Alabazan ipuin kontalariak. Ahoz kontatutako ipuinei garrantzia eta balioa ematen

2019-01-01

Irudien bonbardaketa etengabea jasaten dugun garai honetan, badirudi ahoz kontatutako ipuinek bere lekua galdu dutela. Hala eta guztiz, gero eta indar gehiagoz zabaltzen ari da hitza eta ahotsa berreskuratzeko beharra eta garrantzia. Lan horretan dihardute Alabazan taldeko Bego Alabazan eta Pedro Ruiz ipuin-kontalariek.

 
 

Ipuin-kontalaritzan daramatzaten 22 urteetan  ipuinen inguruko hainbat zerbitzu garatu dute: ipuin kontaketa saioak, sormenerako laborategiak, mintzaldiak... Eskain-tzen dituzten ipuin-saioak umeentzat, familia osoarentzat eta baita helduen-tzat ere izan daitezke. 

Normalean ordubete ingurukoak izaten dira saioak eta proposamen desberdinak egiten dituzte: tratu onez, elkarrekiko begiruneaz eta zaintzaz hitz egiten duten ipuinak; beldurra lantzekoak; gurasoen eta hiru urte arteko haurtxoen hurbiltasuna areagotzeko olerkia oinarri duen saioa; Euskal Herriko kondairak ardatz dituztenak; barre egiteko ipuinak; munduan zehar bidaiatzekoak; naturaren magiaz hitz egiten dutenak; itzal txinatarren teknikaz egindako Itzal itzelak saio bereziak…“Hitzaren magiari esker, haurren irudimena izaki miragarriz, animalia abenturazalez, itxura txarreko piratez eta bidean aurkitzen ditugun era askotako pertso-naiez beteko dugu”, diote Alabazan taldeko  kideek. 

Baina saioak ez dira haurrentzat soilik izaten, helduentzako saioak ere eskaintzen dituzte, eta baita familia osoarentzat ere. Aipatzen dutenez, “ipuinak gure bizitzaren parte izan dira hasiera-hasieratik. Baten batek esango du umeentzako baino ez direla, baina, gure ustez, ipuinek ez dute adinik. Batzuetan, helduak izanda, zabaldu ezin ditugun ateak ireki di-tzakete”. Modu horretan, helduentzat honako saioak eskaintzen dituzte: beldurrezko Ipuin ilunak, Arrazoien bila aritzekoak, heriotza hizpide duen Azken bisitaria lana, Ipuin BEROtikoak, eta XV. mendeko balada ezagunaren gaineko Bereterretxen Kanthoria, besteak beste. 

Ipuin kontaketa saioez gain, sormenerako tailerrak ere eskaintzen ditu Alabazan taldeak. Gaztetxoen artean irakurzaletasuna sustatzeko, metodologia eta formatu desberdinak erabilita, istorioak sortzeko eta kontatzeko saioak egiten dituzte gaztetxoekin. Ildo beretik, helduei zuzenduta, Ipuinak denon ahotan dinamikaren barnean, tailerrak, mintzaldiak eta aho-narrazio saioak zuzentzen dituzte. Alabazanen esanetan, “gure mundua adierazteko bidea ematen digutelako, eta kontatzean gure buruari buruz ere kontatzen dugulako, ipuinak konta-tzea serio hartu beharreko kontua da”. 

Eskaintza osatzeko, liburu eta ipuinen inguruan hausnarketa egiteko saioak ere antolatzen dituzte gurasoentzat eta hezitzaileentzat. Mintzaldi horietan, dinamika ezberdinen bidez, bertaratu direnen parte-hartzea sustatzea izaten da helburua, eta honako gaiak landu izan dituzte: Zergatik da hain ona gure seme-alabei ipuinak kontatzea?; Zelan aukeratu adin bakoitzeko ipuin aproposak; Liburuarekin kontatzeko aholkuak; Libururik gabe kontatzeko gomendioak; Beldurrezko ipuinen beldur gara?; Nola asmatu istorioak hitzetik hortzera? “Horiek dira gure proposamenak, baina beste mintzaldi baterako gairen bat luzatu nahiko balu norbaitek, gustura hartuko dugu”, gaineratzen dute. 

 

‘Bereterretxen Kanthoria’ baladaren bertsioa

Bego Alabazani zirrara berezia sorrarazten dion balada da Bereterretxeren Kanthoria-rena. Euskal Herriko Erdi Arora, XV. mendera, eramaten gaitu eta Zuberoa aldeko lurretan kokatzen da. Istorio honen gaineko ahozko saioak egiten urteak darama-tzan arren, orain kontakizun horretan oinarrituta, album ilustratua argitaratu nahi du. Verkami Crowfounding dinamikaren bidez dirua biltzeko saiakera egin du baina ez da iritsi esperotako kopuruetara. Hala ere, Alabazanek ez du amore eman, eta argitalpena bere kabuz egiteko asmoa agertu du. Momentuz, liburua euskarri digitalean dago eta “gazte eta helduentzako oso aproposa” izan daitekeela gaineratzen du.