Etxea eskola bihurtzeak dakartzan aukerak eta arriskuak

2020-04-01

KONFINAMENDUAREN ONDORIOZ ESKOLAKO JARDUNARI ETXEAN EMAN ZAIO JARRAIPENA. HORREK, ORDEA, ETXEKO HARREMANEI ETA 

ZEREGINEI DENBORA KENTZEKO ARRISKUA DAKAR.

 
 

K

oronabirusa, pandemia eta konfinamendua. Txina, Italia eta Euskal Herria. Urtarrila, otsaila eta martxoa. Hiru urratsetan —laburbilduz— dena irauli duen egoera berri batean gaude. Egunerokotasuna goitik behera aldatu da denentzat: dendarientzat eta erosleentzat; administrazioarentzat eta herritarrentzat; irakasleentzat eta ikasleentzat; langileentzat eta enpresarientzat; medikuentzat eta gaixoentzat.

 

Denek bezala, irakaskuntzan eta hezkuntza arautuan zein ez-arautuan dabiltzan irakasle, hezitzaile eta familiek ezohiko egoera honi aurre egin behar izan diote. Programatu eta planifikatu gabeko gaia edo unitate didaktikoa jarri du koronabirusak mahai gainean, curriculumean zehaztu gabekoa, aurretik abisatu gabeko azterketa, eta bakoitza bere abileziak, sormena eta indarra erabiltzen ari da azterketa hori gainditzeko.

 

Eta hortxe dago koska. Zer behar da azterketa hori gainditzeko eskoletan eta etxean? Zer behar da egoera honi aurre egiteko?

 

Irakasleei irakaskuntza-jarduerarekin jarraitzeko lana jarri zaie, azterketa gainditzeko hori da egin behar dutena, ez ikasleak ez beraiek oporretan ez daudela gogoraraziz. Aurreneko mezu horrek, baina, lasterketa eta gain-karga ekarri ditu: irakasleak lanak eta proposamenak egiten eta egiten, horiek ikasleei helarazteko gailuak erabiltzen ikasten, familiekin komunikazioa bermatzeko ahalegina egiten, telelana eta etxeko martxa kontziliatzeko borrokan murgilduta... Indarrez eta grinaz heldu diote erronkari, beti ikasteko duten gogoa eta prestasuna erakutsiz.

 

Beste aldean familiak daude; batzuk etxerako lanak eskatuz, beste batzuk bidalitakoekin gaindituta. Ez dagokien irakasle funtzioa betetzen aita eta ama asko, eguneko orduak dauden lanetarako antolatzen eta banatzen.

 

Zurrunbilo horretan normaltasunez jokatzeko nahia ager daiteke, dena lehen bezalako egiteko desioa, egoera ez denean normala, inondik inora. “Ez da gelditu, segi, segi” esango baligute bezala, ezohiko egoeran gaudela ahanzteko arriskua dago; eguneko orduak lan eta proposamenez bete eta alderdi emozionalari, osasunari eta etxeko harremanei lehen bezain denbora gutxi eskaintzekoa.

 

Azterketa hau gainditzeko ez da curriculuma aurreikusi bezala bete behar; ez, beste premia batzuk sortu dira. Ikasturte honetako edukiak ezohiko egoerara egokitu behar dira eta pil-pilean eta agerian dauden harremanei, bizipenei, emozioei eta sormenari lekua egiteak eman behar du puntuazio gehien.

 

Azterketa honek bigarren zati bat ere izango du laster: eskolarako itzulera. Une horretan ere, aipatutako puntuazio horri eman beharko zaio lehentasuna, egoerak hala eskatuko duelako.