Euskal hezkuntza komunitateak erakutsi duen ardurari eta gaitasunari erantzutea dagokie administrazioei

2020-05-01

HEZKUNTZAN EZIN DA INPROBISATU, HEZKUNTZA GAI GARRANTZITSUEGIA DA GOIZETIK GAUERA 

INPROBISATZEKO. BALIA DEZAGUN KRISIA ESKOLA HOBETZEKO, ETA EZ MURRIZTEKO ETA OKERTZEKO.

 
 

E

gun batetik bestera ikastetxeak itxi eta irakasleek, familien laguntzarekin, eskolak ematen jarraitu zuten. Goizetik gauera berrasmatu behar izan zuten haurrak hezten jarraitzeko lana. Eta ikaragarrizko gaitasuna erakutsi dute hezitzaileek. Azpiegiturak, baliabideak, metodologiak, harremanak, interakzioak… egoerak guztiz alderantzikatu direlarik ere, egokitzeko gaitasun ikaragarria izan dute, materiak eta edukiak ikasleengana iristeko ez ezik, haurrak eta nerabeak zaintzeko baliabideak asmatu dituzte, hasieratik hezitzaileen eta ikastetxeen kezka izan baita ikasle guztiengana iristea, eta horretarako baliabideak jartzea, bestea beste, sareak sortzea, aldizkari honetako gai nagusian jaso dugun eran. Haatik, lan hori guztia, zirkular bidez jasotako presio hitzen pean egin behar izan dute irakasleek, administrazioetatik laguntza, babes eta baliabide gehien behar zen garaian, hitzek presio egin dute.

 

Meet, Hangouts, WhatsApp, Zoom,  Jitsi, Skype, telefono-dei, fotokopia… zailtasunak zailtasun, hartu diote tamaina erronkari. Baina administrazioek data ezarri dute eskolak irekitzen hasteko, maiatzaren 11 Ipar Euskal Herrian eta maiatzaren 18a Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Haatik, administrazioei esaldia amaitzea falta zaie, noiz badakigu, baina, nola? Nola itzuli behar dira haurrak eskolara? Eta nola hezitzaileak? Zein baldintzatan? Zein baliabiderekin? Nolako eskolara? 

 

Irakasle, zuzendaritza eta sindikatuek bat egin dute Hego zein Ipar Euskal Herrian planifikazio eta baliabide falta salatzeko: Haur eta hezitzaileen segurtasuna eta osasuna bermatu ahal izateko baliabideak, zehaztasunak, gogoeta partekatuak eta planifikazioa behar dira. Ez da inprobisatzeko momentua. Administrazioek erantzun egin behar diote euskal hezkuntza komunitateak, eta baita haurrek eta familiek ere, erakutsi duten ardurari, ahaleginari eta gaitasunari ere. 

 

Bi hilabete oso izan dituzte administrazioek eskolen irekieran pentsatzen hasteko. COVID-19aren ondorengo eskola pentsatu egin behar da, ez baita berdina izango. Ezin da inprobisatu. Eta partekatu beharra dago, pentsamenduak, asmoak eta erabakiak hezkuntza komunitatearekin partekatu behar dira, eragile guztiak aintzat hartuz. Balia dezagun krisia eskola hobetzeko, eta ez murrizteko, okertzeko, arrakalak handitzeko, eta are gutxiago haurren eta hezitzaileen osasuna eta segurtasuna arriskuan jartzeko. 

 

Hobetzeko eginahal horretan, ekarpen bat egin nahian sortu dugu HIK HASI laborategia,  inprobisaziotan ez erortzeko, krisia eskola hobetzeko baliatzeko. 25 urtez euskal hezkuntza komunitateari ekarpena egiteko ahalegina egin du HIK HASIk. Elkarrekin hausnartzeko, partekatzeko eta eraikitzeko premia zegoelako sortu zen, eta hori dena aurrera ateratzeko gogoa, indarra, borondatea eta ausardia zegoelako, elkarrizketa nagusiko lekukoek kontatzen duten moduan. 0. zenbakia atera zela 25 urte bete direnean —1995eko maiatzean argitaratu zen—, ekarpenak egiten jarraitzen du HIK HASIk eta bide horretan urrats bat gehiago da laborategi hau.