LORATZEAZ

2020-01-01
 
 

J

ulio Cortazarrek bi hilabeteko literatura-ikastaroa eman zuen Berkeleyn (Kalifornia), 1980an, eta eskola horien transkripzioa liburu bihurtuta irakurri nuen duela zenbait urte. Sekulako hizketa-gaitasuna zuen argentinarrak; bereziki inbidiagarria egin zitzaidan zer graziaz kontatzen zituen gauzak. Bere lanen eta beste batzuen irakurketak txandakatzen zituen, hala testuen musikaltasuna, nola ipuin fantastikoak, errealismoa, literatura soziala eta hizkuntzaren tranpak azaltzeko. Ehun ikasle inguru izan zituen, eta eskola bakoitzaren ondoko galde-erantzunak ere biltzen ditu saiakerak. Tutoretza-orduak, beti gainezka. Liburua irakurri nuelarik, buruan izan nuen zer esanen niokeen nik gizon garai hari bulegora joan behar izanen banu; edozein aitzakia litzateke on, zinez, haren bulegora joateko. 

Letren fakultatean irakasle hasi nintzenean ere, giro hori sortzea nuen helburu: ikasleak eskola ondoren solasaldirako gogoz gelditzea, tutoretza-orduetan galdezka etortzea. Ez nuen lortu, ez nahi bezainbat. Ni ikasle nintzela, ongi gogoan ditut eztabaida arrakastaz sustatzen zuten irakasleak, esku bakarrarekin kontatzen ahal baitira. Nork ez ditu halakoak gogoan. Curriculumak mugatua baitu solasa, edukiak gailentzen dira ordutegi hertsien eta merkantilizazioaren ereduan. 

Ikasle garaitik gelditu zaizkigun eduki gehienek, ordea, zerikusi gutxi dute testuliburuekin. Lehen Hezkuntzan ginela, mailaketa batez jabetu nintzen, salatzaileak salatuak baino zigor handiagoa jaso zuenean. Ikasi genuen soinketa-irakasle gizonezkoei iruzur egiten ahal zitzaiela korrika egiteko gogorik ezean, hilekoaren aitzakian, eta, aldiz, irakaslea emakumezkoa zenean, ez. Institutuan, Madrilgo atentatuen egunean, irakasleei buruz gehiago ikasi genuen ikasgelatik kanpo, ordura arteko eskola guztietan baino. Orobat hezkuntza ez-arautuan: amak Goenkaleko tramak eta telebista aurreko eserialdiak baliatzen zituen alabarekin drogez, sexualitateaz eta erantzukizunez mintzatzeko. Eta zer esan eskolako patioan ikasten genuen guztiaz.

Berriki, DBHn irakasle dabilen lagun bati hurbileko adiskide bat hil zitzaion lan-istripuan, eta, biharamuneko eskolei ohikoan bezala erantzuteko gai ez zenez, heriotzaz mintzatu zitzaien ikasleei. Ez zaie berehalakoan ahaztuko. Homogeneizazioa eta lehiakortasuna zerbitzu publikoari eta komunitateari gailentzen zaizkion eredu batean, ordea, nekez halakorik, eta, ondorioz, bakanak saioak. Ikasleak geroz eta helduagoak, orduan eta mito eta literatura gutxiago.

Curriculumaren mugak aski ez, eta Carlos Gimeno Nafarroako Hezkuntzako kontseilariak harresia nahi: “Espainiako Konstituzioan jasota dauden eskubide, behar, printzipio eta balioak urratzen dituzten eskolaliburuak ezingo dira erabili”. Antza, gure mundua (gure iruditeria) zabal daiteke konstituzioak (eta horren aldekoen interpretazioak) baimentzen duen bezainbeste, ez harago. Hezkuntzari jendarte-eraldaketarako gaitasuna aitortu behar diogu, ezagutza konpartitzeko eta komunitatea indartzeko espazioa dela behingoz sinetsi.

Irakasle trebe bati eskolan eztabaidatzeko joko handia emanen liokeen elkarrizketa aski kaotiko batean, Juan Gorritik zioen hala kantarazten ziotela eskolan: «Cálzame las alpargatas, dame la boina, dame el fusil. Voy a matar más rojos que flores tienen mayo y abril». Gorritiri ez zaio sekula ahaztuko fruiturik emanen duen zuhaitzak aurretik behar duela loratu.