Gazteak ahalduntzeko gakoak

2020-01-01

GAZTEEK ERABAKIAK HARTZEKO AUKERA EDUKI BEHAR DUTE HELDU IZATEKO. ETA HORRETARAKO, HELDUEK EUREN ESKUETAN DUTEN BOTEREA EMAN BEHAR DIETE. BOTERERIK GABE EZ DIRA AHALDUNDUKO.

 
 

G

azteen ahalduntzea ez da gazteen kontua bakarrik, gizarte osoarena baizik. Hori garbi utzi zuen Pere Soler Gironako Unibertsitateko irakasleak EHUko Antropologia, Filosofia eta Hezkuntza Fakultateak antolatutako Gazteen ahalduntzea jardunaldian, eta aldizkari honetako gai nagusian biltzen dira han eman zituen azalpenak. 

 

Zenbat aldiz entzuten da “orain dela urte batzuk 30 urtekoak helduak ziren, lana zuten, etxea ere bai eta familia bat aurrera ateratzeko gai ziren. Gaur egun, 30 urterekin oraindik gurasoen etxean bizi dira”. Banketxeetako gazteen libretak ere 30 urtera arte luzatzen dira gaur egun; alegia, 30 urtera arte gazteak dira, ez helduak. Zergatik luzatu da heldu izateko adin hori? Hortxe dago gakoa, eta Solerrek helduei begiratzen die galdera hori egitean. Haren ustez, gazteek ahalduntzeko eta emantzipatzeko formazioa behar dute, eta horrekin batera ingurune egokia, formazio hori bideratzen lagunduko dien gizartea: lana, etxebizitza, espazio independente bat... Eta gune horietan boterea behar dute, erabakiak hartzeko aukera eduki behar dute, bestela, ezin dute heldu izan. 

 

Botere hori, ordea, helduek daukate. Eta ez diete gazteei eman nahi. Hortxe dago auziaren iltzea. Norbaitek beste bati boterea ematen baldin badio, berak galdu egiten du. Eta egungo gizartean, helduak ez daude boterea galtzeko prest. Gizarte helduzentrikoan bizi garela dio Solerrek, eta helduak ez diren hainbat eta hainbat subjektu alboratu egiten dituela gizarte horrek, tartean gazteak.

 

Horregatik aldarrikatzen ditu gazteei ahalduntzen lagunduko dieten espazioak, momentuak eta ekintzak, eta tartean, hezkuntza formala. Ikastetxeak, institutuak eta lanbide eskolak gazteak ahalduntzeko gune egokiak izan daitezke, baldin eta esku-hartze egokiak egiten badira. Aurreko galdera bera planteatu daiteke kasu honetan ere: botererik ematen al zaie gazteei eskoletan? Hitza ematen al zaie? Erabakitzeko aukerarik ba al dute? Zein pisu du erabaki horrek helduen erabakiaren aurrean?

 

Termometro egokia izan daiteke horrelako galderak planteatzea irakasle helduen eta ikasle gazteen arteko harremanaren osasuna neurtzeko. Izan ere, txikitatik gerri estuan sartuta ibiltzen baldin badira, –eta zer esanik ez nerabezaroan eta gaztaroan, Bigarren Hezkuntzaren eta Batxilergoaren garaian–, iritzirik emateko, parte hartzeko, eztabaidatzeko eta ikasitakoa zalantzan jartzeko aukerarik gabe, gero 30 urterekin bat-batean hori dena eskatu behar zaie? Erantzukizunez jokatzeko, gaitasun kritikoa edukitzeko eta erabakiak hartzeko? Hori ezin da egun batetik bestera lortu. Urteetan zehar landu behar da benetan gazte ahaldunduak nahi badira, benetan gazte helduak nahi badira.