NOLA JAR DAITEKE PRAKTIKAN ARGIAREN PEDAGOGIA ESKOLA BATEAN? ZER BEHAR DA?
ITSASO PAGOAGA. Hezitzailea eta Olgeta-ko arduraduna
Gaur egun, hezkuntzaren zientzia gisa ulertzen da pedagogia. Pedagogiak hezkun-tzaren barruan beste diziplina batzuen eragina ere baduenez, ordea, zientzia gisa ulertzeaz gain, arte gisa ere hartu izan da maiz. Argiaren pedagogiak artearen, zientziaren eta argiaren efektuen baitako hezkuntza biltzen ditu. Horiek guztiak batuta, haurraren garapenean eta ikasteko eta irakasteko prozesuetan diziplinarteko begirada txertatzea dugu helburu.
Argiarekin jolastea behar naturala da. Antzinako Erroman efektu naturalen zergatia ulertzeko mito eta istorioak asmatzen zituzten moduan, gaur egungo haurrek ere munduari buruzko hipotesiak eraikitzen dituzte. Horretarako, galderetan eta ikerlanean oinarritutako ikerkuntza-bide bat eraikitzen dute. Betiere, haurra inguratzen duen testuingurua aberatsa bada eta helduaren presentzia afektiboa bermatuta badago. Horixe baita haurraren erreferentziazko helduaren zeregina: erantzun larregi eman gabe, galdera egokiak egitea eta, haurrak bere kabuz deskubritu edo aurkituko duena aurreratu gabe, ikerketa-prozesurako bide egokiak aurreikustea, antolatzea, behatzea eta ebaluatzea.
Konfuziok esana da honako hau: “Kontatu egin zidaten, eta ahaztu egin nuen. Ikusi egin nuen, eta ulertu egin nuen. Egin egin nuen, eta ikasi egin nuen”.
Argia haurtzaroan
Argia egunerokoan haurren zein helduen bizitzan presentzia nabarmena duen elementua da. Eguzkiaren argia izan daiteke oinarrizkoena (Euskal Herrian nahi baino gutxiago izan arren), baina hor ditugu kandelen argi kulunkari eta goxoak edota objektu artifizialek eragindako argiak: bonbillak, mugikorrak, esku-argiak, etab. Horietako bakoitzak edertasun konkretu bat eskaintzen digu, arlo estetikoari erreparatuz gero, eta aukera ugari eskaintzen dizkigu, alderdi ludikoaren ikuspuntutik ere.
Esan genezake, beraz, argiaren pedagogiak etengabeko presentzia duela haurraren bizitzan. Argia egunero sartzen baita leihotik. Eta gela zeharkatzen duen bidean barna, marraz-ki ugari sortzen ditu; giroa bete edo goxatu egiten du, edota hustu, hoztu… Arrastoa utz lezake, edota bat-batean desagertu… Egunerokoan sortzen den giroa hertsiki lotuta dago argiarekin; baldintzatu egiten du.
Finean, argiaren pedagogiaren gakoa argiarekin (naturala zein artifiziala) jolastea da, espazio eta jarduerei kolore eta izaera askotarikoak eskainiz.
Argitasunaren munduaren aurkikun-tza norberaren aurkikuntza-prozesuarekin loturik dago. Norberaren gorputza, besteena, ingurua, materialak, horien portaerak… oharkabean gertatzen dira, larregi pentsatu gabe. Haurraren arreta bereganatzen duen itzal bat izan liteke abiapuntua, eta, hortik aurrera, edozein material, aurkezpen, lantegi edota proposamen izan liteke balekoa.
Zeintzuk izan daitezke argi naturalarekin egin genitzakeen jolas edota proposamenak?
Hainbat materialetan sortzen diren itzalak ezagutu (cd-ak, ispiluak, zelofanezko paperak…).
Ostadarra sortu, cd zahar batekin eta esku-argi batekin.
Itzalak aurkitu edo marraztu, edota horiek ehizatzen saiatu.
Hainbat elementuren proiek-zioak egin (eraikuntza-bloke zeharrargiekin, koloreztatutako urarekin…).
Material naturalez (lehortutako hosto eta fruta zatiak) egindako collage bat leihoan zintzilikatu, eta eguzki-izpiek hura guru-tzatzean sortzen diren itzal eta formei behatu, horiek aurkitu, marraztu… Finean, horiekin jolastu.
Eta zeintzuk izan daitezke argi artifizialarekin egin genitzakeen jolas edota proposamenak?
Argiaren propietate edota ezaugarriak aurkitu eta ezagutu (argiaren ibilbidea, norabidea, isla, errefrakzioa, etab.). Finean, argia bere osotasunean ezagutu. Nola? Urez betetako edalontzi batean makila luze bat sartzen denean makila nola hausten den behatuz, edota koilara baten alde bakoitzean sortzen den islari behatuz. Zergatik da desberdina alde bakoitzean sortzen den isla, begira ari den pertsona bera bada?
Material gardenak, opakuak edota zeharrargiak erabiliz horien itzalak aurkitu. Zer gertatzen da horietako bakoitzarekin? Zergatik da desberdina material bakoitzak sortzen duen itzala?
Esku-argiekin itzalak egin eskuarekin, ipuinak kontatu, etab.
Argiarekin jolasean gabiltzanean sortzen denaz...
Esan beharra dago horrelako proposamenak ludikoak eta erakargarriak direla argiaren, kolorearen edota itzalen funtzionamenduari buruzko jakintzak edo edukiak transmititzeko edota barneratzeko. Modu inkontziente eta arbitrarioan, haurrek argiaren ezaugarriekin jolas egiten dute: ispiluan begiratzean, objektuen islapen-efektua aztertzen dute, edota koilararekin jolastean, alde batekin alderantziz ikusten dutela ohartzen dira. Jostailuzko animalia bat eta esku-argi bat elkartuz gero zer gertatzen den ikertzen dute; edo zer gertatzen den esku-argia gerturatzean, urruntzean, itzalak eraginez, tamainan distantziak duen eraginaz jabetuz, etab. Edota cd bati argi eginez, paretan ostadarraren isla aurkitzen dute. Eta horrela etengabe!
Ohartu gabe, esperimentazioan oinarritutako ezagutza zientifiko baten eraikuntzan murgiltzen dira, zentzuzko ikertzaile bilakatuz. Horrela, hazi ahala eta fenomeno horiek izendatzeko ordua iristean, haurrek munduaren funtzionamendua errazago ulertuko eta izendatuko dute, edozein eduki abstraktu buruz ikasteko beharrik izan gabe.
Zentzu horixe du, hain zuzen, argiarekin jolas egiteak. Izan ere, argiarekin jolasean gabiltzanean, oharkabean bada ere argiaren fisika aurkitzeaz ari gara, argiaren optika, artea eta gainerako guztia aurkitzeaz.
Gainera, argi-iturri konkretu batekin, argi-mahaiarekin adibidez, jolasean (lanean) ari garenean, arreta guztia han zentratzen da, jarduera horretan, alegia. Kasu horretan, argi-mahaiak, erretroproiektoreak, fokuak… ekintzaren babesleku edota euskarri bilaka-tzen dira. Ekintzari eusten diote, haren euskarri dira… Jolasa eta arrazonamendua garatzeko espazioa eskaintzen dute, mugak ongi definituz.
Argiarekin jolastea ekintza zientifiko, ludiko, sortzaile eta artistiko bilakatzen da. Guztiz irekia, globalizatzailea, integrala, diziplinartekotasuna sustatzen duena modu estetiko eder eta armoniatsu batez.
Argiaren efektupean, eguneroko edozein objektu eraldatu egiten da. Edozein objektu erretroproiektorean edo argi-mahaian ipiniz gero, beste edertasun bat hartzen du. Argiak magia-puntua ematen dio, eta erakargarritasun osoz betetzen du materiala edo proposamena.
Gainera, jolas sentsorialean pauso bat aurrerago ematea adierazten du argiak, beste edozein egoeratan suertatu ezin daitekeen edertasun bisuala eskaintzen baitu.
Argiarekin jolasteko euskarriak eta materialak
Argiaren pedagogia entzuteaz bat, argi-mahaia datorkigu burura segituan. Eta, sarri, argiaren pedagogia horretara mugatzeko joera izan dugu, batez ere ezagutza eta prestakuntza faltagatik. Egia da horixe dela argiaren pedagogiaren baitan ezagunen bilakatu den argi-euskarria. Baina, argi-mahaitik harago, argi-mundu bat dago, eta makina bat euskarri erabil genitzake argiarekin jolasteko eta argi-jolas proposamenak egiteko orduan.
Lehenik eta behin, argi naturala eta artifiziala bereiztea komeni da. Izan ere, maiz entzun izan dut eskola ba-tzuetan honako hau: “Gure eskolan, ez dugu baliabide ekonomikorik argiaren pedagogia txertatzen hasteko”. Eta, horren aurrean, harrituta geratzen naiz; izan ere, denok dugu eskura doakoa den argi-euskarri garrantzitsuenetarikoa: eguzki-argia edo argi naturala. Inguratzen gaituen horretan arreta pixka bat jartzea dagokigu, argiarekin eta kasu honetan eguzki-argiarekin jolasteko proposamen interesgarriak egin ditzakegula konturatzeko. Eskolan zein etxean egin ditzakegu, gainera.
Horretaz gain, kontuan izan behar dugu sua ere argi naturala dela. Eta aurretiazko prestaketa eta antolaketa egoki batekin, jolaserako oso elementu goxoa izan daiteke, guztiz magikoa izateaz gain. Hor ditugu, adibidez, tamaina, kolore eta usain askotako kandelak. Itzalak egiteko, ipuin bat goxo irakurtzeko edota, besterik gabe, haren itzal mugikorrari behatzeko eta gozatzeko.
Bestalde, argi artifiziala dugu, eta haren barruan ia mundu bat kabitzen dela ere esan genezake; esku-argiak, erretroproiektoreak, proiektore digitalak, kolore, tamaina edo mugimendu askotako bonbillak, tamaina, forma eta argi askotako argi-mahaiak, negatoskopioak (erradiografiak ikusteko aparatu zaharrak), diapositibak ikusteko makinak, argi beltzak…
Ez dira denak beharrezkoak, baina horietariko bakoitzak jolaserako eta esperimentaziorako askotariko esperientziak eskaintzen ditu. Testuinguru bakoitzeko baliabide eta beharren arabera batzuk edo besteak aukeratu beharko genituzke. Horixe izango da gakoa.
Argiaren pedagogian espazioak duen garrantzia
Dagoeneko hezkuntzaren munduan jakinekoa da espazioak duen garrantzia. Sarri entzun izan dugu espazioa bera dela hirugarren hezitzailea haurraren ikaste-prozesuan. Antolaketaren arabera emozio eta sentsazio desberdinak iradokitzen eta sortzen dituen dimen-tsio bat baita espazioa, hizkuntza propioa duena. Edwart T. Hall antropologoak ezkutuko dimentsioaz hitz egin zuen, eta gizakiok espazio eta denborarekin dugun harremana ikertu zuen. Ikerketa horren arabera, zera baieztatu zuen: giza jarrera espazioaren eta denboraren dimentsio ezkutuaren arabera erregulatzen da.
Ildo horretatik, makina bat eskola ari dira espazioaren antolaketan hausnarketa abiatu eta eraldaketarako urratsak egiten. Bejondeiela! Baina nolakoa izan behar du argiarekin jolasteko espazioak eskolan? Espazioa antola-tzeko orduan eskola mailan erabiltzen ditugun irizpideak aplikagarriak al dira kasu honetan? Bada, erantzuna ezezkoa da. Argiarekin jolasteko espazioek, gainerakoek bezala, espazio aberats, atsegin eta armoniatsuak izan behar dute. Haurraren hizkuntza eta jolas guztiak ahalbidetu eta onartu behar ditu, eta aberatsa izango da alderdi guztietarako.
Argiarekin jolasteko espazioek magikoak izan behar dute; kolore eta argiarekin jolasteko espazioak dira, eta, beraz, espazioaren parte aktibo izan behar dute bi elementu horiek. Espazio horietan, argia eta distira dira ikur nagusiak, eta, horregatik, oso kolore-tsuak izan ohi dira argiarekin jolasteko espazioak. Eskoletako espazioen antolaketarako kolore-hautaketarako irizpidea kolore neutroa erabiltzea da; horixe da gaur egungo joera nagusia. Bada, zentzu horretan, argiarekin jolasteko espazioetan, koloreak, distirak eta fluoreszentziak dira nagusi.
Hori bai, argiarekin jolasteko jarduerak aurkezteko modua ere aztertu behar da. Garrantzitsuak dira ordena, oreka eta zentzua hor ere. Lehen aipatu dudanez, kolorea eta distira dira elementu nagusiak jolaserako espazio horietan. Baina ordena ahaztu gabe. Hau da, jarduera baterako material koloretsuak aurkezterako orduan gama kromatikoari jarraitzeak ordena bisual eta estetikoa sorraraziko du.
Kontuan hartu beharreko beste alderdi bat espazioaren argitasun edo iluntasun maila izango da. Argi-mahai, esku-argi edota erretroproiektorearekin jolasteko espazio iluna behar dela uste izan da askotan, baina ez da guztiz horrela. Egia da iluntasun pixka batek argiaren efektuak biderkatzen dituela, baina ez da derrigorrezkoa iluntasun osoa izatea. Gainera, oso ilunak diren espazioek ez dute aukerarik uzten argi naturalarekin jolasteko.
Horretaz gain, Haur Hezkuntzako zein Lehen Hezkuntzako ikasleekin lanean dihardugunean, aurreikusi behar genituzke iluntasunak sorrarazi ditzakeen egonezin eta beldurrak ere. Beraz, argi beltzarekin jolasteko jarduerak antolatu ezean, argitasun maila batzuk onar genitzake, haurrak eroso eta seguru senti daitezen.
Espazioaren antolaketarekin amai-tzeko, interesgarria da aurrez gainerako beste alderdi hauez ere hausnar-tzea:
Nolakoa izango da jolasteko erabiliko dugun espazioa? Argi-laborategi bat izango da, gelako mikroespazio bat, jarduera puntual bat…?
Espazioan zein eta zenbat argi-euskarri erabiliko ditugu?
Nola kokatuko ditugu argi-euskarriak, horizontalean, bertikalean (negatoskopioak), leihoetan (material gardenak)?
Zer-nolako materialak erabiliko ditugu argiarekin jolasteko? Denak izango dira gardenak, zeharrargiak, baina koloretakoak, opakuak? Denetik pixka bat? Nola aurkeztuko ditugu material horiek? Zenbat izango dira? Gogoratu aniztasuna garrantzitsua dela, baina aniztasunak ez duela kantitateaz asko esan nahi.
Espazio horretan ezarriko dugu jarduera edo proposamenak mugatzeko elementurik? Alfonbrak, mahaiak, errezelak edota altzariak, adibidez.
Ispiluak erabiliko ditugu? Zergatik eta zer jolas-proposamenetan?
Jolas-proposamen bakoitzaren denbora, maiztasuna eta aldi bereko erabiltzaile kopurua zenbatekoa izango da?
Ikusten duzuen bezala, makinatxo bat alderdi dira argiarekin jolasean hasi aurretik hezitzaile garen aldetik pentsatu beharko ditugunak. Beste kontu bat izango da eskolako kanpo-espazioan argiarekin jolasteko aukera bat-batean sortzen bada. Horrek ere badu bere grazia, magia. Ez al duzue uste? Eta bat-bateko esperientzia eta jolas horri ere bide eman behar diogu gaur egungo eskolan.
Argiaren pedagogia bai, baina nondik hasi?
Argiarekin lotutako jolas-proposamenak eta materialen irudiak ikustean, denok liluratzen gara pixka bat, eta berehala horiekin hasteko desiratzen egoten gara. Baina, gaiaren inguruan arakatzen hasiz gero, lehen zalan-tza sortzen da: nondik hasiko gara? Dagoeneko hasi gara argi-mahaiarekin jarduerak eskaintzen, baina ateratzen ote diogu nahikoa etekin? Sarri, hezi-tzaile ugari gerturatzen zaizkit antzeko galderekin. Eta erantzuna oso sinplea da. Nik hiru pausotan zehaztuko nituzke aurrera begirakoak:
Prestakuntza: beti bezala, ezezaguna eta berria zaigunaren aurrean ezagutza eta prestakuntza dira gakoak. Eta, kasu honetan, teoriarekin uztartutako eta bizipenetan oinarritutako prestakuntza praktikoei emango nieke garrantzia. Kasu honetan, ez du zerikusirik argiaren pedagogiari buruzko eduki- eta jarduera-proposamenak irakur-tzeak edota horiek jolasean probatu eta ezagutzeak.
Eskura ditugun argi-baliabideekin eta baliabide materialekin hasi. Argi naturala, esku-argiak, cd zaharrak, zelofanak, kartoizko kaxak, plastikoak… Eskura ditugun eta gastu asko ez dakarkiguten jarduera eta materialekin hasi. Izan ere, hor ikusi edo atzemango ditugu hurrena gastatu beharrekoak. Puntu honetan ere, aipatzekoa da DIY filosofia aplikatzea (Do It Yourself edo zuk zeuk egin filosofia). Material polit askoak sortu baikenitzake (Oharra: Argi-mahaiak egitea pentsatuz gero, arreta jarri argi motetan eta euskarrietan. Ez daitezela arriskutsuak izan begietarako, eta ez daitezela hauskorrak izan).
Eskolako hezitzaileen artean, adostu zein izango den argiaren pedagogiak eskolako hezkuntza-proiektuan izango duen lekua. Hori adostu eta aurreko pausoak egin ondoren, has gintezke gure argi-laborategiak edo argiarekin jolasteko mikroespazioak eraikitzen eta materialez hornitzen.
Hala ere, kontuan izan hau proposamen bat besterik ez dela, eta onena norberak bere ibilbidea egitea dela, testuinguruko errealitatea eta beharrak aintzat hartuta.
Argitu eta kolorezta ditzagun, beraz, eskolak!