234. editoriala: EAEko Hezkuntza Lege proposamenaren gainean

2019-01-01

HEZKUNTZAK DUEN GARRANTZI SOZIALA KONTUAN HARTUTA, BESTE ANTOLAKETA MOTA BAT PROPOSATZEN DU HIK HASI-K: DENONTZAT ETA DENONA IZANGO DEN EUSKAL HEZKUNTZA-SISTEMA BERRIA

 
 

Abenduaren 12an, “Euskal hezkuntza legea egiteko prozesu parte-hartzailea eskatu dugu hainbat hezkuntza eragilek” izenburuarekin prentsaurreko bat aurkeztu zuten hezkuntzako hainbat eragilek. Hik Hasi-ri manifestura atxikitzeko eskaera egin zitzaion. Horren aurrean, hauxe da Hik Hasi-k publiko egin duen jarrera:

 

Prozesu parte-hartzailea eskatzearekin bat egiten du Hik Hasik.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2013an Heziberri 2020 prozesua abiatu zuenetik, hiru aldiz jaso du deia Hik Hasi-k. Hiruretan, informazioa jasotzera joateko, ez inolako parte-hartzera gonbidatuta.

Hik Hasi-k bere aldetik, urtebeteko eztabaida zabalaren ondoren, eta hezkuntzaren arloko 50 aritu eta aditu ingururekin eztabaidatu eta hausnartu ostean, Hezkuntza Proposamena plazaratu zuen 2017ko urriaren 21ean Donostiako EHUn. Proposamena Hezkuntza Sailari helarazi zion eta haren gainean hitz egitera gonbidatu. Hik Hasi-k oraingoz ez du erantzunik jaso. Sei hilabete geroago, 2018ko apirilaren 21ean, Hezkuntza-proposamenaren gaineko eztabaida irekia egin zuen Donostiako EHUn. Han ere Hezkuntza Saileko ordezkaririk ez zen izan.

Aipatu berri ditugun arrazoiak tarteko, Hezkuntza Legearen gainean prozesu parte-hartzailea egiteko eskaerarekin bat egiten du Hik Hasi-k.

 

Hezkuntza eragilek proposatutako 9 oinarrien aurrean, dagoeneko gizarteratuta dagoen Hezkuntza-Proposamena jarri nahi du Hik Hasi-k mahai gainean.

Hik Hasi-ren ustez, jendarteak izan behar du heziketaren protagonista; heztea bere egitekoa dela sentitu behar du, eta arduraz bizi behar du. Asko lagun dezake horretan gertuko kudeaketak. Hori da Europan indartzen ari den ildoa, inbertsioak hobeto kudeatzen lagun dezakeelako, jendeak bereago sentitzen duelako heziketa, eta herritar arduratsuagoak sorraraz ditzakeelako.

Hezkuntzak duen garrantzi soziala kontuan hartuta, beste antolaketa mota bat proposatzen du Hik Hasi-k. Denontzat eta denona izango den euskal hezkuntza-sistema berriak −Euskal Hezkuntza Sistema Publiko bateratzaile, sozial edo inklusiboak, esan genezake− hiru oinarri edo ezaugarri izan behar lituzke:

Finantzaketari eta hezkuntzako esku-hartzearen jarraipenari dagokienez, PUBLIKOA izan behar du, eta hezkuntza-eskumena duen administrazioa (gero eta gertuagokoa hobe) izango da funtzio horien arduraduna.

Eskola bakoitzak AUTONOMOA izan behar du, bere hezkuntza-egitasmoa garatzeko, bai ildo edo estilo pedagogikoari dagokionez, bai ikastetxearen barne-antolaketari dagokionez (jangelaren kudeaketa hezitzailea barne).

Edozein udalerritako hezkuntzako esku-hartzean, ezinbestekoak dira HEZKUNTZA-ERAGILEEN arteko lankidetza, GERTUKO ADMINISTRAZIOAREN inplikazioa eta HERRIKO GAINERAKO ERAGILEEN partaidetza.