ESPAZIOAK ETA ERLAZIOAK. Arkitektura eta pedagogia

2019-01-01

Italiako Reggio Emiliako haur eskolak hizpide dira berriro ere. Hezkuntza-proiektu eredugarri horren zutabeetako bat du aztergai erreportaje honek: harremanak sustatzeko prestatuta dauden espazioak. Arkitektura eta pedagogia; haurrak, espazioak eta erlazioak; materialak, hezitzaileak eta haurren ikasketa prozesua. Gai horien gaineko hausnarketa egiten dute etengabe Reggio Emilian, familiei eta haurrei galdetuz, pedagogoen eta hezitzaileen arteko hausnarketan sakonduz, hezitzaileen eta arkitektoen arteko elkarlana bultzatuz. Besteak beste, horretaz jardun zuen Daniela Lanzi pedagogoak Iruñeko udal haur eskoletako hezitzaileekin abenduan Iruñera egin zuen bisitan.

 
 

Parisko Eiffel dorrea, Singapurreko etxe orratzak, Isfahango mezkitak eta plaza, Cuencako etxe zintzilikatuak... zerbaitegatik dira deigarriak eraikin horiek eta gehiago ere. Duten formagatik, koloreagatik, erabileragatik, transmititzen dutenagatik... Arkitektura eta artea nahasten dira. Baten batzuek, nahita edo nahigabe, garrantzia eman zioten bi elementu horiek elkartzeari. Antzeko ildoa jarraitu izan dute Italiako Reggio Emiliako udal haur eskoletan. Arkitektura eta pedagogia lotu dituzte. Eta horrexegatik dira hain atseginak, erakargarriak, lasaiak eta egokiak haur horiek baliatzen dituzten espazioak eta gelak. 

Iruñeko udal haur eskolek ere ildo horri heldu diote (eta baita Euskal Herriko beste hainbatek ere). Horretan sakondu nahi dute, eta horrexegatik gonbidatu zuten abenduan Daniela Lanzi Reggio Emiliako pedagogoa. Espazioaz, arkitekturaz, pedagogiaz, materialez eta abarrez aritu zen hizketan, Iruñeko zenbait haur eskola bisitatzen zituen bitartean.

 

Espazioari balioa ematen diote

Betidanik eman diote garrantzia Reggio Emiliako haur eskoletan espazioari. Haurraren ikasketa eta garapen prozesuan garrantzi handia duela uste izan dute eta horrek bultzatu ditu espazioaren gainean etengabeko hausnarketa egitera. Beste modu batera esanda, espazioari balioa eman diote, eta hori hausnarketa kultural baten ondorio izan da. Espazioaren gainean hitz egiten duten pentsalariak bilatu dituzte eta espazioaz esan direnak bildu ere bai. Zientziak espazioaz esan duena irakurri dute, arkitekturak espazioaz esan duena, pedagogiak espazioaz esan duena, eta galdera bat egin diote euren buruari: zer da espazioa giza-dimentsio gisa? Vittorio Gallese zientzialari eta medikuak halaxe dio espazioari buruz: “Arkitektura ez da abstrakzio kontzeptual bat, barneratutako praktika bat baizik. Espazio arkitektonikoak funtsean esperientzia emozionalen eta zentzumen anitzen bitartez eraikitzen dira”. Alegia, arkitektura ez da zerbait abstraktua, esperientzia jakin bat baizik, emozionalki mugiarazten gaituen esperientzia da eta zentzumen anitzekoa.

Reggio Emiliako proiektuaren DNAn txertatuta dago espazioa. Proiektuaren alderdi filosofiko bat da eta halaxe azaltzen diete familiei. Reggio Emiliako Hezkuntza Zerbitzuen Gutunean bilduta eta idatzita daukate zer esan nahi duen espazioak eurentzat: “Subjektutzat hartzen den giroa da espazioa, hezkuntza eta formazio harremanean parte hartzen duena. Ez da erlazioetatik at dagoen edozein formatako edukiontzi bat. Izatez, jakinduria ez dago burmuin indibidualean kokatuta, baizik eta pertsonen, giroaren eta materialen artean partekatua eta zabaldua”.  Horregatik, familiak haur eskoletara joaten direnean argi eta garbi adierazten diete giroa funtsezko elementua dela harremanetan. Haurrek espazioarekin duten erlazioa, beste umeekin dute harremana, materialekin dutena, helduekin, sukaldearekin... Haur eskoletako giroak harreman horietaz hitz egiten du.

 

Pedagogia eta arkitektura eskutik helduta

“Arkitektura da espazioetan nagusiena, por excelencia
esaten dena”, dio Daniela Lanzi pedagogoak. “Ikusgarria da eraikin baten egitura arkitektonikoaren eta haurren artean sortzen den erlazioa. Arkitektoak haurrengan pentsatuta antolatzen baditu espazioak, haurrek aukera asko edukiko dituzte gauzak egiteko, ikusteko, ukitzeko, esperimentatzeko... Aukerak emango dizkie espazioak berak. Hori da arkitektura modu pedagogikoan pentsatzea”.

Horretarako, proiektu arkitektoniko batek pedagogiaz hitz egiteko, ezinbestekoa da arkitektoak hezitzaileekin, familiekin eta haurrekin hitz egitea. Haurtzaroaren kulturak zer dioen jakitea funtsezkoa da. “Pentsa nolako ahotsa duten horiek denek bai eraikin berriak egiterakoan eta baita zaharrak berritzerakoan ere”, dio Lanzik. Pedagogoek eta hezitzaileek printzipio batzuen arabera antolatzen dute euren jarduna, eta garrantzitsua da egitura arkitektoniko horiek printzipio horiek ez blokeatzea.

Beste aldetik, eta arkitekturak eskaintzen duen aukera ikusita, hezitzaileek horretaz baliatzen jakin behar dute. Lanzik dio garrantzitsuena ez dela materialak, egiturak, altzariak... aurkitzea, baizik eta eraikineko arkitekturak zer eskaintzen duen ikustea eta hortik abiatzea. “Ezaugarri horiek hezkuntza-proiektu bihurtzen jakin behar dugu. Hori da benetan interesgarriena. Espazioek zein aukera ematen dituzten hausnartu behar dute hezitzaileek eta pedagogoek eta ikusi espazio horien eta haurren arteko erlazio horretan zein proiektu eraman daitezkeen aurrera. Esate baterako, eskailerak baldin badaude, horren inguruan sor daiteke proiektu bat. Azken batean, espazioak proiektu bilakatzea da gakoa”.

 

Gelako giroa aldatu egin behar da

Haur eskola bateko espazioaren barruan giroaren gaineko hausnarketa egitea proposatzen du Lanzik: “Pentsa dezagun zein girotan gauden, zein girotan bizi garen, zein girotan egiten dugun lan. Reggio Emilian gelditu eta urtean behin horren gainean hausnartzen dugu: zein giro daukagu? Eta behatu egiten dugu. Eta behaketa horietatik abiatuta, ikusi zer daukan giro horrek, zer falta zaion, zertan hobetu dezakegun...”. Haur eskola batean hori egitea oso garrantzitsua dela dio, eta batez ere kontuan izatea gelako giroak ezin duela urte osoan berdina izan. “Giroa aldatu egin behar da. Esate baterako, zer zentzu dauka alfonbrak edukitzeak haurrak oinez hasten direnean?”, galdetzen du Lanzik. Adibide horrekin batera lurzoruaren gaia aipatzen du. Haurrak etzanda egoten direnean, lurzorua ezagutza prozesu handi baten oinarria da: lurzoru mota ugari daude, bakoitzak sonoritate desberdina du... Lurzoru bakoitzak zer eskain dezakeen pentsatuz gero, haurraren ikaskuntzarako aukera asko zabal daitezke. “Behatuz gero, aukera berriak ikusiko ditugu eta horrek giroa aldatzeko aukera emango digu”.

 

Materialak: arriskuak eta mugak ezbaian

“Zein da haurrek gelan dauden materialekin egiten duten ikasketa prozesua? Zer egiten dute espazio horretan eta material horiekin? Zertarako balio dute material horiek? Zer ikertzen dute material horiekin? Hori da hezitzaileok geure buruari galdetu behar dioguna”, dio Lanzi pedagogoak. “Izan ere, haur eskoletan baldin bagaude, espazio horietan material horiekin haurrek zein ikasketa egiten dituzten kontatu behar dugu”. Horrela, helduaren zeregina haurrari bultzatzea litzateke, bere kabuz zerbait lortzen ez duenean. Aurrera jo ahal izateko materialak eskaini behar zaizkio. Zentzu horretan, helduak ez du atzera egin behar, gauzak egiten eta proposatzen ausartu behar du.

Zein material erabili galdetuz gero, erantzuna zabala da Lanziren ahotan. Reggio Emilian ahalik eta plastiko gutxiena erabiltzen dute, eta hortik aurrera edozein material, betiere haurren adinari eta garapenari lotuta. Hori bai, materialen inbentario bat egitea aholkatzen du: “Haurrei eskaintzen diegun materialen zerrenda egingo bagenu, konturatuko ginateke zer faltako litzaigukeen”.

Reggio Emiliako pedagogoak ez du mugarik jartzen. Eta horrek hainbat hezitzaile urduri jartzen ditu. Arriskua. Material arriskutsuak. Kristalezko ontzi bat ez da arriskutsua hiru haurrekin dagoen hezitzailearentzat, baina 15ekin dagoenarentzat arriskutsua izan daiteke. Puntzoi bat 5 haurrekin ez da arriskutsua, beti beraiei begira egon daitekeelako hezitzailea, bizkarrik eman gabe. “Nire ustez, garrantzitsuena aldez aurretik edo a priori mugarik ez jar-tzea da. Baizik eta eskolako unean uneko egoera bakoitzaren arabera erabakitzea material bat erabili edo ez. Garrantzitsuena da mugak gauzak egiteko aukerarik ez eragoztea. Gure beldurrengatik mugak jartzen hasten bagara, orduan zaila da haurrekin espazioaren eta materialen kultura partekatzea”.

Horrelako egoeretan, Lanzik erabateko konfiantza du hezitzaileengan. Haren esanetan, hezitzaileek inork baino hobeto ezagutzen dituzte haurrak eta teoriarik onenean baino gehiago fio da hezitzaileengan. “Haurrak zehaztasunez ezagutzen dituzue, eta ederki asko dakizue non dauden mugak eta arriskuak”, dio ozen. “Hori bai, hezitzaileei, pedagogoei edota zuzendaritzakoei beldurra eta kezka sortzen zaienean, hausnartu egin behar da. Horrek bai kezkatzen nauela”. Haatik, garbi adierazten du Reggioko Emiliako pentsamendua: ezinezkoa da arriskurik gabe haztea.

Hezitzaileek borrokalariak izan behar dutela dio Lanzik. Haurtzaroaren kulturaren narratzaileak dira. “Hirietan, herrietan eta beste hainbat lekutan haur eskolak aldatu baldin badira, hezitzaileen lanagatik izan da. Haurtzaroaren kultura zer den azaldu duzue. Beti diot eta onartzea gustatzen zait: hezitzailerik gabe ez dago pedagogiarik”.

 

Haur eskola bat eraikitzen

Haur eskola berri bat diseinatu eta eraiki beharko balu zer hartuko lukeen aintzat galdetu dio hik hasik Daniela Lanzi Reggio Emiliako udal haur eskoletako pedagogoari.

Hasteko, proiektu arkitektonikoa eta hausnarketa pedagogikoa ez banatzea oso garrantzitsua dela azpimarratu du. Reggio Emilian beti saiatu dira arkitektoen, hezitzaileen, pedagogoen eta gurasoen artean elkarrizketa manten-tzen, eta gaur ere hala jarraitzen dute. Izan ere, eskolan dagoenak eta eskolan bizi denak iradokizunak eta proposamenak egin ditzake eta arkitektoek horiek aintzat har di-tzakete. Garrantzitsua da arkitekturaren, proiektu arkitektonikoaren eta hausnarketa pedagogikoaren arteko ituna. Eta noski, horri beste elementu garrantzitsu bat gehitzen dio pedagogoak: haurren iradokizunak aintzat hartzea eskola eraikitzerakoan eta haiek arkitektura nola interpretatzen duten ikustea.

Reggio Emiliako esperientzia ikusita, beste elementu bat aipatzen du Lanzik: espazio guztiak zeharkatzeko, bete-tzeko, bizitzeko aukera izatea. Ez dadila espazioen arteko hierarkiarik egon. Horregatik da garrantzitsua zer ezaugarri dituzten sukaldeak, gelek, espazio komunek, helduentzako espazioek, bilera gelek... Denek dute balio garrantzitsua haur eskola bat eraikitzerakoan, ez batzuk besteek baino gehiago.

Espazio horien arteko erlazioari ere garrantzia ematen dio Lanzik. Bat egiten du Renzo Piano italiar arkitekto ospe-tsuak dioenarekin: “Espazio guztiak, espazio arkitektoniko izan aurretik, harremanetarako espazioak dira”. Horregatik, inportantea da espazioen arteko koherentzia sortzea, espazio desberdinen arteko erlazioa eratzea, batez ere han ibiliko eta biziko direnen aldetik.

 

Ezaugarri zehatz batzuk 

Reggio Emiliako eraikuntzetan oinarrituta, haur eskola bat eraikitzerakoan badira jada finkoak diren ezaugarri batzuk, eta horiek aipatu ditu Lanzik:

1. Gardentasuna: hormen ordez kristala egoteak gardentasuna lortzen laguntzen du. Garrantzitsua da alde batekoak beste aldekoak ikustea, barrukoa eta kanpokoa ikustea eta bien arteko erlazioa sortzea. Leku batean egon eta beste aldekoarekin harremana edukitzea.

Baina ez da hori bakarrik. Gardetasun didaktikoa ere bada, kulturaren gardentasuna. Komunitate osoaren arteko elkarbizitzaren isla da. Balio pedagogiko eta kultural garrantzi-tsuenetakoa da gardentasuna.

2. Plaza: pertsonak biltzen dituen lekua da. Kultura italiarrean, euskaldunean, europarrean, mendebaldekoan... oso elementu garrantzitsua da plaza. Malaguzzik aparteko garrantzia ematen zion, esan nahi baitu garrantzia ematen zaiola plazan gertatzen den guztiari, bertan gertatzen diren hartu-eman guztiei, hitzen trukeei, pentsamendu trukeei... Errenazimenduko plaza da, denen lekua. Plazan sartzea komunitatean sartzea bezala da.

Haur eskola guztietan plazak ez du ez forma ez tamaina bera. Bakoitzak bere plaza du, bakoitzak bere plaza diseinatu dezake, baina denek balio dute elkartzeko, trukerako.

3. Espazio intimoak: espazio ireki eta zabalez gain, haur eskola batek espazio intimoagoak ere eduki behar ditu, talde txikiagoetan egoteko. Hortaz, oreka bat egon behar du espazio handien, ertainen eta txikien artean.

4. Soft quality-ren balioa: Milango Domus Arkitektura Akademiarekin elkarlanean egiten ari diren ikerketa baten ondorioz, gauza txikiek duten balioari garrantzia ematea inportantea dela ikusi dute. Horrek hainbat elementu zain-tzea esan nahi du: 

Kolorea: dena ez izatea zuria, dena ez izatea horia... 

Materiala: dena ez izatea plastikoa, burdina edo egurra.

Giroa: aldatzea komeni da, beti berdina ez izatea.

Argia: argi guztiak ez etortzea sabaitik edo goitik, baizik eta behetik edo aldamenetik eta intentsitate desberdinarekin.

Lurzorua: ez da oinez ibiltzeko lekua soilik, baizik eta etengabeko ikasketarako lekua ere bai. Horregatik, garrantzitsua da zein materialetakoa den, ze kolore duen, ze testura...

Usainak: behatu zenbat usain dauden gelan, eraikinean, zenbat lurrin... Ikertzeko, ikasteko eta hainbat gauza lantzeko aukera asko ematen dute.

Soinuak: materialekin soinu desberdinak sortzen dira, material bakoitzak bere sonoritatea du. Esperimentatzeko aukera zabalak eskaintzen ditu.

5. Kanpo espazioa: lorategia, parkea... Oso garrantzitsua da kanpoko espazioarekin sortzen den elkarrizketa. Espazio honi dagokionez, badago kontu garrantzitsu bat eta Reggio Emiliako familiek esan dutena: inportantea da ohiko aparatuak ez jartzea: txirristra, zubitxoa... Nahiago dute kanpo espazio horrek eskaintzen duenetik abiatu eta horren arabera proiektu bat egin. Esate baterako, landarezko hesi bat baldin badago, beste hesi batzuk lotu eta labirinto bat egin daiteke.

Orain arte aipatutako ezaugarriak dituen haur eskola bat eraikiko luke Daniela Lanzi pedagogoak. Haatik, arkitek-tura ederra eta polita edukitzeak ez du bermatzen haur eskola batek hobeto funtzionatzen duenik. Egia da arkitek-turaren eta ikaskuntzaren artean erlazioa baldin badago erraztu egiten duela. Baina dagoenetik abiatzea da kontua: eraikin bakoitzak bere testuingurua eta bere aukerak ditu. Hortik abiatu behar da: zer eskaintzen du daukagun eraikinak? Zertarako balio die haurrei? Zer ikas dezakete testuinguru jakin horretan? Hortik abiatu.