dira, proiektu hau aurrera eraman ahal izateko, besteak beste, Vianako Printzea Erakundeko Ondasun Zuzendaritzarekin (Jesus Ascuncerekin hasieran, eta gaur egungo Carlos Martinez zuzendariarekin ondoren). Erakunde horretako Kultura Zuzendaritza Orokorreko sormen eta zabalkundeko atalarekin ere harremanak izan dituzte. Iruñeko Ar-tzapezpikutzako hainbat pertsonarekin ere izan dituzte harremanak, bereziki, Carlos Ayerra ekonomo jaunarekin. Ikastolak dauden herrietako udal-ordezkariekin ere hitz egin beharra izan dute, bai eta NIE Nafarroako Ikastolen Elkarteko ordezkariekin ere, zuzendaritza eta proiektu-arduradunekin, hain zuzen ere.  
Zabalkunderako plana
Egin dugun lana Nafarroako gizarte osoari aurkeztu diogu:
Nafarroako Ikastolen Elkarteko arduradunen eskutik, prentsaurrekoa egin dugu parte hartu duten erakundeekin batera, egindako lana azaltzeko.
Informazioa emateko, triptikoak zabaldu ditugu QR kodeekin. Turismo-bulegoetan eta aukeratutako beste hainbat lekutan utziko ditugu triptikoak.
NIEko hezkuntza-komunitatean:
Ikastola bakoitzean triptikoak banatuko ditugu.
Ikastolen aldizkarietan artikulua argitaratuko dugu.
Ikastolen Elkarteko “Ikastola” aldizkarian argitaratuko dugu.
NIEko sare sozialetan argitaratu dugu berria (webgunean, Facebooken, Twitterren).
Maila profesionalean zabaldu dugu berria:
Aldizkari espezializatuetan argitaratu  dugu (Aula, Hik Hasi...)
Ikastolan, familietan:
Bisita gidatuak antolatuko ditugu, eta triptikoak banatuko ditugu bisita horietan.
Ikastola guztietako QR kodeak banatuko ditugu.