GARAPEN PERTSONALA
Norbere burua lantzen, ikasleen ahalduntzean laguntzeko
‘Garapen pertsonala irakasleentzat. Haur eta gazteen ahalduntze prozesuan bidelagun’ izeneko ikastaroa eskainiko dute Elen Kortaxarena biodantzako irakasleak eta Jokin Beristain psikoterapeutak Donostian, Hik Hasiren Udako Ikastaroetan. Biosintesiaren eta biodantzaren bitartez, norbere buruaren lanketa egiteko aukera emango diete partaideei, hala eguneroko eskolako jardunean, haurrekin zein gazteekin askoz ere bidelagun osasuntsuagoak izan daitezen. Bizipenetan oinarritutako ikastaroa izango da, eta bertan egindako jarduera eta ariketak klasean ikasleekin aplikatzeko modukoak izango dira.
Nola nago? Zer ari naiz bizitzen? Bizitzako zein momentutan nago? Zergatik gertatzen zaizkit gerta–tzen zaizkidanak? Zeintzuk dira nire funtzionatzeko patroiak? Non katigatzen naiz? Zerekin sufritzen dut? Zeintzuk dira nire alde osasuntsuak? Irakaslea bera eta haren funtzionatzeko modua izango du ardatz Elen Kortaxarena biodantzako irakasleak eta Jokin Beristain psikoterapeutak emango duten ikastaroak: Garapen pertsonala irakasleentzat. Haur eta gazteen ahalduntze prozesuan bidelagun. Izan ere, Kortaxarenak azaltzen duen moduan, irakasleen formazioan hainbat materia ematen dira, hamaika dinamika eta metodologia erakusten dira, baina non geratzen da norberaren garapen pertsonala? Alegia, minutu batzuetan bederen norbere barrura begiratzeko parada eskaintzea? Hain zuzen ere horixe da bi adituok Udako Topaketetan egingo dutena: “Geure buruak landuko ditugu, geure funtzionatzeko moduez eta jokabideez jabetzeko, eta hor jorratutakoa, gero, geure egunerokora eraman ahal izateko, hala haurrekin zein gazteekin askoz ere bidelagun osasuntsuagoak izango baikara”.
Ikastaroa emateko funts batean oinarritzen dira Kortaxarena eta Beristain: irakasle izan aurretik pertsonak garela, pertsonak garenez, sentitu egiten dugula, eta beraz, emozio horiekin guztiekin goazela klaseak ematera. Ikasgelan, pertsonen arteko elkarreraginean, emozio horiek guztiak sartzen dira jokoan. “Interakzio horretan emozioren bat ataskatuta baldin badago gaizki eramaten garelako norbaitekin, blokeoren bat dagoelako, ez zaidalako ikasle baten izaera gustatzen… nire mezua ikasleei ez zaie garbi iritsiko, gainkarga batekin baizik; eta nire energia klasea emateko baliatu ordez, blokeo horietatik ateratzen saiatzeko gastatuko dut”, argitzen du Beristainek. Horrexegatik, biodantza eta psikoterapia erabiliz norbere barrura bidaia egiteko proposamena egiten dute bi irakasleek, aztertzeko zer den norberari ikasgelan zaila egiten zaiona, ikertzeko beste per–tsonekin harremanean non sortzen zaizkion blokeoak, zein jenderekin kostatzen zaion erlazionatzea bestearen izaera norberarenarekin bat ez datorrelako… Irakasleak irakasle izan aurretik pertsona diren bezalaxe, ikasleak ere ikasle izan aurretik pertsonak dira, emozioak dituzten pertsonak. Beraz, ikastaroan norbere buruaren lanketa egiteaz gain —bere historia eta bilakaera pertsonala ulertzeko eta ikusteko nola heldu den gaur egun dena izatera—, ikasleei ere begiratzen diete, konturatzeko horiek ere euren historiarekin doazela ikasgelara, beren familiako sinesmenekin, bere izaerarekin, blokeoekin… Eta hain zuzen ere, Kortaxarenak eta Beristainek dioten moduan, sarri, ikasleek irakasleei ispilu lanak egiten dizkiete: irakasleen–tzat, normalki, euren gatazka berberak bizi dituzten ikasleak izan ohi dira konfliktiboenak eta gelako “arazoen” eragile–tzat hartzen direnak. Irakasle autoritario baten adibidea jartzen du Beristainek: “Irakasle bat autoritarioa bada, klasean dauden ikasle autoritarioekin txoke egingo du eta hor konfliktoa sortuko da. Gerta liteke ikasleek irakasle horri klasea saboteatzea eta irakasle hori irakasgairik eman ezinik geratzea, haren energia klasea ematera bideratuta egon beharrean, ikasleengandik defendatzeko ahaleginean zentratuta dagoelako. Hortaz, irakasle hori bere errekurtsoak alperrik galtzen ariko da. Aldiz, irakasle horrek autoritarismoa bere zailtasun bat dela baldin badaki, ikasle autoritario horiei ahalbidetu egingo die haien autoritarismoa ateratzea modu osasuntsu eta organiko batean, eta hartara, klasea eman ahalko du. Gainera, irakasleak klasean interferitzen ez duenez, onartua sentituko da eta horrek ikasleengana gerturatzea ahalbidetuko dio. Baina, noski, horrek umiltasuna eskatzen du, lehenik norbere barrura begiratzea eta norberari zer gertatzen ari zaion detek–tatzea exijitzen duelako”. Lanketa horretarako guztirako bi ildotan oinarritzen dira Kortaxarena eta Beristain: biosintesian batetik, eta biodantzan, bestetik.Biosintesia, ardatzetako bat
Jatorria Sigmund Freuden psikoanalisian duen psikoterapia mota bat da biosintesia. Gerora, Wilhelm Reich edota Alexander Lowenek garatu zuten Freudek hasitakoa, eta hastapenean oso mentala eta kognitiboa zen hura gorpu–tzera ekartzen joan ziren. Hortaz, biosintesiaren oinarri teorikoa oso psikologikoa da, baina gorputzera integratuta dago. “Adibide bat jarriko dut: pentsa gidabaimena atera behar duzula eta teorikoa gainditu duzula. Beraz, badakizu bolantea zer den, zein pedal erabili behar duzun zertarako, badakizu kanbioak non dauden… baina sartzen zara kotxean eta ez zara gai maneiatzeko. Hezkuntzan ere antzeko zerbait gerta dakiguke. Adimenetik soilik ikasten ditugunean gauzak, gero, askotan, ahaztu egiten zaizkigu. Beraz, ikasitako hori gorputzean txertatu behar da eta gorputzetik pasatzeak intentsitate maila jakin bat eskatzen du, tentsio bat…”, azaltzen du Beristainek. Kortaxarenak eransten duenez, oinarri teoriko horrek irakasle bakoitzari lagunduko dio ulertzen zein izaera mota sortu duen bere bizitzan zehar eta zergatik funtzionatzen duen funtzionatzen duen bezala. Batzuetan, ordea, biodantzako irakasleak eransten duenez, izaera horrek bizitzan aurrera egiteko trabak jartzen dizkio pertsonari, askotan pertsonak bizitzan sentitzen duena eta egiten duena ez daudelako koherentzian. “Gerta liteke pertsonok izaera baten mende egotea. Biosintesiko marko teorikoak izaera hau nola sortu dugun ulertzen laguntzen digu eta baita horretatik askatzen ere, bizitza askoz ere errealagoa, koherenteagoa eta kontzienteagoa bizi dezagun. Pailazoek dioten bezalaxe, Sentitu, Pentsatu, Ekin! da guk aldarrikatzen dugun bidea”. Aurrera egiteko pertsonak duen zailtasunik handiena sentitzeko beldurra da, Beristainen hitzetan, eta barruan duen hori ez sentitzearren hasi ohi da gizakia egin eta egin, barruko hutsuneak tapatuz. Adibide bat jartzen du: “Nik bakarrik sentitzeko beldurra baldin badaukat, beti egongo naiz baten baten ondoan. Baina baliteke berarekin egotea ez berarekin egon nahi dudalako, baizik eta bakarrik egon nahi ez dudalako”. Hain zuzen ere, Beristainen arabera, pertsonak bere izaera sortzen du barruan dituen eta sentitu nahi ez dituen emozio horietatik babesteko. “Aurrez jarritako jarrera autoritarioaren etsenpluarekin jarraitzeko, demagun ni oso familia autoritario eta gogor batean jaio naizela. Kasu horretan, ezinbestean, umetatik jarrera autoritario eta gogorra eraiki behar izan dut nik ere, zapaldua ez izateko. Txikitan izaera hori sortu izanak zentzua izan dezake, biziraupen arrazoi batengatik. Baina, urteek aurrera egin ahala, zer gertatzen da? Ni beste ingurune batzuetara noala: eskolara, beste pisukide batzuengana, kalera… eta akaso jada ez daukadala jarrera autoritario hori eduki beharrik espazio horiek seguruak direlako. Hala ere, izaera autoritario hori horrenbeste intentsitatez daukadanez nire barruan txertatuta, autoritarioa izaten jarraituko dut. Beraz, baliteke neronek sortzea arriskua nire inguruan, eta nire aldameneko denek ere izaera autoritarioa hartzea nigandik babestu nahi dutelako. Sorgin-gurpil batean sartzen gara hala. Horrexegatik, oso garrantzitsua da barrura begiratzea, zeren ni konturatzen banaiz zergatik sortu dudan nire izaera autoritarioa, jada ez dut juzgatuko, ez naiz saiatuko nire izaera ezkutatzen, baizik eta ulertu egingo dut, onartu egingo dut, eta ondorioz, erlaxatu egingo naiz eta orduan bai aldatu ahal izango dut nire izaera. Eta aldaketa horretatik klaseak emateko orduan ikasleekin dudan harremana askoz ere osasuntsuagoa izango da eta lotura hori indartu egingo da”.Biodantza, beste ardatza
Hitzak berak iradokitzen duen moduan, bizitza eta mugimendua batzen ditu biodantzak, eta biosinesiarekin batera norbere buruaren lanketa egiteko ikastaroko partaideekin darabilten beste zutabea da Kortaxarena eta Beristainentzat. Biodantzaren oinarria da bakoitzak bere bizitzan egiten dituen mugimenduen kontzientzia hartzea. Helburua da norbere gorputzarekin konexio handiagoa lortzea, gorpu–tzera jaisten hastea eta norbere gorputzaren mugimenduak ulertzea: nondik datozen, zergatik egiten dudan hau edota zergatik beste hori… azken batean, norbere funtzionatzeko patroiei begiratzea eskatzen du. Kortaxarenak azaltzen duenez, pertsonak jaiotzen denetik potentzial izugarri dakartza, dena dago pertsonaren barruan, baina bizitzako egoeren eta esperientzien arabera potentzial batzuk indartu egiten diren bezala, beste batzuk zapuztuta geratzen dira: “Adibidez, eduki dudan familiaren arabera, afektua bizitzeko nire modua aberatsagoa edo pobreagoa izango da”. Hala, biodantzan potentzial guztiak bost lerrotan sailkatzen dira, eta ondokoak dira bost lerro horiek: bitalitatea edo bizitasuna; kreatibitatea edo sortzailetasuna; sexualitatea; afektua; eta transzendentzia. Biodantzak ulertzen du bost lerro horietan dagoela bizitzako mugimendu guztia, eta beraz, bost lerro horiek saretzen saiatzen da.Azken batean, biosintesiaren zein biodantzaren funtsa berbera da: bizitza eta eraldaketa, hain zuzen. Biodantzak mugimendu proposamen interesgarriak egiten ditu eraldaketarako; biosintesiak berriz, emozioen eta haien jatorriaren ulermenerako giltza ematen du. Horrexegatik, Kortaxarenaren eta Beristainen aburuz, erabat osagarriak dira biak: batean erreminta nagusia gorputza eta mugimendua dira; bestean berriz, emozioak eta haien berbalizazioa.Kalitatezko harreman-lotura xede
Eskolak emateko orduan berebiziko garrantzia ematen diote binkuloari Kortaxarenak eta Beristainek. Ikaslearen eta irakaslearen arteko lotura osasuntsurik gabe klaserik nekez eman daitekeela argudiatzen dute. Teknologiaren aroan gainera, Internet bidez eskolak erraz asko eman daitezkeenean, are eta garrantzia handiagoa hartzen du binkuloak bi adituen irudiko. Udako Topaketetan emango duten ikastaroaren xedeetako bat lotura osasuntsuak egiten trebatzea izango da, sarri pertsonon arteko harremanak oso bestelakoak izan ohi baitira: “Binkuloarekin lotuta bada historia bat gu denon izaerarekin zerikusia duena. Guk guztiok izaera bat sortu behar izan dugu binkulo batengandik babesteko. Gure lehen lotura amarekin edo aitarekin egindakoa izan da eta sortu dugun izaeraren oinarria lotura horretatik babesteko sortu dugu. Izan ere, lotura hori sortzeko dinamika nagusia zera izan ohi da: ‘Hau egiten baduzu, pertsona ona zara eta hau egiten ez baduzu, ez zara pertsona ona’, edota ‘Bide honetatik baldin bazoaz, nire begirunean daukazu; bide horretatik ez bazoaz, berriz, ez daukazu nire begirunerik’. Beraz, dinamika horietan sortzen den binkuloa ez da osasuntsua, ez gaituelako onartzen. Azken batean, gurasoek haurrak ‘adiestratzen’ dituzte gizarte mota honetan onartuak izan daitezen. Beraz, ez gara gu, baizik eta gara gugandik espero den hori”, esplikatzen du Beristainek.Kortaxarenak eransten duenez, Beristainek azaldutako hori da, hain justu, Udako Topaketetan eskainiko duten ikastaroaren giltzarria eta oinarria. Ikastaroaren gakoa delako irakasleei esperientzia berri eta osasuntsuak eskaintzea euren gorputzetan bizitzeko, binkulo sanoen bidez, “horrela bakarrik hasten garelako osatzen gure historia ez-osasuntsua edo toxikoa eta gure blokeoetatik askatzen. Jokin eta biok autoritatearen lekuan jartzen gara ikastaroan eta modu sinbolikoan aitaren eta amaren papera hartzen dugu, baina autoritate sano batetik parte-hartzaile guztiak onarpenez begiratzen ditugu, eta sentitzen dutena sentitzen dutela ere ongi-etorria izango da. Horrelaxe hasten dira parte-hartzaileak euren historia osatzen edo sanatzen”.Gainera, biodantzaren marko teorikoan oinarrituz, binkuloa lantzeko hiru maila proposatzen ditu Kortaxarenak: 1. Nik neure buruarekin dudan lotura; 2. Nik zurekin dudan lotura (alegia, beste pertsona batekin intimitatean egiten den binkuloa); eta 3. Nik taldean dudan lotura. “Niretza hori da oinarria. Lehenengoa da garrantzitsuena: nola binkulatzen naiz ni neure buruarekin? Zein mezu ematen dizkiot nire buruari? Zein emoziotan ataskatzen naiz?... Garrantzitsua da lehenengo binkulo hori osasuntsua izatea hurrengoetara sano pasatzeko. Gero, dator jada ni nola binkulatzen naizen beste pertsona batekin intimitatean, bikotearekin adibidez edota binaka lan egin behar dugunean; eta azkenik talde osoa sartzen da jokoan”.Nola eraman hori guztia praktikara?
Esperimentazioan eta bizipenetan oinarrituz ikastea proposatzen dute Kortaxarenak eta Beristainek. Gorpuztea kontzeptua darabilte ideia hori azaltzeko, horrek esan nahi baditu pentsamenduak gorputzera ekartzea eta gorputzetik bizitzea. Gorputzezko esperientzia horretatik bakoitzak bere ondorioak atera eta ideia propioak eraiki ahalko dituela defendatzen dute adituek. Hala dio Kortaxarenak: “Nik askotan esan ohi dut irakaskuntza nahiko disoziatiboa dela, alegia, burua lantzen duela eta burutik beherakoa nahiko gutxi. Guk aldarrikatzen duguna da pertsonaren osotasuna ‘pentsatu, sentitu, ekin’ dela eta beraz gure erronka dela osotasun hori hezkuntzako prozesuetara nola ekarri asma–tzea, ez soilik esatea ‘hau pentsatzen dut’ edo ‘hori sentitzen du’, baizik eta pauso bat harago eman eta hori esperientzian jartzeko aukera eskaintzea. Eta horrek esan nahi du per–tsona bere osotasunean hartzea eta zubiak irekitzea burutik beherakoari”.Eta, zer egin hori guztia geletara eramateko? Kortaxarenak eta Beristainek eskainiko duten ikastaroa teoriko-praktikoa izango denez, gelan erabiltzeko moduko hamaika erreminta ezagutzeko aukera izango dute partaideek, eta gainera, ikastaroan bertan euren gorputzean bizitzekoa. Izan ere, ikastaroan, lehenik, marko teorikoa azalduko dute bi irakasleek, parte-hartzaileek buruak apur bat lasaitzeko eta gero gorputzera jaistea errazagoa izateko. Beraz, hiru egunetan zehar, hainbat dinamika, errekurtso eta gorputz ariketa ezagutu eta esperimentatuko dituzte. Ariketa erraz baten adibidea jartzearren, elkarri begietara begira segundo batzuez egoteko jardueraren etsenplua jar–tzen du Kortaxarenak. Zirkulu bat eginda, partaideen erdiak barrualdean jar daitezke kanpora begira, eta beste erdiak kanpoaldean barrura begira. Hala, partaide guztiek parean bakarren bat izango dute. Musika jarri eta kontsigna bat ematen zaie parte-hartzaileei: “Isiltasunean egin behar da ariketa. Zirkuluaren barrualdean zaudetenak ez zarete mugituko; kanpoaldekoak berriz, eskuinaldera mugituz joango zarete, eta izango dituzue segundo batzuk pertsona batekin parez pare begietara begira egoteko. Ni joango naiz esaten ‘aldatu!’ eta mugituko zarete eskuinaldera beste pertsona baten parean jarriz”. Kortaxarenaren hitzetan, sinplea eman badezake ere, ariketa horrek berak pertsonen barruan eragin dezakeena izugarria da, hitzez esplika ezinezkoa. “Pertsona batek begietara begiratzen dizunean eta zuk hari begiratzen diozunean barruan piztu dakizukeen guztia ikaragarria da: tristura, poza, gorrotoa, barregurea, hunkidura… Hortaz, hori dena sentitzen badut beste bati begietara begiratuta soilik, non nago? Zer ari naiz bizitzen? Zer gertatzen zait beste pertsona bati begietara begiratzen diodanean? Zer ikusten dut beste pertsona horrengan?”. Beristainek gaineratzen duenez, ikasleei begietara begiratzeko gai izatea soilik urrats handi bat da, eta ekintza horrekin soilik gatazka asko ekidin litezke: “Begiak hain dira potenteak… horiek dira gorputzeko atal bakarra norbere esentzia erakusteko gai direna. Zure begietan zu ikusten zaitut, tapatu nahi duzunetik harago, eta zuk ni ikusten nauzu. Eta mugimendu horretan pizten dira nire izaera eraikitzeko mugitu behar izan ditudan emozio guztiak. Begirada batek pena piztuko dizu, besteak indarra emango dizu, hurrengoak konsistentzia… norbere barruko emozio guztiak ukitzen dira mugimendu horretan. Eta begirada mantentzeko gai izateak, denborarekin begirada horrek piztu duena itzali egiten du, lasaitu egiten zaitu eta gerturatu egiten zaitu pertsona horrengana. Mugimendu horrek balio dezake irakasleek ikasleekin egiteko, baina baita ikasleek euren artean egiteko ere”. Azken batean, Kortaxarenak eta Beristainek azaldu bezala, xedea da norberaz zerbait ikasteko balio izatea hiru egun horiek, eta gainera, bakoitzak bere ikasgelan aplikatzeko moduko erremintak ezagutzeko aukera ematea. Ikastaroan bizi eta esperimentatutakoaren osagarri, amaieran, egindako jarduera guztien zerrenda bat banatuko diete parte-hartzaileei, ariketa bakoitza esplikatuz eta hari dagokion musika ere txertatuz. “Ikasgelara eraman daitezkeen jarduera sinpleak dira guk proposatzen ditugunak”, argitzen dute. Izan ere, haien iritziz, Haur Hezkuntzan, dudarik gabe, prozesu osoa izan behar litzateke bizipenetan oinarritua: manipulazioa, gorputza, mugimendua… Lehen Hezkuntzan alderdi kognitiboaren lanketa eta gorputzarena orekatu egin beharko litzatekeela diote, baina bizipenetako prozesuek toki handia edukitzen jarraitu beharko luketeela. Eta azkenik, DBHren ere gorputzari tokia egiteko premia handia dagoela aldarrikatzen dute. Izan ere, Kortaxarena eta Beristainen arabera, adin horretan dena da mentala eta gorputzik ez da existitzen, “baina izugarrizko beharra dago”.