Posible al da eskolan beldur barik bizitzea?
Galdera hori egin zuen Alexander Barandiaran Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko irakasleak azaroan Hik Hasik antolaturik egin ziren 'Txikitako Beldurrak'
jardunaldietan. Myrtha Chokler, Jon Arana eta Katty Homar izan ziren beste hizlariak.
E
z, ezin da beldur barik bizi eskolan. Ezin da beldur barik bizi, ez eskolan, ez etxean eta ezta kalean ere. Eta, gainera, ez da komeni. Horra, labur-labur Alexander Barandiaranek azaroan Hik Hasik antolaturiko Txikitako Beldurrak jardunaldietan egin zuen hitzaldiko ideia nagusia. “Beldurra bizirauteko gaitasun bat da, berezkoa da eta bizitza guztian ondoan egongo da; belaunaldiz belaunaldi heredatu egiten dugu, eta horri esker iraun ahal izan dugu gaur arte”. Beraz, beldurrari esker bagara. Gizakia beldurrari esker da gizaki; izan ere, atxikimendua, esplorazioa edo erasoa bezala, beldurra bizirauteko estrategia ebolutibo bat da. “Baina beldurra desaktibatu egin behar da, ez badago desaktibaturik ezin gara beste ezein ekintzatan murgildu”.
Beldurrak bizi ditu haurrak eskolan, baina eskolan irakaslearen izuak eta gurasoen ikarak ere bizi dira. Elkarren ondoan bizi dira beldurrak: “Eta gure umea ez bada beste umeekin ondo moldatzen?”; “eta jotzen badute?”; “eta baztertzen badute?”; “eta negarrez pasatzen badu eguna edo ez badu ondo pasatzen?”; “eta gure haurra ez bada kapaz eskatzen diotena ikasteko?”; “eta gurasoak etortzen bazaizkit kontuak eskatzera?”; “eta gustatzen ez bazaie egiten dudana?”; “eta haurrak elkar joka hasten badira?”; “eta umeak aztoratzen bazaizkit eta kontrola galtzen badute eta ez badakit zer egin?”; “eta beste irakasleak jabetzen badira gelan egiten dudanaz?”; eta pentsatzen badute ez naizela irakasle ona?”; “Eta...”
Beldurrekin bizitzen ikasi behar dugu, baita eskolan ere. Baina beldurrei neurria hartzen ere ikasi behar dugu, gainditzen eta desaktibatzen, bizitzan (eskolan) aurrera egin ahal izateko. Hezitzaile garen aldetik, batez ere haurraren beldurrak aurreikusten eta beldur horiei aurrea hartzen saiatu behar dugu. Horra Alexander Barandiaran MUko HUHEZIko irakasleak, Myrtha Chokler psikomotrizista argentinarrak, Jon Arana Kiribil kabineteko psikomotrizista eta psikologoak eta Katty Homar psikomotrizista katalanak Txikitako beldurrak jardunaldietan azaldu zituzten ondorioetako batzuk.
Beldurra beharrezkoa dugu, eta baditu konnotazio positiboak. Jon Aranak aipatu zituen beldurraren aurpegi on batzuk: “Antropologiaren ikuspuntutik, beldurrak zentzu sozial bat dauka, beldurraren ñabardura batzuk interesgarriak dira erlazio sozialak arautzeko, adibidez, lotsa, errudun sentimendua... Psikologiaren ikuspuntutik, gure portaeraren garapenean eragina dauka beldurrak”. Baina izuak aurpegi iluna dauka, ugariak dira beldurraren ñabardura negatiboak; “torturatu baino ez gaituztela egiten sentitzen dugu —azaldu zuen Aranak—, absurdoak direlako edo larregizkoak direlako eta beren jatorria ulertzen ez dugulako edo gainditu ezin ditugulako.”
Beldurrak eta beldurrak daude. Ikara batzuk lagungarriak dira, eraikitzaileak, baina beste ikara batzuk suntsigarriak dira. Beldurrak hor daude, beraz, baina zer eduki behar du kontuan irakasleak eskolako testuinguruan, beldur hori haurrentzat ez dadin kaltegarri izan? Haurren garapenean, sozializazioan eta ikasketa-prozesuan oztopo egin ez dezaten, nola kudeatu ditzake hezitzaileak haurren beldurrak? Hizlari guztiek izan zuten eskolako testuingurua hizpide hainbat unetan, eta bi eremutan bil daitezke adituek esan zituztenak: batetik, ohartarazi zuten haurraren garapen-prozesua bera zaila dela, eta ondo zaindu behar dela, haurrari beldur berriak ez eragiteko. Eta, bestetik, hainbat estimuluk haurra beldurtu egin dezaketenez, nabarmendu zuten hizlariek hezitzaileak izuen prebentzioa eta kudeaketa presente izan behar dituela.
Zaindu haurra, zaindu giroa, zaindu materialak...
Beldurra pertsonaren garapenarekin loturik dago, Barandiaranek azaldu zuenez, eta zortzigarren hilabetean aktibatzen da izua. Etapa goiztiarrean garatzen diren izuak beldur arkaikoak dira, Aranak azaldu zuenez, eta horiek gorputzari loturikoak eta atxikimendu-figurari loturiko ikarak izaten dira: gorputzaren galera-sentsaziotik eratorriak eta atxikimendu-figuraren galeratik eta abandonutik eratorriak, hain zuzen ere. Gorputzaren galera-sentsaziotik erator litezkeen beldurrak saihesteko, haur txikiaren gorputza ondo zaintzeko deia egin zien Aranak hezitzaileei, bereziki 0-3 urte bitarteko etapan: “Umeak bere gorputz-sentsazio guztiak erregistratu egiten ditu: gosea, gosearen mina eta asebetetzearen lasaitasuna; gorputza hustea; hotza, beroa; etzana egotea, edo altxatua izatea… Gorputz-sentsazio horietako batzuk atseginak dira, beste batzuk ez hainbeste; eta beste batzuk mingarriak dira, eta umearen gorputzak erregistratu egiten ditu, eta gorputzean loturik gelditzen dira”. Haur txikiaren gorputza zaintzeko, Emmi Piklerren lan-ildoari jarraitzea gomendatu zuen Aranak.
Piklerrek Loczy institutuan garatu zuen mugimendu autonomo librearen pedagogia, eta zaintzen koreografiak bikain ezagutzen ditu Choklerrek; Aranari jarraiki, 0-3 urteko etapa horretan haurrak bere Nia eraikitzeko prozesua zeinen gogorra den nabarmendu zien hezitzaileei: “Guk helduok ezingo genuke motxila hori zamatu”. Haur txikiaren ekinean oztoporik ez jartzeko eskatu zien hezitzaileei: “Bilatu gabe ere bizitzak beldurrak ekarriko dizkio haurrari; ez diezazkiogun, bada, guk beldur gehiago ezarri bidean”. Niaren eraikuntza-prozesuan lanean ari den haur txikiari bere buruarengan segurtasun eta egonkortasun handiagoa eskainiko dion ingurunea, materialak eta helduak ezartzearen alde egin zuen Choklerrek: “Bere buruarengan segurtasuna eta egonkortasun handiagoa izateak eraikitzen ari den hori baieztatzen eta ziurtatzen lagunduko dio, eta abantaila handia izango da hori lan neketsu horretan”. Horren ondorioz, haur txikiak kontrolatu ezin dituen posturetan, jarreretan, egoeretan edo galeren aurrean jartzea haurraren Niaren eraikuntzaren kontra egitea litzateke.
Ez beldurtu haurra
Eraikuntza-prozesuan murgilduta dagoen haurra gehiago ez beldurtzeko eta prozesu horretan mesede egiteko, honako galdera hau egin behar dio behin eta berriro hezitzaileak bere buruari, Choklerren arabera: “Egingo dudan ekintza honek, aurkeztuko diodan material honek edo berarekin egongo den heldu esanguratsu honek haurrari bere Nia eraikitzen lagunduko dio ala oztopo izango da?”. Sostengua, segurtasuna, jarraikortasuna behar ditu haur txikiak: “Egoera arrotzek beldurtu egingo dute haurra —azaldu zuen piskomotrizistak—, eta horrek urrundu egingo du bere Nia eraikitzeko behar duen segurtasunetik”.
Choklerrek aipatu bezala, egoera arrotzek, eta, oro har, berritasunek, beldurtu egin dezakete haurra eskolan. Berritasunak, Barandiaranek sakondu zuen eran, beldurra, jakin-mina edota erasoa aktiba baititzake: “Haur Hezkuntzan berritasun bat sartzen dugunean —material berria, ekintza berria, ordezko pertsona berria...—, asko zaindu behar dugu haurra: umearen baretasuna eta segurtasuna oso kontuan izan behar ditugu, eta asko zaindu behar dugu une hori, bestela, jakin-mina aktibatu beharrean, beldurra aktiba baitezakegu”.
Ingurune ezegonkorrak
beldurrak areagotzen ditu
Haur-eskola bateko 8, 9 eta 10 hilabeteko ume txikiak gelatina gorriz, horiz eta urdinez beteriko ontzietan sartu zituzten esperientzia bat kontatu zuen Choklerrek, eta argazkien bidez azaldu zuen haur txiki haiek ekintza berri harekin bizi izan zuten higuina eta beldurra. “Bere gorputzaren osotasuna esperimentatzen ari den haurrarentzat ez da esperientzia atsegina material ezegonkorrak ukitzea. Beraz, ekintza edo material berri bat eskaini behar diozuenean, galdetu zeuen buruoi segurtasuna ala segurtasunik eza emango diozuen, mesede ala oztopo egingo diogun haurrari” azaldu zuen Choklerrek. Gainera, haurren beldurrez gain, andereñoen ikara ere deskribatu zuen hizlariak: “Andereñoa frustratu egin zen planifikatu zuen ekintzak porrot egin zuelako. Baina nori begirako ekintzak dira halakoak?” galdetu zuen, erretorikoki, psikomotrizistak. “Niri, hezitzaile naizen aldetik, ekintza oso dibertigarria irudi dakidake agian mozorrotzea, edo material gelatinoso edo hauskorrak aurkeztea, baita jolas gisa haurra airera bota eta ondoren besarkatzea ere... baina, oreka menderatzen ez duen haurrarentzat edo bere gorputza barreiatzen ari dela sentitzen duenarentzat, larritasun ikaragarria da galera hori guztia bizitzea, eta, haurrak behar dituen segurtasuna eta autonomia bultzatu beharrean, segurtasun falta eta helduarekiko mendekotasuna bultzatzen ari naiz”. Globoen eta antzeko material iragankorren ordez, edo gelatina bezalako material ezegonkorren partez, material sendoagoen aldeko apustua egiten du Choklerrek. “Ikusi ahal izan genuen, haur horiexek, dispertsioaren aurrean halako larritasuna erakusten zuten haur horiek, hauskortasunaren eta gelatinaren aurrean beldurtzen ziren haur horiek, beste mota bateko materialekin, material gogor eta egonkorrekin nahiz erreferentzia puntuak eskaintzen zizkieten materialekin oso eroso zeudela eta esploratzeko gogoz eta interes handiarekin murgildu zirela ekintzan... Ez ziren edozer gauzarekin beldurtzen ziren haurrak, ez zitzaien material guztiekin ikara aktibatzen, baizik eta gauza, ekintza eta material ezegonkorrekin beldurtzen ziren; hau da, proposamenak berak eragiten zien beldurra, eta materialak berak haur beldurti eta zaurgarriago bilakatzen zituen”. Choklerrek ondorioztatu zuenez, haurrari eskaintzen zaion ingurunea ezegonkorra denean, haurraren zaurgarritasuna eta ezegonkortasuna aktibatu egiten dira; aldiz, haurrak objektu sendoagoak eta egonkorragoak dituenean eskura, bere barneko sendotasuna eta egonkortasuna proiektatzen ditu.
Hezitzaileak buruan izan behar luke, hizlariaren aburuz, ingurune hauskorra, dispertsoa eta ezegonkorra ingurune mehatxagarria dela haurrarentzako, “eta gaur egun, kasu askotan, haurra ingurune mehatxagarrietan bizi da, eta nahasmena, desorientazioa, konfiantza gabezia eta larritasuna sortzen ditu inguruneak haur txikiarengan, eta haren gorputz-galera infinituaren eta abandonuaren aurreko beldurra suspertzen ditu”.
Choklerrek aurkeztu zuen gisako ekintzak egin aurretik, Barandiaranek proposatu zuen beldurraren prebentzioa egin behar duela hezitzaileak: “Horrek esan nahi du asko zaindu behar dugula haurrei eskaintzen diegun giroa, beldurra eman dezaketen estimuluak —bat-bateko soinu altuak, argi-ilunak...— saihestuz. Ziurtatu behar dugu umeari eskaintzen dizkiogun esperientziak ezin direla txarrak izan; eskolan bizitako esperientzia txar batek eskola, bere osotasunean, esperientzia beldurgarri bezala bizitzera eraman baitezake haurra”. Izan ere, izu batzuk estimulu naturalek eragiten dituzte —aipaturiko argi-ilunak, zaratak…— baina beste ikara batzuk ikasiak edo estimulu kulturalek aktibatuak izaten dira, pertsona bakoitzak izandako esperientzia traumatikoen araberakoak.
Beldurraren prebentzioa egin behar da, baita ere, edozelako berrikuntza sartzen den unean; asko zaindu behar dira berrikuntza-uneak eskolan, eta zer esanik ez ikasturte berriaren hasiera, Barandiaranek azaldu zuen eran, faktore berri asko sartzen baitira haurraren bizitzan: bakardadea, pertsona arrotzak, egoera berriak… “Ikasturte hasieran hezitzaileok daukagun erronka nagusia da ikasleak seguru senti daitezela eskolan. Horretan denbora asko inbertitu behar dugu, konfiantza eraikitzen ez badugu, beste guztiak ez dauka inolako zentzurik”.
Egokitzapena ongi egitearen garrantzia nabarmendu zuen irakasleak: “Eskolan haurra bakarrik geldituko da pertsona ezezagun batekin, zer aktibatuko da? Beldurra. Beraz, zaindu dezagun ongi une hori. Egokitzapena ez da ohitze-prozesu bat, segurtasuna esku batzuetatik besteetara pasatzen den unea da, familiako segurtasunetik eskolako segurtasunera. Horregatik zaindu behar dira hainbeste trantsizioak: egunerokoak, oporretakoak...”
Barandiaranek gogorarazi zuen, hezitzailea haurraren segurtasun-iturri izan ala ez, oso desberdina izango dela txikiaren jokaera: “Ez baditugu segurtasun-iturri gisa bizi, beldurtu egiten gara, eta larritasunean biziko gara eta ospa egin nahi izango dugu, beldurrarekin ihes egiteko jokabidea aktibatzen baita gure gorputzean. Beraz, haurrak beldurturik eduki nahi ez baditugu, zaindu zein heldu eta nola sartzen ditugun eskolan; nola egiten dira ordezkapenak? Nola bizi du haurrak lehengo irakaslea ez egotea? Edo jangelakoak?” Jangelako eta sukaldeko langileak proiektuaren parte diren neurrian, eskolako pertsona guztien joan-etorriak zaindu behar direla nabarmendu zuen Barandiaranek.
Aurreikusi ezin denean, kudeatu
Beldurra aurreikustea eta beldurrari aurrea hartzea da irakaslearen lehen egitekoa, Chocklerren eta Barandiaranen arabera, baina aurreikusi ez delako edo ezin izan zaiolako aurrea hartu behin beldurra aktibatu denean, berori gainditzen edo desaktibatzen lagundu behar du hezitzaileak, haurra egitasmoan murgil dadin. Barandiaranek funtsezkotzat jo zuen umearen beldur-jokabidea desaktibaturik egotea eskolan, “ez badago desaktibaturik, [haurrari] aurkezten diogun edozein esperientzia berri ez zaio baliagarri izango, haurraren lehentasuna beldurra desaktibatzea izango baita, eta ezingo du arretarik jarri beste edozein proposamenetan. Segurtasunik gabe sentitzen garenean, gure helburua, inkontzienteki, segurtasunera salto egitea da; seguru sentitzeko beharra oinarrizko beharra da. Beraz, beldurrarekin segurtasun falta aktibatzen baldin bada, haur horren lehen helburua segurtasuna lortzea izango denez, beste guztia bigarren maila batera pasako da”. Beldurra desaktibatzen ez denean, larritasunean gelditzen gara, eta larritasun-egoeran dagoen haurrak ezin du ikasi, ezin du ongi pasatu.
Beldurra gainditzeko hainbat errezeta eman zituzten hizlariek. Barandiaranek eta Choklerrek heldu esanguratsuari egin zioten erreferentzia, eta eskolako testuinguruan hezitzailea da heldu esanguratsua: “Nola neutralizatzen dira beldurrak? —galdegin zuen Choklerrek— Ondoan egonda, eskua emanda, abestuz, ipuina kontatuta, besarkatuta... lasaitasunaren bidez, seriotasuna, egonkortasuna eta atxikimendu-figurak eman dezakeen indarrarekin eta ingurune seguruak ematen duen sostenguarekin neutralizatzen dira beldurrak”. Ideia horrekin bat egin zuen Barandiaranek ere: “Beldurra segurtasuna ematen duen pertsonarekin eta pertsona esanguratsuarekin harremanetan jartzean desaktibatzen da”. Helduaren ardurari egin zion erreferentzia HUHEZIko irakasleak: “Harremanaren eta heziketaren funtsera garamatza horrek, helduaren ardurara. Beldurren gaian ere ezinbestekoa da heldu arduratsua: kalitatezko kontaktua behar du haur txikiak heldu esanguratsuarekin, haurrarekin egon behar du, haren beldurra desaktibatzen dela ikusi arte. Behin desaktibatzean, zerbait interesgarria ikusten badu, orduan aktibatu daiteke beste jokabide bat, esplorazioarekin edo jolasarekin zerikusia duena”.
Hitza jarri izuei
Txikitako beldurrak desaktibatzeko, edo, gutxienez, ongi kudeatzeko, beharrezkoa da izuak kanporatzea eta gorpuzten ez uztea. Beldurrak errekonozitzea eta hitza jartzea da beroriek gainditzeko lehen urratsa, Txikitako beldurrak jardunaldiko hizlariek adierazi zutenez. “Beldurrak ez dira ukatu behar —azaldu zuen Aranak—. Ezin ditugu alfonbra azpian gorde. Beldurrak aitortu egin behar dira. Esplizitatu, hitzez ez bada jolasaren bidez”. Haurrek hitz egin dezaten, baina, helduok izan behar dugu eredu, Katty Homarrek nabarmendu zuenez: “Haurrek euren emozioez hitz egin dezaten nahi badugu, geuk eman behar dugu eredu, eta geure emozioez eta sentimenduez hitz egin behar dugu”.
Helduok ere bai baditugu beldurrak, eta horiek ere eskolan bizi dira. Horregatik, haurraren beldurrak zaindu behar dira, lehendabizi, haurragatik, eta, ondoren, helduagatik. Choklerrek azaldu zuen eran, haurraren beldurrak kontuan izan gabe prestatu den ekintza batean haurraren izuak azaleratzen direnean, beldur horrek irakaslearengan ere eragin egiten du: “Haurraren beldurrak eta espero gabeko haserreek porrot sentsazioa eragiten diote irakasleari, eta horrek askotan irakaslea blokeatu egiten du. Beraz, helduongatik ere zaindu ditzagun haurren beldurrak”.
Mezu bat nabarmendu zen hizlarien ahotan: “Zaindu ditzagun haurrak”. Honela amaitu zuen Aranak bere jarduna: “Beldurrak bizi guztian izango ditugu bidelagun, baina txikitako beldurrak ondo kudeatzea heldutasunerako eta bizi osorako makulua izango da”. Eskolan beldurrak aurreikusteko deiarekin amaitu zuen Barandiaranek: “Aurreikusi eskoletan zer gerta daitekeen planteatzen ditugun esperientzia guztiekin. Haurtzaroa oso-oso fin zaindu behar dugu, ñabardura txikienak ere bai, haurtzaroko esperientziek baldintzatu egiten baikaituzte. Eta eduki buruan beldurra, beldurra aktiba daitekeela haur batengan edo gehiagorengan. Eta aktibatzen baldin bada, helduok hor egon behar dugu, gogoratu, hori da hezitzaileon funtzio garrantzitsuena: hor egotea”.