Birsortu, denon artean eta denon onerako

2020-02-01

ENPRESETATIK IKASTETXEETARA, 

ESPARRU BATEAN BALIORIK EZ 

DUENARI BESTE ESPARRU BATEAN BALIOA ETA ERABILPENA EMANEZ, ELKARTASUNEZ BETETAKO PROIEKTUA ABIATU DUTE HIK HASIK ETA EMAUSEK.

 
 

H

ik Hasi egitasmo pedagogikoaren aspaldiko ametsa zen eta duela bi urte Emaus Gizarte Fundazioarekin hasitako lankidetzaren ondoren bete da ametsa: Birsortu proiektua egi bihurtu da. Urtarrilaren 24an ireki zituen ateak Emausen Arrasateko eraikinean. Jada martxan da.

 

Poza ematen du ikastetxeei eskaintza berri bat egiteak. Birsorturen 40 m2tan enpresetatik ekarritako materiala edukiko dute eskura hezitzaileek, akatsak dituzten edo enpresetan soberakin duten materiala, txukunduta eta sailkatuta. Behar dutena edo egoki ikusten dutena doan eskuratzeko eta ikasleekin erabiltzeko aukera izango dute. Material berria erosi ordez Birsortun daudenak berrerabiltzeko parada izango dute. 

 

Ekintza xume horrekin uste baino balio gehiago landuko eta transmitituko dituzte. Hasteko, industriaguneetan sortzen diren hondakinak murriztuko dira berrerabilpena sustatuz. Horrez gain, birziklatzera bota behar diren hondakinak berrerabiliz, sortze-prozesuak sustatuko dira haurren artean. Material horiekin haurrek beraiek erabakitzen baldin badute zer egin, alegia, zer erabilera eman, sormenaz gain hezkuntza parte-hartzailea sustatu daiteke. Eta haurrek zein helduek industriak baztertutako materialari balioa ematen ikasiko dute. 

Txanponaren beste aldea enpresek osatzen dute, hori gabe ezinezkoa baita proiektua aurrera eramatea. Egitasmoaren hastapenetan oso erantzun ona jaso dugu enpresen aldetik, laguntzeko eta proiektuan parte hartzeko prest agertu dira eta enpresa horiek emandako materalez bete dira Birsorturen apalak. Ongi ulertu dituzte Birsorturen asmoak eta helburuak eta hasieratik bertatik partekatu dituzte. Izan ere, zergatik ez eman erabilera pedagogiko eta baliotsu bat soberan dituzten materialei? Akatsa duten materialek ez dute balio enpresentzat, baina umeek esku artean erabiltzeko, manipulatzeko eta esperimentatzeko primerakoak izan daitezke. Orduan, zergatik ez? Eman eta jaso, hartu eta berrerabili, zabaldu eta eskuratu. Denon onerako da. Guztioi egiten digu mesede berrarabiltzeak eta eredu jasangarriagoa bultzatzeak.

 

Poza ematen du denok norabide berean arraun egiten ikusteak. Eta poza ematen du, nola ez, harreman berriak egiteak eta lankidetza berriak abian jartzeak, elkarlanean aritzeak eta saretzen joateak. Herri hezitzailea eratzeko beste urrats bat da hori dena ere. 

 

Xume hasi da proiektua, baina oinarriak ongi jarrita, helburuak finkatuta eta aukera berriei irekita. Asmo ona eta duina du, eta horrek laguntzaile prestuak eta eskuzabalak ekarriko dizkiola uste dugu. Ezin du bestela izan.