HONTZA natur zientzien museoa

2017-02-01

Ezagutu, maitatu, babestu

 Mundu osoko 37.000 espezie baino gehiagoko ondarea biltzen du Durangaldeko Hontza Natur Zientzien Museoak, eta Zoologia, Botanika, Geologia eta Paleontologiaren arloak hartzen ditu. Erakusketaz gozatzeaz batera, hainbat urtetan naturak izan duen bilakaera ezagut daiteke, eta gaur egungo errealitatea ulertu. Duela bi urte ateak ireki zituenetik, ikastetxeentzat prestaturiko bisitak eskaintzen ditu bereziki.

 
 

2014ko azaroan, erronkaz beteriko 30 urteko lan gogorraren ostean, Hontza Natur Zientzien Museoa ireki zuten Mañarian, Urkiolako Parke Naturalaren atarian. Museoan ikus daitezkeen espezieetatik gehienak Enrike Huerta irakasleak bildu ditu, 50 urteko ikerlanean, jomugatzat planetako natur aniztasuna erakustea hartuta. Museoko arduradunen esanetan, “benetan ikusgarriak” dira Botanika, Fungi, Geologia eta Zoologiaren atalak, eta era guztietako espezieen bildumak “harridura eragin diezaioke edonori”; horren erakusgarri dira, adibidez, Japoniako karramarro erraldoia edota Antartikako albatros herratua. “Esperientzia kultural eta didaktiko dibertigarria” bizitzeko gune aproposa da, hortaz.

Hontza Museoak badu balio erantsi bat ere: Evaristo Bustintza Kirikiño Mañariko idazle ospetsua bizi izandako eraikinean dago. Barnealdean, berriz, naturak emandako altxor txikiak gordetzen ditu, bisitariei ingurumenaren balioaren berri emateko, “ezagutzen ez dena ezin delako maitatu, eta maitatzen ez dena ezin delako zaindu”. Hain zuzen ere, horixe dute xede nagusi museoko arduradunek: natura ezagutaraztea, ingurumena maitatzen ikasteko eta babestu ahal izateko. Museoak erakusketa iraunkorra, aldi baterakoa eta funtsa ditu, eta dinamikotasuna ematen dio horrek. Izan ere, aldi baterako erakusketa aldatu egiten dute ikasturte bakoitzean, eta baita erakusketa iraunkorreko hainbat ale ere. Hala, bisitariei pixkanaka funtsean gordeta dauden espezie guztiak erakustea dute helburu.

 

Adinera egokituta

Gaur egun, 650 ale inguru daude erakusketan ikusgai, 17 ataletan banatuta, “natur zientzien munduko sorta zabala eta adierazgarria”. Ateak zabalik ditu Hontza Museoak edonorentzat, baina, bereziki ikasleentzat iruditzen zaie egokia arduradunei: “Adin bakoitzera egokitutako bisita gidatuekin, ikasleei, natur zientzien munduan murgiltzen laguntzen diegu”. Lehen eta Bigarren Hezkun-tzako ikasleek, Batxilergokoek eta unibertsitatekoek ikasketetarako osagarri zaien materiala aurki dezakete. Eta, museoko arduradunek gainera-tzen dutenez, eurentzat funtsezkoa da ikastetxeen babesa edukitzea; hala, orain arte egindako lan guztiak fruituak eman ahal izango baititu.Ikasturte honetan, esaterako, aldi baterako erakusketan, ekinodermatuak (Echinodermata filuma) ezagut daitezke. Besteak beste, itsas izar eta triku ugariren zenbait ale daude ikusgai. Parekorik gabeko bizidunak dira animalien erreinuan. Gaur egun, gutxi gorabehera 7.000 espezie bizi dira, eta 13.000 desagertu dira dagoeneko. Hala dio erakusketa horren inguruko informazioak: “Bazenekien ekinodermatu gehienak igeri egin eta herrestan ibil daitezkeela besoei esker? Animalia horien izaera, ezaugarriak eta bisitari gehienentzat ezezagunak diren bitxikeriak ikasiko dituzue erakusketa honekin”.

 

Sareko datutegia doan

Hontza Fundazioa izeneko erakundeak kudeatzen du museoa. Herri-erakundeekin, bestelako erakundeekin, munduko museoekin eta arlo bereko lankideekin harreman formalak sustatzeko sortu zuten irabazi-asmorik gabeko fundazioa. Enrike Huerta da presidentea. 50 urtetik gora eman ditu ikertzen, landa-lanean, eta oldez edo moldez museora heldu diren aleak identifikatzen, zaintzen eta gordetzen, gizarte osoak funts horretaz gozatzeko aukera izan dezan. Orain, Joseba Bikandi EHUko irakaslearen eta Hontza Museoko kolaboratzailearen laguntzarekin, datutegi zabal bat ipini dute sarean, doan. Datutegi horretan, 13.900 ale baino gehiago ageri dira, eta horien inguruko informazio zientifikoa eskaintzen da. Datutegia hontzamuseoa.eus/ikerkuntza gunean kontsulta daiteke.