HERRI ESKOLA

2017-02-01

Ikastola, herri eskola” manifestazioko leloa belarrian hazi ginen, gure irakasleek soldata ziurtaturik ez zeukaten garaian, Frantziako hezkuntzak ikastolak onartzen ez zituenean, ikastolako ikasle izateagatik begi txarrez ikusten gintuzten urteetan… Baina argi genuen zein zen gure herria, bagenekien zazpi probintzia zituela, ohartu ginen euskarak batzen gintuela, ikasi genuen Nafarroako erresuma izan genuela, gureganatu genituen Bilintx, Txirrita, Xalbador edo Amuriza, deskubritu genituen Kalabaza Tripontzia, Tasio edo Akelarre, irri egin genuen Xirrixti Mirrixti antzerkiarekin edo Kukubiltxoren ikuskizunekin, kantatu genituen Imanol Urbietaren kantuak, ezagutu genituen Daniel Landart bezalako idazle garaikideak eta Axularren denborakoak, bisitatu genituen Bilbo aldeko labe garaiak, Gasteizko legebiltzarra, Zuberoko mendiak edota Goierriko bazterrak, parte hartu genuen Euskal Telebistako saioetan, irakurri genituen Euskaldunon Egunkariaren aleak….

Herri eskola zen, bai, ikastola; herritik egina eta herria egiteko. Hori da, funtsean, edozein herrik bere eskolari ematen dion helburua, bere herritarrak – hiritarrak – sortzea, bere herriaren erreferentzia historiko, geografiko eta kulturalak emanez. Estatua aspaldi indargabetuta daukan Euskal Herrian hori egitea, ordea, “politika” egitea omen da. Estatuek erabakitzen dute zein izan behar diren haurrek jasoko dituzten edukiak, baina Frantziaren edo Espainiaren erreferentziak zabaltzea ez omen da politikoa. Bizkitartean, Frantziak eskola publikoa sortu zuenean, argi zeukan helburua zela haurrei frantsesa irakastea eta Frantzia maitaraztea; hots, helburua zen frantses hiritarrak sortzea.
Estatuek dute boterea gaur egun ere, eta gaur egungo gazteen erreferentziak horren araberakoak dira: gero eta gutxiago dira Lapurdiko hiriburua zein den badakitenak, Euskal Herriko mapa desagertu da testu-liburuetatik, gazteek ez dakite deus Euskal Herriaren historiaz, euskara batua “artifizialtzat” har-tzen dute anitzek baina biziki arrotzak zaizkie besteen euskalkiak, “hemen Espainian” edo “hemen Frantzian” erraten dute…
Herri eskola behar du Euskal Herriak, ikasketak bukatzen direnerako denek jakin dezaten marrazten Euskal Herriko mapa, denek ezagut ditzaten leku desberdinak eta bakoitzaren berezitasunak, euskara batua naturaltzat har dezaten eta beste euskalkiak ulertzeko gai izan daitezen, denek eduki dezaten gure historiaren oinarrizko ezagutza…
Hezkuntza giltzarria da, baina ez da zerbait isolatua. Gaur egungo hezkuntza sistemak islatzen du gure herriaren egoera, administratiboki desegituratua eta zatitua, Espainiaren eta Frantziaren nagusitasunaren eta legearen mende, ipar-orratz argirik gabe… Dena hertsiki lotuta dago, baina hezkuntzatik hasita ere balegoke zer egin, biharko euskal herritarrak, euskal hiritarrak sortzeko. Horretarako, Monzonek zioen gisan, “herri jakintza nahi dugu, eta jakintza herriarentzat nahi”.