ALEXANDER TEKNIKA. Gorputza egoki erabili, ondo funtziona dezan

2017-07-01

Nork bere gorputza egoki erabiltzen irakasteko metodoa da Alexander teknika. Funtsean, printzipio nagusi batean oinarritzen da: bakoitzak bere gorputza erabiltzeko duen moduak eragina du haren funtzionamenduan, eta, beraz, erabilera nolakoa, halakoa izango da gorputzaren funtzionamendua. Azken batean, gorputzaren heziketarako metodo bat da Alexander teknika. Anne Landa akordeoilaria da, eta Musikeneko Alexander teknikako irakaslea da, gainera;  Alexander teknika izeneko ikastaroa emango du Hik Hasik antolatutako Udako Topaketetan: “Oso modu praktikoan lantzen da teknika hori; pertsona bakoitzak gorputza nola erabiltzen duen aztertzen dugu, eta erabilera txarrak zuzentzeko aholkuak ematen ditugu”.

 
 

Gorputza hezteko metodo bat da Alexander teknika, eta nork bere gorputza egoki erabiltzeko zenbait teknika irakastea eta hainbat tresna eskain-tzea du xede. Errazago mugitu ahal izateko, norberaren gorputzaren oreka eta askatasuna aurkitzea da jomuga.  Era berean, gorputza nola dagoen diseinatuta ikasteko balio du teknika horrek, hala errazagoa baita benetan gorputza libre uztea, berez dakien bezain ongi funtziona dezan. Euskal Herrian horren ezaguna ez bada ere, asko erabiltzen da teknika hori Europako hainbat estatutan, segurtasuna eta askatasuna ematen baititu edozein jardunbidetan —irakasle, musikari, antzezle, dantzari, bulegoko langile, eraikuntzako…—, gorputzarekin egin beharreko ariketa orotarako.

Teknika hori Frederick Matthias Alexanderrek sortu zuen, XX. mende hasieran. Aktorea zen, eta ahotsarekin arazoak izaten hasi zen, egun batetik bestera. Afoniko geratzen zen batzuetan, ahotsik gabe. Askotariko azterketa medikoak egin zizkioten, baina dena ondo zeukala esaten zioten, ez zeukala arazo fisikorik. Hark, ordea, antzezten hasten zen aldiro, ahotsa atera ezinik jarraitzen zuen. Hala, ahots-arazoei aurre egin nahian, behaketa-lanetan hasi zen Alexander, eta konturatu zen bere ahots-mekanismoa ez zuela oztopa-tzen ahotsa erabiltzeko zuen moduak: hitz egiterakoan, bere gorputzaren altuera txikiagotu egiten zuen; lepoa uzkurtzen zuen, eta burua atzerantz botatzen zuen; gainera, laringea estutzen zuen. Erabilera horren ondorioz, ahuldu egiten zen haren ahots-mekanismoa; ahots-erlastura eragiten zion horrek, eta ahotsa galtzen zuen. Ahotsarekin zituen arazo horiei konponbidea jarri nahian garatu zuen Alexander teknika.
Antzeko bide batetik iritsi zen Anne Landa ere Alexander teknikara. Eskumuturreko minekin hasi, eta tendinitisa zuela ohartu zen: “Min handia izaten nuen akordeoia jotzeko orduan, eta gauza bera esaten zidaten denek: ‘normala da: akordeoia hain da handia, eta zure eskumuturra hain txikia…’ Tendinitis kronikoa diagnostikatu zidaten medikuek”. Akordeoilaria izanik gertatzen zitzaiona munduko gauzarik normalena zela entzuten urteak igaro ostean, erabaki zuen Alexander teknika ikastea, eta gorputzaren mugimenduak nahiz akordeoia jotzeko garaian erabiltzen zuen postura lantzen hastea; hala, denboraldi bat pasatu ondoren, eskumuturreko mina desagertzen hasi zi-tzaion: “Gaur egun, inolako arazorik gabe jotzen dut akordeoia; ez daukat tendinitisik jada”. Izan ere, Landak argi du bere tendinitisaren sorburua ez zela izan akordeoia, edota jotzen zituen obren zailtasuna, akordeoia jotzeko zeukan modua baizik: “Erabat uzkurtuta jotzen nuela ohartu nintzen, lepoa okertuta nuela, eta indar izugarria egiten nuela hauspoa irekitzen eta ixten… Lan handia egin dut, eta aldaketa asko txertatu ditut nire gorputzaren egoteko, mugitzeko edota egiteko moduetan. Akordeoia handia da orain ere, pisu handia du, baina arazorik gabe jotzen dut”.
Azken batean, Alexander metodoak aukera ematen du gorputza berriz hezteko. Motela izan ohi da teknika horretan datzan ikasketa-prozesua, baina, aldi berean, ziurra izan ohi da. “Gure gorputzean txertaturik ditugun ohiturez kontziente izaten lagun-tzen digu, eta, gorputzak berez duen inteligentziaz joka dezan, interferentzia desegokirik ez ezartzen. Finean, une oro gauden espazio horretan eta besteekin partekatzen dugun eremu horretan presenteago eta kontzienteago egoteko balio digu”.
Jaiotzean, umeak, patologiaren bat ez badu behintzat, gorputzaren erabilera egokia egiten duela beti dio Landak, baina, hazi ahala, ohitura txarrak hartzen dituela, eta orduan hasten garela normala ez dena normaltzat hartzen: “Gure artean, normaltzat hartzen da bizkarreko mina eduki-tzea, ordenagailu aurrean ordu asko igarotzen ditugulako, autoan egunero kilometro asko egiten ditugulako, instrumentu hau edo bestea jotzen dugulako, haurrak besoetan hartzen ditugulako, etxeko lanak egin behar ditugulako… Baliteke gorputzeko zenbait arazok esku-hartze medikoa behar izatea, baina, beste batzuetan, iruditzen zait gorputza egoki erabiliko bagenu, ez genituzkeela horrenbeste min eta arazo izango”.
Landak gaineratu duenez, inkontzienteak dira gorputzaren erabilera txar asko; ohiturak pixkanaka txerta-tzen dira gorputzean, norbera konturatu gabe, baina, irakasleak ohartarazi digunez, gorputzaren erabilera txarrak okertu egin dezake haren funtzionamendua. Hortaz, Alexander teknikako irakasleek ikasleari behatzen diote lehenengo, zer ohitura dituen begi-bistan jartzeko, gorputzaren zer jarrera izan daitekeen erdipurdikoa ohartarazteko, eta gorputzaren erabilera egokia zerk oztopatzen duen aztertzeko. Baina, berez, oso mentala da teknika hori, gorputzaren erabileran norberak egunerokoan zer ohitura txar dituen konturatzea baita helburua, eta, apurka, horiek alda-tzen joatea. Horregatik, Alexander teknikako irakasleek ez dute fisikoki esku hartzen, ideia ez baita gaizki dagoen zerbait ondo jartzea, baizik eta gaizki egon daitekeen hori ez egitea; gaizki egiten den hori egin baino lehen geratzea, alegia. “Gorputzaren erabilera txarra litzateke, adibidez, lanetik etxera joan, eta sofan erdi eserita erdi etzanda jartzea, deskan-tsu hartzen ari garelakoan. Zergatik? Horrek gorputz-sistema uzkurtzen duelako, eta giharrak estutzen dituelako, arnasa okerrago harrarazten digulako… Beraz, tresnak emango dizkiot nik ikasleari, baina hura izango da bere egunerokoan aktiboki aldaketak txertatuko dituena. Bakoi-
tzak bere garunean egin behar du klik; hau da, nork bere ohiturak nolakoak diren jabetu behar du, eta zer egin dezakeen horiek hobetzeko. Bide horretan, irakaslea laguntzaile bat besterik ez da”.
Baina Alexander teknika ez da gorputz-ariketen programa bat ere, yogan edota pilatesen egiten diren ariketen antzekoa. Norbera nola mugitzen den jabetzeko kontzientzia hartzen laguntzen duen metodo bat da. Hala, bakoitzak erabakiko du une oro nola erabili bere gorputza behartu gabe. Era berean, Alexander teknika ez da tratamendu bat, akupunturaren edota kiropraktikaren kontrara. Beraz, Alexander teknika lantzen dutenak ez dira terapeutak, irakasleak baizik, eta ez dute pazienteekin lan egiten, ikasleekin baino. “Heziketaz ari gara, egunerokoan dituzten ohitura txarrak albo batera uzten ikasten baitute ikasleek, eta berriak txerta-tzen. Alexander teknikako irakasleak ez gaude prestatuta diagnostiko medikoak egiteko; bai, ordea, behaketarako”; bereziki, bakoitzaren gorputz-erabilerak postura-mekanismoetan eta arnasketan duen eragina aztertzen dute, eta gorputzaren erabilera hobe-tzeko zenbait aholku ematen dituzte, xedetzat gorputza egoki erabiltzea, libreago mugitzea eta, finean, hobeto sentitzea hartuta.
Landak azaldu duenez, asko lantzen da aldatu ezin den estimuluaren ideia Alexander teknikako eskoletan, eta Musikenen dituen ikasleak jar-tzen ditu adibidetzat. “Musikeneko ikasleek azterketak egin behar izaten dituzte ikasturte amaieran, eta azterketa horiek estimulu batzuk eragiten dituzte; baina hori errealitatea da, eta ezin da aldatu. Beste estimulu bat egunero ordenagailu aurrean hainbat ordu igaro behar izatea izan daiteke, edota zama astunekin lan egin behar izatea. Ezin dugu aldatu errealitate hori, baina alda ditzakegu errealitate horren aurrean guk hartzen dugun gorputz-kontzientzia eta jarrera”.
Alexander teknikako eskoletan, lan handia egiten dute estimulu zehatz batekin,  aulkiarekin, hain justu. Izan ere, aulkia edozein pertsonaren bizi-tzan txertatuta dagoen elementu bat da. “Aulkia estimulu bezala hartuta, ikasleen kontrol primarioekin zer gertatzen den ikusten dugu; hau da, zer gertatzen den lepoaren, buruaren eta gorputzaren arteko erlazioarekin. Nola egiten dugu buruaren, lepoaren eta bizkarraren arteko erlazioa? Nola kokatzen ditugu berriro une bakoi-tzean? Aulkian esertzeko eta handik altxatzeko mugimenduekin soilik artikulazio pila bat jartzen ditugu martxan, eta, horrelako mugimendu batekin, argi ikus dezakegu zer joera nagusi duen ikasle horrek, gorputzaren erabilerari dagokionez”. Diagnosia egin ondoren, gorputzaren mugimendua eta erabilera hobetzeko aholkuak ematen dituzte Alexander teknikako irakasleek. Ikaslea kontziente izan dadin egiten duen horretaz, eta bere postura aldatzeko tresnak izan ditzan; “Jakin dezatela gorputza noiz dagoen ondo eta aske mugitzeko moduan”. Horretarako, saio praktikoak egiten dituzte ikasleekin Alexander teknikako irakasleek, eta horixe egingo du Anne Landak Hik Hasik antolatutako Udako Topaketetan.