GAIA: KOOPHEZI-i IKASLE KOOPERATIBOAREN PROFILA NEURTZEN

2021-07-01

Oxel Azkaratek Pertsona Kooperatiboaren definizio bat eta ezaugarritze bat eraiki du, eta profilaren garapenerako eta ebaluaziorako aldagai gakoak
identifikatu eta zehaztu ditu, hezkuntza ikuspegi batetik, Teoria Funtsatua
metodologiaren urratsak jarraituta, bere tesian. Definizio eta ezaugarritze
horretan oinarrituta Pertsona Kooperatiboaren profila ikasle gazteetan
(16-22 urte) neurtzeko tresna bat sortu du, froga psikometrikoen
sorkuntzarako nazioartean ezarrita dauden eredu estandarrak markatzen dituen irizpideak jarraituta. Dagoeneko Gipuzkoako hainbat ikastetxetan
pasatzen ari dira KOOPHEZI-i testa, gerora Azkaratek eta MUko HUHEZI
fakultateko Eragin ikerketa-taldeko ikerlariek beste hainbat profil neurtzeko egin dituzten azterketa psikometrikoekin batera.

 

 
 

Ikaslea erdigunean. Erraza da hori idaztea edo esatea. Gaitzagoa da hezkuntza proiektu batean benetan ikaslea erdigunean jartzea. Baina asko dira eraldaketa prozesu horretan murgilduta dauden hezkuntza zentroak Euskal Herrian. Pedagogikoki eta metodologikoki ez ezik, arkitektonikoki eta organizatiboki ikaslea erdigunean jartzeko misioa ezarri diotenak euren buruari. Horietako bat da Arrasateko Arizmendi ikastola. Hamarkada bat da dagoeneko hormak bota eta espaziala baino sakonagoa den eraldaketa hasi zutenetik. Hain zuzen ere, ikaslea erdigunera ekarri duenetik dagoeneko ibilbidea egin duen zentro horren hezkuntza-proiektuaren garapena aztertzea izan zen Oxel Azkarate (Arrasate, 1982) Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultateko irakasle eta ikerlariaren helburua. Baina, zer-nola ebalua eta kuantifika daiteke ikaslea erdigunean ezartzeak dakarren eraldaketa? “Ikusi genuen ikaslea erdigunean jartzen duten eraldaketa prozesu horietan ikasleen irteera-profil horren neurketarako erremintarik ez zegoela”. Bada, hastapenean buruan zeukan ikerketa bigarren ikerketa baterako utzi, eta ikasle-profilaren neurketarako erreminta prestatzeari ekin zion. Arizmendin ez ezik, hainbat berrikuntza-prozesutan erdigunean ezarritako ikasle-profila kooperazioari lotua zegoela ikusirik, aldagai horri tiraka, Pertsona Kooperatiboaren profila neurtzeko tresna ondu du bere tesian: Pertsona Kooperatiboa profila ikasle gazteetan neurtzeko KOOPHEZI-i tresnaren sorkuntza eta balioztatzea izenekoan.

Ikasle kooperatiboaren profila neurtu eta ebaluatzeko test psikometriko bat sortu eta balioztatu du tesiaren bitartez. Eta dagoeneko Gipuzkoako ikastetxe ugaritan baliatu dute euren ikasle-profila aztertzeko. Tresnak berak ondoren emango dituen ondorioez gain, Pertsona Kooperatiboa konstruktuaren oinarri teorikoak finkatzea eta garapenerako gakoak identifikatzea  izan da Azkarateren ekarpen garrantzitsuetako bat. Pertsona Kooperatiboa kontzeptua berria izan ez arren, Azkaratek egindako literatura errebisioan zein berau neurtzeko tresnaren baten existentziaren bilaketa-lanean, ez baita aurkitu frogatutako teoriarik (definiziorik) ezta neurketarako tresnarik ere. “Lehenengo definizioa zehaztu behar genuen. Zertaz ari gara pertsona kooperatiboa-z ari garenean? Pertsona Kooperatiboaren garapenari loturiko 14 gako garrantzitsu aintzat harturik, definizio bat eraiki dugu: Pertsona Kooperatiboa da gizakia eta jendartea kontuan hartzen dituen balio eta jarrera indibidualak, kooperatiboak eta komunitarioak dituena; burujabea, elkar-kidetzan diharduena eta ekintzaile sozio-komunitarioa: elkartasunean eta berrikuntzan oinarritutako eraldaketa sozialaren alde pentsatzen duena eta egiten duena”. Hurrengoak dira, Azkarateren ikerketan identifikatutako eta Pertsona Kooperatiboa ezaugarritzen duten balio eta jarrera indibidualak, kooperatiboak eta komunitarioak: “Eskuzabaltasuna, elkartasuna, lankidetza, partaidetza,  justizia soziala, aukera berdintasuna, duintasuna, demokrazia, ekitatea, gardentasuna, errespetua, leialtasuna, umiltasuna, berdintasuna, askatasuna, zintzotasuna, aniztasuna, ongizatea, konfiantza, erantzukizun soziala, berrikuntza soziala, ekintzailetza soziala, kooperazioa eta konpromiso soziala...”. Balio eta jarrera indibidual, kooperatibo eta komunitarioak dira, beraz, pertsona kooperatiboan zentralitatea duten ezaugarriak, haren pentsamendua eta portaera gidatzen dutenak. Balio eta jarrera horien erabileran dago gakoa, Azkarateren arabera: “Esate baterako, banakako eta taldeko erabakiak hartzea, taldean edota taldeen artean lan egitea, harremanak eraikitzea, aldaketak bideratzean edota misio eta ikuspegi sozio-komunitarioa eraikitzean erronka indibidualei, erakundekoei eta komunitarioei erantzutea”.

Eraiki den Pertsona Kooperatiboaren definizioaren eta ezaugarritzearen baitan, landutako oinarri teorikoak aintzat hartuta eta hainbat diziplinatako zortzi ikerlariren kontrastearekin, 22 aldagai aukeratu dira tresna ezaugarritzeko: auto-efikazia, autonomia maila, moral barneratua, beharrizan kognitiboa, helburuen interdependentzia, indibidualismo kooperatiboa, eragin lidergoa, enpatia kognitiboa, komunikazio asertiboa, justizia soziala, onginahia, elkartasuna, ekintzaile soziala, gizakiaren ikuspegi positiboa, nartzizismoa, idiozentrismoa, gizakiaren ikuspegi negatiboa, berekoitasuna, alozentrismoa, gatazkak ekiditea, identitate soziala eta talde eragina.

KOOPHEZI-i Pertsona Kooperatiboa profila ikasle gazteetan neurtzeko tresna 17 dimentsio eta 65 itemekin osatutako galdera sorta da, Pertsona Kooperatiboa profila aldagai anitzeko konstruktu moduan ulertzen duena. Ikasleen autopertzepzioan oinarritzen da. “Erdigunean jarri genuen ikasleen euren hitza balioan jartzea. Pertsona Kooperatiboaren alderdi guztien garapena adin txikietan neurtzea zaila denez, etapen bukaerara eraman genuen ikerketa”. Beraz, Batxilergorako, Lanbide Heziketarako eta Unibertsitateko Graduetarako baliagarria den tresna da eta hezkuntza erakundeetako hezkuntza eskaintzek profil kooperatiboan duten eragina neurtzen du. Gisa honetan, hezkuntza eraldaketaren norabidea neurtzeko tresna garatu du, hezkuntza erakundeen misioa eta hezkuntza zentroetako prozesu hezitzaileetan oinarrituta ikasleen irteera-profila neurtzen duena. Tresnaren balioztatzea bi ikasturtetan zehar jasotako laginarekin osatu da. Guztira 16 eta 22 urte bitarteko 2.290 gaztez osatutako lagina erabili da tresnaren ezaugarri psikometrikoen azterketarako eta baremaziorako.

Pertsona Kooperatiboa profila neurtzeko erreminta honek, batetik, XXI. mendeko jendarte testuingururako erronka indibidual zein kolektiboei gizarte eraldaketaren eta berrikuntzaren ikuspegitik erantzungo dieten pertsonek zer-nolako ezaugarriak izan behar dituzten arakatzen lagundu nahi du, eta bestetik, hezkuntza-eraldaketaren eta berrikuntzaren perspektibarekin aztertzen ditu XXI. menderako pertsonek behar dituzten profilak. “Pertsona Kooperatiboa profilarekin erlazionatzen diren balio horiek garrantzitsuak izan daitezke gazteen garapen pertsonal eta profesionalerako, bizitzarako. Adibidez: norbera izaten ikasteko, ikasten ikasteko, besteekin kooperazioan harreman positiboak eraikitzeko eta elkartasunean eta berrikuntzan oinarritutako mundu ikuskera eraldatzaile baten alde pentsatzeko eta egiteko. Eta, era berean, komunitatearen garapen humano eta jasangarri baterako”. Azkaratek ikuspegi horretatik berrikusi ditu Euskal Herriko hainbat proiektu pedagogikotan garatzen ari diren ikasleen ezaugarriak eta profilak. “Erronka eta eredu berrietarako pertsonak hezi behar ditu gaurko eskolak, hala nola, globalizazioak, digitalizazioak, kolapso ekologikoak, klima-aldaketak, indibidualizazioak, migrazioak eta askotariko krisiak (COVID-19a barne) ekarri dituen aldaketetarako. Egoera honi gehitu behar zaio jendarte modernoaren ondorioz sortutako pertsona berri bat: konpromiso soziala kudeatzen ez dakien eta ezkutatzen den gizaki bakartia, lankidetzarako gogoa galdu duena eta ni ez-kooperatzailean bihurtu dena”. Horiek guztiek, Azkarateren arabera, norbanako, erakunde eta komunitate desberdinen artean lankidetzan oinarritutako eraldaketa edota berrikuntza soziala eskatzen dute, “eta horretarako, ahots desberdinek aipatzen dute humanoagoak edota demokratikoagoak diren balioen beharra”. Bide horretan, uste du, lagungarria izan daitekeela Pertsona Kooperatiboa profilarekin erlazionatzen diren balioak, jarrerak nahiz konpetentziak balioan jartzea eta horiek garatzeko hezkuntza estrategiak ahalbidetzea. Egungo egoeran eta etorkizunekoan, beste gizarte eredu baterantza eraldaketa egiteko, nahitaezkoa izango da, Azkarateren arabera, “balio pertsonalez gain balio sozialak indartzea, eta balio horiek gizakion ongizaterako iturri bihurtzea”.

Argazkiak eta ondorioak

Hastapenetan tresna Arizmendi ikastolaren eraldaketa-prozesuari loturik sortu bada ere, Azkarateren arabera, tresna antzeko eraldaketa pedagogiko, metodologiko eta organizatiboetan diharduten ikastetxeetan erabiltzeko baliagarria da,
garapen jasangarrietarako 2030eko helburuei loturiko testuinguruetan kokatzen baitu diseinatu duen tresna. “Eraldaketa-prozesuetan zentro bakoitzaren hezkuntza misioa ber-definitzen ari dira garatu nahi den pertsona profila (ikasle profila) misioarekin harremanetan ezaugarrituta. Ikasleen profil horiek zehazten hasterakoan nahiz kooperazioaren aldagaia aztertzerakoan identifikatzen da Pertsona Kooperatiboa profila definitzeko, ezaugarritzeko eta neurtzeko (ebaluatzeko) beharra; urrats horiek lagunduko dutelakoan Pertsona Kooperatiboaren garapenerako eta ebaluaziorako gakoak identifikatzen”. Badago behar bat pertsonaren balio humano eta demokratikoak diren horiek garatzeko, Azkarateren aburuz, eta horrekin bat egiten duten hezkuntza zentroentzako baliagarri ikusten du bai tresna eta baita Pertsona Kooperatiboaren garapena ere. “Guk ikusten dugu beste jokaera eta balio batzuk beharrezkoak direla eta horiek denek eskatzen dute pertsona bat erdigunean jartzea, beste balio batzuk dituena, pertsona kooperatiboaren definizioarekin bat etorri ahal direnak eta eskatzen du, baita ere, desberdinen arteko lankidetzan aritzea, bai pertsona mailan baina baita talde mailan eta komunitate mailan ere”.

KOOPHEZI-i dagoeneko Gipuzkoako ikastetxe ugaritan pasatzen ari da Oxel Azkarate MUko HUHEZI fakultateko Eragin ikerketa-taldearekin. Lanbide Heziketako eta Batxilergoko lehen mailako ikasleei pasatzen diete testa. Pertsona Kooperatiboaren eskalan ez ezik, dagoeneko sormenari, ekintzailetasunari, malgutasunari edo emozioen erregularizazioari eta beste ikasle profil batzuei loturiko testak ere garatu dituzte eta pasatzen dituzte. “Test psikometriko hauen emaitzekin, diagnostikoak eskaintzen dizkiegu ikastetxeetako zuzendaritzei. Euren hezkuntza zentroaren argazki bat, euren hezkuntza jarduerek ikasleen autopertzepzioaren arabera, profil bakoitzean zer-nolako maila eskaintzen duten erakusten duten argazkiak egiten ari gara sare guztietako ikastetxeekin”. Ikastetxe bakoitzak, gisa horretan, bai Ikasle Kooperatiboa profilari lotuta, eta baita gerora garatu dituzten eskalei begira ere, urterik urte euren ikastetxeko ikasleek zer-nolako datuak ematen dituzten ikus dezakete, eta era berean, beste ikastetxeekiko konparaketa egin dezakete (emaitzak ezagunak dira, baina ikastetxeen izenak ez). “Emaitzen arabera, lagundu nahi dugu ikusten zein diren praktika eta metodologia onak eta bizipen eta esperientzia aproposak, eta horietan sakontzeko webinarrak eskaintzen zaizkie irakasleek euren ikasleen profilak garatzen laguntzeko”.

Ikasleen artean kooperatibotasuna sustatuko duten ereduak zein diren jakiteko argazkiak ari dira egiten, orain KOOPEHEZI-irekin eta esku artean dituzten beste test batzuekin. Baina emaitzak pixkanaka ikusiko direla dio Azkaratek: “Ikerketetan oinarritua zehaztu nahi dugu zer nolako testuinguru, elkar-ekintza eta esperientziak diren lagungarri ikaskuntza kooperatiboa sustatzeko”. Oraingoz, Azkaraten arabera, “tresnaren erabilerak posible egiten du Pertsona Kooperatiboarekin erlazionatutako dimentsioen diagnostikoa osatzea. Aukera ematen du hezkuntza eraldaketarako lagungarriak diren testuinguruak, esperientziak eta elkar-zaintzak diagnostiko horietan oinarrituta diseinatzeko, inplementatzeko eta ebaluatzeko unibertsitateko ikerlarien, hezkuntza zentroetako irakasleen eta komunitateko partaideen bidez”.