JOXEMAI, AMETSEK SENDO DARRAITE

2021-07-01

JOXEMARI AGIRRETXE ‘PORROTX’   
PAILAZOA

 
 

Kaixo lagun, aspaldiko!
Laster urte t’erdi egingo du hil zinela eta zure sentimenduak, pentsamenduak eta ekintzak inoiz baino presenteago daude gure bizipenetan, Hik Hasik 25 urte bete dituen honetan. Aldizkariaren proiektua martxan jarri eta gutxira ezagutu genuen elkar, jolasteko abestiak eta bideoak grabatzeko egitasmo ederraren bueltan, haurrak eta helduak elkarrekin jolasean aritzeko sortutakoa. “Jolasa, denon arnasa”, ederki pasatu genuen lagun!
“Hartu amets bat eskuetan eta segi haren atzetik” zenioen alabei eskainitako olerkian. Eskutan ametsak bakarrik ez, jostorratza eta haria ere hartu zenituen eta jostun bihurtu. Eta josi eta josi elkartu zenituen haurrak, familiak, eskolak, sareak, eragileak, herriak… Olerkia bizimodu bihurtu eta Euskal Herritik Euskal Herria bera eta mundua eraldatzeko ametsari jarraiki izokin bihurtu ginen eta saltoka munduko txoko ezberdinetako ekarpenak jaso genituen. Estonia, Finlandia, Italia, Kuba, Galizia, Katalunia... Horrela gonbidatu zenuen gurera, Erromaraino joanda, Francesco Tonucci eta herri hezitzaileen proiektua abian jarri. Zer poza, Joxemai! Dozenatik gora eragile gaude elkarlanean Oinherrin eta hamarnaka dira dagoeneko herri hezitzaileen sarera batu direnak, amets eraldatzaileak eskuetan hartuta.
Bizipozaz beste hainbeste esan genezake. Munduak guztiontzat behar duela sinetsita dozenaka bazkide, elkarte eta boluntariok dihardugu eskutik helduta. Informazioa eta sentsibilizazioa, baloreen transmisioa, laguntza eta formazioa, aldarrikapenak… denona eta denontzat izango den Euskal Irria eraikitzen. Eta Bizipoza bizipoztuz zu eta Hik Hasi burubelarri. Kotxe-bilerak, paseo-tertuliak, bilera-bilerak… eta elkarren zaintza, goxo, gertu.
Hezkuntza proposamena ere abiatu zenuen eta dagoeneko ari da bidea egiten. Zenbat puntada kolore eta tamaina ezberdinetako oihalkiak josten? Arduraz bizi zenuen egungo sistema eta honek pairatzen dituen ahuleziak, mendekotasunak eta zatiketak. Eta ardura horretatik eta komunitatearen indarrean sinestuta jarri zinen aurrera begira. Muxuka baina egurra, e, Joxemai?
Eta orain, Joxemai, pandemiaren garai hauetan, arbolak banatzen ari gara herriz herri sudurgorriok. Haiek landatuz eta zainduz gure artetik joan zaizkigun senide, lagun eta herrikideen bizipenak eta balioak partekatzeko asmoarekin, baita zureak eta orain zortzi urte agurtu genuen Arantza Goiburu Hik Hasiko bidelagunarenak.
Amets guztiek, Joxemai, maite zaitugunon eskuetan sendo darraite, Hik Hasiko lantalde ederra indartsu eta gogotsu ari da etorkizuna marrazten, enborra sendo, adarrak zabal eta kimuak loratzen. Zure arbolaren gerizpean, biribilean, malkoak isuri genituen leku berean, irribarrea sortzen zaigu dagoeneko zurekin oroitzean.
Beno lagun, zuk zenion bezala, hil arte bizi!
Sentitu, pentsatu, ekin… beti elkarrekin!
Joxemaiiiiiiii!!!