Hamabost iradokizun konfinamenduko online irakaskuntza hobetzeko

2020-05-01

Egun hauetan online 

irakaskuntzaren inguruko testu anitz irakurtzen ari gara sare sozialetan, aldizkari espezializatuetan eta artikulu akademikoetan ere. Bistan da online irakaskuntzak 

irakasleari eskatzen dion funtzioa zeharo aldatzen dela. Baina ez du hori 

bakarrik aldatzen: ikaslearen papera, landu beharreko edukia, erabiltzen ditugun estrategia metodologikoak zein gurasoei eskatzen 

zaizkien marko eta 

ahaleginak ere zeharo 

aldatzen ditu.

 
 

O

rain, online egiten ari garena, garden eta publiko gelditzen da. Hori dela eta, ikusten ari da irakasleok gure aurrez aurreko saioetan irakasteko ditugun estrategiak eta ebaluatzeko erabiltzen ditugunak, batzuk zinez eredugarri, beste batzuk berriz, hobe daitezkeenak.

Zaila da kontabilizatzea zenbat gela dauden Euskal Herrian oraindik “magistozentrikoak” direnak, baina esaten ahal dugu, hanka sartzeko beldurrik izan gabe, oraindik asko direla. Irakasleok ikasle ginela bizi izan genuen eredua erreproduzitzen dugula ikerketek egiaztatua duten zerbait da. Ondorioztatu den beste hipotesia da, estrategia berriztatzaile batzuk erabiltzen direla tarteka, baina sakonean berdina den eredu magistozentrikoa errepikatzen dela. 

Beste muturretik, akaso beheko mailetatik etorri zaiguna, aktibismoarena da. Bistan da ikasleak ikastea nahi badugu, “aritu”, “ekin”, “dihardu” behar duela. Hori nahikoa al da? Ez, noski. Jarduteak ez du ziurtatzen kognitiboki behar den eran ezagutza eraikitzen ari denik. Horretarako, irakasle profesional-sortzailea behar da. Eraikuntza kognitibo hori nola egiten den, aurretik zer dakien eta jarraian zer eskaini jakiteak curriculuma menperatzea eskatzen du. Irakasleak, profesionala den neurrian, ezagutza hori ere badu. Horrez gain, ikasleari proposamenak nola aurkeztu, nola motibatu, zer jardueraren bitartez eskaini... horrek guztiak irakasle sortzailearen paperean jartzen gaitu. 

Aldi berean, ezin dugu alboratu jarduera presentzialak duen ezaugarririk garrantzitsuena, hots, zuzeneko interakzio aberatsa, galdu egiten dela eta gabezia hori konpentsatzea zinez zaila dela, zenbait kasutan ezinezko egiteraino. Zuzeneko saio sinkronikoan dagoen interakzioan ditugun erreferentzia paralinguistikoak, ikasleari bidaltzen diegun informazio osagarria eta ikaslearengandik jasotzen ditugun seinale emozional aberatsak, galdu egiten dira egoera honetan. Beste aldetik, ez dugu agian behar adina kontuan hartzen familia bakoitzean, kasuistika bereziak eraginda, sor daitekeen tentsioa: lanaren galera, ahaideen osasun egoerarekin kezkak, telelanak eskatzen duen lan karga, ikasleen motibazio falta, ordutegi estuak, etabar.

 

Aldaketek denbora behar dute

Beste aldagai garrantzitsuak gure ikasleen ohiturak dira. Ziur aski, oso intentzio onarekin, irakasleok ohitu ditugu ikasleak dituzten behar guztiei segituan erantzuten eta frustrazioari kasik lekurik ez uzten. Online ikaskuntzak autonomia zabala eskatzen du, norberaren diziplina handia eta akatsei aurre egiten jakitea. Irakasleok badakigu, aipatutako ikaskuntza horiek denbora luzea eskatzen dutela eta ezin ditugula epe murritzean lortu. Hilabete eskas batean ikasle arduratsu, autonomo, erresilienteak eta frustrazioari aurre egiten dakitenak heztea ezinezkoa da, hezkuntzaren miraria litzateke.

Online modalitateak eskatzen dituen aldagaiak zaintzen baditugu, ordea, ez dugu zertan kalitatea galdu edo jaitsi behar. Era azkarrean eta beharrak eraginda, Euskal Herriko hamaika irakasle ikastaroak egiten ari dira eta tutorialak aplikatzen jarri dira, historikoa den mugimendu bateko partaide bihurtuz. Horrela, era labur batean, tresneria digitala erabiltzeko konpetentzia asko ari da garatzen, eta hori positiboa da.

Modalitate honen berezko ezaugarriak alde batera utzita, bada azpimarratu beharko genukeen beste aldagai garrantzitsu bat ere: ikaskuntzaren protagonista ikaslea dela. Izan ere, egoera berezi honetan, ikaslearen gain gelditzen da ardurarik handiena eta horrek bide edo estrategia didaktiko bereziak eskatzen ditu irakasleon aldetik.

Zer iradoki dugu guk?

Ikastolen sarean plangintza bat aurrera eramaten ari gara hasieratik, non lehen aipatutako zailtasunei aurre egiten saiatzen ari garen. Lehen unetik EHI Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak ikastolen eskuetan jarri zituen baliabide digital guztiak eta ahaleginak egin zituen ordenagailu edota Internet ez zuten familiei iristarazteko, lan hagitz handia burutuz.

Baldintza onenetan ere, oztopoak agertzen dira. “Zarata” sortzen da anitzetan online komunikazioan, konektagarritasun arazoak, mantsotasuna orriak kargatzeko garaian, prozedura berriak ikasi beharra, etabar luze bat, ikasle zein irakaslearen pazientzia maiz proban jartzen dutenak.

Hori dena kontuan hartuta, zer egiten ahal dugu gure online irakaskuntzan aurkitzen ari garen oztopoak gainditzeko? Hau da gure buruari galdetu dioguna eta akatsetatik eskarmentua hartuta, 15 iradokizun hauek zabaldu genituen gure ikastoletan, orain irakasle komunitatearekin partekatu nahi ditugunak:

 

Iradokizun orokorrak

Lehentasuna eman alderdi emozionalari: ikasleei eta familiei telefonoz deitu, haien egoera ezagutzeko interesa jarri, zer beste gauza egiten ari diren jakin, nola sentitzen diren... 

Tutorearen papera funtsezkoagoa da egoera honetan (ikasleen alderdi emozionalean laguntza, familiaren egoeraren ezagutza, lankideekin eta orientatzaileekin koordinazioa, ikaslearen lan kargaren kontrola...). Berak zentralizatu behar du familiarekiko komunikazioa.

Saioak agurrarekin edo asanblada moduko batekin hasi. Sinkronikoak diren online saioek garrantzi handia dute. Gure ikasleak gu egunero ikusteak eta beraiek gu ikusi eta entzuteak berebiziko garrantzia du. Motzak badira ere euren motibazioa piztuko dute.

Lan egiteko ordutegi bat proposatu (malgutasunez jokatuz etxeetan dagoen kasuistika zabala kontuan hartuz).

Zentro mailan erabiliko diren hezkuntzarako plataforma, komunikatzeko bideak eta aplikazioak bateratu, ikasleek ezagutzen dituztenak lehenetsiz. Ez da esperimentuekin hasteko garaia, ezta maila berberean irakasle bakoitzak lana bidaltzeko gogokoen duen prozedura erabiltzekoa ere. 

Zerbait gaizki aterako dela ziur egon. Pazientzia handiarekin jokatu eta umorea (ez ironia) erabili.

Horrenbeste tresna digitalen artean konfiantzarik sentitzen ez baduzu, lasai egon. Prozedura digitalak eta trukuak ikasteko irekita egon, egunero sortzen diren erronkei erantzuteko. IKT arloan gehien dakiena ere ikasten ari da egun hauetan.

Gogoratu guztiontzat berria den egoera baten aurrean gaudela. Momentu batzuetan gure erantzuna ez da agian perfektuena izango, baina ahalik eta duinen izaten saiatzen ari gara. Ditugun ikasleen ongizate eta garapen integralak kezkatzen jarraitzen gaitu —gu etxean egonda ere—, izan ere gure profesionaltasuna ez baitago konfinamenduan.

Zure lana antolatzeko ordutegia jarri. Zuk ere atsedena hartu eta zeure burua eta familia zaindu behar dituzu.