PORTAERA-ARAZOEI HURBILKETA BAT. NOLA ULERTU, NOLA JOKATU

2017-07-01

Aldagai soziofamiliarrekin lotutako nahasteek gora egin dute,

eta hor sartuko genituzke portaera-arazoak ere.

 'Portaera-arazoei hurbilketa bat. Nola ulertu, nola jokatu' izeneko ikastaroa emango du Daniel Marañon psikologo klinikoak Udako Topaketetan. Antsietateak eta portaera-arazoek gora egin dute adin txikikoen artean. Irakasleek askotan ez dakite nola jokatu egoera horien aurrean, ez dakite nola ulertu edota zelan tratatu portaera-arazoa agertzen duen ikaslea. Horrelako kasuak kudeatzeko hainbat gako eskaintzen saiatuko da Marañon ikastaroan.

 
 

Portaera-arazoak dituzten haur eta nerabeen kopuruak gora egin du. Zein da gaur egungo errealitatea? Euskal Herriko egoeraren ikuspegi orokor bat ematerik izango zenuke?

Psikologiaren arloan, soziologian gertatzen denaren kontrara, ez dago teoria objektiborik. Beraz, gai bera segun eta zein ertzetatik aztertzen den, era baterako edo besteko emaitzak eman ditzake. Psikologoen eta psikoterapeuten ikuspegitik, testuinguruarekin erlazionaturiko aldagai dezente transformatu egin direla ari gara ikusten, batez ere, familiarekin, bikote-harremanekin eta irakaskun-tzarekin erlazionatutako aldagaiak. Orokorrean hitz eginda, antzematen da hezteko modua aldatu egin dela, eta eredu autoritario batetik eredu arduragabe batera igaro garela. Hezteko modu hori zuzenean dago erlazionatuta eskoletan ikusten ari garen portaera-arazoen igoerarekin. Eta eskoletan bakarrik ez, osasun mentaleko zentroetan eta kabineteetan ere igoera hori oso nabarmena ari da izaten. Estatu mailan egin diren ikerketek ere argi erakusten dute garapenarekin loturiko nahasteak —autismoa, psikosia…— mantendu egin direla edota zertxobait behera egin dutela. Gauza bera gertatzen da adimen atzerapenarekin loturiko gaitzekin ere. Bi kasu horietan aldagai biologokoek pisu handia hartzen dute, baina aldagai soziofamiliarrekin lotutako nahasteek gora egin dute, eta hor sartuko genituzke portaera-arazoak ere.
Ikerketa horren arabera, familiak eragin zuzena du portaera-arazoen hazkunde horretan. Baina ez naiz ari familia egitura berriez, izan ere, azterketa horren arabera familien osaerak —homoparentalak, monoparentalak, berezitakoak…— ez dauka zerikusirik portaera-arazoekin, bai ordea, familia horietan ematen den heziketa-motak; eta horrekin batera ikusi da bikote barruko arazoek ere eragin zuzena dutela seme-alabek izan ditzaketen portaera-arazoetan. Alegia, ikerketon arabera, bikoteko arazoek kutsatu egiten dute haurren garapena.
Horri guztiari beste aldagai bat ere erantsi behar zaio portaera-arazoak ulertzeko. Izan ere, arazo mota horiek erakusten dituzten ikasle gehienek bi faktore izan ohi dituzte: batetik, afektu oso baxua haurtzaroan; eta bestetik, sostengu edo kontrol txikia familietan. Aipatutako aldagai guztiak batuz gero, egoera axolagabe batez ariko ginateke hizketan, eta hori bonba atomiko bilaka daiteke nerabezaroan edota aurrenerabezaroan.

Lehen familiek euren gain hartzen zituzten zenbait ardura eta egiteko eskolen eta irakasleen gain delegatu direla esango zenuke?

Bai, delegatu egin da, eta irakasleen kexa asko hortik datoz. Haien ustez, azentua eskolarengan jartzen da, baina eragin-ahalmen askoz ere handiagoa dago familietan. Zenbait psikologok hitz egiten duten moduan, nik ere familia barruko arau txikiez eta arau handiez mintzatu behar dugula uste dut. Arau handiak lirateke negoziatu ezin diren horiek. Adibidez, guraso bat alabarekin kaletik joan daiteke eta araua izan daiteke, bidea beti gurasoari eskutik helduta eta semaforoa berdean dela igaro behar duela. Hori arau handi bat da, eta beraz, ezin da umearekin negoziatu, ezin dugu esan: “Gaur lehenengo platera, bigarrena eta postrea hartu duzunez, gaur benga… zuk erabaki zelan gurutzatzen duzun errepidea”. Ez, hori ezin da negoziatu. Negoziatu daitezkeenak arau txikiak dira: zenbat jan, zein arropa jantzi, telebista gehiago edo gutxiago ikusi… Arau horiek negoziatu ahal dira. Gaur egun, ordea, zer ari da gertatzen? Askotan arau handiak ere negoziatzen hasi garela. Horri gehitzen badiogu ardurak delegatzen dituen familia bat, edota bikoteko arazoak seme-alabengana proiektatzen dituena… bada, uneren batean eztanda egingo duen bonba bat ari gara fabrikatzen.  
Mundu klinikotik ikusten duguna da, normalki, familiako heziketa-erak harreman zuzena daukala seme-alaben garapenean eta jokabide arazoetan. Oso arraroa da kontsultara etortzea nerabe bat edo aurrenerabe bat jokabide nahaste handi batekin non familian ez dagoen inolako arazorik, gurasoen artean bikote erlazio oso sendoa dagoen, heziketa-eredu demokratiko batekin zeinetan afektu handia ematen zaion umeari, baina aldi berean sostengatuta edo kontrolatuta dagoen…  

Haurtzaroan garatzen den atxikimendu egoki bat da, hortaz, gakoa?

Haurraren garapenean zehar badaukagu ikasgai bat: zelan mantendu gurasoekiko atxikimendu hori, zelan mantendu lotura hori, baina era berean, zelan lortu autonomia. Orduan, garapen hori dantza edo balseo baten modukoa da, mendekotasunaren eta autonomiaren artean: nola sentitu naitekeen aldi berean nire familiarengandik gertu, baina neu izanik, ito gabe. Umeak, apurka-apurka, bere garapenean zehar hortxe dauka ikasgaia: familiarengandik gertu sentitzen da, lotura bat dauka, atxikimendu bat dauka; baina era berean autonomoa da eta independentea.
Ezin da orokortu, baina sarri, portaera-arazoak daudenean, atxikimenduaren inguruko arazoren bat egon ohi da: haurrak helduarekin oso gertuko erlazioa dauka, baina ezin da separatu, ezin da banatu. Derrigorrez, beti oso gertu dauka egon beharra gurasoekin. Hori haurtzaroan, eta LHko lehen urteetan uler daiteke, baina haurra handitzen doan eran, arazoaren iturburu izan daiteke, umea ez delako gai modu autonomoan jarduteko, eta independentzia hori behar duenean modu bortitzean jardun daitekeelako, haserrealdien bidetik.
Kasu horietan, askotan, familia lagundu behar izaten da, gerta daitekeelako gurasoren bat seme-alabak bere euskarri gisa erabiltzen aritzea, edota helduen arazoak umeetara proiekta-tzea. Gaitza izan arren, hori guztia egoki kudeatu behar da seme-alabek garapen egokia izango badute.

Hortaz, umearentzat bere autonomia garatzeko modua izan daiteke portaera-arazoa?

Gurasoen loturatik askatu behar du, eta banaketa prozesu hori ez bada egoki egin, zelan egiten da? Bada, apurtzen. Kale-borroka moduko bat da: umeak lubaki bat egiten du, adibidez, etxean, pasabidearen erdian. Hori ez da autonomia garatzeko modua, baina gerta liteke ume edo nerabe hori beste era batera aurrera egiteko gai ere ez izatea. Izan ere, sarri, portaera-arazoak depresioan hondoratzea saihesteko ekintza izan ohi dira. Depresioan ez jausteko zer egiten du ume edo nerabe horrek? Talka. Norbaiten aurka egin, eta askotan, modu bortitzean. Helduok ere baditugu erremintak tristuran ez erortzeko eta txarto ez sentitzeko: egin eta egin jarduten dugu, lanean lehenik, gero goaz korrika egitera, gero lagun batekin trago bat hartzera, gero parrandara… gelditzen bagara barruko hutsunearekin edo tristeziarekin konektatzeko beldur garenez, petatxuak jartzen ditugu. Bada, haur eta nerabeek gauza bera egiten dute, baina portaera-arazoen bidez.

Gaur egun antzematen diren portaera-arazo nagusiak zein dira?

Batetik, nahiko berria delako, gurasoen kontrako indarkeria aipatu behar da; bestetik, berriz, hor dago bullying-a ere edota klasean edozein kide matxakatzen jardutea. Horri gehitu geniezaioke klasean ez kontzentratzea, beti arauak apurtzen aritzea edota irakaslea zirikatzea etengabe.

Ume edo nerabe horiek familiatik eskolara doaz. Eta irakasle asko nahiko kexu dira portaera-arazoekin, galduta sentitzen direlako sarri eta ez dakitelako zer egin.

Bai, hala da. Eta nik nahiko errealitate ezkorra ikusten dut. Ez dago pautarik. Irakasleek eta aholkulariek jarraibide zehatzak eskatzen dizkigute psikologooi, baina guri horrek beldur handia eragiten digu, guk ez daukagulako barita magikorik.  Adin batetik aurrera, ikasleekin zuzenean irakasleak egin dezakeena gutxi da. Nire ustez, hobekuntza bidea gehiago enfokatu behar genuke irakaslearen lan pertsonaletik abiatuta. Nola kudeatu ditzakete irakasleek egoera horiek euren buruak ardatz hartuta? Horretan jarri behar dugu begirada. Izan ere, geure buruarekin egoera horiek ondo kudeatzea lortzen badugu, akaso ikasleekin ere zerbait lortuko dugu, gainontzean ez. Irakaslearen eragin-ahalmena baxua da, hasteko eta behin, irakasle horrek hainbat eduki eman behar dituelako eta klasean ez dagoela talde-terapia bat egiteko.
Beraz, egoera horiek kudeatzeko irakasleak zer egin dezakeen? Bada, nire ustez bere autoezagutzatik etor daiteke soluziobidea. Zelan tratatzen dut ikasle hau? Zer sentitzen dut ikasle mota jakin bat klasean toka-tzen zaidanean? Emozioei ere tokia egiten diet? Emaitza akademikoei zer nolako garrantzia ematen diet? Izan ere, ikerketek erakusten dute, normalean klasean arazoak ematen dituen ikasle horrek begirada negatiboa jasotzen duela irakasleen aldetik, kritikak egiten zaizkiola eta deskalifikatua izan ohi dela. Baina horrek ikaslea bere jarreran irmotu besterik ez du egiten eta sorgin-gurpil batean sartzen gara. Beraz, nola eman diezaiokegu horri buelta? Gai ote gara ikasle horren alderdi positiboak ere ikusteko eta horiek bistaratzeko? Zein gaitasun ditu? Zelan engantxatu dezaket klasera? Nola gara nezake lotura bat ikasle horrekin?  
Badakigu gaur egungo hezkuntza-sistema adimen akademikoan dagoela oinarrituta. Hori  ikasleentzat presio izugarri handia da, zera esan nahi baitu: “Ez bazara pasatzen eskolak jartzen dizun inbutu honetatik, etorkizunean porrota besterik ez duzu izango”. Hori sekulako presioa da bai ikasleentzat eta baita haien familientzat ere. Nire ustez ezinbestekoa da irakasleak ere presio horretaz jabe-tzea, eta ikasle guztiengana iristeko ahalegina egitea haiekin lotura sendo bat eraikitzen saiatuz.

Eta irakasleek lanketa pertsonal hori egiteko edota ikasleekin klasean lotura sendotzeko zein baliabide izan ditzakete?

Terapiatik hartutako zenbait tresna erabil ditzake eta ni horiek erakusten saiatuko naiz ikastaroan. Nire egitekoa da irakasleekin lantzea errealitatea ez dela errealitate gordin eta bakar bat, baizik eta errealitateak hamaika ertz izan ditzakeela eta ezberdina izan daitekeela segun eta ikaslearekiko harreman hori zelan enfokatzen den. Analizatu behar dugu errealitate baten inguruan zer-nolako barne-hizketa garatzen dugun geure buruarekin. Adibidez, ikasle bat buelta eman eta atzekoarekin hasten da berbetan, guri burura etor dakiguke “beti berdin ari dela, eta ni izorratzeko egiten duela hori”. Gerta daiteke, ordea, ikasle horrek etxean bestelako arazo bat izatea eta burua ez edukitzea ni esaten ari naizen horri arreta jartzeko. Beraz, irakasle bezala ohartu behar dugu segur aski ikasle hori ez dela ari edukitzen portaera hori ni izorratu nahi nauelako, baizik eta beste arrazoiren bat egongo dela atzean. Beraz, geure buruarekin daukagun barne-hizketa hori aldatzen badugu, enpatia bat garatzea lor dezakegu: “Buelta eman du, eta atzeko kidearekin hizketan hasi da, baina igual ez dago nire kontra”. Eta, akaso, klase amaieran bost minutu har ditzakegu ikasle horrekin hitz egiteko.