Motxiladun haurrei erantzuna emateko tresna aurkeztu du Sarek, hezkuntza komunitate osoarentzat
Eskola inklusiboaren
helburua haurren
eskubideak errespetatzea eta guztien beharrei
erantzutea da. Denei beso zabalik egitea harrera eta hitz egiteko eta parte
hartzeko aukera bermatzea. Xede hori abiapuntu
hartuta, motxiladun
haurrak, bizi duten
egoeragatik, behar
bereziak dituzten haurrak dira eta ondorioz, arreta berezia behar dutenak. Eskola komunitate osoaren erantzuna behar dute, eta horretan laguntzeko denon eskura jarri du euskal
preso, iheslari eta
deportatuen giza
eskubideen aldeko Sare elkarteak baliabide,
proposamen eta erremintaz betetako kutxatxo bat.
H
istoria hasten da ume batek 1.700 km egin behar dituenean ama, aita edo biak ikusteko. Umeekin zerikusirik ez duen kartzela politikak eragin zuzena duenean ume horiengan. Eta orduan hasten da historia, horrek ume horren bizitzako prozesu guztietan dauzkan inplikazioekin: eskolatzean, osasunean, gurasoekiko harremanean... Eskolatzea da Sare elkarteak landu duen gaia eta bi pedagogok egindako proposamen edo tresna bat jarri du hezitzaileen, irakasleen eta gurasoen eskura: Motxiladun haurrak, hezkuntza inklusiboaren ikuspegitik hezkuntza premien inguruko analisi eta proposamenak (www.sare.eus). Mariam Bilbatua Hezkuntza Zientzietan doktorea eta HUHEZIko irakaslea eta Esti Amenabarro Pedagogian lizentziatua eta EHUko Antropologia, Filosofia eta Hezkuntza fakultateko irakaslea dira egileak.
Bizi duten egoera dela-eta, behar bereziak dituzten haurrak dira gurasoak presondegian dituztenak, eta ondorioz, erantzun berezia eskatzen dutenak eskolatzeko garaian. Zentzu horretan, gaia politikatik atera eta haurren eskubideak azalarazi nahi izan dituzte. “Eskola inklusiboak ume guztien ongizatea bermatu behar du, eskolan babestuta sentitu behar dute. Eta horixe da guk egin dugun proposamenean eskatzen duguna. Eskola komunitateak aintzat har dezala ume horien egoera zein den eta zein behar dituzten. Eta gero, zehaztu ditzala zein pauso emango dituen umeak entzunak izan daitezen eta babestuak senti daitezen. Guk lan hori egiten laguntzeko erreminta jarri dugu guztien eskura”, dio Mariam Bilbatua Hezkuntza Zientzietan Doktoreak eta HUHEZIko irakasle ohiak.
Izan ere, horretarako beharra ikusi dute, eta hain zuzen ere behar horretatik sortu da tresna hau, Esti Amenabarro Pedagogian lizentziatua eta EHUko Antropologia, Filosofia eta Hezkuntza Falkultateko irakasleak kontatzen duenez: “Konturatu ginen ume hauek eskolara joaten direnean irakaslearen engaiamenduaren edo konpromisoaren arabera, nahiko erantzun desberdinak jasotzen zituztela: batzuetan lantzen zen gaia, beste batzuetan errealitate hori existituko ez balitz bezala jokatzen zuten... Orduan, arreta dei bat egin nahi izan dugu: 'e! haur hauek beste haurrek bizi ez duten errealitate bat bizi dute eta arreta berezia behar dute'. Guk eskola ulertzeko modu jakin bat definitzen dugu, ikuspegi inklusiboan oinarritua, eta zentzu horretan, aniztasunaren ikuspegi orokorretik, egoera hau beste bat gehiago da, eta erantzuna behar duena. Eskola zaintzeko esparru gisa definitzen dugu eta ume hauek eskolan zainduta egon behar dute. Eta zaintzeak esan nahi du aintzat hartzea gurasoa kartzelan egotea errealitate bat dela, hor dagoena, eta hori landuko duen hezitzailea eta hezkuntza komunitatea behar dituela haur horrek”.
Umeek behar duten arreta jasotzeko premia dute. Eta irakasleek arreta hori nola gauzatu jakitekoa. “Bai, behar hori ere antzematen genuen”, dio Amenabarrok. “Irakasleekin egon gara lan hau egiteko eta batek hala zioen: ‘Niri esan zidatenean ama kartzelan zuen ume bat izango nuela gelan, zer egingo dut ume honekin? pentsatu nuen’. Beste irakasle batzuk aipatu dute eraikitzen joan direla eta oso laguntza gutxi izan dutela eraikitzean. Beste batzuek diote gaiaz hitz egiten hasitakoan ez zekitela noraino hitz egin, gehiegi ez zutela sartu nahi eta noraezean geratzen zirela. Denek aipatu dute irizpide eta ezagutza falta izan dutela gai hau lantzean. Kartzelari buruz ikuspegi natural batetik hitz egiteko erremintak falta dituztela azpimarratu dute”. Hala kontatzen zuen irakasle batek: “Lehen egunean eskolara etorri zenean ‘non bizi izan zara orain arte?’ galdetu zioten eta ‘kartzelan amatxorekin’ erantzun zuen. ‘Eta non bizi nahi duzu?’, ‘kartzelan amatxorekin; orain hemen nago ezin dudalako han egon’ erantzun zuen. Lau urte pasa dira ume horrek hori esan zuenetik, eta oraindik ere gauza bera esaten jarraitzen du. Nik irakasle gisa hori entzun nionean gai honetaz hitz egiteko beldurra kendu zidan. Zeren ni beldur nintzen, ez nekien noraino hitz egin nezakeen umearekin horretaz. Gainera, gure gizartean kartzela itsusia da, negatiboa, gaiztoak daude... eta horrekin lotuta dauden kartzelaren inguruko kontaketek asko baldintzatzen dute ume hauen garapena. Hauentzat beraien ama edo aita ez da gaiztoa, guztiz kontrakoa. Beraien lotura afektibo-emozionalak bere horretan mantentzen dituzte”.
Hezitzaileez gain, gainerako gurasoek eta hezkuntza komunitate osoak baliabideak behar dituela azpimarratzen du Bilbatuak. “Eskola inklusiboaz eta demokratikoaz ari garenean, hezkuntza komunitate osoaz ari gara. Komunitate osoak eskaini behar du gaiaz hitz egiteko eta elkar ulertzeko aukera. Guretzat oso garrantzitsua izan da hezkuntza komunitateari tresna bat eskaintzea, gure hezkuntza sisteman daukagun erronka bat baita eta erantzuna eman behar baitiogu”.
Urruntasunak soka luzea dakar
Egileek bi oztopo nagusi antzematen dituzte haur hauen gizarteratzean: gurasoen urruntasuna eta eskolatzea eta gizarteratzea.
Gurasoekiko duten urruntasuna medio, ume hauek zailtasunak dituzte gurasoekin harreman normalizatua izateko. Kartzelan dagoen gurasoak ezin du eskolako sartu-irteeretan egon, adibidez. Bestetik, ume hauek 3 urte bete arte kartzelan daudenean amarekin, oso urrun egoten dira haien hezkuntza inguru egokitik eta haien familia zabaletik, eta ez daukate aukerarik kartzelatik ateratzen direnean haien gertuko testuinguru kulturala eta linguistikoa ezagutzeko. Deserrotze kulturala, soziala, familiartekoa... eragiten ditu dispertsioak. Eta horrek oztopatu egiten du 3 urte egindakoan Euskal Herrira etortzen direnean hemengo egokitzapena. “Hona etortzen direnean haientzat arrotza den espazio batean aurkitzen dira eta eskolatze berri bat hasten dute. Identifikazio bakarra da badakitela gurasoekin lotura duen espazio bat dela eta horrek lasaitzen ditu”, gehitzen du Bilbatuak.
Urruntasunak bisitara joateko bidaia luzeak dakartza, eta horrek nekea. Eta nekearekin batera beste mota bateko sintomatologiak sortzen direla diote adituek, gero astelehen goizean eskolara joandakoan modu nabarmenean agertzen direnak.
Baliagarriak izan daitezkeen
erremintak
Irakasleentzat, gurasoentzat eta eskola komunitate osoarentzat baliagarriak izan daitezkeen baliabideak topa daitezke lan honetan. Alde batetik zenbait irakasleren testigantzak biltzen dira. Eta, beste aldetik, Bitakora kaiera baliabide pedagogikoen kutxa ikus daiteke. Kutxa honetan ipuinekin, irudiekin eta beste hainbat euskarrirekin lantzeko proposamen didaktikoak planteatzen dira. Proposamen guztiek hasiera, garapena eta bukaera dute. “Baliabide horiek hautatu ditugu aukera ematen dutelako kartzelaz hitz egiteko, umeek modu ulergarrian irudikatzeko kartzela zer den eta arazo horiek umeengan sortzen dituzten emozioak ulertzeko”, azaltzen du Bilbatuak. “Funtsean espazioak zabaldu behar dira motxiladun umeek gai honetaz lasaitasunez hitz egiteko eta besteekin partekatzeko, entzunak direla sentitzeko, barruan daukatena eta haien bizipenak azaltzeko aukera izateko”.
Gaia lantzeko, egileek lagungarri eta argigarri izan daitezkeen irizpide batzuk ematen dituzte:
Kartzelan dauden gurasoen presentzia bermatzea: eskolan kartzelan dauden gurasoen presentzia bermatu egin behar da haiekiko komunikazioa ahalik eta zabalena izanez; gutunak idatziz, urtebetetzeetan zerbait eginez eta abar.
Ez saiatu kartzelako gurasoak ordezkatzen, umearentzat haiek gurasoak izaten jarraitzen dute eta gainerakoek beste funtzio bat betetzen dute.
Galdetzea eta gaia ateratzea: esate baterako, astelehenean bisita eginda datorrenean, zer moduz galdetzea. Kortesiazko kontu bat da, baina umearentzat erreferentziazko pertsona den irakasleak gurasoaz ez galdetzeak eragin kaltegarriak ekar ditzakeela diote adituek.
Terminologia eta erabiltzen diren hitzak zaindu: erantzun desegokiak egon ez daitezen, garrantzitsua da hitzak ondo zaintzea. “Esate baterako, kartzelan gaizkileak daudela esaten bada, ume batek gurasoa kartzelan baldin badu, mingarria izan daiteke esandako hori. Eta hurrengo galdera da ‘zergatik dago kartzelan?’. Beraz, landu daiteke nola hitz egiten den, zein hitz erabiltzen diren eta horren inguruan hausnartu.
Kartzelaren inguruko kontakizunak aldatzea.
Familiarekiko harremana zaintzea eta familiak daukan errelatoa errespetatzea kontraesanak saihesteko eta denek modu berean jokatzeko.
Hau abiapuntu bat baino ez da. Etorkizunera begira baliabide horietan sakontzen jarraitu nahi dute bultzatzaileek. “Beharra ikusita, formaziorako espazio bat sortu daitekeela pentsatzen ari gara. Ume hauekin lan egin behar duten irakasleentzat eta hezkuntza komunitate osoarentzat espazio batzuk sortu nahi ditugu esperientziak partekatzeko, bidea egin dutenek bidea egiten hasten direnei transmititzeko”, diote Bilbatuak eta Amenabarrok.