238. editoriala: Bizipen eta ideia berriz beteta Kataluniatik bueltan

2019-05-01

BATEKIN SARTZEN ZIREN IRAKASLEAK GELAN. GERO, ISIPUAREKIN HASI ZIREN. ORAIN, PINTZELAREKIN. FINTZEN DOAZ, ETA IKASLEENGANA HOBETO IRISTEN DIRA HORRELA.

 
 

Etorri berri gara Kataluniatik. Euskal Herritik Kataluniara joan gara bidaia pedagogikoan 25 laguneko taldea Hik Hasirekin, eta motxila beteta ekarri dugu. “Beti ikasten da zeozer, eta beti ekartzen da zeozer”, “pozik joan nintzen eta pozez gainezka etorri naiz”, “ikasi baino gehiago, hausnarketa dakart”. Horrelako ondorioak entzun dira bueltako bidaian. Beraz, bai, horrelako bidaiek zerbait mugitzen dute gugan, balio dute hainbat gauzetaz konturatzeko. Esate baterako, gure txikitasunetik eragin dezakegula. Gure gelan, gure lankideekin, gure eskolan, gure ingurune hurbilean, gure herrian, gure herrialdean eta Euskal Herrian eragin dezakegula gure txikitasunetik. “Guk sinesten badugu zerbaitetan, gainerakoek jarraituko digute, bai lankideek eta bai familiek. Inportantea da guk sinestea”. “Amesten badugu, posible da, hein batean, behintzat”.

Ibilian goaz. Hori da kontua. Kataluniako biran hainbat gauza ikusi ditugu: txokoak eta proiektuak, ikaskuntza komunitatea, proiektu itxi eta irekiak Bigarren Hezkuntzako gazteekin eta eskolatu gabeko 0-3 urteko haurren familientzako espazioa. Rosa Sensat elkarte pedagogikoaren ibilbidea eta gaur egun irakasle katalanek dituzten kezkak ezagutu ditugu. Eta baita Escola Nova 21 hezkuntza egitasmoak ekarri duen astinaldia eta berrikuntza ere. Eredu arras desberdinak, eta hori izan da bidaiaren aberasgarritasunetako bat. Planteamendu eta iritzi desberdinak ikusi eta entzuteak gure motxilan elementu askotarikoak sartzeko aukera eman digu. Kontsentsua asko goraipatzen dugu, baina desadostasunetik edo aurkakotasunetik ere asko ikasten dugu. Interesgarria da kontrastea.

Eta horrela goaz ibilian. Hasieran margoz betetako ontzi batekin sartzen ginen gelara irakasleok. Ontzia hartu eta baldekada margo botatzen genuen ikasleen gainera. Eta etxera joaten ginen lasai asko, margoa ikasleen artean banatuta zegoela ikusirik. Gerora, konturatu ginen ikasle batzuk blai eginda geratzen zirela, beste batzuk gutxiago eta beste batzuk ez zirela busti ere egiten, etorri ziren bezala joaten zirela etxera. Baina gu pozik margoa banatuta zegoela ikusita. Margorik jaso ez zuten ikasleentzat, beste irakasle bat etortzen zen, beste ontzi batekin eta beste margo batekin, hark busti zitzan.

“Eta brotxa hartuko bagenu?”, bota zuen norbaitek. Interesgarria. Eta horretan hasi ginen irakasleok. Hor sortu ziren talde kooperatiboak, ikaskuntza komunitateak... Gerora hausnarketa finduz joan zen: “Isipuaren heldulekua egurrezkoa al da? Ez, plastikozkoa. Orduan, txarra. Edo agian iletxoak dira inportanteak...” Baina beno, edonola ere, isipuarekin ari ginen.

Orain, pauso bat aurrerago eman eta pintzelarekin hasita gaude. Adibide nabarmena izan da Jacint Verdaguer institutuko DBHko planteamendua eta Cadi familia-espazioa. Fintzen ari gara. Hor ere eztabaida dago, nola ez: pintzela egurrezkoa ote den, luzea ala motza, zein markatakoa... Baina ondo ari gara. Azken finean, pintzela erabiltzen ari gara, eta ez ontzia.