Hezkuntza hobetzeko, protesta

2017-04-01

BADAKIGU HEZKUNTZA NOLA HOBETU, GAKO UGARI DAUDE ORRIOTAN,

DENBORA, DENBORA ETA DENBORA BEHAR DA ETA DENBORA BALIABIDEAK DA, ETA BALIABIDEAK DIRUA. INBERTSIOA BEHAR DA, EMAITZAK NAHI BADIRA.

 
 

Saiatzen zara (saiatzen da hik hasi) hezkuntza hobetzeko tresnak ematen, erreferentziak, informazioa, euskarriak.  Saiatzen zara... Baina gero, errealitatea jaten duzu: irakasleak kalean daude, protestan: “Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetako langileen %75ek greba egin dutela esan dute sindikatuek. Lan baldintza hobeak eskatu dituzte, eta hezkuntzarako baliabide prestuagoak”.

Barnekotasunaz idatzi dugu Gaian, gelditu, eta begiratu zure barnera, hausnartu: “Korrika bizi gara, presaka. Eta bizimodu mota horrek isla zuzena du eskoletan: lasaitasunik eza, kontzentratu ezina, gauza batean luzaro arreta jartzeko arazoak, soseguan egoteko zailtasunak… Egoera horren aurrean, hainbat eskolatan barnekotasuna eta espiritualtasuna jorratzen hasiak dira. Lanketa horrek norbere barnera begiratzeko erremintak ematen dituelako: Nor naiz ni? Zer nahi dut? Nola bizi besteekin?”.
Eta irakasleak kalean daude, protestan: Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Barne Produktu Gordinaren % 3,6 bideratzen da hezkuntzara, Espainiako Estatuak % 4tik gora eta Europako Batasunak, batezbeste, % 5-6 bideratzen duten bitartean.
Erizaintza eta Medikuntza fakultateetako irakasleek eskolan adimen emozionala landu behar dela azaldu digute Ekarpenen atalean, gelditu eta hausnartu: “Gaur egun, umeek estresa pairatzen dute, estimulu ugari baitaukate haien inguruan. Horregatik, garrantzitsua da erlaxatzen ikastea, eta egunero klasean erlaxazio-teknikak praktikatzea. Hori onuragarria izan daiteke ikasleen egoera emozionalerako, klaseko girorako, eta haien errendimendu akademikorako ere”.
Eta irakasleak kalean daude, protestan: hezkun-tza aurrekontua jaisten ari delako 2009ko aurrekontuetatik. 167 milioi euro gehiago inbertitu beharko lirateke hezkuntzan orain dela zortzi urteko egoerara itzultzeko.
Rebeca Wilden pedagogia aurrerazale eta errespetuzkoaz idatzi dugu ekarpena. Gelditu eta begiratu haurrari: “Lehen Hezkuntzako haurrak behar unibertsal bat dauka: mundua nolakoa den jakin nahi du. Bigarren Hezkuntzan, nerabeak duen behar unibertsal nabarmenena identitatearen bilaketari lotutakoa da: mundu honetan nor den aurkitu eta jakin nahi du. Giroaren kalitatearen beste ezaugarri bat lasaitasuna da: giroak lasaia izan behar du. Helduek bermatuko dute hori, haurren arteko elkarrekintzetan sor daitezkeen gatazketan afektuzko jarrera erakutsiz eta, behar denean, bizikidetza-arauak oroitaraziz, denen lasaitasunerako”.
Eta irakasleak kalean daude, protestan: Ratioak gora baitoaz. Eta plantilak behera: Hezkuntza publikoko plantilak, gutxienez 2.000 langiletan handitu behar dira kolektibo ezberdinetan sindikatuen arabera, egungo beharrei erantzuteko.
Badakigu hezkuntza nola hobetu, gako ugari daude orriotan, denbora, denbora eta denbora behar da, haurren beharrak eta erritmoak errespetatzeko, hemen eta orain zentratzeko, sano egongo badira haurrak, ikasiko badute. Eta denbora baliabideak da, eta baliabideak dirua. Inbertsioa behar da, inbertsioa hezkuntzan, sare guztietan, emaitzak nahi badira.
Irakasleoi geure lanean sinestea da gelditzen zaiguna. Horra Antzuolako herri ikastetxeak orriotan emango digun lezioa. Egunean egunean jasotzen ditugun tresnak, erreferentziak eta euskarriak geure lana hobetzeko baliatzea da gelditzen zaiguna. Eta bitartean, kalean, protesta.