ZAINDU BEHAR ZAITUEN HORI

2020-05-01
 
 

B

izi dugun egoera honetan nire identitatea osatzen duten horien artean (irakasle-sortzaile-ama) lotuko lituzkeen hitz bat izendatu beharko banu, zaintza hitza litzateke.

Une honetan hitz horrek definitzen du nire egunerokoa, eta aurrera egiteko energia eta ilusio nahikoa ematen dit; era berean, nire denbora inbaditzen du eta ia ahaztuta dudan independentziaz gabetzen nau.

Irakasle bezala ikasleak zaintzeaz arduratu ginen hasieratik; gelan agertzen nuen ardura, errutinan nahi gabe higatzen zitzaidan zeregin baliotsu hori etxetik landu behar izan dudanean nolabaiteko berpiztea gauzatu da, etxerako lan hutsa bidali beharrean bideokonferentziak haiek ezagutzeko eta egoera honetan laguntzeko tresna bihurtu direnean. Irakasle izateak dakarren psikologia-mekanismoa martxan jarri da konturatu gabe, bakoitzaren behar akademiko zein pertsonalei egokitu naizenean. Astero nerabearen aurpegia eta jarrera irakurrita galdetzen hasi naizenean: nola zaude, amorratuta? eroso? Urduri? Zer botatzen duzu faltan? Zelan familiarekin? (batzuk gurasoak ezagutzen hasi dira, ez pentsa), liskarretan ibili al zara neba-arrebarekin? Zerbait positiborik ikusten al diozu egoera honi, pertsonalki eta gizartean? Eta lurra, sendatzen ari al da? Nola daude aitona-amonak? Zerbait egiten ikasi al duzu azkenaldian? Eskolara itzuli nahi zenuke? Kezkatzen al zaitu kurtso-amaierak eta graduazioak? Irakaskuntzan emandako 15 urteetan ez dut horrelakorik bizi, ezta aurrez aurreko tutoretzetan ere. Benetan behar zaituztenaren sentsazioa, agian beste inori kontatu ez dioten zerbait askatzean ondoan egoteko aukera. 

Ama bezala zaintza ohikoagoa izan bada ere, denboran luzatu egin da, noski. Egunean 12 ordu beraiekin egoteko indarrak nonbaitetik atera beharra daukagu eta gure buruarentzat apurrak gorde. Gaur azkenik kalera irten ahal izan gara jolastu eta aireatzera, eta aukera beranduegi heldu denaren sentipena daukat. Dagoeneko galdu dute hasierako patxada, etxekoekin egoteak zekarren ziurtasuna eta poza, azken bi asteetan azaleratu den amorrua eta urduritasuna neba-arreben harremanean islatu denean, baita gugana zuzentzeko moduan edo eguneko zereginak betetzeko gogoan ere. Ez dut uste kalean ordu betez egoteak dagoeneko hori konponduko duenik. 

Bestetik, haiekin ere irakasle eta psikologo lanean aritzeaz gain, aisialdi-monitore bihurtu gara, edo bihurrarazi gaituzte, uneoro entretenitu behar zirenaren mandatuari obedituz. Beste gurasoek egiten badute, guraso txarra izango naiz ordubete sofan botata ematen badute, edo bideo-jokoetan egunero uzten badiet. Inork ez digu azaldu bideo-jokoetan tartetxoan aritzea haien ihesbidea izan daitekeela, edo lagunekin hitz egiteko aukera, ez dakit zein pertsonaia lortu dutela kontatzeak harro sentiarazten dituela, eskola edo kiroletako eguneroko lorpen txikiak faltan dituztenean.

Azkenik, sortzaile izanda ere nahiko egoera bitxian aurkitu gara zaintzan oinarritutako hartu-eman beharrezko honetan. Sormen-lanak, zuzeneko emanaldiak etab.. ezinbestekoak bihurtu dira herritarrentzat, bestelako aisialdiaren ausentzian. Horrek agerian utzi du zein beharrezko ditugun bai kultura bai kulturgileak, eta ikusi dugu oinarri ekonomiko eskasa dela gaur egun sortzaileari eskaintzen zaiona, bereziki sorkuntza eta haren zabalpena diru-iturri nagusitzat dutenentzat baina baita lanaldi murriztu baten osagarri dugunontzat ere. Antolatzeko beharra dugu, gobernuaren aldetik babesa behar dugu, baita kulturzalearen eskutik ere. Greba dijitalera eraman gintuen honek guztiak eta, pentsatu nahi dut, erantzun bat jasoko dugula; enpatia hori gauzatuko duten neurriak hartuko direla eta gure lanari merezi duen balioa emango zaiola.

Azken finean, zaintza baita gizarte moduan egoera honetatik aterako dugun onura. Elkar zaintzearen beharra izan liteke egoera honetara heldu izanaren arrazoia.