Paulina Bánfaldi: GAITASUN HANDIETAN ADITUA
“Ideiak ez dira ezerezetik sortzen, lan-talde baten testuinguruan eta ikasleak garatzen ari diren prozesuaren baitan baizik”
Gaitasun handiko ikasleen arretari buruzko IX. jardunaldiak egin ziren azaroan Alcagi Gipuzkoako Gaitasun Handiko haurren elkarteak antolatuta. “Pentsamendu sortzailea gelan inklusiorako eta talentuaren garapenerako elementu gisa”, izenburupean hitzaldia eman zuen Paulina Bánfalvik. “Talentuaren iraultza” (“La rebelión del talento” izeneko blogaren sortzailea da), eta irakasleek gaitasun handiko ikasleekin dituzten esperientziak partekatzeko proiektuak koordinatzen ditu. Adituaren esanetan, ingurunearen eta ingurunean ditugunekiko harremanen araberakoa da sormen prozesua: “Entzun izan dut haurrari esaten bere sormena erabili eta poema bat sortzeko. Horrela, ezerezetik. Edo buztin puska bat eman eta sortzaile izateko eskatzen diegu. Ariketa horietan beste kontu batzuk ari gara sustatzen: bat-batekotasuna, gaitasun artistikoa... baina ez sormen prozesua”.
Sormena inklusioa eta talentua edo potentziala sustatzeko elementu gisa aurkezten duzu.
Hezkuntzak duen erronka handienetako bat da ikasleen sormenerako gaitasuna garatzea. Denbora luzean zehar pentsatu izan dugu pertsona inteligenteak eta gaituak jakintza asko zutenak zirela. Baina historian gogoratzen ditugun pertsonak ez dira jakintza asko zutenak, baizik eta jakintza hori gizartearentzat baliagarri izan diren produktu sortzaile eta berritzaile bilakatzeko gai izan direnak. Pentsatzen jartzen bagara zein hartzen ditugun gizarteak nabarmendutako pertsona edo genio gisa, burura datorzkigu Steve Jobs, Einstein, Galileo Galilei,... Pertsona horiek disjuntiboak izan dira, ordura arte zegoena aldatu eta berrikuntza ekarri dute.
Joy Paul Guilford psikologoak bere Inteligentziaren Teoria ezagunean aspaldi aipatu zuen bezala, “gaur egungo munduari aurre egiteko, portaera inteligenteak baino gehiago, jokaera sortzaileak behar ditugu”. Beraz, lehenengo eta behin, ulertu behar dugu bi jokaera desberdinez ari garela. Pertsona inteligente bat gai da asko ikasteko eta jakintza asko pilatzeko. Pertsona sortzaile bat, aldiz, jakintza hori transforma-tzeko gai da. Horrek ez du esan nahi pertsona batek ezin duenik izan aldi beren inteligente eta sortzaile.
Beraz, agian sormena bera zer den zehaztu beharko da hasteko, ezta?
Hala da, nahasmen handia dago sormen kontzeptuaren inguruan. Askotan entzuten da ‘sormena landuko dugu plastikako ariketa batean’; edo ‘ez da sortzailea, ez du ondo marrazten’; edo ‘ariketa bat jarriko diegu, eta haurrek, beren sormena erabiliz, poema bat osatu beharko dute’. Halakoak entzuten dira ez dugulako argi zer den sormena, eta zer prozesu diren inplizituak sormen ariketa batean. Zerbait sortzailea izango bada, ez du soilik berritzailea izan behar, horretaz gain erabilgarria izan behar du, eta balio bat izan. Agian gurpil karratuak dituen bizikleta bat oso berritzailea izango da, baina ez da erabilgarria, ez du baliorik eransten. Agian diseinu lehiaketa batean nabarmendu daiteke, baina hortik aurrera... Produktu sortzaileek arazo berri nahiz zaharrentzako konponbideak bilatu behar dituzte.
Bestalde, sormena ez da ez bat-batekoa, ez une batekoa. Etapaz osaturiko prozesu bat da, eta saiakera-akatsetik elikatzen da. Agian irtenbidea bat-batean bururatuko zaizu, baina horren aurretik pentsamendu kritiko eta jakintzazko prozesu mental bat egongo da une horretara iritsi ahal izateko. Prozesu hori bost urratsetan egituratu daiteke. Lehenengo eta behin, konpondu beharreko arazo edo egoera bat daukagu eskuartean. Bigarrenik, arazo hori zerk sortzen duen aztertzen dugu. Hirugarrenik, zeren bila ari garen eta zer dakigun gai horri buruz analizatzen dugu, hau da, egoera aztertzen dugu. Laugarrenik, arazo horrentzat konponbideak bilatzen ditugu; ideiak sortzen ditugu. Eta puntu honen inguruan ere nahasmena dugu: ideiak sortzea eta sortzaile izatea, bi kontzeptu horiek nahastu egiten ditugu. Ideiak sortzea pentsamendu dibergentearen ondorio da; hori da sormen test-etan neurtzen duguna: ideien jarioa, konplexutasuna, aldakortasuna... Baina sormen prozesuaren laugarren urrats honetan oraindik ideiak sortzen besterik ez gara ari, ez gara sortzaileak izaten ari. Sortzaile izateko azken ideia edo produktura iritsi behar dugu. Izan ere, bosgarren urratsean ideia horiek martxan jartzen dira, eta emaitzak eman ditzakete. Edo ez. Emaitza ematen badu, primeran, nahiz eta emaitza hori ebaluatu eta hobekuntzak egin daitezkeen beti. Eta emaitzarik ez badu ematen, hori zergatik gertatu den aztertu behar da, ebaluatu, eta berriz hasi. Berriro ere konponbiderik ez duen arazo batetik abiatu eta prozesu guztia martxan jarri.
Beraz, kontu handia izan behar dugu ikasleei egiten dizkiegun proposamenekin. Lehen aipaturiko adibidera itzuliz, entzun izan dut ‘haurrak bere sormena erabili eta poema bat sortuko du”. Horrela, ezerezetik. Edo buztin puska bat eman eta sortzaile izateko eskatzen diegu. Ariketa horietan beste kontu batzuk ari gara sustatzen: bat-batekotasuna, gaitasun artistikoa... baina ez sormen prozesua.
Sormena ikasle bakoitzak bere aldetik landu beharrekoa al da, edo ikasgelan, taldean ere egin dezakete?
Oro har, taldearen, ingurunearen eta ingurunean ditugunekiko harremanen araberakoa da sormen prozesua. Pertsona bakarrari bururatu dakioke azken ideia, baina pertsona hori inguru batez eta talde batez elikatu da. Steve Jobs-ek Apple sortu zuenean ez zitzaion bat-batean bururatu ideia hori bere etxean zegoela, ez, talde profesional batekin lanean ari zen, pertsona horiekin harremanetan zegoen. Beraz, oso garrantzitsua da inguruan daukagun taldea eta hor sortzen diren harremanak. Ideia horiek ez dira ezerezetik sortzen, baizik eta lan talde baten testuinguruan, garatzen ari diren prozesu batzuen baitan, hura eta bestea probatzearen ondorioz.
Uste dugu gutxi batzuk dutela sormenerako gaitasuna, edo bereziki adimentsua izan behar dela sortzaile izateko. Baina sorkuntzaren aurretik datorren pentsamendu laterala, adimena erabiltzeko modu bat da. Ohitura bat da, adimen-jarrera bat. Horrek esan nahi du inguruneak, familiak eta irakasleok, sustatu eta estimulatu egin dezakegula pentsamendu lateral edo dibergente hori haurretan, pentsamendu sortzailea izateko ohitura har dezaten.
Bestalde, sarri oso sortzaileak diren pertsonek emaitza baxuak lor-tzen dituzte adimen-testetan. Hala ikusi zuen bere ikerketetan Paul Torrance psikologoak, pentsamendu sortzailea ebaluatzeko adimen-test erabilienak sortu zituen pertsonak. Berak erakutsi zuen haurrei egiten zaizkien adimen-testak hezkuntza ingurune tradizional batean errendimendu handia duten haurrak ebaluatzeko pentsatuak daudela. Hau da, entzumen-sekuentzia moduan ikasten den ikasgela magistraletako ikasleentzako. Beraz, korrelazio handia dago adimen-testetako emai-tza horien eta hezkuntza ingurune tradizionaletako ikasketa-arrakastaren artean. Pentsamendu sortzailea duten pertsonek, edo pentsamendu dibergente altua dutenek, oro har, emaitza txarrak ematen dituzte test horietan.
Sormena ikasi eta garatu egiten da, ez dago sormenik gabeko per-tsonarik, sormena blokeatua duen pertsonarik. Hori ingurunearen, praktikaren, erronken eta haurrei sortzaile izateko eskaintzen diegun denboraren araberakoa izango da. Haurrei pentsatzeko denborarik ematen ez diegunean, adimenak emaitzarik berehalakoenak bilatzen ditu; pentsatzeko denbora ematen badiegu, adimena alternatibak sor-tzen hasten da.
Pentsamendu sortzailea sustatu egin badaiteke, nola egin hori ikasgelan, aldi berean curriculuma betez?
Hori da erronka. Sormena landu behar dugula diogunean, sarri honako arazoa sortzen da ikasgeletan: berehala pasatu nahi dugu eredu batetik bestera, pentsamendu pasibo batetara ohituta dauden haurrak bat-batean ideia aktiboak sortzen hastea nahi dugu. Eta hori ezinezkoa da. Gurasoek egunero prestatzen badiote bazkaria haur bati, eta egun batean bat-batean berari eskatu prestatzeko, ez da gai izango, nondik hasiko da? Beraz, ikasgeletan ere pausoz pauso hasi behar dugu sormena sustatzen, bestela haurrei sormen-ariketa bat proposatzen diegunean, ez dira gai izango egiteko, ideiak sortzeko. Eta irakasleek esango dute ‘honek ez du funtzionatzen!’, eta betiko eredura itzuliko dira. Beraz, urratsez urrats hasi behar dugu ulertzen zein elementu diren garrantzitsuak pentsamendu sortzailea sustatzeko.
Eta zein dira elementu horiek?
Horietako bat kuriositatea edo jakin-mina da. Guraso batek orain dela gutxi esaten zidan “haurrak oso kuriosoak dira, baina gero pasatu egiten zaie”. Ez, ez zaie pasatzen, kontua da ez dugula sustatzen; alderantziz, batzuetan moztu ere egiten dugu. Galdera asko egiten dizkigutenean, ohikoa da erantzutea ‘orain ez da horretarako garaia’, ‘geroago hitz egingo dugu horretaz, itxaron”... eta antzerakoak. Eran-tzun horiekin haurren kuriositatea zapuzten ari gara eta haurrek jakin-mina izatea ez dela ona ikasten dute, ez dela horretarako momentua, hori ez dela egin behar. Beraz, oso garrantzitsua da haurren kuriositatea aztertzea eta sustatzea. Izan ere, kuriositateak eraman du gizakia ilargia zapaltzera. Pertsona kurioso batek esango zuen ‘zer ote dago han? Eta joango bagina?’. Kuriositateak sormena sustatzen du.
Nola sustatu daiteke kuriositatea edo jakin-mina ikasgelan?
AEBetako irakasle batek honako proposamena egin zien ikasleei: azalpenak ematen ari zen bitartean, haurrek itsasgarrietan jaso behar zituzten sortzen zitzaizkien galderak; galdera bakoitzeko itsasgarri bat. Modu horretan, haurren arreta mantentzea lortzen zuen, eta, gainera, edukiaren gainean pentsatzera behartzen zituen. Baina, noski, galdera horiekin zerbait egin behar zen! Ikastorduaren amaieran horma-irudi batean jartzen zituzten itsasgarriak, eta haurrek gaien arabera antolatu behar zituzten galdera horiek. Astearen amaieran proiektuak sortzen zituzten gai horien arabera. Hala, haurrek ikerketa bat egiten zuten euren galderen erantzunak aurkitzeko. Hori adibide bat da.
Bestalde, sormena sustatzeko beste elementu garrantzitsu bat behaketa da. Horri esker jakin genuen, esaterako, lurra borobila dela. Gure ingurunea ez badugu behatzen, ezin dugu ideia sortzailerik izan, ezingo ditugu identifikatu erantzun alternatiboak izan ditzaketen egoera edo arazoak.
Ikasgelan behaketa sustatzeko hainbat ariketa egin daitezke. Adibidez, irudiak, testuak edo bideoak jarri, eta haurrei elementu batzuei adi egoteko eskatu, eta galdetu ‘argazki honetatik zer ondorio atera ditzakegu? Jakin dezakegu zein urtaro den? Jakin dezakegu zein zona geografiko den? Jakin dezakegu gutxi gorabehera zer gertatzen ari den?’. Horrelako ariketak curriculumarekin loturiko gaiekin egin ditzakegu. Adibidez, Geografia ikasgaian, edo klima aztertzerakoan, edo Historia ikasgaian... Lagungarria izan daiteke haurrek behaketaren bidez beren ikasketa-prozesuan esanguratsuak izan daitezkeen ideiak edo edukiak ondorioztatzeko; ideia edo eduki horiek irakasleak eman beharrean, beraiek jaso ditzatela behaketaren bidez.
Sormena irudimenarekin ere lotu ohi da...
Hala da, bai, hori da sormen prozesuan garrantzitsua den beste elementu bat, baina ikasgeletan ez du leku handirik izaten. Zer egin daiteke ikasgelan irudimena lantzeko? Adibidez, Historia lantzen ari bagara, informazioa mastekatuta eman beharrean, pentsarazi diezaiekegu nolakoa izango zen haur baten egun bat antzinateko Erroman, edo Historiaurrean... Irudimen ariketa bat da, baina era berean ikerketa sustatzen du, eta curriculumeko gai baten inguruan ikastea sustatzen du. Edo Fisikan, honako proposamenak egin daitezke: zer gertatuko litzateke Ilargiak eta Lurrak talka egingo balute? Horrela abiaduraren, orbiten, frikzioaren eta curriculumeko beste hainbat edukiren inguruan ikasiko dute.
Pentsamendu kritikoa pentsamendu sortzailearen beste elementu bat izan al daiteke?
Bai, sormenerako beste elementu garrantzitsu bat pentsamendu kritikoa da. Pentsamendu sortzailea eta pentsamendu kritikoa beti daude lotuta. Pentsamendu kritikoak eraman zituen, adibidez, ikertzaileak DNA deskubritzera, aurrez uste baitzen unitatea molekula zela.
Pentsamendu kritikoa curriculuma lantzeko modu bat da. Esaterako, Historia ikasgaian errekonkistaren inguruan hitz egiten ari garenean, pentsatzea kausa-ondorioen inguruan, parte hartzen zutenen izaera aztertzea, ingurunea eta baldintza sozialak bestelakoak izan baziren emaitza zein izango zen aztertzea... Edo espezieen edo mineralen sailkapen ofiziala zein den esan beharrean, ikasleei pentsatzen uztea eta beraien sailkapen propioa egiteko aukera ematea. Izan ere, sailkapena egiteko, lehenengo eta behin elementu bakoitzaren ezaugarriak aztertu behar dituzu, sailkatzeko taldeak zein izango diren pentsatu, taldekatzeak zein funtzio duen hausnartu... Eta gero sailkapen ofizialarekin alderatu daiteke ikasleek egindakoa, eta zein den erabilgarriagoa pentsa daiteke. Pentsamendu kritikorako hainbat trebetasun lantzen dira modu horretan.
Horiekin batera, pentsamendu sor-tzailerako beste elementu bat izango da ideiak elkarren artean lotzeko gaitasuna, interrelaziorako ahalmena. Horri esker sortu zen mugikorra edo smart phone delakoa: telefono baten eta ordenagilu baten arteko nahasketa da, eta horri argazki kamera gehitu zitzaion, eta grabagailua... Nahasten joan dira, baina izatez ez da produktu berri bat, aurrez zeuden produktuen nahasketa bat baizik. Curriculumak aukera asko ematen dizkigu haurrak ideiak erlazionatzera ohitzeko. Adibidez, materialen egoera azaltzen ari garenean, hau da, solido, likido, gaseoso egoerak aztertzerakoan, zergatik erabiltzen da beti ura adibide gisa? Hori esanguratsua al da haurrentzat? Zergatik ez egin txokolatearekin? Disoluzioa azaltzeko aukera bikaina izan daiteke beraiek goizetan egiten duten Colacao-a. Horrek behatzaileak izaten ere laguntzen die, eta ikasketa beraien inguruan gertatzen denarekin lotzen. Beraien ingurua ikuspegi zientifiko batekin beha-tzen has daitezke modu horretan. Edo azaldu diezaiekegu disoluzioa nola dagoen kutsadurarekin lotuta, elementu kimikoak airean diluitzen direnean sortzen dela... Horrek esanahi handiagoa du beraientzat uraren inguruan emandako azalpenek baino, edukia beraien inguruneko esperientziekin eta errealitatearekin lotzeko aukera baitute.
Ohikotik ateratzea, alegia.
Hori da. Hain zuzen pentsamendu sortzailea sustatzeko garrantzitsua den beste elementu bat horixe da, mugak haustea. Horrek lagundu zion Albet Einstein zientzialariari Erlatibitatearen Teoria osatzen, espazioaren eta denboraren dimen-tsioak ez zeukatela zertan mugiezinak izan planteatu zuen. Adibidez, ikasgelan munduaren mapa zergatik jarri behar da modu jakin batean? Espaziotik begiratzean lurra esferikoa da eta ez dago iparra eta hegoa kontzepturik. Baina haurrei beti modu berean aurkezten diegu lurra. Irakasleek, ordea, lagundu egin behar diete gauzak beste perspektiba batetik ere begiratzeko ohitura hartzen. Horrelako gauza sinpleek lagundu egiten diete aurrez eraikitako irudiak hausten eta kontzeptu bat beti ideia berarekin ez lotzen. Adibidez, honako galdera egin diezaiekegu: kontinente bat kabitzen al da herrialde batean? Bada, bai, baina ez dugu pentsatzen Errusia bezain herrialde handirik dagoenik, eta ezta Ozeania bezain kontinente txikirik. Gure pentsamendua beti dago mugatua kontzeptuekin lotzen ditugun ideia jakinekin, eta lotura hori haustea oso garrantzitsua da pentsamendu sortzailerako. Hori eskolan landu daiteke, gauzak modu desberdinetan aurkeztuz.
Horrekin lotuta, gutxitan ematen diegu haurrei akatsetatik ikasteko aukera, eta hori ere oso elementu esanguratsua da pentsamendu sor-tzailea sustatzeko. Gutxitan egiten da, ordea, ez diegulako feedback-ik ematen haurrei, eta ematen diegunean, kalifikazio bat izaten delako, zuzentzeko aukerarik eman gabe. Zerbait oker egin badu, kalifikazioa eman zain egon gabe, zergatik ez diogu galdetzen, ‘aizu, zer uste duzu hobetu zenezakeela?’. Eta aukera eman hobetzeko, besterik ez bada beren satisfakziorako; aukera eman umeei pentsatzeko zer egin zezaketen hobeto. Izan ere, metodo zientifikoan, adibidez, ezinbestekoa da akatsetik ikasi eta berriz saiatzea. Umeei irakatsi behar diegu ekimenez jarduten, zerbaitetan iraunkorrak izaten; ez dezatela soilik esan ‘gaiz-ki egin dut, berriro hasiko naiz’, baizik eta esan dezatela, ‘gaizki egin dut, zergatik izan da? Zer hobetu dezaket? Hortik abiatuko naiz’. Akatsaren inguruko analisi kritiko bat egiten lagundu behar diegu. Beraz, haurrei feedback-a eman, eta helburu curricularretik harago joaten animatu behar ditugu, hobetzera; oso garrantzitsua da beraien potentziala aprobetxatzeko.
Sormenerako garrantzitsuak diren elementu horiek guztiak pixkanaka joan gaitezke modu errazean ikasgelan sartzen, gure ohiko ikasgaietan, haurrak ohitu daitezen kurioso izaten, irudimena erabiltzen, beraien akatsak aztertzen, mugak hausten, ideiak erlazionatzen... Eta jada praktika bat daukagunean, orduan has gaitezke sormen proiektu bat garatzen.
Eta nola abiatu daiteke sormen proiektu bat ikasgelan?
Hainbat modutara egin daiteke. Esaterako, ibilaldi batekin abiatu daiteke proiektua, adibidez haurrekin botanika-lorategira egindako bisita batekin. Ibilaldiak ikastetxe guztietan egiten dira, baina gutxitan egiten da ibilaldi hori curriculumeko edukiekin lotzeko ariketa, edo ibilaldi hori ikasgelako proiektu bilakatzekoa.
Botanika-lorategira egindako ibilaldi horretan, irakasleak haurrei konta diezaieke erleak desagertzen ari direla, eta ikasgelara itzulitakoan horren inguruan eztabaida dezakete, proiektu bat hasiz: zein da arazoa, zergatik ari da hori gertatzen? Eta zergatik da arazo erleak desager-tzea? Horrela, ikasgelan pentsamendu kritikoa jartzen da martxan. Proiektuaren lehenengo fasean ikerketa egiten da. Behin ikasleek informazioa bildu dutenean eta ikerketa egin dutenean, elkarbanatu egiten dute hori batak bestearekin. Beraz, aldi berean banaka nahiz taldean egiten dute lan. Horren bidez, ideiak sortzen dira. Izan ere, haurrei ideiak eskatzen badizkiegu, besterik gabe, ez dira sortzen: testuinguru bat sortu behar da horretarako, buruan ideiak sortzeko, ideia fluxu bat eragiteko, ideia horiek anitzagoak izateko, ideia horiek gero eta konplexuagoak izateko...
Behin arazo bat dela ondorioztatuta, irtenbide bila has daitezke haurrak. Eta baten ideiak bestearengan beste ideia bat sortuko du, eta bigarren ideia horrek hirugarren ideia bat ekarriko du... Eta ideia konplexuak eraikitzen hasten dira oinarrizko ideietatik abiatuta. Gainera, modu horretan guztien arteko elkarlana ahalbidetzen dugu. Horretarako garrantzitsua da irakasleak bere jarrerarekin, bere keinuekin, bere begiradarekin ez gaitzestea sortzen diren ideiak, modu horretan guztiengan ilusioa sortzen baitu eta haurrak boteretuko baititu. Horrela, haurrak pentsatzera bultzatzen ditu, eta elkar errespetatzera. Izan ere, edozein ideiak, txorakeria eman arren edo sinplea iruditu arren, pentsamendu, irtenbide edo ideia berri bat sor dezakeela ikasten dute. Irakasleak bere jarrerarekin hori sustatu behar du: sormen proposamenak lantzen ari garenean, ez dago proposamen zuzenik, edo besteak baino zuzenagorik, edozein ideia lagungarri izan daiteke beste ideia batzuk sortzeko, hausnartzeko.
Behin gure hasierako arazoarentzat hainbat irtenbide proposatu direnean, taldean eztabaidatu dezakegu zein diren eraginkorrenak.
Talde-lana, beraz, elementu garrantzitsua da sormen prozesuetan, ezta?
Bai, baina horretan badugu arazo bat: nik uste dut ikasgeletan mul-tzoak egiten ditugula, baina ez taldeak. Izan ere, talde batek helburu jakin bat partekatzen du. Horrek esan nahi du ezin zaiela esan haurrei, besterik gabe, ‘poesia bat egiteko elkartu behar zarete’. Izan ere, poesia bat oso kontzeptu zabala da: zer poesia mota? Zein gairekin? Ze luzeratakoa? Zer formatutan? Hau da, helburua oso ondo zehaztu behar da, haurrek ondo jakin dezaten zein izango den beraien egitekoa, inplikazioa, parte-hartzea. Modu horretan gatazkak ekiditen dira. Izan ere, talde batean kide guztiek egon behar dute estimulatuak, guztiek elkarreragin behar dute. Horrela, guztiek jasoko dute zerbait talde horretatik, eta taldean eginiko azken emaitza hobea izango da bakoitzak bere aldetik jardun izan balu baino.
Taldeak egiteko irizpiderik gomendatzen al duzu?
Ikasgeletan, taldeak egitean, guztien parte-hartzea sustatu nahi izaten dugu, baina horrez harago konpromisoa bilatu behar dugu. Eta horretarako, talde heterogeneoak beti ez dira egokiak. Ikasleei aurkezten diegun zeregin motaren araberakoa izan beharko da taldekatzea. Jarri den helburu hori betetzeko ikasle bakoitzak ekarpena egiteko duen gaitasuna aztertu behar dugu, hori izango da taldeak egiteko irizpidea. Adibidez, Erdi Aroari buruz ikerketa bat egiten jartzen baditut eta proiektu horrek alderdi numeriko bat baldin badauka, beste bat komunikaziokoa, beste bat artistikoa… talde horrek anitza izan beharko du, gaitasun desberdinak dituzten per-tsonez osatua, guztiek izan dezaten proiektu horretan konprometitzeko aukera bera.
Horrek guztiak irakaslearen aldetik lan handia eskatzen du, bere ikasle bakoitzaren profila ezagutu behar baitu. Sarean badaude eskuragarri hainbat azterketa ikasleen profil kognitiboa eta sortzailea ezagutzen lagundu diezaguketenak, Javier Touronenak, esaterako. Horretaz gain, ikasgelan jaso dezakeen informazio guztiari adi egon beharko du irakasleak: ikaslearen zaletasunak, interesak, norekin dituen harreman hobeak edo txarragoak… Azkenean horrek informazioa ematen dio irakasleari ikasgelan benetako ikasketarako aukerak sortzeko, eta haurrak etengabe beraien potentziala garatzen egon daitezen, beraien artean sinergiak sortu ditzaten.
Sormenari leku bat egin behar dio hezkuntza-sistemak, beraz.
Sormena literatura bezain garrantzitsua da hezkuntzan, eta, beraz, estatus bera eman behar genioke. Gaur egun haurrak edukiak ikasteko prestatzen ditugu, ikasgai baten inguruko jakintza asko izan dezaten, gero enpresa batean lan-eremu jakin horretan jardun daitezen bere bizitza guztian zehar. Baina lan ingurune horiek jada desagertzen ari dira. Orain sortzen ari diren lanpostuak, gaur egungo ikasleek eskuragarri izango dituzten lanpostuak, ez dakigu zein izango diren ere, ezin ditugu zehazki definitu. Hala ere, badakigu jarrera batzuk eskatuko zaizkiela lan munduan: ekintzailetasuna, sortzailetasuna eta elkarlana. Horrenbestez, ikasleak modu pasibo batean informazioa jasotzera ohitzen baditugu, horren inguruan hausnartu gabe, informazio hori transformatu gabe, sinergiarik sortu gabe, edo rol pasiboa izango duten taldeetan sartzen baditugu, horrek kalte egiten die lan mundura sartzeko orduan.