239. editoriala: Bigarren Hezkuntzako ikastetxe ‘aspergarriak’ eraldatzea posible da

2019-06-01

BIGARREN HEZKUNTZA ‘SERIOA’ DA, BAINA HORREK EZ DU ESAN NAHI DAGOEN EREDUA BERE HORRETAN MANTENDU BEHAR DENIK. BESTE MODU BATERA LAN EGIN DAITEKE.

 
 

Aurreko zenbakian Hik Hasitik Kataluniara egindako bidaia pedagogikoaz mintzatu ginen. Eta soka hari tiraka kontu berri bat dakargu. Izan ere, zenbaki honetako gaian han bisitatu genuen ikastetxe bati buruzko erreportajea dator: Sant Sadurní d´Anoia herriko Jacint Verdaguer institutu-eskolari buruzkoa, hain zuzen ere. Zer du, bada, berezia ikastetxe horrek? Eraldaketa Bigarren Hezkuntzan ere egiten ari direla. Ohikoagoa da Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan egitea aldaketak, haurraren erritmoa eta garapena errespetatzea, irakaslea haurraren bidelagun izatea, jolasari leku egitea, ebaluazio irizpideak aldatzea eta abar. Baina Bigarren Hezkuntzan... kasu! Gauza “serioa” da Bigarren Hezkuntza eta ez dago brometarako astirik: curriculuma, edukiak, selektibitatea...

Jacint Verdaguerrekoek, ordea, seriotasunik galdu gabe, hori guztia bigarren mailan jarri dute eta erdigunean ikasleak jarri dituzte. Hori da egin duten iraultza. Derrigorrezko Hezkun-
tza bukatutakoan ikasleak ikasteko teknikak edukita ateratzea dute xede, autonomoak izatea, taldean lan egiten jakitea eta konpetentzia instrumentalak edukitzea, besteak beste. Baina hori dena bidean gozatuz, ikasi bitartean emozionatuz, gazteen begirada errespetatuz... Hezkuntza aspergarria ez izatea lortu nahi dute.

Horretarako, nola ez, funtsezkoa da begirada aldatuko duten irakasle konprometituak izatea klaustroan. Euskal Herrian bezala Katalunian, eta Haur Hezkuntzan bezala Bigarren Hezkuntzan, behin eta berriz errepikatzen den kexa da: hezkuntza proiektu bat aurrera eramateko ezinbestekoa da horretan sinesten duen eta lan egin nahi duen irakasle eta zuzendaritza taldea. Kataluniako Hezkuntza Legearen barruan hori bideratzeko urratsak ematen ari dira: ikastetxeen profilari lotutako lanpostuak eska ditzakete zentroek. Ikastetxeak gustura daude aukera horrekin, eta baliatzen dute. Eta baita “egonaldiak” egiteko aukera ere: hilabete batez beste ikastetxeetara joatea lanera. Euskal herritarrontzat bide hori irekiko balitz, ederra eta aberatsa litzateke Jacint Verdaguerren hilabete bateko egonaldia egitea.