PUSE MATERIAL DIDAKTIKOA. Matematika eta artea uztartzen dituen jokoa

2019-03-01

Poly-Universe in School Education PUSE izeneko proiektu europarrean murgildurik dabiltza Irunberriko Arangoiti ikastola eta Zangozako ikastola. Nafarroako Ikastolen Elkartearen eskutik, Europako beste bost erakunderekin batera landuko dute, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasleekin ekaina bitartean. Helburua da proiektuaren bitartez ikusmenezko matematika lantzeko material didaktiko berria garatzea eta haren erabilera zabaltzea: Poly-Universe in School Education (PUSE) du izena material didaktikoak.

 
 

Hezkuntzarekin lotutako zazpi erakunde bildu dira orotara PUSE materiala osatzeko: Hungariako Poly-Universe, Gameful Living Research Center eta Fazekas Iskola ikastetxea, Eslovakiako Zakladna skola ikastetxea, Finlandiako Jyväskylä Unibertsitatea eta Nafarroako Ikastolen Elkarteko aipatutako bi ikastolak.

Denen artean, hezkuntzan matematika eta artea lantzeko baliagarria den materiala erabiltzen ari dira. Oinarria Poly-Universe jokoa da; hau da, Jànos Szász Saxon artistak sortutako trebetasun geometrikoaren jokoa. Artea eta Matematika modu integratuan lantzeko aukera ematen duen materiala da. “Bere diseinuari esker, aukera handiak eskaintzen ditu eskolan, bai alderdi estetikoa, bai matematikoa lantzeko, bereziki zailtasunak dituzten ikasleekin” dio Garazi Larrañaga Arangoiti ikastolako Lehen Hezkuntzako irakasleak. “Bi arlo horiek batera landuta, ikasleak motibatuago ikusten ditugu, eta, aukera horretaz baliatuz, bi arlo horien arteko edukiak eta erlazioa ikustarazi nahi ditugu ikasle askok horrela errazago ikasten dutelako. Izan ere, materialaren planteamendua erabat eraikitzailea edo konstruktiboa da, eta interesgarria eta erabilgarria da ikasleentzat”. 

Proiektu askotan lantzen dira zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika. PUSEri beste arlo bat gehitzen zaio: artea. PUSE metodologiaren gakoak forma geometrikoak (zirkuluak, karratuak eta triangeluak) eta oinarrizko lau kolore dira, eta elkarren artean konbinatzea eta horien artean sinergiak sortzea da kontua. Joko baten moduan plantea-tzen da, eta, sistema horrekin, makina bat aukera sortzen dira: trebetasunak lantzeko aukera emateaz gain, joko estetiko bat izateaz gain, eta ekin-tza filosofikoak, matematikoak eta bietakoak egiteaz gain, hori guztia bateratzen du. “Berez, joko sinplea dirudiena jokoa baino zerbait konplexugoa bihur daiteke”, dio Idoia Legarreta Zangoza ikastolako DBHko irakasleak. “Jokoa baino gehiago da, artea baino gehiago da, matematika baino gehiago da: elementu horiek elkartu egiten dira, eta sinergia bat sortzen dute hezkun-tzan”. Unibertsalki erabil daitekeen metodologia bat da, hezkuntzako programan eragina izan dezakeena, batez ere geometria eta konbinatoriaren hezkuntzan.

Ikasleek sortzen dituzten lanak gainerako ikaskideei azaltzen dizkiete bukatu ostean, eta horrekin beste gaitasun bat ere lantzen dute: komunikazio-gaitasuna, bai euskaraz, bai gaztelaniaz, bai ingelesez.

 

Europarrekin elkarlanean

Proiektua lantzeko garaian, Euskal Herrian zein gainerako herrialdeetan bilerak egin izan dituzte parte-hartzaileek. Horrek elkarren esperientziak ikusteko eta elkarrengandik ikasteko balio izan die. Hauxe gaineratu du Irene López-Goñi NIEko arduradun pedagogikoak: “Finlandian izan ginenean, Jyväskyläko eskoletako geletan sartzeko aukera izan genuen. Interesgarria izan zen nazioartean sona handia duten eskola finlandiarretako batzuk Euskal Herrian sortutako jarduerak aplikatzen ikustea, eskola horien funtzionamendua gertutik aztertzea, ikasleekin hainbat ordu partekatzea eta hango irakasleekin ideiak trukatzea”.

Azken bilera iazko urtearen amaieran egin zuten Iruñean. Erakunde bakoitzak materiala erabiltzeko jarduerak sortu ditu, eta haiek pilotatzeko liburua aurkeztu zuten, zeina irakasleentzat zein ikasleen-
tzat bideratuta dagoen. Eta abagunea baliatuz, Zangozako ikastolako DBHko 3. mailako ikasleek eta Irunberriko Arangoiti ikastolako Lehen Hezkuntzako 3. mailakoek material hori erabiliz orain arte sortutako lanen erakusketa egin zuten Iruñeko Planetarioan. Guztira, 50 lan egon ziren ikusgai.

 

Materiala

Jolaserako materialaren oinarrian, hiru elementu daude: triangelua, karratua eta zirkulua. Triangelu, karratu edo zirkulu bakoitzak bere barruan, proportzionalak diren hainbat azpi-triangelu, -karratu eta -zirkulu ditu. Horrez gain, pieza bakoitzean azpi-forma horiek lau kolorez agertzen ahal dira, konbinazio guztiak agertuz. 

Pieza horiekin era digitalean lan egiteko jarduerak Jesus Mari Goñi Pedagogian doktoreak sortu ditu. Matematikaren didaktikan espezialista den irakasle honek, Iruñeko Baluarten 2019ko urtarrilean ospatutako jardunaldi digitaletan, zehatz-mehatz azaldu zuen proposatutako jarduera eta geometria dinamikoaren balio erantsia. Ospakizun horretan bertan eman zuten beren ikastoletako esperientziaren berri Idoia Legarreta eta Garazi Larrañaga irakasleek: “jarduera digitalek ohiko geometriari harantzago doan ikuspegia erakartzen diote” ondorioztatu zuten.

Pieza horiek modu irekian edo itxian mugitu eta konbinatzen dira jokoan zehar, eta helburua da, oinarrizko elementu guztiak erabiliz, ahalik eta forma erregular gehien sortzea. Birtualki mugagabeak diren aukera estetiko eta matematikoak mahai gainean ikustea lortzen da joko honekin, eskala eta koloreen arteko konbinazioak eginez. Begien aurrean, edertasun eta harmonia zoragarria erakusten ditu, argazkietan ikus daitekeen moduan. Jokoaren sortzaile den János Szász Saxonen hitzetan, “ikertzeko grina sortzen du jokoak, eta etengabeko arrakasta bizitzeko aukera zabaltzen du. Zeharka ikasteko aukera ematen du, piezak mugitu ahala eskolako lanak eta ikastekoak sortzen joaten baitira. Beste modu batera esanda, jolastuz irakasten du, eta ikusten erakusten du”. Izan ere, probatu dutenek alde positibo asko ikusten dizkiote Poly-Universeri. Hasteko, ikusmena, ukimena eta formaren eta kolorearen zentzumenak garatzeko aukera ematen du. Bai eta ikuspegi abstraktua eta artearekiko sentsibilitatea garatzekoa ere. Horrekin batera, erabilgarria da pentsamendu logiko konplexua eta matematikako trebetasunak lantzeko, eta baita arreta eta kontzentrazio-gaitasuna eta ikusmen-memoria lantzeko ere. Azkenik, taldean lan egiten ikasteko eta irekitzeko baliagarria dela irizten diote.