Xuaren motxilaren zama arintzeko festa, 3 urte bete dituen egunean

2020-02-01

Urtarrilaren 19an 3 urte bete ditu Xuak, Patxi Uranga eta Hik Hasiko kide Olatz Lasagabasterren alabak, eta Picassenteko espetxea utzi du, haren amarekin bizitzeko aukera ukatzen baitio Espainiako espetxe legeak. Xuari zorion festa egin diote Donostian.

 
 

U

rtarrilaren 19an Xuak, Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga euskal presoen alabak, 3 urte bete zituen. Hark Picassenteko (Valentzia) espetxea uzten zuen egunean, 600 kilometrora Donostiako Atano frontoian zorion-festa egin zioten Sare elkarteak eta Xua Gurasoekin Etxera herri ekimenak: Motxilak gora! lemapean. Jaia eta aldarrikapena batu zituen festak: Xua eta beste haur motxiladunen zama arintzeko premia ikusarazi baitzuten parte hartzaileek, Xua bezala ehundik gora ume baitira espetxe politika eta dispertsioa sufritzen dutenak, eta beraz, Xuak guraso biak ikusteko egin beharko duen bide luzea saihesteko, Patxi eta Olatz Euskal Herrira ekartzeko eskaera egin zuten parte hartzaileek Donostiako pilotalekuan. Xuaren ama Olatz Lasagabaster Hik Hasiko kidea izaki, ekitaldian parte hartu zuten egitasmo pedagogikoko kideek ere familiari babesa eta maitasuna erakusteko. 

Ekitaldi goxoa antolatu zuten Sarek eta Xua Gurasoekin etxera elkarteak: Motxila handi-handi bat bizkarrean zuela sartu zen Joxe Mari Agirretxe Porrotx ehunka pertsonek betetzen zuten Atano frontoira. Xua hemendik aurrera haur motxiladun bihurtuko da eta gurasoak bisitatzeko egin beharko dituen kilometro luzeak zeinen astunak diren irudikatu zuen Porrotxek. Oihana Maritorena Mixu pailazoak Orioko eta Antiguako dantzariek, eta hainbat haur motxiladunek lagundu zioten Porrotxi motxila hori hustutzen eta zama arintzen. “Amorrua”, “pena”, “nekea” eta “etsipena” atera zituzten haurrek Porrotxen motxilatik, dispertsioak eragiten dituen sentimenduak guztiak, eta koloretako puxikak sartu zituzten ondotik Hik Hasiko kideek motxila bizipozez eta baikortasunez betetzeko. Puxika morearekin familiaren babesa irudikatu nahi izan zuten: “amonaren babesa, maitasuna eta heziketa izango ditu Xuak, Orioko aiton-amonen, osaba-izeben eta familiako gainerakoen babesarekin batera”. Puxika horiak sartu zituzten jarraian, hezitzaileen berotasunaren eta goxotasunaren lekuko: “Usurbilgo Udarregi ikastolako hezitzaileen, andereñoen eta maisuen zaintza izango du; hazten eta hezten lagunduko diote. Horrez gain, ikaskideen jolasa, alaitasuna eta jakin-mina izango ditu”, eta hori esatearekin batera puxika gorriak sartu zituzten. Eta azkenik, puxika berdeak: “Herritarren laguntza, elkartasuna eta heziketa ere izango ditu. Xua ez da bakarrik egongo, oso maitatua izango da herri osoan eta denon artean, elkarri lagunduz, hezten joango gara. Izan ere, denok gara hezitzaileak, hasi bizilagunetik eta alkateraino, gure eguneroko harremanetan, balioetan, bizitza ereduetan... hezten gara. Horrela, denon artean eta denok elkarri lagunduta ari gara egiten herri hobe bat; herri hezitzailea”. Balio horiekin beteta gelditu zen Porrotxen motxila.

 

102 haur ehunka kilometroko bidean

Xuarekin batera gainerako haur motxiladunak gogoratu ziren festan. Guztira 102 dira gurasoetako bat edo biak ikusteko ehunka kilometro egin behar dituzten adin txikikoak Euskal Herrian. Sarek salatu zuenez, “espetxe politika hau erarik gordinenean bizi dutenak motxiladun haurrak dira”. Josu Txapartegi Txapas soinuan zutela, Zorionak zuri kantatuz amaitu zuten Motxilak gora! ekitaldia.