Ireki ditu ateak Birsorturen egoitzak

2020-02-01

Urtarrilaren 24an ireki zituen ateak Birsortuk Arrasaten, Hik Hasi egitasmo pedagogikoaren eta Emaus Gizarte Fundazioaren proiektu berriak. Materialen berrarabilpena eta jasangarritasuna oinarri hartuta, heziketa, sormena eta kultura uztartuko dituen txokoa izateko bokazioz jaio da Birsortu.

 
 

H

ainbat ikastetxetako hezitzaileak, zenbait enpresatako ordezkariak, Maria Ubarretxena Arrasateko alkatea eta Maitane Muñoz Garapen Komunitarioko zinegotzia, Debagoienako Mankomunitateko ordezkariak eta hainbat herritar izan ziren Birsorturen ateak zeharkatu eta barruan zegoena ikusten lehenak. Enpresatan balio ez dieten, akatsak dituzten eta zaborretara bota behar dituzten hainbat material ikusi zuten Emausen Arrasateko eraikinean; sailkatuta eta txukunduta, ikastetxeetara doan eramateko prest. Horrela, materiala berrerabiltzeko aukera berri bat sortu da. Eta horrek beste aukera berri bat ere ekarriko du: sormena lantzea, esperimentatzea eta ikertzea. Azken batean, hainbat enpresatatik jaso den birziklatutako material anitza eskolen eskura jarri da, haurrek esperimentatu, manipulatu eta beste erabilpen bat eman diezaioten. Geletara sartu eta puzzleak eta haurrei zuzendutako material egituratua eduki beharrean, industriatik akatsak dituzten edo soberan dituzten materialak izango dituzte.

Mikel Agirrezabala Hik Hasiko formazio arduraduna eta Sheila Padrones Emauseko hezkuntza teknikaria dira Birsorturen arduradunak eta bi aldeen arteko lankidetzaz gain, proiektua aurrera eramateko izan duten laguntza eta harrera azpimarratu dituzte: “Enpresen aldetik oso erantzun positiboa izaten ari gara eta oso eskertuta gaude. Aurrerantzean lankidetza horrretan sendotzen eta saretzen jarraitzeko asmoa dugu, material eskaintza ahalik eta zabalena eta anitzena izan dadin”. Enpresez gain, HUHEZIren lankidetza ere izan du Birsortuk. Bestalde, proiektua aurrera ateratzeko eta bideragarri egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik jaso duten babesa nabarmendu dute arduradunek.

Ikastetxeak ere parte hartzeko gogoz agertu direla gaineratu dute. Momentuz Debagoienako ikastetxeek eta iaz Birsorturen esperientzia pilotuan parte hartu zuten 13 ikastetxeek edukiko dute asteazken arratsaldero Birsortura hurbiltzeko aukera. “Edonola ere, gure asmoa hedatzea eta gainerako ikastetxeei ere irekitzea da, bailara honetatik Gipuzkoara zabaltzea eta handik Euskal Herrira”, gaineratu du Agirrezabalak.

Hilean behin ikastaroak eta tailerrak antolatuko dituzte irakasleentzat, Birsortun egongo den materiala lantzeko ideia eta modu berriak aztertzeko. Zentzu horretan, inaugurazio ekitaldian Itsaso Pagoaga Arrasateko Olgeta jostailu dendako kideak zenbait material hartu eta gardenki baten gainean jarriz askotariko gauzak egin daitezkeela erakutsi zuen.

Aurrera begira kultur etxeei, zaharren egoitzei eta beste hainbat eragileri ere ateak irekitzeko xedea dute. Sormena eta berrerabilitako objektuen ikerketa ardatz hartuta, eragile kultural, pedagogiko eta jasangarria izan nahi du Birsortuk. Proiektuari buruzko xehetasunak daude hik hasiren 243. zenbakian argitaratutako erreportajean.