HIK HASIK 25 URTE ARANTXA URBE XABIER SARASUA IZASKUN MADARIAGA

2020-05-01

“Hik Hasi heldu egin da, 25 urte ditu, jendeak aintzat hartzen du

eta hori errespetutik landutako uzta da”

 
 

1995ko maiatzean ikusi zuen argia hik hasi aldizkariaren 0. zenbakiak. Proiektu edo egitasmo zabalago baten barruan ernatu zen lehen lorea izan zen, hezkuntzako esparru askotatik espero eta desiatua. Izan ere, euskal hezkuntza komunitatean, irakasleen artean, sareen artean... elkartrukerako foro baten beharra gero eta nabarmenago sentitzen zen, denena eta denentzat izango zen topagune eta eragile baten premia ikusten zen. Arantxa Urbe, Xabier Sarasua eta Izaskun Madariaga irakasle, hezitzaile eta Hik Hasiko kideek hurbildu gaituzte hasiera haietara, amets hartara, gerora mirari 

bihurtu den proiektu zabal eta emankorrera. Joxe Mari Auzmendik batuta hartuta martxan jarri zituen ingurukoak eta 25 urteotan Hik Hasiren inguruan bildu dira bulegokideak, batzordekideak, kolaboratzaileak, harpidedunak, ikastaroetako parte-hartzaileak, hezkuntzako eta gizarteko eragileak... 

komunitate osoa. Lorea lorategi bihurtu da.

1995eko maiatzean argitaratu zen hik hasi euskal heziketarako aldizkariaren 0. zenbakia. Zuek hirurok hasiera hartan egon zineten. Zein zen une hartako testuingurua? Zer ari zen bizitzen?

Xabier Sarasua: 0. zenbakia Hik Hasi proiektua sortzera zihoala aditzera emateko abiapuntua izan zen. Garai hartan irakaskuntzan foro bat sortzeko ideia bueltaka zebilen hainbat jenderen artean. Nik neuk UEUko ikastaroetan parte hartzen nuen eta 1994an zerbait egin beharra zegoela erabaki zen. Hezkuntza komunitatean, irakasleen artean, sareen artean... foro bat behar zela sentitzen genuen informazioa partekatzeko, esperientziak trukatzeko... Denona izango zen elkartruketarako foro bat behar zela ikusten zen.

Garai hartan euskal irakaskuntza edo hezkuntza kanpotik inposatzen ziguten sistema baten barruan zegoela ikusten zen, hizkuntza gutxitu batean, euskaraz ez zekien irakasle askorekin, zatituta, funtzionatzen ez zuten hizkuntza eredu batzuekin, gure curriculuma garatu gabe, guk bertan sortutako material gutxirekin, dena inportatuz, argitaletxe nagusienak ez ziren bertakoak eta eskoletan erabiltzen zen material askok eta askok edo gehienek Euskal Herritik kanpoko erreferenteak zeuzkaten eta abar. Horren guztiaren aurrean, eztabaidatu, trinkotu eta denok elkarrekin erronka horietan guztietan aurrera egiteko premia sumatzen zen.

Arantxa Urbe: Horrekin batera, 1993an ikastolak publifikatu edo ez erabakitzera behartuak izan ziren. Hezkuntzaren historian guk ezagutu dugun kapitulurik ilunena izan zen nire ustez, izugarrizko zauriak eragin zituen inposatua izan zen erabaki hark, ez bakarrik alde batean zein bestean gelditu zirenen artean, baita ikastola bakoitzaren barruan ere. Lurrikararen ondoren noraezean gelditu ginen EAEn: noraezean zeuden ikastolak, noraezean zeuden publifikatu zirenak, eta hori ere lurzoru ona izan zen nora joan behar genuen planteatzeko.

Joxe Mari Auzmendi giltzarri izan zen hastapen hartan. Hark lehen pertsonan bizitu zuen publifikazio prozesua eta nik uste dut berak erronka pertsonal bezala hartu zuela, lurrikararen ondorengo deskalabrua ikusita, komunitatea trinkotzea. Hezkuntza komunitatea nola berreraiki zitekeen pentsatzen hasi zen Joxe Mari. Eta berreraikitze horretan berak oso garbi ikusi zuen hasieratik elkar hartu behar genuela, bakoitza zegoen posiziotik, bakoitzak zeukan ikuspegitik, baina elkar hartuta.

X. S.: Hainbat tokitatik sortutako ekimenak zeuden, hamaika iturritatik zetorren egarri hori, eta elkartu egin ziren forma emateko. UEUko zenbait partaide Joxe Mari Auzmendirekin eta beste batzuekin jarri ziren harremanetan eta Joxe Marik hartu zuen batuta; hura ez bazen hasi, akaso ez zen ezer egingo.

A. U.: Bai, askotan gertatzen da hori historian: suak daude leku desberdinetan, txinpartak, interes komun batzuk, eta denak elkartu eta nonbaitetik hasten da.

X. S.: “Elkartu gaitezen, abiatu dezagun, goazen elkarrekin poliki-poliki gure hezkuntza eraikitzera, har dezagun erronka hori gure esku, ditugun erronkei erantzuteko baliabidetzat Hik Hasi hartuta, aldizkaria gehi proiektu osoa”. Hori esan genuen. Oso utopikoa zen, eta aldi berean, oso praktikoa. Aldizkari bat zen, baina atzetik amets eta erronka pila bat zeuden.

 

Foro bat sortzeko erabakia hartu zen eta lehen egitekoa aldizkari bat sortzea izan zen. Zergatik aldizkari bat?

X. S.: Foro horren abiapunturako euskarririk interesgarriena aldizkari bat egitea zela ikusi zen. Irakasleen artean informazioa partekatu nahi zen, esperientziak trukatu, eta hori aldizkari batekin egin zitekeela pentsatu zen. Gure artean eztabaidatzeko, gure benetako premietan aurrera egiteko eta hezkuntza komunitatea egituratzen joateko eta elkargune bat edukitzeko tresna eta bitarteko gisa ikusten genuen.

Baina oso zaila ikusten zen, ez genekien nondik hasi, ez genekien zer forma eman, ez genekien ezer. Eztabaidatzen aritzen ginen, bakoitzak bere ideia botatzen zuen, eta Joxe Mari izan zen hasieratik argi ikusi zuena, baietz, egin behar zela eta bera prest zegoela: Berehala bihurtu zen Joxe Mari motorra.

A. U.: 1995eko udaberrian hasi zen ideia gorpuzten. Joxe Marik inguruko lagunengana jo zuen aldizkaria martxan jartzeko, bai komunikabideetan zituenengana, bai argitaletxeetan zituenengana, bai hezkuntza arloan zituenengana... Nik uste dut hurbildu ginen jende gehiena lagunak  ginelako hurbildu ginela, ez genuen hainbeste aztertu proiektua bideragarria zen edo ez.

 

Sarritan aipatzen da aldizkariaren edo proiektuaren bideragarritasuna, inork ez zuela aldeko apusturik egiten, baina 25 urte egin ditu.

Izaskun Madariaga: Nik proiektuan sinesten nuen, ikusten nuen egin beharra zegoela, Euskal Herrian
—bere osotasunean hartuta—, euskaldunentzako, euskaraz, pedagogia komun bat bultzatuz. Hutsune bat zegoela ikusten nuen eta izugarria izan zen pertsona batzuk elkartzea, egin behar zela hain garbi ikustea, eta horretarako baliabideak, bideak edo aukerak garbi ikustea. Niretzat zoragarria izan zen, izugarria.

X. S.: Hala da. Gogoa zegoen, premia ikusten zen, jendea elkartu zen, baina inork ez zuen sosik emango aldizkariak etorkizunik zeukanik. Ez dakit zenbat ate jo ziren eta denek esaten zuten “nora zoazte, gu saiatu gara, ez dauka irteerarik, Euskal Herrian ez dago nahikoa masarik horrelako aldizkari bat egiteko”. Inondik inora ez zuten ikusten bideragarria izan zitekeenik. Eta halere, Joxe Marik argi ikusten zuen baietz, “hartuko dugu, hasiko gara”. Nik uste dut hor izugarrizko indarra egon zela. Badago halako sinesmen bat gure esku ez dauden indarrak ere martxan jartzen direla erabakitako egitasmo bat aurrera ateratzeko. Eta nik uste dut Hik Hasin horrelako zerbait gertatu zela, batez ere jendearen energia eta bultzada zegoela.

I. M.: Herri konpromiso bat egon zela esango nuke. Nik pertsonalki beharra zegoela ikusten nuen eta ahal nuen guztia egiteko prest nengoen: lehendakari izateko norbait behar zela, bada ni prest; Eusko Jaurlaritzara norbaitekin hitz egitera joan behar zela, bada ni prest.

A. U.: Energia eta bultzadaz aparte, ausardia gehituko nuke nik. Joxe Marik bere lana utzi zuen, bigarren ikasturtera arte ez zuen kazetaririk eduki aldizkariak, Joxe Mari bakarrik zegoen eta besteok lana bukatutakoan joaten ginen laguntzera ahal genuenean. 0. zenbakia zerotik hasi zen, ez zegoen ordenagailurik ere. Aldizkaria egiteko enpresa bat sortu behar zen eta hor ere ingurukoengana jo zuen Joxe Marik: ikastola mundukoak, publikokoak, pertsonak, eragileak, sindikatuak, argitaletxeak... 15 pertsonak 50.000 pezeta (300 euro) jarri zituzten laguntzeko, beste pretentsiorik gabe. Herrigintzako ekintza bat izan zen.

Horrela, 1995eko maiatzean kaleratu zen 0. zenbakia eta aurkezpen txartel bat bezala izan zen. Ordura arte dena ziren idatziak eta intentzioak. Orri bat zegoen idatzita asmoekin: , urtean hamar zenbaki, Euskal Herri osoko ikastetxeetan banatuko da... Baina maiatzetik aurrera, uda horretan, orri horrekin batera aldizkaria geneukan, eta horrekin jada amets izatetik eta amets bat aurkeztetik, zerbait zehatza edukitzera pasa ginen, nahiz eta zalantzak egon oraindik. Efektiboki agian ez zen oso pauso handia izan, 0. zenbakia nola edo hala egin zen eta horrek ez zuen bermatzen atzetik besteak etorriko zirenik, baina balio izan zuen sinesgarritasuna irabazteko eta jendeak ikusteko jada eskuetan zegoela ametsaren zati bat.

 

Testuinguru horretan, orain dela 25 urte, zein premia ikusten ziren?

X. S.: Hasteko, aipatu duguna, zatiketa gainditzeko premia, hori nabarmena zen. Bestetik, hizkuntza ereduen porrota, euskal curriculumaren beharra eta euskal kulturan oinarritutako hezkuntza bat izatea. Euskal hezkuntza sistema hemengoa izateko premia ere ikusten zen, deszentralizatzeko beharra, ikastetxeek autonomia gehiago izatekoa. Gauza horiek pil-pilean zeuden, eztabaidan zeuden foro desberdinetan.

A. U.: Esandako premiei beste bat gehituko nieke, gaurko perspektibatik agian ulertzen zaila zaiguna: irakasleen euskalduntzea. Agian gaur egun ez dugu premia bezala ikusten, baina orduan oso garrantzitsua zen, irakasle guztiak ez baitzeuden euskaldunduta.

 

Zein ezaugarrirekin jaio zen aldizkaria?

X. S.: 0. aldizkarian ezaugarri hauek jarri ziren: euskalduna, nazionala, irakasleena, irekia eta plurala, baterakoia eta independentea. Ezaugarri bakoitzaren atzetik hausnarketa sakon bat dago.

Topagunerako, elkar ezagutzeko, informazioa partekatzeko eta eztabaidatzeko foro baten premia ikusten zen eta garbi geneukan foro horrek parte-hartzailea izan behar zuela. Ikastetxe eta irakasle guztiak bultzatu nahi ziren parte hartzera eta haien esperientziak kontatzera. Nahi zuen guztiarentzat irekia izatea nahi zen, ideologia jakin bati lotua ez egotea, denontzat izan zedin.

A. U.: Beti egin da ahalegina aldizkari bakoitzean egoteko ikastoletako zerbait, eskola publikoetako zerbait, Iparraldekoa, Nafarroakoa... Nahiz eta Hik Hasiren aurpegiak oso markatuak izan, aldizkaria eta proiektua denentzat izan dira eta hori argi izan genuen hasieratik, Hik Hasi denentzako zela eta dela.

I. M.: Irekiera hori hasieratik sumatu nuen nik. Garai hartan 2 urteko gelak irekitzen ari ziren eta ni beste ikuspuntu batean kokatzen nintzen, 0-3 etapa osoa defendatzen. Garai hartan askok ulertzen ez zuten ikuspegia zen eta Hik Hasin hasieratik hartu zen aintzat. 0. zenbakian bertan argitaratu zen etapa horri buruzko artikulua eta nahiko agudo egin ziren egokitzapenari eta atxikimenduari buruzko jardunaldiak ere. Oraindik garrantzi handia ematen ez zitzaion garaian serio hartu zuen Hik Hasik 0-3 etapa eta orain ere hala jarraitzen du.

X. S.: Oso intuizio onak egon ziren hasieratik, seguraski Joxe Marik eta beste batzuk jada esperientzia bazeukatelako, eta proiektua independentea izatea nahi zen, ez egotea erakundeen eta haien dirulaguntzen menpe, baizik eta autonomia edukitzea. Bestetik, Euskal Herri osorako izatea. 

Irakasleena zen beste ezaugarri bat. Gaur egun agian ez da ulertzen zergatik izendatu zen irakasleena eta ez komunitatearena. Alde batetik, ulertu behar da aldizkari eta proiektu hau hainbat irakasleren bultzada eta kezkatik sortu zela, irakasleen begiradatik egindakoa izan zela. Eta bestetik, erronka nagusietako bat irakasle guztientzat izatea zela: sare guztietan zeudenak, egoera guztietan zeudenak, pentsamolde desberdina zeukatenak... denentzat. Irakasleak protagonista bihurtu nahi ziren aldizkariarekin, eta erakarri. “Aldizkari hau gurea da, irakasle guztiona” ideia zabaldu nahi zen. 

Gero, zorionez, begirada irekitzen joan gara denok eta Hik Hasi ere bai, eta irakaslearen partez komunitate osoa aipatzen dugu orain. Halere, aldizkaria sortzeko oinarri programatiko bat adostu zen aurretik eta han komunitatea aipatzen zen: “ez dira gaur sortutakoak euskal irakaskuntza osatzen dugun elkarte eta komunitateko partaideok (gurasoak, irakasleak, ikasleak, hezitzaileak eta abar) gure hezkuntza sistemaren inguruan ditugun kezkak”. Begirada komunitate osora zabalduta zegoen hasieratik, baina aurreneko motorrak irakasleak izan behar zutela ikusten zen. Irakasleen konplizitatea eta parte-hartzea bultzatu nahi ziren.

A.U.: Nik beste ezaugarri bat azpimarratuko nuke: Hik Hasi oso proiektu eskuzabala zela. Begira zein baldintzatan geunden, zero pezeta, zero bitarteko, sinesgarritasun gutxi hezkuntza eta administrazio mundutik, eta halere, Hik Hasik hartu zuen lehen erabakia izan zen aldizkaria ikastetxe guztietara dohainik bidaltzea. Produktua, bidalketa eta dena bere gain hartu zituen. Zergatik? Ahalik eta leku gehienetara iristea nahi genuelako. Eta ez genuen lekutik eman genuen. Alde horretatik oso proiektu eskuzabala izan da Hik Hasi hasieratik.

Eskuzabaltasun horren beste adierazle bat da Hik Hasi sortu zenetik 25 urtera harpidetza kuota ez dela igo, eta uste dut hori ez dela beste inon gertatu. Zituen eta dauzkan bitarteko gutxirekin, beti eskuzabaltasun handia eduki du, bere iparra beti izan delako hezkuntzan ahalik eta gehien zabaltzea, ahalik eta jende gehienarengana iristea.

I. M.: Niretzat erreferentea zen zegoen borondatea: zenbat lan, zenbat ekarpen, bitarteko gutxirekin gauza asko sortzeko gaitasun hori... bihotza eta borondatea. Ordaindu ezina. Miresgarria.

 

Zein erronka markatu ziren?

X. S.: Alde batetik eguneroko erronkak zeuden eta bestetik helmuga edo xedetzat inplizituki denok buruan geneuzkan norabide batzuk. Eguneroko erronketatik inportanteena, noski, aldizkariaren biziraupena zen. Eta baita ere aldizkariak hasieratik jarri zituen funtzioak ondo betetzea: informatzea eta esperientziak trukatzea, eztabaida bat egotea lehen aipatu ditugun gaietan eta beste askotan, eta topagune bihurtzea. Horrekin batera partaidetza anitza eta zabala izatea nahi zen, hori zen erronka handi bat. Eta horren adierazle zen izena bera: Hik Hasi. Alde batetik, izen hori entzuten duenak nolabait eskolarekin eta hezkuntzarekin lotzen du, eta bestetik, partaide izateko, bultzatzeko eta jendea aktibatzeko deia egiten du. Espiritu hori izenean bertan nabaritzen da.

Bestetik, helmuga, xede edo norabidetzat geneukan hezkuntza sistema propio bat behar genuela. Hasieratik agertzen zen hori gure hitzetan, hasierako bileretatik, eta zentzu horretan, nik uste dut bazegoela eragile izateko bokazio bat, zeuden premietan aldaketak eragin nahi ziren eta horretan eragile izaera izan zuen hasieratik proiektuak. Askotan eragile izate hori Joxe Marik berak eduki du, bera izan da eragile, eta bere bitartez Hik Hasi.

 

Eragile bokazio hori nola gauzatu du Hik Hasik?

A. U.: Funtzio edo egiteko asko zituen Hik Hasik hasieratik, baina agian denak beste eskola mota bat egiteko horretan laburbildu daitezke, sistema berri horren beharrean. Horregatik, 25 urteotan gutxienez hiru saiakera egin ditu herri honen beharrei hobeto erantzungo dien sistema berri bat egikaritzen ahalegintzeko. Gaur egungo sisteman dauden eragileak, protagonistak edo arduradunak bilduz, hausnarketak eginez eta proposamenak osatuz hainbat foro sortu eta eragile izan da Hik Hasi, besteak beste Gunea, Euskal Herriko Oinarrizko Hezkuntza Akordioa eta Hezkuntza Proposamena. Hizkuntza ereduak gainditzeko eztabaidan Kontseiluak egin zuen proposamenean ere eragile izan zen, eta baita beste esparru batzuetan ere —Bizipoza, Oinherri herri hezitzailea...—. Komunikazio eta formazio alorra lantzeaz gain, eragile izan da sistema berri baten eraikuntzan aurrera egiteko.

X. S.: Hik Hasi beste eragile askoren artean mugitu da eta oso modu onartuan egin du, ekarpen bezala bizi izan dute guztiek eta ez mehatxu bezala. Zentzu horretan, eragile emankorra, baikorra eta eskuzabala izaten asmatu duela esango nuke, eta nik uste dut hori izan dela Hik Hasiren lorpen handienetako bat: eragile onartua izatea, ondo ikusia, eta ekarpena egiten duena bestekin batera batzuetan, bakarrik besteetan, baina beti besteekiko errespetutik, lankidetzarako prest.

A.U.: Nik uste dut bere pausoak errespetutik eman dituela: errespetutik desberdinari, errespetutik beste bide bat jorratzeari, errespetutik beste izaera bati, beste nortasun bati, beste pentsamendu bati... Eta horrekin Hik Hasi heldu egin da, 25 urte ditu, ez alferrik, eta errespetuz jokatze horrek heltze maila bat eta sinesgarritasuna eman dizkio. Jendeak aintzat hartzen du Hik Hasik esaten duena, eta hori errespetutik landutako uzta bat da.

 

Aldizkariarekin batera proiektua gorpuztuz joan da 25 urteotan. Nolako garapena izan duela esango zenukete?

I. M.: Mirari bat iruditzen zait Hik Hasik egin duen hedapen guztia: aldizkaria, monografikoak, ikastaroak, jardunaldiak, udako topaketak, material pedagogikoa, Durangoko azoka, bidaia pedagogikoak... den-dena. Baita Hik Hasiren proiekzioa bera ere, zenbat hedatu den alde guztietara. Biderketa ikaragarria iruditzen zait, alderdi guztiak hartu dituena eta interesa zuen jende guztia gerturatzen ikasi duena. Gizartean leku potolo bat egin du, ezinbesteko erreferentea da jada, eta beharrezkoa, gainera.

X. S.: Bai, ados nago. Aldizkari edo proiektu bezala 25 urteotan oso ondo jakin du egoera zailean bere garapena izaten eta biziraupen hori finkatzen. Nik uste dut 25 urteotan hezkuntza komunitatean aintzat hartzen den erreferente bat bihurtu dela. Eta hor ezinbesteko funtzioa bete dute harpidedunek, haiek izan direlako proiektua sostengatu dutenak eta komunitatea osatu dutenak.

Hik Hasi batez ere bi dimentsiotan garatu dela ikusten dut. Batetik, Izaskunek aipatu bezala, proiektuan adar askotarikoak sortzen joan dira, zerbitzuak, materialak, formazioa eta abar. Eta bestetik, hezkuntzaren begirada zabaltzen joan da. Hasieran batez ere derrigorrezko hezkuntzara begira zegoen, bereziki irakaskuntzara eta irakasleei. Gero Lanbide Heziketara ere zabaldu zen, gero gurasoak eta familia, gero aisialdia, gero komunitatea, herria. Begirada zabaltzen joan da, eta aurrekoari erantzuteko gai izan den neurrian, prest egon da pixka bat zabaltzeko eta aurrera jotzeko. 

I. M.: Nik horri guztiari gehituko nioke herrira, familietara... eta mundura zabaldu dela. Ni urtero joaten nintzen In-fan-ciatik antolatzen genituen bidaia pedagogikoetara eta han ikusitakoari buruzko artikuluak argitaratzen ziren Hik Hasin. Interes hori bazegoen Hik Hasin, jakin-mina beste lekuetan zer eta nola egiten zen ikusteko, zer gertatzen zen... Beti erne, interesarekin. Eta denborarekin Hik Hasik berak hartu zuen bidaia pedagogikoak egiteko ardura.

A. U.: Bidaiekin batera harremanak egin dira nazioartean hezkuntza munduan pisua duten eta erreferenteak diren pertsonekin. Eta joan-etorriko bidea izan da, nazioartean ere adituek Hik Hasi ezagutzen dute. 25 urteotan mundura ere zabaldu da Hik Hasi.

Eta herrigintzara eta euskal kulturako beste atal batzuetara ere zabaldu da. Adibidez, jolasen bideoetan euskal kulturako, kiroleko eta beste esparrutako jendea ere ezagutarazi nahi izan zen hezkuntzan, euskal curriculumarekin lotuta. Hezkuntza ez da eskolan bakarrik egiten den gauza bat, ez familian bakarrik, ez kalean bakarrik, literaturatik, musikatik eta abar ere elikatzen gara. Ate hori ireki zen.

 

Hasieran sinesgarritasunik ez zuen proiektua zela azpimarratu duzue, amets bat, mirari bat izan dela. Non dago sekretua? Nola da posible 25 urteren ondoren hezkuntza esparruan erreferente bihurtzea hain ahula ikusten zen egitasmo bat?

A. U.: Sorrerako mirariaz gain, 25 urteotan momentu zail gehiago ere izan dira. Horiek dira niretzat mirari handiak, biziraupen hori. Eta sekretua zein izan den? “Sentitu, pentsatu eta ekin” sentimendua benetan oso sakona eta garbia izan dela, batez ere Joxe Mariren aldetik. Jarraitzeko eta jarraitzeko artea zeukan, sua pizturik mantentzen zuen eta azkenean su horren inguruan biltzen ziren bere ingurukoak ere. 

X. S.: Nik ere uste dut Hik Hasiren muinean egon den indarra eta funtzionamendua adierazteko oso egokia dela hori: sentitu, pentsatu, ekin. Hori izan da ardatza eta horri esker dago Hik Hasi dagoen tokian eta da dena. Sentimendu oso indartsu batetik sortu zen, aipatutako premiek bultzatuta elkartu zen jendea, eta sentimendu, gogo eta nahi handi batetik. Pentsatu horretan gaitasun ikaragarria eduki zuen Joxe Marik zabaltzeko, entzuteko, zuk zer uste duzu galdetzeko, beti galdetu. Beti hartu dute denbora Hik Hasik eta Joxe Marik jendearekin elkartzeko, zertan ari garen azaltzeko, kanpotik nola ikusten den galdetzeko, zer gehiago bururatzen zaizuen galdetzeko, pentsamendua Hik Hasirena bakarrik ez izateko eta ahalik eta gehien irekitzeko. Eta gero egin, beti egiteko prest. Joxe Marik, pentsatzeko denbora hartu ondoren, egin egiten zuen. Nik uste dut sentitu, pentsatu eta ekin aurrera eramaten jakin izana dela aitzinera joateko gakoa.

25 urteren ondoren, zein dira Hik Hasik dituen erronkak orain?

X. S.: Nik uste dut erronka izaten jarraitzen duela hasieratik erronkatzat hartu zen gauza batek: hezkuntza komunitatearen kohesioa eta horrekin batera hezkuntza sistema propio baterako urratsak egiten joatea. Nik uste dut biak eskutik helduta doazen puntuak direla eta horretan hezkuntza komunitateak ez duela gehiegi aurreratu. Ondorioz, Hik Hasirentzat erronka izaten jarraitzen du.

Gauza askotan aurrera egin dugu, baina aldi berean erronka potoloak oraindik hor dauzkagu: kohesio faltarena, zatiketa administratiboarena, sistema propioaren falta, hizkuntza ereduak hor dauzkagu oraindik, euskal curriculuma oraindik guztiz garatu gabe daukagu... Zatiketa administratiboaren ondorioz errealitate desberdinak ditugu EAEn, Nafarroan eta Iparraldean eta Hik Hasik bere aletxoa jartzen jarraitu beharko du prest dauden eragile guztiekin tokian tokian eragiten jarraitzeko.

 

Zentzu horretan Hik Hasiren Hezkuntza Proposamenak lagundu dezake?

A. U.: Baietz esango nuke. Hik Hasik izan dituen ezaugarriekin eta defendatu dituen gauzak armatzat hartuta egin beharko du aurre, eta bide horretan Hezkuntza Proposamena tresna bat izan daiteke. Gauza asko falta zaizkio proposamenari, baina nik uste dut intentzioa txalotu beharko litzatekeela. Hik Hasi, berriro ere, daukan esanahi guztiarekin —aurretik bi esperientzia eta porrot dauzkagu—, berriro plazara dator hirugarren proposamen batekin, denon artean osatzeko. Ideia zera izan da: goazen hitz egitera eta hitz egiten hasteko Hik Hasik hau jartzen du mahai gainean, baina entzun egin nahi dizuegu besteoi, eta ea zer ateratzen den elkarrizketa honetatik.

X.S.: Hezkuntza komunitatean oraindik apurtu beharreko inertzia gehiegi daude eta Hezkuntza Proposamena horretara dator. Agian beste bultzada eta ekimen berriak beharko ditugu, eta ez seguraski Hik Hasirenak bakarrik. Hik Hasik askotan asmatu duen bezala, agian berak hasi eta beste batzuekin batera zerbait indartsuagoa egiten ahalegindu beharko du. 

Arantxak dioen bezala, Hik Hasiren ezaugarri eta egiturarekin jarraitu behar dugu ahalik eta jende gehiena konbentzitzeko eta kutsatzeko elkarrekiko konfiantzan gauzak egin ditzakegula eta gure esku hartu behar dugula etorkizuna.

A. U.: Burujabetza. Burujabe egin behar dugu.

 

Etorkizunaz hizketan hasita, ezin aipatu gabe utzi koronabirusaren ondorioz bizitzen ari garen egoera. Zer irakaspen atera ditzakegu konfinamenduaren kapitutu honetatik?

A. U.: Bizitzak jarri digun ataka berri honetan hezkuntzatik imajinatu ere egiten ez genuen tresnekin erantzun dugu. Erdigunean jarri dugu umeekin eta familiekin harremana mantentzea eta horretarako erabili ditugu lehen erabiltzen ez genituen tresnak. Orduan, orain erronka izango da konfinamendu garaian urratu ditugun bideak, martxan jarri ditugun iniziatibak eta pentsatu ditugun gauzak hor geldituko diren bere horretan edo ikasi dugunetik zerbait eramango dugun gure praktikara bueltatzen garenean.

X. S.: Nik uste dut hori dela hezkuntza komunitateak daukan erronka. Eta Hik Hasik erronkatzat hartu dezake hor bere ekarpena egitea: inertzia zaharrak zein diren konturatzeko eta apurtzeko, dinamika berri eta positiboak nabarmentzeko, zabaltzeko, gai horri buruz eztabaida foro bat sortzeko eta ekarpen interesgarriak partekatzeko. 

Izan ere, hainbat gauza nabarmen geratu dira konfinamendu garaian: curriculuma, edukiak emateko sentitzen den presioa eskoletan, programazioa bete beharra, ikuskarien presioa eta abar. Behingoz onartzen dugu egoera honetan ez garela gai horri erantzuteko, eta konturatu gara, gainera, hori ez dela inportanteena. Nabarmen geratu dira gure kontraesanak: aspalditik esaten dugu konpetentzietan hezi behar ditugula, konpetentziak garatzea dela inportanteena, baina gero, esaten digute horretarako lehen egiten genuen guztia egiten jarraitu behar dugula eta lehen ematen genuen eduki guztia ematen. Kontraesan horiek bistaratu dira eta aukera daukagu orain haurra erdigunean jartzeko, konpetentziak garatzeko egoera edozein delarik ere, konturatzeko haurra erdigunean jartzeak esan nahi duela lehenbizi emozionalki nola dagoen adi egon behar dugula eta horretarako zaindu egin behar dugula. Umea zainduta eta babestuta ez baldin badago ezin baita heziketa esperientzia egokirik bizi.

Konturatu gara zer garrantzitsua den aurrez aurreko harremana, zer garrantzitsua den berdinen arteko harremana, baina baita helduaren begirada ere aurrera egiteko bai ikuspegi konstruktibista batetik baina baita ere zaintzaren ikuspegitik.

Bi gauzatxo ere nabarmen dauzkagu orain mahai gainean. Bata haurrak ere protagonista bihurtu eta beren lekua eman behar diegula gizartean. Haurrak ez dira kontuan eduki eta herri hezitzailearen ikuspegitik hori aldarrikatzeko eta aurrerantzean horri eusteko momentua da. Eta bestetik, oraindik eskola, familia eta komunitatea oso banatuta daudela konturatu gara, eta zein inportantea den eskola eta familiaren arteko harremana.

Gainera, seguraski, hemendik aurrera beste dimentsio batean garatuko da jarduera hezitzailea: komunitatean. Umeak ez dira joango eskolara irailera arte, baina kalera aterako dira pixkanaka-pixkanaka. Orduan, herria edo komunitatea bihurtu daiteke heziketa gune hemendik aurrera. Aukera berriak sor daitezke herria heziketa gunetzat hartzen hasteko.

A. U.: Nik uste dut haurrak bakarrik ez, baizik eta ahulak diren kolektibo guztiak jarri behar direla erdigunean. Lan ikaragarria eta oso interesgarria egin da haurren inguruan, baina badaude kontuan eduki beharko genituzkeen beste kolektibo batzuk ere —aitona-amonak, behar bereziak dituzten pertsonak, tratu txarrak jasotzen dituztenak, bakarrik daudenak...—. Ezin dugu geure burua bakarrik salbatu; salbatzen gara denok edo ez gara salbatzen. Agian herri hezitzaileen planteamenduan haurrak esaten den lekuan ahulak esan daiteke, herriak bizigarriagoak egin horientzat ere eta biziguneak sortu heziguneak baino.