236. editoriala: Hizkuntzarekin pentsatzen dugulako

2019-03-01

IKERKETEK ERAKUTSI DUTE HIZKUNTZA ETA PENTSAMENDUA ESTUKI LOTUTA DAUDELA. ALEGIA, MAILA ALTUKO HIZKUNTZAK MAILA ALTUKO PENTSAMENDUA DAKARRELA.

 
 

Haurtzarotik hizkuntza aberatsarekin, maila altukoarekin —baita akademikoarekin ere— kontaktuan egotea. Horixe omen da Bigarren Hezkuntzan arrakasta izateko adierazle nagusiena. Hala probatu du Catherine Snow Harvard Unibertsitateko ikerlariak eta hizkuntzaren ikaskuntzan adituak. Haren esanetan, Haur Hezkuntzako umeek inolako arazorik gabe uler ditzakete hitz “zailak” edo “arraroak”, gai dira hizkuntza konplexua barneratzeko, eta txikitatik testu jasoekin erlazioan egoteak lagundu egiten die euren garapen kognitiboan. 

Era berean, ikerketek erakutsi dute hizkun-tza eta pentsamendua estuki lotuta daudela. Alegia, maila altuko hizkuntzak maila altuko pentsamendua dakarrela. Eta, beraz, haurretatik hizkuntza aberatsa eta jasoa barneratzen duenak aukera handiagoa izango duela 8-10 urtetik aurrera pentsamendu garatua izateko eta hausnarketa sakonak egiteko.

Zer behar da, baina, horretarako? Nola ikasten da hizKuntza? Eta, zer da beharrezko hizkun-tza hori kalitatezkoa izan dadin? Itziar Iriondo EHUko irakasleak argi dio aldizkari honetako elkarrizketa nagusian: hizkuntza ikasteko erabili egin behar da, hitz egin, irakurri, idatzi eta entzun. Ez dago besterik. Kontua da, ordea, zer hizkuntza irakurtzen den eta zer hizkuntza entzuten; horren araberakoa izango delako hitz egiten den eta idazten den hizkuntza ere. Eta, horren araberakoa izango delako, hein batean, pertsonaren garapena bera ere.

Gakoa litzateke, beraz, hizkuntza erabiltzeko kalitatezko egoerak sortzea: “Zenbat eta aukera gehiago izan, hizkuntza gehiago erabiliko da eta gehiago ikasiko da”, dio Iriondok, eta irakasle nahiz ikasleen zein ikasleen euren arteko interakzioetan jartzen du arreta. “Teoria soziokulturalean oinarritzen gara. Azkenean, nola ikasten dugu? Besteekiko harremanetan, interakzioan, elkarreraginean, irakasleen eta ikasleen arteko erlazio horretan”. Eta interakzio hori kalitatezkoa izan dadin, hizkuntza aberatsa erabiltzea komeni da, infantilizaziorik gabea, jasoa, goi mailakoa... Horrek ahalbidetuko baitie ikasleei gogoeta egitea, euren iritzia egituratzea, arrazoitzea, argumentatzea, azalpenak ematea... eta horrela soilik garatu ahalko baitute euren pentsatzeko gaitasuna.

Jean Piagetek haurren hizkuntza nola garatzen zen esplikatu zuen eta azaldu zuen adin jakin batean umeek hitz kopuru jakin bat ikasteko gaitasuna zutela. Lev Vygotskik, ordea, handik urte batzuetara esperimentu berberak errepikatu zituen, baina haurrek ingurunearekin zituzten interakzioak aldatuta, eta demostratu zuen umeek Piagetek neurtutako hitzen bikoitza ikasi zutela. 

Argi dago, beraz, umeen ingurukook egiten dugunak baldintzatu egin dezakegula ume bakoitzaren garapena; eskolaren kasuan, Iriondok dioen moduan, irakasle guztiok garela hizkuntza irakasle, eta, beraz, gure esku dagoela nolako hizkuntza erabili eta ikasleak zein hizkuntza motarekin —aberatsarekin, goi mailakoarekin, jasoarekin... edo pobrearekin, infantilizatuarekin, sinplifikatuarekin...— jarri erlazioan.