HERRIA HOBETO EZAGUTZEKO IKASMATERIALA: Hurretik hasita urrunera iristeko

2019-05-01

Hurretik hasi eta urruneraino joan gaitezke ikasketa prozesuan. Garrantzitsua baita urrunekoa ikastea, baina bertakoa ahaztu barik. Ideia horri heldu diote Oñatin hezkuntza arloko proiektu berri bati ekiteko. Herriko eragile desberdinen artean, Oñatiko ondarea transmititzeko ikasmateriala sortu dute LH1 eta LH2ko ikasleentzako. Materiala, gainera, euskarri digitalean jarri dute, hurretik.eus webgunean. 

 
 

Hurretik proiektua Oñatiko ikastetxeek zuten behar zehatz bati erantzuteko asmoarekin sortu zen duela bi urte. Izan ere, Oñatiko ondare kulturala transmititzeko zailtasunak zituztela ohartu ziren; ikastetxeek egiten zuten transmisio lana, baina bakoitzak bere modura eta inolako patroirik gabe. Modu bateratuan lan egin asmoz eta guztiek baliabide eta informazio iturri fidagarriak erabiltzeko helburuarekin jaio zen Hurretik. Hala, prozesuari buru-belarri heldu zioten eta erronkaz betetako bidea egiten hasi. Aipatutako helburu nagusia lortzeko bi oinarri finko izendatu zituzten: arlo didaktikoa eta arlo soziala. Bi arloak konbinatuz ekin zioten Oñatiko Herri Curriculuma sortzeko prozesuari. 

Oñatiren inguruko hainbat ezaugarri erakusten zaie ikasleei herriko ikastetxeetan: Oñati non kokatuta dagoen, ondoko herriak zeintzuk diren, ze mendik inguratzen duen edo zein errekak zeharkatzen duen. Gainera, Natura Eskola eta Turismo Bulegotik egiten dituzten irteeren bidez ere jasotzen dute herriari buruzko informazioa. Orain, Hurretik egitasmoarekin harago joan nahi izan dute. Esaterako, Oñatiko ohiturak, pertsonaiak, edota pasarte historikoak jasotzea eta horiek ikasleen artean zabaltzea izan da xedea eta horretarako material didaktikoa sortu dute. 

Udalarekin batera, herriko hiru ikastetxeak eta Euskaltzaleen Topagunea aritu dira proiektua gauzatzen eta dagoeneko egitasmoa abian da eskoletan. Sustatzaileek aipatu dutenez, Lehen Hezkuntzako lehen bi mailetan hasi dira ikasmateriala lantzen eta gero ikusi beharko da beste mailetako ikasleentzako ere prestatuko duten.

Ikasmaterial guztia sarean jarri dute, edozein momentutan kontsultatu ahal izateko moduan. Hurretik.eus webgunean dago eskuragarri material didaktikoa eta ataria etengabe elikatzen joateko asmoa agertu dute sustatzaileek. Webguneak edozein momentutan informazioa gehitzeko aukera eskaintzen du eta horrela aberastuko dute proiektua. 

 

Herritarren parte-hartzea ardatz

Hurretik egitasmoa, hala ere, ez da ikastetxeetara bakarrik mugatu. Gainerako herritarrengana ere iritsi gura izan dute, herritarren parte-har-tzearekin aberastu nahi izan dutelako proiektua. Antolatzaileen arabera, azken batean oñatiarrek esan beharko dute zer jakin behar duten gazteek Oñatiri buruz, eta helburu hori lortzeko, tertulia saioak egin dituzte. Herritarren parte-hartzea emankorra izan da eta 60 pertsonatik gora izan dira saioetan. Horrez gain, egitasmoaren zabalpenerako egin zuten ‘Hurretik gala’-ren bidez herriko antzokia jendez betetzea lortu zuten.

 

8 unitateen aurkezpena

Orotara 8 unitate didaktiko garatu dituzte eta baliabide ugari prestatu dituzte guztiak jorratzeko. Jarduera desberdinen bidez, herriko ondareari erreferentzia egiten dioten kontzeptu desberdinak lantzen dira. Horretarako, prozedura desberdinak proposatzen dira unitate bakoitzean, hala nola, ikasleen aurreiritziak detektatzea, istorioak sortzea, beraiek sortutako antzerki lan bat interpretatzea, bat-batekotasuna lantzea, hedabide bat sortzea, pentsamendua marraztea, asanbladan ideiak partekatu eta baloratzea, norbere emozioak identifikatzea, edota trasnmisiorako bideo bat sortzea, batzuk aipatzearren. Ondorengoak izango lirateke 8 unitate didaktikoen berezitasunak:

 

Antzinako Oñati

Oñatiko arkeologoak: jarduera desberdinen bidez, unitate didaktiko honetan aintzinatean Oñatiri erreferentzia egiten dioten berezitasunak lantzea proposatzen da: aintzinako objek-tuen ezaugarriak, arkeologoen funtzioak, erreplikak...

Oñatiko xamanak: herriko landaredia ezagutu eta bertako xamanen ezaugarriak hobeto ulertzeko aukera eskainiko zaie ikasleei unitate honen bidez. 

Oñatiko jolas biltzaileak: aiton-amonen garaiko jolasen aurrezagutzak partekatzetik abiatu eta jolas berri bat asmatzea izango da unitate honen azken xedea. 

Oñatiko antzinako hizkuntza: unitate didaktiko honen bidez, arbasoen hizkuntzara hurbilduko dira ikasleak eta Oñatiko leku-izenak landuko dituzte. Amaieran, historiaurreko giza-talde baten pasarte bat errepresentatuko dute koadro batean.

 

Erdi Aroko Oñati 

Eskolako berriak: Erdi Aroan Oñatin erabiltzen ziren komunikazio-bideak alderatuko dituzte egungoekin, eta hedabide berri bat sortzea izango da azken xedea.

Gebaratarren lurra: Erdi Aroko Oñatiko jendarte egitura landuko da unitate honetako jardueren bidez, eta garai hartako botere-harremanen erreprodukzio bat egin ondoren, hausnarketa kolektiboa egitea proposatzen da. Gatazken kudeaketari erreferentzia egiteko sekuentzia izango da. 

Oñatiko sutea: 1489an Oñatin gertatu zen sutea abiapuntu hartuta, transmisioaren garrantziari helduko zaio unitate honetan. Horri lotuta, LH 6. mailakoen laguntzarekin ikasleek bideo bat grabatu eta editatzea proposatzen da.

Oñatiko gertakizunak abesti: Oñatiko bertso zaharrak hizpide izango dituzte azken unitate didaktiko honetan, eta modu honetan, antzinako trasnmisio bideak ezagutuko dituzte. Horrekin batera, eurek nahi duten gertakizunari musika jartzea izango da azken xedea. 

 

Bide beretik aurrera egiteko asmoa

Hasieran finkatutako asmo nagusiak beteta direla, sustatzaileek diote ondo legokeela bide beretik urratsak ematen jarraitzea: “Hurretik proiek-tuak egin du bide bat. Esan genezake froga moduko bat izan dela, eta bi urte hauetako emaitza emankorra izan dela. Orain ikusi beharko da zein den ikastetxeen feedbacka eta horren arabera finkatu hurrengo lan-ildoa. Proiektuaren parte izan diren eragile guztiengan ikusi da lanean jarraitzeko nahia badagoela”.