Irizpide pedagogikoak behar dira hezkuntzan, ez inprobisaziorik

2017-07-01

Badakigu. Aspertu arte entzun dugu eta irakurri eta geuk idatzi ere bai. Esperientziak erakutsi du, zientziak berretsi, PISAk ere bai, nahi bada. Lehen urteak dira garrantzitsuenak, pertsona baten lehen urteetan ezartzen dira zutabeak; sendoak, seguruak edo ahulak, intseguruak. Finlandian ikusi berri dugu, haurtzaroan inbertitzea gizartean inbertitizeko modurik bikainena da. Dirutan ere bai. Haur-eskolan eta Haur eta Lehen Hezkun-tzan inbertitzen diren euroak dira emankorrenak. Baina dirutik harago, osasun, hezkuntza eta gizarte inbertsiorik onena da haurtzaroan inbertitzea, prebenitzea da haurrak ondo haztea. Eta heztea.

Eta haurrak ondo hezteko zer behar da? Baliabideak, esango du batek. Ingurune egoki bat, besteak. Segurtasuna, atxikimendua, zaintza, maitasuna, askatasuna, mugak... eta bereziki ondoan duen helduaren arreta.

Eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak nola bermatuko du haur-eskoletan dauden haurrek heldu arretatsuak izango dituztela? Arduratsuak, osoak, formatuak...? Bada Eibarrera, Haurreskolak partzuergoaren atarira garaiz iristearekin.

2011ko urriaz geroztik Haurreskolak partzuergoko zerrendak itxita egon dira, eta bat-batean, ekainaren 14an zabaldu egin zituen zerrendak, “urgentziaz”, hurrengo egunean ixteko, “bestelako erabakirik hartu arte”. Zerrenda horretan dauden hezitzaileak izango dira haur txikiekin, bost hilabeteko haurrekin, zazpikoekin, 12koekin, 18koekin egongo direnak. Eta zeri, eta zerrendan apuntatzeko hurrenkerari emango dio lehentasuna Hezkuntza Sailak, ez merituei, esperientziari, curriculumari, formazioari... Sei urtez zerrendan sartzeko aukera izan ez duten ehunka eta ehunka hezitzailek —Unibertsitateko tituludanak nahiz Lanbide Heziketako tituludunak— zerrendan sartzeko aukerarik gabe egon ondoren, bat-batean, inprobisatuz sartu ditu zakura. Uztaila osatzeko neurria izango da —datorren ikasturtean baremazioa egingo du partzuergoak—, baina esanguratsua da. Kezkagarria. Ez da serioa. Aurreikuspen falta erakusten du. Ez dago besterik.

Oharra egin beharra izan du Hezkuntza Sailak: Legezkoa da. Legezkoa izango da, baina ez da zilegia.

Hezkuntzaren kalitatea bermatu nahi bada, ezin da inprobisatu. Ezin da haurren beharrekin, ongizatearekin, hezkuntzarekin, bizitzarekin, inprobisatu. Ezta lan egiteko gogoz, beharrez dauden hezitzaileekin ere. Ez da serioa.

Irizpide pedagogikoak behar dira hezkuntzan, ez inprobisaziorik.