JABETZEN NAIZ

2019-03-01

XABIER SUKIA. BERTSOLARIA ETA KAZETARIA

 
 

Hamaika urte dira guraso egin ginela. Hiru mutiko ditugu etxean. Arratsalderoko meriendak, entrenamenduetako poltsak, eskola-kirolak, asteburutako partidak, urtebetetze festak, etxeko-lanak… zurrunbilo horretan gaude. Topikoa da esatea gurasoaren manualik ez dagoela, praktikatuz ikasten dela. Baina umeek ere ez dute eskulibururik ume izaten ikasteko. Abantaila handi bat dugu horren aurrean, gu izan ginela noizbait ume. Inoiz ahazten bazaigu ere. Faxetik Interneterako tarte honetan zenbait gauzetaz jabetzen ari naiz.

Jabetzen naiz etxe berean eta familia berean bizi arren, gure hiru umeak ez direla edo ez ditugula modu berean hezi. Zaharrenak Silveira bi edo hiru aldiz ikusi du zuzenean Nafarroako txapela janzten, Julio Soto ere bai. Siesta ederrak egin izan ditu finaletan. Baigorriko Nafarroaren egunak, festak, egun pasak… Bigarrenari ez diogu nahi beste tarte eskaini eta hirugarrenari gutxiago. Asko maite badituzu ere, ugaritzen doazen heinean eskaintzeko daukazun denbora gutxituz doa.

Jabetzen naiz irudimen handia behar dela Nintendo, Clash Royale eta Forniteren parean egoteko. Hitzekin jolas eginzale porrokatua naiz. Gure txikienak uste du hipoteka hipoputoamoaren arreba dela eta non dago London? Tamesisen ondon. Gaueroko ipuinetan gure familiako pertsonaiak agertzen dira noiznahi, aitona Alberto dinosaurioekin, amona Angeles itsasontzian… zaila da traste horiei gaina hartzea, eguneroko bataila da. Ezagutzen eta kontrolatzen ez dugun mundu baten aurrean gaude eta egia esan beldurra eragiten du umeak nola harrapatzen dituen ikusteak.

Jabetzen naiz Olentzero pasa dela aurten ere. Eta pasa egin dela. Badira lehenengo egunean hiltzen diren opariak. Bizia hartzeko gurasoen bul-
tzadatxoa behar dutenak. Denboratxo hori eskaini ezean hor geldituko dira galduta. Zahartu gabe hilko dira, berri berriak. Zer da benetan umeak nahi duena? Zu berarekin jolastea. Hori ondare inmateriala da.

Jabetzen naiz momentu txikienak ze handiak diren umetan. Maisu Juanito mendizale amorratua zen. Eta da. Egun hartan Aralarko diapositiba bat erakutsi zigun gelan. 9 urte genituen. Zelai berdea zabal ageri zen lur pila txikiz josia. Maisuaren galdera Zer dira lur pila horiek? Nik banekien satorrak eragindakoak zirela. Harritu ninduena izan zen inork ez erantzutea. Inork ez zekien erantzuna. Ez zait sekula ahaztuko ze satisfazioa eragin zidan denen aurrean erantzuna esateak. Autoestimu puzgarri ederra izan zen. Umetan bazterrera uzten den jakintza bati balioa ematea garrantzi-tsua izan zen.

Jabetu naiz gure hiru mutikoak ni joan nintzen ikastola berera joaten direla. Eraikin bera eta irakasle berberak, batzuk. Oraindik ez dira denak jubilatu. Nire andereño izan zenarekin guraso bilerak egiteak halako betetasun emozional bat sortzen dit. Ikasle garaietako aulki txikietan eserita, andereñoarekin gure semeari buruz hizketan. Hor badago eten gabeko zilbor heste bat.   

Jabetzen naiz tartea dagoela gutunetatik emailetara. “Baakat komunea jutia?” hartatik “al det komunera jun?” honetara. Umeek komunera joateko baimen eske jarraitzen dute, eta gaizki.