FANTASIA MUNDUA

2019-05-01

OLATZ SALVADOR. MUSIKARIA

 
 

Filosofiako lehen eskolan azaldu ziguten filosofo izateko haur izan behar ginela berriz. Munduari lehen aldia balitz bezala begiratu eta geure buruari etengabe galderak egin. Gerta-tzen diren gauza guztiei harriduraz begiratzen ikasi eta begi subjektibo, distortsionatu eta koloretsu horien esentzia mantendu. 

Paradoxikoa da nola, hazten goazen neurrian, badugun gugan izan diren gu guztiak geruzaz estaltzeko joera hori. Nik barruan dudan haurra esku ahur bat da eta eskean dabil askotan, jolasean bestetan, irudi berrien bila etengabe. Nekatuta egon arren, ez du ohera joan nahi eta, zerbait/norbait gustatzen zaionean, loop botoia sakatzen du, dena behin eta berriz errepikatzeko, harrapatuta geratu arte. Eta nire ni guztien arteko borrokak orroka.

Urte batzuk lehenago, bere mundua bitan zatitzen erakutsi zioten: mundu erreala eta fantasia mundua. Lehena ezagutzen zuela iruditzen zitzaion, baina bigarrenak egonezin moduko bat eragiten zion, bertara nola iritsi, norekin joan edo bertako mamu guztiei nola aurre egin imajinatuz. Ez nintzen inoiz marra hura zeharkatzera ausartu, badaezpada. 

Arriskua bada haur izatearen beharrezko balio intrintseko bat. Ikasteko mekanismo gorabeheratsu bat. Saiakera eta akatsen arteko tandem bat, beti deseroso mantenduko gaituena, baina, ezinbestean, berrikun-tzarako baldintzak emango dizkiguna. Orekarion beharrezko oztopoa. 

Nik eskua sutan sartu nuen behin. Amak harro kontatzen du larrialdietako trantzearen ostean, beregana joan eta “lasai, ama, dena pasa da” edo antzerako zerbait esan omen niola.

Irakaspena nahiko argia zen. Iritsi ziren gero ñabardurak, zalantzak, seinaleak, debekuak, tunelak eta segurtasun tarteak. Eta, bat-batean, lehengo marra gorriak lausotu ziren, eta gu horietan zehar labaindu ginen, zer egiten ari ginen jakingo ez bagenu bezala. Albo kalterik izango ez balu bezala. 

Psikologia kognitiboaren arabera, estimulu baten errepikapenaren ondorioz honekiko erantzuna gutxitu egiten da. Ohikuntza. Hori omen da ikasketa era primitiboena, organismoaren maila guztietan ematen dena. Prozesu hau ezinbestekoa da gizakiok gure ingurumenera egokitzeko. Abesti bat behin eta berriz entzutean, gorputzak dopamina askatzeari uzten dio. Bai, badakit erotzeko arriskua izango genukela hori gertatu ezean, baina nostalgia moduko bat eragiten dit fenomeno horrek. Eta nire ni haurrenak oihukatzen du Alaine Agirreren Odol mamituak liburuaren hasieran irakurritako Kawabataren aipua: “Gorroto ditut emozio moderatuak”.

Duela urte batzuk aitari galdetu nion ea non geratu ote zen fantasia mundua. Erantzun zidan fantasia munduak hor jarraitzen duela. Per-tsonaiak eta paisaiak aldatu direla, besterik ez.