Zer-nolako erabilera du jolasak gizartea eraldatzeko? RUBEN GALLEGO

2019-06-01

 

InteRedek, 1992az geroztik, bidegabekeriak egun eragiten duen errealitate sozioekonomikoa eraldatzen dihardu, bai eta pobreziaren, berdintasun ezaren eta bazterketaren aurka borrokan ere, gizarte-hezkuntzako prozesuen bidez eta giza eskubideetan eta generoan oinarritutako ikuspegi bat hartuta.

 

 
 

Hori horrela izanik, bai jolas kooperatiboa eta bai ludopedagogia ikuspegi batetik lantzen ditugu, sortu berri dugun lan kolektibo batetik: zaintzen pedagogiaren bidez eta eraikitzeko ekarpenen bidez. Zaintzen pedagogiaren bidez, nagusi den garapen-eredua zalantzan jarriko duen hezkidetza-eredu bat eraiki nahi dugu, genero-berdintasunari lehentasuna emango dion eredu bat, guztiz bestelakoa.

Curriculum-edukiak, metodologia eta irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuak berregituratzea ekarriko duen hezkuntza-proposamen baten aldeko apustua egiten dugu, zaintza oinarrizko printzipio bihurtzeko. Eskola-testuinguruko beste eragile batzuek ikaskuntza-prozesu horietan parte hartzea ere ekarriko du horrek, hala nola komunitateak. Elkarrizketarako eta elkarren arteko trukerako espazioak ireki behar dira, hezitzaileek beren jardunbideak eta egiteko moduak berrazter ditzaten noizbehinka, dagozkien testuinguruetara eta ikasleen beharretara egokitzeko etengabe.

Zaintzen pedagogia lantzearekin batera, InteRedek Jolas eta Ekin proiektua ere garatzen du Euskal Herriko hamar ikastetxetan, Serso San Viator eta Gizakien Lurra erakundeekin batera, gizartea eraldatzeko prozesu horiek bideratzen laguntzeko.

Hemen jaso duguna Etenaldia liburuko atal baten laburpena da.

 

Jolasa eta haren garrantzia

Zaila da jolasa hitzaren edo jolasteko ekintzaren definizio bakarra ematea, baina gure bizitzako lehen hilabete edo egunetatik hasten gara jolasten. Jolasak berezko gaitasuna du helduak eta haiek barnean daramaten haurra harremanetan jartzeko. Zentzu horretan, oso garrantzitsua da ohartzea jolasa adierazteko modu bat dela, eta, haren bitartez, pertsona bakoitzaren pentsaera eta sentitzeko modua islatzen direla; hau da, pertsona izatearen adierazpena da.

Terry Orlick-ek dioenez, “jolastea bitarteko ezin hobea da gizarte-ikaskuntza positiborako; izan ere, naturala, aktiboa eta oso motibatzailea da (…). Jolasek etengabe inplikatzen dituzte pertsonak ekintza-, erreakzio-, sentsazio- eta esperimentazio-prozesuetan”.

Jolasa adierazteko eta garapenerako modu bat dela ulertzeko eta ikusteko ildo horri jarraituz eta bizimodua zer gizarte-ingurunetan garatzen den kontuan hartuta, honako hauxe dio Maite Garaigordobilek: “Jolasak oso eginkizun garrantzitsua du gizakien nortasunaren eraketan. Jolasa funtsezko behar bat da; giza garapenerako ezinbestekoa, esango nuke. Gorputzaren eta zentzumenen garapena sustatzen du, bai eta haurren pentsatzeko gaitasuna eta sormena ere. Komunikatzeko, sozializatzeko eta garapen moralerako tresna ahaltsua da, bai eta emozioak adierazteko eta kontrolatzeko tresna bat ere, oreka psikikoa eta osasun mentala sustatzen dituena”.

Pascal Derú are urrunago doa, eta, bere esperientzian oinarrituta, jolasak gizarte-ingurune horren eraldaketan daukan indarra azaltzen digu, jolasa honela deskribatuz: “Bizitzan aurrera egiteko urrats txikiak. Jolastea bizitzan zerbaiten alde egitea da, globalizazio-ideia bati aurka egitea. Jolastea denbora lapurtzen digun gizarteari aurre egitea da, denbora berreskuratzea. Jolas kooperatiboetan aritzen garenean, harremanak berreskuratzen ditugu. Jolas kooperatiboetan, beste pertsonen indarrak aukera bat dira niretzat. Jada ez dago mehatxurik. Orduan azal gaitezke garen bezala”.

 

Jolas kooperatiboak: eraldaketaren eragile

Jolas ezagunenak gure gizarte-egituraren isla zehatzak dira. Horregatik, hezitzaile garen aldetik, proposatuko dugun jolasak ez badu errealitatearen irakurketa kritikoa egiten, gizartean nagusi diren balio-eskala, adierazteko moduak eta harremanak egiteko moduak erakutsiko ditu jolasak. Zentzu horretan, antzekotasun hauek aurkituko ditugu gure gizarte-dinamikak arautzen dituen sistema kapitalista, lehiakor eta heteropatriarkalaren eta egitura lehiakorreko jolasen artean:

 

SISTEMA KAPITALISTA

JOLAS LEHIAKORRAK

Kapitala da muina, ez pertsonak.

Irabaztea da xedea, ez pertsonak.

Gizartea mailakatuta dago.

Garaileak eta garaituak daude: 1.a, 2.a, 3.a eta abar.

Harreman bertikalak - botere hierarkikoa.

Irabazlea besteen gainetik dago (podiuma).

Pertsona batzuek gizarte-bazterketa jasaten dute.

Pertsona batzuk kanporatu egiten dira.

Arauak eta legeak zurrunak dira, eta ezarrita daude. Arauak sortzeko eta aldatzeko aukera gutxi.

Arauak eginak eta emanda daude. Elkarrizketarako eta adostasunerako aukera gutxi.

Emaitza eta haren kuantifikazioa dira gauzarik garrantzitsuena.

Irabaztea edo galtzea eta ahalik eta alderdik handiena ateratzea da gauzarik garrantzitsuena.

Kapital handiena dutenek izango dute baliabideak eta ongizatea eskuratzeko eta kontrolatzeko aukera gehien.

Jolasean aintzat hartutako abilezia garatuena daukanak izango du irabazteko aukera gehien.

Presaren eta hazkuntza mugagabearen kultura.

Lehena izatea eta ahalik eta alderik handiena ateratzea da balio duena.

 

Haurrak egitura lehiakorreko jolasetan aritzen dira, eta, hala, etorkizunean, helduak direnean, baliagarriak izango zaizkien balioak ikasiko dituzte, trebetasunak barneratuko dituzte, eta jarrerak garatuko. Era berean, helduok gizartean garatuko ditugun balioak, trebetasunak eta jarrerak indartzen ditugu.

Gizarte-balioen sistema hegemonikoaren eta balio horiek pertsonengan gauzatzearen artean sortutako gurpil zoroa hausteko, eraldatu egin behar da haurrek ikaskuntzan garatzen duten errealitatea. Jakina da haurrek jolasa erabiltzen dutela errealitatea berenganatzeko, eta haien garapenerako funtsezko tresna dela. Hala, bakea, zaintza, inklusioa, sormena eta harreman horizontalak sustatzen dituzten balioak jolasean berezkoak izatea lortzen badugu, gizartean nagusi den balio-eskalaren bestelakoa den ingurune batean egingo dute haurrek ikasketa-prozesua; hortxe hasiko da etorkizunean izango diren helduen eta garatuko dituzten gizarte-dinamiken eraldaketa-prozesua.

Esku-hartze horretan, jolas kooperatiboek berebiziko garrantzia dute guretzat. Ideia hori argitzeko, neurri handi batean gure gizartearen balioak errepikatzen dituzten jolas konpetitiboak eta gizarte-eraldaketarako bitartekotzat ulertzen ditugun jolas kooperatiboak alderatuko ditugu:

 

JOLAS LEHIAKORRAK

JOLAS KOOPERATIBOAK

Irabaztea da xedea, ez pertsonak.

Xedea pertsona guztiekin irabaztea da.

Garaileak eta garaituak daude. Irabazlea besteen gainetik dago (podiuma).

Denek irabazten edo galtzen dute, eta aldi berean.

Pertsona batzuk kanporatu egiten dira.

Ez da inor kanporatzen, inklusioa.

Arauak eginda eta emanda daude. Elkarrizketarako eta topaketarako aukera gutxi.

Arauak malguak dira, aldatu eta adostu egin daitezke; horrek topaketarako bidea ematen du.

Garrantzitsua da irabaztea edo galtzea, eta zenbateko aldearekin. Azken uneak du garrantzia.

Jolasean bizitako prozesua ere garrantzitsua da, ez bakarrik jolasaren amaiera.

Indargune handienak dituzten pertsonek izango dute jolasten ari diren jolasean irabazteko aukera gehien.

Pertsonek taldearen esku uzten dituzte beren aukera eta indarguneak, proposatutako erronka gainditzeko.

Lehena izatea da gauzarik garrantzi-tsuena.

Pertsona guztiak batera iristen dira jolasaren amaierara.

 

Jolas kooperatiboak eta eraldaketa soziala

Garapenerako gobernuz kanpoko erakunde bat garen aldetik, gure helmuga eraldaketa soziala da, bizitzaren iraunkortasuna eta zaintzak erdian jarriko dituen garapen-eredua lortzeko eraldaketa; Amaia Pérez Orozcok (ekonomista eta feminista) dioenez, “bizitza erdian jartzea, bizitza mespretxatzen duen sistema bat iraultzeko”.

Prozesu hori gerta dadin, ezinbestekoa da geure burua zaintzea, eta taldea osatzen duten pertsonei gu zaintzen uztea. Jolasaren bitartez taldea osatzen dugun pertsonengan arreta jartzeak eragindako plazera eta ongizatea bizitzea lagungarria izan daiteke, gure bizitzan eta gizarte-garapenean ere zaintzek zer-nolako eginkizun nagusia betetzen duten ikusarazteko eta horiek balioesteko.

Enrique Pérez Oliverasek (gorputz hezkuntzako irakasle uruguaiarra) proposatzen du jolasa esperimentatzeko erabiltzea, eta errealitatea eraldatzeko aukerari behatzea: “Lankidetzak arazoak eta gatazkak konpontzen lagundu dezake; jolasak kontuan hartzen baditu elkartasuna eta lankidetza, gutako bakoitzak zer-nolako ahalmena duen proba dezakegu, bizi dugun errealitateak jarritako arazoei konponbide sortzaileak emateko taldean. Hortaz, jolasetan lankidetzaz hitz egiteak beste aldaketa-prozesu batzuen protagonista ere izan gaitezkeela esan nahi du”.

Pascal Derúk ere jolas kooperatiboak eraldaketa sozialarekin lotzen ditu, honako hau esaten duenean: “Nire lanbidean zenbat eta aurrerago egin, gero eta gehiago ohartzen naiz jolastea gure denbora lapurtzen digun gizarte-eredu bati aurre egiteko modu bat dela, jolasean gure denbora taldearen esku uzten baitugu. Jolastea ez da telebista ikustea; gauza on bat elkarrekin bizitzea da. Dena berehala eskatzen duen gizarte-ereduari aurre egitea da jolastea, modak eta kontsumoak gonbidatutako gizarte-ereduari aurre egitea. Jolastea globalizazioari aurre egitea da, tokian tokiko irudimen-jolasak proposatuz, mundu guztiak gustu berak ez dituela adieraziz eta bestelako jolasetan ondo pasatuz. Jolastea indarraren legeak arautzen duen gizarteari aurre egitea da; batez ere, jolas kooperatiboak proposatzen ditugunean, txikitxoenei beren lekua aitortzen dieten jolasetan, pertsonen hauskortasunetik abiatuta zerbait eraikitzen dugunean. Gure erresistentzia-proiektua edozein dela ere, gauzarik garrantzitsuenak ez dira erabili ditugun jolasak, gauzarik garrantzitsuena borondate ona da: nola hartu zaitudan jolasean, nola ematen dizudan hazteko aukera jolas eginez”.

Jolas kooperatiboa eta ludopedagogia eraldaketarako tresna bihurtzen dituen gakoetako bat metodologia bera da, esperimentazioan oinarritutako metodologia. Ikuspegi sozioafektibotik egiten da lan, afektuen eta bizipenen alderdia sustatuz; hala, aukera ematen zaio pertsonari bere osotasunean –buruarekin, gorputzarekin eta emozioekin– hezkuntza-prozesuan parte hartzeko. Hiru une ditu ikaskuntza-prozesuak:

  • Sentitzea, nork bere larruazalean nabaritzea.
  • Pentsatzea edo hausnartzea, jolasean sentitutakoari eta bizitakoari buruz. Taldean adieraztea eta elkarrekin banatzea. Ikaskuntzak ondorioztatzea. Jolasean bizitako gatazka txikien eta emozioen egunerokotasuna baliatzea, gure egunerokoarekin eta munduarekin lotzeko.
  • Ekitea, taldean eta, hedaduraz, gizartean bizikidetza demokratikoa lortzeko. Ahalduntzea, banakako eta taldeko aldaketaren eragile gisa.

Hortaz, ikuspegi sozioafektiboari esker, balioak, jarrerak eta edukiak ikasteaz gain, esperimentazioaren ondorioz ere ikasiko dugu, eta hortik abiatuta eraikiko ditugu ezagutzak taldean.

Hala, herri-hezkuntzaren filosofiarekin bat egiten du; izan ere, ezagutza pertsonengandik dator, garen horretatik, gure praktika eta testuingurutik, eta ezinbestean islatzen da jolasean eta taldeko dinamikan parte hartzeko dugun moduan. Hezkuntza-prozesua irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesu den aldetik ulertzen da, partaideen arteko jakintza, elkarrizketa gisa; horrenbestez, herritar kritikoak, tokiko eta munduko errealitatearen protagonista izango diren herritarrak, sortzeko prozesu bihurtuko da.

Halaber, Paco Cascónek hiru etapa horietan oinarritutako metodo bat aipatzen du: “Lan egiteko modu horizontal, parte-hartzaile eta ludikoan sinesten dugu, edukiak esperientzia eta errealitate bat oinarri hartuta proposatzen dituena, eta denok geure azalean senti dezakeguna, esperientzia pertsonala eta hurbilekoa balitz bezala; hortik abiatuta, sakondu eta aztertu egingo dugu”.

Hortaz, jolas kooperatiboen eta ludopedagogiaren bitartez, harremanak lehiakortasunetik kanpo egiteko eta ekiteko beste logika batzuk proba ditzakegu. Jolas kooperatiboetan, lehiak lekua uzten dio lankidetzari, eta, horri esker, pertsona guztiek lekua dute taldean; hala, autoestimua indartzen da, eta desberdintasunak onartzen dira. Hortaz, esperientzia atseginei inklusioa, bizikidetza, indarkeriarik eza, besteekiko errespetua, lankidetza eta boterearen erabilera eraikitzaile eta kolektiboa gehitzen badizkiegu, ohitura horiek sendotuko ditugu gure eguneroko bizitzan, eta bake-kulturan, bizikidetzan eta giza eskubideetan oinarritutako gizartea eraikitzen lagunduko dugu.

Aurretik ezarritako edukiak kontuan izanik, ondoriozta dezakegu gizarte libre bat eraiki dezakegula, umeen askatasunean eta jolas librean barneratzen diren ikaskuntzak aintzat hartzen ditugunean. Jolas kooperatiboak sendagai dira gure gizarte gaixoarentzat, batez ere umeen garapenean eta helduen emozioen kudeaketaren arloan. Aspalditik, jakin badakigu izaki bizidun bat beti bere osotasunean haziko dela, testuinguru egokian murgiltzen bada. Gure gizartearen eta hezkuntza-sistemen premiazko erronka testuinguru hori seguru eta konfiantzazko habitat bilakatzea da, hor sortzen diren harremanak eta zaintzaile, hezitzaile, bidelagun, irakasle, begirale edo dena delako figura profesionalarekin sortuko den atxikimendua zainduz eta bermatuz. Ezinbestekoa da hezkuntzak eskatzen duen espazio-eraldaketa horri gizarte bezala dauzkagun baliabide askotarikoak eskaintzea, batez ere arlo ekonomikoan eta pedagogikoan.

Badira gure gizartean eraiki nahi den hezkuntza-sistemaren inguruko zalantzak. Une egokia da berriz ere jolasteak dakartzan esperientziekin bustitzeko, sentitzeko eta, azken finean, gure bizitza berreskuratzeko. Hori izango litzateke gizarte-eraldaketarik sakonena.