NOLAKO ZIENTZIA BULTZATU NAHI DUGU NESKEK ETA EMAKUMEEK PARTE HAR DEZATEN?

2020-02-01

SORKIN

 

Jakintzen Iraultegia

 
 

O

 tsailaren 11n Zientziako Emakume eta Nesken Nazioarteko Eguna ospatzen da eta gogoetarako baliatu nahi dugu abagunea. Beharbada, zu ere institutuan batxilergo humanistikoa hautatu zuen neska horietakoa izan zinen, matematika ez zenuelako gustuko. 

Agian, batxilergo zientifiko-teknologikoa gainditu, eta ingeniaritzaren bat ikasten hasi zinen, baina utzi egin behar izan zenuen zailegia zelako.

Edota informatikan lizentziaduna izatea lortu zenuen, hainbat artikulu argitaratzea eta are doktoretza-ikasketak burutzea ere bai, baina, urteek aurrera egin ahala, ez duzu ikerkuntzan zure gizonezko kideek bezain ibilbide oparoa egiterik lortu. Zergatik ote? 

 

Zientzia parekidearen bila

Aurrekoak bezalako egoerak gurean oraindik ere nahiko arruntak diren arren, gero eta arreta handiagoa ipintzen zaie neskek eta emakumeek zientziaren alorrean aurre egin beharreko alboratzeei, estereotipoei eta oztopoei. Horren adibide da Nazio Batuen Erakundeak otsailaren 11n ospatzen duen Zientziako Emakume eta Nesken Nazioarteko Eguna, 2016an abian jarri zena, zientzian emakumeen eta gizonen arteko parekidetasuna lortzeko helburuz. “Beharrezkoa al da oraino halako ekimenak bultzatzea?”, galdetuko dio batek baino gehiagok bere buruari. Datuei erreparatuta, badirudi baietz: ikerkuntza askok erakutsi dute familiak, irakasleek eta inguruak modu sexistan baldintzatzen dutela gure ikasketen hautua. Eta, halaber, karrera profesionalean aurrera egiteko zailtasun handiagoa dutela emakumeek, baldintza-berdintasuna ustezkoa dela eta zientzia eta teknologiarekin lotutako zenbait alorretan oraindik ere gutxiago balioetsi ohi direla emakumeen gaitasunak eta lana, gizonen parekoak izanagatik. 

Agerikoa da zerbait egin beharra dagoela egoera hori konpontzeko, eta hasierako pausoa izan daiteke egun jakin baten bueltan jendartea sentikortzeko eta mobilizatzeko jarduerak antolatzea. Otsailaren 11n munduan barrena ospatzen diren jarduerak aztertzean, ikusi dugu gehienak dibulgazio hutsezkoak direla eta batez ere hainbat garaitako emakume zientzialariak ikusgai bihurtzea dutela helburu. Ulertzekoa da, izan ere, iraganeko emakume zientzialari gehienek oztopo latzak gainditu behar izan zituzten beren zientzia-jardunean (goi-mailako ikasketetan sarbide mugatu edo debekatua; klandestinoki lan egin beharra, usu ezizenak erabiliz; beren lana gutxietsia izatea akademiaren partetik; edo gizonezko lankideak zein senideak haien merituez jabetzea, kasurako), eta zailtasun horiek gorabehera, lortu zuten ez soilik zientzian parte hartzea, baizik eta baita ekarpen esanguratsuak egitea ere. Emakume zientzialari horiek merezi dute, ezbairik gabe, guztion aitortza, miresmena eta ikusgaitasuna lortzeko aukera. Argi dago, halaber, emakume horiek itzalean egon izanak erreferenteak kentzen dizkiela zientzian aritu nahi luketen neska eta emakumeei, eta estereotipoak indartzen dituela.

Haatik, Sorkin elkarteko kideok uste dugu pauso bat harago joan beharra dagoela, teknozientzia parekideak lortuko baditugu. Izan ere, hainbat arrisku ikusten dizkiogu otsailaren 11ren inguruan orain arte antolatu diren dibulgaziozko jarduerei. Arrisku horietako lehena da emakume zientzialariak indibidualtasun eta salbuespenezko ikuspegitik egitea ikusgai: emakume zientzialari apartekoei buruz soilik hitz egiteak (ezohiko inteligentzia izan zuten emakumeak, lorpen ia-ia heroikoak egin zituztenak beren testuingurua kontuan izanik) pentsarazi diezaguke gu bezalako neska eta emakume “normalak” ez garela gai izango sekula halakorik egiteko, eta, beraz, zertarako saiatu. Gainera, zientzialari handiak aipatzean azpimarratu ohi den indibidualtasun horren kontrara, zientzialari horietako hainbatek, Mary Somerville matematikari eta astronomoak, esaterako, azpimarratu zuten zientziako aurkikuntzak pertsona askoren epe luzeko lan partekatuaren ordaina direla; norbanakoen talentu eta jenioaren irudiari garrantzia kendu zioten, eta komunitate zientifikoari eman, zientziaren oinarrian dagoen kolektibitateari, alegia.   

Bigarren arriskua lehena baino zailagoa da antzemateko. Ahaleginak zientziaren alorreko estamentu guztietan emakumeak % 50 izan daitezen lortzera bideratuz gero, arriskua dago oinarrizko galdera bat alboratzeko: gaur egun indarrean dagoena al da benetan nahi dugun zientzia-eredua? Galdera horri erantzun ezean, dena ondo bidean, zifren berdintasunerantz hurbilduko gara etorkizunean, eta beharbada, baikorrak izanik, emakume eta gizon ingeniari, katedradun edo Nobel saridunen kopurua berdina izango da 50 edo 100 urte barru. Baina benetan nahi al dugu neska eta emakumeak gaur egun indarrean dagoen zientzia patriarkalean txertatzea? Ez al du merezi zientziaren gaur egungo jardunak aurrez azterketa kritiko sakon bat egitea?  

 

Aldagaitza al da zientziaren nozioa?

Aro Modernotik dator gutako gehienok zientziaz barneratu dugun nozioa. Mundu fisikoan gertatzen diren fenomenoak azaltzeko egiaren bilaketa gisa ulertu ohi dugu zientzia, ezagutza objektiboak eta eztabaidaezinak finkatzen dituena. Nozio horri jarraiki, pentsatu ohi dugu zientzialariak (gizonezko zientzialariak, gizona baita iruditeria kolektiboan gailentzen den pertsona zientzialaria) objektiboak eta neutralak direla, eta testuinguru sozial eta politikoak ez duela eraginik haien jardun zientifikoan. Haatik, errealitatea bestelakoa da: suposizio hori ikuspegi positibista, androzentriko eta mendebaldarraren eragina da, balio eta pentsaera jakin batzuk transmititzen dituen ikuspegia, sozialki eraikitakoa. Ohartzen ez bagara ere, gaur eguneraino iritsi den zientziaren ikuspegiak oinarrian du pentsatzea gizon zuriak, herrien konkistatzaileak eta naturaren dominatzaileak, esfortzurako gaitasun eta talentu indibidual izugarrikoak, metodo zientifikoari esker, aurrerapen teknologikoak bultzatuko dituela etengabe, eta gizadiaren aurrerabide geldiezina ahalbidetuko duela. 

Egiatan, ordea, zientzia giza jarduera bat gehiago besterik ez da, historian zehar garatzen joan dena, unean uneko baldintza ekonomiko, sozial eta kulturalen menpe. Hala, boterea eta erabakitzeko ahalmena gizon jakin batzuek izan duten jendarteetan, gizon horiek erabaki dituzte zientziaren norabidea, erabilera eta zientzia eraikitzeko modua bera ere. Horregatik, bereziki esanguratsua iruditzen zaigu hausnartzea zer hartzen duen barnean gaur egungo zientziak eta, bereziki, zer gelditu den zientzia horretatik kanpo eta zergatik izan den baztertua. Bazterketa horren adibide lirateke, esaterako, mendeetan zehar emakumeen gutxiagotasun intelektuala erakusten saiatu izana hainbat metodo zientifikoen bitartez (eta ez soilik emakumeena, baita kolonizatutako herriena ere), eta izaera zientifikoa ukatu izana hainbat jakintzari (emakumeen esku zeuden etxeko eta zaintza lanekin lotutako gehienei), eremu pribatura zokoratuz berez zientzia barnean hartzen duten jakintza horiek.  

Elikadura, nekazaritza edota jantzi, osasun edota higienearekin lotutako jakintzak zientziatik kanpo gelditu ziren, eta horiekin lotutako lanak egiteko ardura emakumeen esku gelditu zen. Lan horiekin lotutako ezagutzak eta praktikak esfera publikora pasatu diren arte, ez zaie barnean duten zientzia aitortu, aitortza partziala egin bazaie ere, beren hasierako garapenari ez ikusiarena eginez. Hala, Monsanto konpainia transnazionalak transgeniko errentagarriak ekoizteko darabilen bioteknologia zientzia da ezbairik gabe, baina ez da zientzia tokiko haziak hautatzea, hobetzea eta gordetzea, komunitate bakoitzaren elikadura- eta osasun-beharrei egokitzeko. Era berean, ehunak sortzeko material sintetikoak diseinatzea zientzia da, inolako zalantzarik gabe, baina ehunak ekoizteko antzinako teknikak erabiliz kotoia, lihoa edo artilea manipulatzea eta presatzea, ez. 

Izan ere, bizitzarako oinarrizkoak diren jakintzetako asko, merkaturatu ezin diren jakintzak edota egungo zientzia-sistemaren zilegitasuna auzitan jar dezaketenak, gutxietsi eta alboratu egiten ditu zientziak, edo, hobeto esanda, zientziak bainoago, legitimotzat hartutako zientzia gidatzen eta finantzatzen duten enpresek eta pertsonek gutxiesten eta alboratzen dituzte. Hala, indarrean dagoen zientzian, esparru kontzeptual estuen pean ekoizten da ezagutza; esparru estu horiek mugatzen dute zer den ezagutza, nork sor dezakeen eta non sor daitekeen, eta alborapenak eragiten ditu horrek guztiak.  Hori dela eta, guk ere bat egiten dugu fokua zabaltzea helburu duten proposamenekin: zientziatzat ulertzen duguna berrinterpretatzeko eta nolako zientzia nahi genukeen erabakitzeko beharra aldarrikatzen dugu.

 

Zientziaren nozioa berriz pentsatzea, zientzia kontzeptuari esanahi berriak ematea

Zientziaren hastapenetan, Scientia jakintza bezala ulertzen zen, gai baten inguruan metatutako abilezia edo esperientzia gisa. Horren arabera, zientziatzat har daitezke nekazaritzarekin lotutako ezagutzak eta abilezia, baserrietan energia ekoizteko eta aprobetxatzeko moduak, janaria kontserbatzeko prozedurak, edota landareak pertsonak eta animaliak sendatzeko erabiltzea, besteak beste.

Jakintza horiek ezinbestekoak dira bizitzaren jasangarritasuna bermatzeko; ugalketari lotuta daude, eta mendeetan zehar emakumeek sortu, aberastu eta garatu dituzte nagusiki. Kolektiboki garatu ere, eta belaunaldiz belaunaldi transmititu; izen propioen markarik gabe iritsi dira guganaino. Komunitate osoak (izan tokiko komunitatea, izan globala) parte hartu du jakintza horien garapenean eta transmisioan, eta su txikian egosi ditu. Hori hala izan da, aurrerabidea lankidetzaren eta sinbiosiaren sortzaile bezala ulertu delako, ez lehia bezala. Bestalde, jakintzaren transmisioa eta zabalkuntza oinarrizkoa izan da jakintza bera sortzeko. Bokazio hezitzaile eta dibulgatzaile hori agerikoa da hainbat emakume zientzialari handirengan ere (Émilie du Châtelet, Hipatia edota aurrez aipatutako Mary Somervillengan, adibidez), ahalegin handiak egin baitzituzten beren komunitateei ezagutzarako sarbidea errazteko.

Halako jakintzei zilegitasuna aitortzeak, garrantzia emateak, erabilgarritasuna balioztatzeak eta zientziaren barruan leku egiteak balio diezaguke ezagutzaren ohiko iturriak birplanteatzeko eta beste iturri batzuk ontzat emateko. Hori eginez gero, ikusiko dugu bizitzako esperientzia unibertsitateko esperimentazioa bezain baliagarria izan daitekeela; amama-ama-alaba-biloben arteko ahozko transmisioa idatzizko lan akademikoak bezain esanguratsua izan daitekeela. Horrez gain, halako jakintzei esker, zalantzan jar ditzakegu zientzia modernoan irmoki errotuta dauden indibidualtasuna, konpetentzia, patenteak eta horrelako hainbat fundamentu. Eta ez hori bakarrik: aukera ematen digute emakume anonimo askok eta askok gizadiaren aurrerabidea ahalbidetzeko egindako lana balioesteko. Izan ere, ez dira salbuespenak edo kasu puntualak; emakumeok berezkoa dugu zientzia egitea.

Eta bai, dagokigun tokia nahi dugu zientziaren alorrean, noski, baina ez gutxi batzuek gutxi batzuentzat moldatutako zientzian. Has gaitezen guztion artean nolako teknozientziak nahi ditugun erabakitzen. Eraiki dezagun bizitza erdigunean kokatuko duen zientzia.

 

Bibliografia

- EHRENREICH, Barbara eta ENGLISH, Deirdre: Sorginak, emaginak eta erizainak. Emakumezko sendalarien historia bat, Katakrak, 2019 https://katakrak.net/eus/argitaletxea/liburua/sorginak-emaginak-eta 

- HERNANDEZ PIÑERO, Aranzazu: “La apuesta política de Vandana Shiva: los saberes de las mujeres y la sostenibilidad de la vida” in Dilemata aldizkaria, 10. alea, 2012, 329-355 orriak. 

https://www.dilemata.net/revista/index.php/dilemata/article/view/182-

- HERRERO LOPEZ, Yayori elkarrizketa: “Jendeak jakin behar du bizitza duina zer den, zer behar den eta zer ez”, in Argia, 2016ko irailaren 25a. 

https://www.argia.eus/argia-astekaria/2522/yayo-herrero-antropologoa  

- LARRINAGA RENTERIA, Ane: “Zientzia eta teknologia ez zaizkie gustatzen neskei” in Berria, 2017ko martxoaren 19a. https://www.berria.eus/paperekoa/1832/025/003/2017-03-19/zientzia_eta_teknologia_ez_zaizkie_gustatzen_neskei.htm 

- SANCHO ORTEGA, Teresa; CALERO BLANCO, Vanesa; VILLENA CAMARERO, Unai: Emakumeen jakintzek gordetzen duten zientzia gida didaktikoa, Sorkin, 2017.

http://www.sorkinsaberes.org/eu/%E2%80%9Cemakumeen-jakintzek-gordetzen-duten-zientzia%E2%80%9D-gida-didaktikoa

- SOLSONA I PAIRÓ, Nuria: “Génesis y desarrollo de los saberes femeninos en la educación”, in Aula de innovación educativa, 191. alea, 2010, 7-11 orriak 

https://dialnet.unirioja.es/servlet/articulo?codigo=3227801